Bizilagunak ezagutzea lehen urratsa

  • Euskal Herrian 428 familiak hartu dute parte Bizilagunak egitasmoan. Alboan bizi arren sarri ezezagunak diren herritarren arteko harremanak sustatzeko, bazkariak antolatu dituzte eta bertan jaioak eta beste herrialde batean jaioak bildu dira mahaiaren bueltan.

Koro, Xabi eta Ixa lankideak, Saharatik etorritako Fatu, Cheij, Guha eta Matu, eta Ane dinamizatzailea.
Koro, Xabi eta Ixa lankideak, Saharatik etorritako Fatu, Cheij, Guha eta Matu, eta Ane dinamizatzailea.

Etxearen goxoa. Horixe izan da Bizilagunak egitasmoak hautatu duen lekua. Herri ugaritako etxeek goxatu dituzte elkarren berririk izan ez eta elkarren ondoan bizi diren lagunen hitz jarioak. Jatordua aitzakia, bertan jaiotakoak eta Euskal Herrira migratu dutenak elkartu dira etxeetan. Guztira, 30 nazionalitatetako 2.200 lagun elkartu dira 34 herritan, 214 etxetan. Gu Hernanira hurbildu gara: 50 etxe izan dira solasaldien lekuko, eta horietako lautan izan gara.

Astu senegaldarra, bazkariko dinamizatzaile Keparekin batera, eskailerak gora abiatu da Ixiarren etxera, urduri. Ixiarrek atea zabaldu bezain pronto irribarre egin die, iristen lehenak izan dira, baina guztia prest du hernaniarrak. Bost minutura berriro ere etxeko txirrina jo dute, familiako beste hainbat kide iritsi dira, guztiak Astu ezagutzeko gogoz. Elkarri bi musu eman eta mahaian jesarri dira. Frantsesez dakitenek euren abildade linguistikoak erakutsi nahi izan dizkiote gonbidatuari, eta etxean bezala sentiarazi dute. 23 urte ditu eta lau hilabete daramatza Euskal Herrian, Senegaldik bakarrik etorri den galdetu diote, eta baietz erantzun du. Lotsatuta dago, baina ingurukoen gertutasunak lasaitu egiten duela dirudi. Janariari buruz aritu dira hizketan, eta pixkanaka azalpenak ematen hasi da bera. Egitasmoaren helburua betetzen ari dela dirudi, pixkanaka elkarren esperientziez eta bizitzaz informazioa partekatzen ari baitira.

Antzeko zerbait gertatu da Kororen etxean ere. Iritsi orduko guztiak algaraka daudela ikusi dugu. Kasu honetan bi familia elkartu dira, Saharakoa bata eta Hernaniko “familia berezia” bestea”: Fatu eta Cheij gurasoak Guha eta Matu alabekin batetik, eta Koro, Xabi eta Ixa lankideak bestetik. Alaba helduenak, Matuk, bizkotxoa egin du bazkarirako, eta bissam izeneko edaria ere eraman dute egun berezia ospatzeko. Bi urte daramatzate Hernanin bizitzen, eta bost inguru Euskal Herrian. Bazkarian guztiak gustura daudela dirudi; gaur ezagutu dute elkar, herrian gurutzatu izan badira ere, egitasmoak eman die lehen hitzak gurutzatzeko parada. Alabek euskaraz hitz egiten dute, zaharrenak lau hizkuntza dakizki eta medikua izan nahi du, hori kontatu die lagun berriei. Ez da Saharako familiak Bizilagunak programan parte hartzen duen lehen aldia, aurrekoan bezain gustura sentitzen direla azaldu digute: “Sortzez euskaldunen eta etorkinen arteko elkarbizitza indartzen laguntzen du saio honek, eta hori guretzako handia da. Bertako ohiturak eta, batez ere, bertako jendea ezagutzea errazten digu, eta hori izugarria da”. Alabak ere gustura daude, gainera opariak eramango dituzte etxera. Ixaren alaba ere izan da bazkariaren hasieran, eta gaztetxoen artean harreman polita sortu dela kontatu digute: “Haurrak dira askotan gakoa, eurak erakusten digute guztiak berdinak garela, eta aurreiritziek ez dutela deus balio, aurreiritzi horiek hautsi behar direla ikusarazten digute”. Aneren hitzak dira. Bazkariko dinamizatzailea da, eta kontatu digu herri berean bizi diren pertsonen arteko harremana normalizatzea dela ekimenaren helburua: “Guztiak dira, kasu honetan, hernaniarrak, eta euren artean ezagutzeko aukera ederrena etxeko ateak zabaltzea da”.

Aniztasuna, altxor baliotsuena

Bazkari guztietan dinamizatzaile bat egoten da laguntza eskaintzeko. Baina Anek nabarmendu du lan erraza dela, euren beharrik ez dutela izaten gehienetan, bi aldeek dakitelako nora eta zertara doazen, eta biek prestutasuna erakusten dutelako lehen unetik: “Aniztasuna da egun hauen adierazgarri nagusia, kultura edo ohitura ezberdinak dituen jendea elkartzeaz gain, familia mota ezberdinak elkartzen baititugu; lagunak, lankideak edota senitartekoak izan daitezke bizilagunak ezagutzera bazkari hauetara joaten direnak”. Kasu honetan, lankideak dira hernaniarrak, baina familia bat ere badirela diote: “Aniztasun horrek erakusten du benetan honen guztiaren asmoa”.

Eliren etxean ere bestelako familia bat elkartu da: haren bizilaguna, gurasoak eta Hernanira migratu duen familia bat. Zertaz ari diren hizketan? Futbolaz. Bata Real Madrilen aldekoa dela, eta gero ezetz, txantxetan ari zela. Kataluniako taldeen aldekoa dela, zalantzarik gabe. Umoretsu ari dira. Gero kontatu digute grabagailua jartzean otu zaiela hizketarako gaia, ez omen zaiela futbola gehiegi gustatzen. Berehala hasi da txisteak kontatzeko tartea; haurrek aurrena, amak gero. Elik dio oso txarra dela txisteak kontatzen, ondorioz, gaurkoan barre egitea egokitu zaio. Baina beste zeregin bat ere izan du, mahaitik jaiki eta argazkiak ateratzeari ekin baitio; bazkari ahaztezina izan daiteke, harreman baten lehen aleak izan daitezke, eta flash artean gorde nahi du unea. Urte Zaharreko afariaz jarraitu dute hizketan, denek argi utzi dute ospakizun handi guztietan bezala, gaurkoa kasu, janaria ezinbestekoa dela urte berria ospatzeko. Eta berriro ere algarak.

Neliren etxean giroa lasaiago dago, tarta zati bat dute guztiek esku artean, eta solasaldi atseginean daude murgilduta. Kasu honetan, Jaioneren 11 urteko alaba dabil argazkilari. Mugikorrean dituen aplikazioak erakutsi dizkie mahai inguruan daudenei, eta argazkiak nola atera behar dituzten ere azaldu die. Edozein gai atera liteke halako bazkari batean. 11 urteko gazteak independentziari buruz galdetu dio parean duen emakumeari: “Aizu, Neli, Portugal beti izan al da independente?”. Guztiak zur eta lur utzi ditu gaztetxoaren galderak.

Urteetako gatazkaren ondorioz, Euskal Herria itxita egon dela uste du Aitor Ruiz de Egino eskultoreak. Hiru urte daramatza parte hartzen, eta nabarmendu du, integrazioaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, halako ekimenak beharrezkoak direla, kanpotik datozenei ateak zabaltzeko. Benetan errora jo eta laguntzen duten ekintzak hauek direla uste baitu.

Begiak zabaltzeko parada

Gazteek ere badute ekimenean jende berria ezagutzeko grina, eta bazkalosterako gehienek herriko gaztetxean egina zuten hitzordua. Tinbal hotsak, giro onaren adierazle, urrutitik entzuten dira. Izarok parte hartzen duen hirugarren urtea da, eta bi daramatzate Haritz, Nora eta Mikelek. Izaroren hitzetan, “ikuspegia irekitzeko aukera” ematen dute halako egunek: “Beste egoera batean kokatzen duzu zeure burua. Beste modu batera ezagutuko ez zenukeen jendea ezagutzeko beta ematen dizute halakoek”. Haritz eta Mikelek ederki pasatu dute bazkarian, eurak bezain biziak diren bi lagunekin bazkaldu dutela azaldu dute; “halako giro ona sortzen duenak eta harremanak egitea errazten duenak ona izan behar du, ezinbestean”. Rabik ere ederki pasa du. Lagun batek egin zion bazkari hauetan izen emateko proposamena, eta erakargarria iruditu zitzaion: “Lagunak egiteko aukera ona da; herri berri batean zaude, eta jendearekin harremanak egitea asko errazten digu, ezin duzue imajinatu zeinen garrantzitsua den guretzat”. Etorkizunean herrian egingo diren ekimenetan parte hartzeko proposamena egin diete bizilagun berriei gaztetxean aritzen diren gazteek. Eta badirudi bazkari hauetan ereindako harreman hori hazten joango dela, Hernanin bezala, Euskal Herriko gainontzeko herrietan ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude