Eskubideak erditzera, elkarlanean

  • Bizi! mugimenduak klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan jotako erronkari erantzunez, urriaren 24an Alternatiben Herria antolatu zuen Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Kartak. Auzi klimatikotik harago joan nahi izan zuten, ordea. Kartaren sorrerako filosofian sakonduz, eskubideen definizio berria mahai gainean jarri eta horiek gauzatzeko bideen aniztasuna nabarmentzea izan zuten xede, besteak beste. Aro berrian,  hamaika aurpegi beharko ditu herri mugimenduaren estrategiak.

“Eguzki sistema batekin konparatzen dut nik; planeta bakoitzak bere orbita du baina denak eguzki beraren inguruan ari dira biraka”. Bilboko Alternatiben Herria gauzatzea ahalbidetu duen elkarlan ariketa modu horretan laburbildu zuen Mikel Saralegi ekimenaren sei bozeramaileetako batek, urriaren 24an egindako bat-bateko balorazioan. 

Goizeko lehen ekitaldietatik iluntzera, jendetza bildu zen eguzki sistema horretan. Baina erne, ez ziren bisitari hutsak, mobilizatzen ari zen jendea baizik. Hala azpimarratu nahi izan zuten antolatzaileek bederen: “Mobilizatzeko modu asko dagoela erakusten ari gara”. 

Mobilizatzeko modu asko, aldarrikapenak adina. Testuinguru berrian gaude, krisiak jota arlo guztietan (ekonomikoa, politikoa, ekologikoa, kulturala...), eta sistemari erantzuteko moduak aldatuz doaz, Olatz Dañobeitia Ceballos Alternatiben Herriko beste eledunetako baten ustez. Kultura politiko desberdinek aspaldi ez bezala bat egiteak kultura politiko berria ernatzea ekarri du. Eta kultura horren ezaugarri behinenetako bat pluraltasuna da, Dañobeitiaren berbetan: “Garai berrian gaude, askotariko estrategien garaian, eta ekimen hau horren erakusgarri da”.

Alternatibak eraikitzen ari diren subjektuek autonomiari eusten diote –orbitei, simil astronomikoarekin jarraitzera–, baina gero eta argiago ikusten dute gutxieneko kontsentsu batzuen inguruan batera aritzeko beharra dagoela. Besteak beste, zapalkuntzaren aurpegi ugariek ere gero eta batasun handiagoa ageri dutelako.  

Hala uste du Olatz Dañobeitiak: “Dagoeneko ez gaude 80ko hamarkadan; kapitalismoak, patriarkatuak, inperialismoak... elkar elikatzen dute, eta horrek bultzatzen gaitu geure buruei galdetzera: eraldaketa subjektuak zeintzuk dira? Zelan egin behar dute lan?”.

Zer da eskubidea?

Iaz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aurkeztu zuten 150 inguru sindikatu eta gizarte eragilek, eta haiek deituta egin da Bilboko Alternatiben Herria –bidean lagun gehiago batu zaie, 167raino–. “Eskubideen Kartak Alternatiben Herria antolatu du; beraz, eskubidea eta alternatiba gauza bera dira?”, bota dugu galdera. 

Olatz Dañobeitiak denbora hartu du erantzuna ondo mamitzeko: “Eskubide Sozialen Kartaren filosofia hasieratik izan zen eskubideen formulazio berria egitea. Ohituta gaude eskubideak aldarrikapen bati lotzen; horren arabera, erakundeei, patronalari edo bestelako estamentu bati eskatzen zaion zerbait da eskubidea. Baina aldarrikapena beste dimentsio batzuetan ere egin daiteke. Alegia, eskubidea eskatu egin daiteke, baina baita eskuratu, gauzatu, erditu... ere”. 

Ez bedi ulertu eraikuntzarik gabeko erresistentzia hutseko aro batetik gatozela, ohartarazi du Dañobeitiak, “Euskal Herrian oso mugimendu plurala egon da beti, beste kontu bat da zer gauza egin diren argitara eta zer gauza itzaletan; ekimen honen helburua ere bada itzalean zegoena argitara ekartzea”.

Eskubideen bermean jendarteak badu zeresana

“Erakusten ari gara bizi gaitezkeela beste era batera, kontsumoaren alorrean, energiarenean, hezkuntzarenean, elikadurarenean...”. Gaur egungo eredu soziala gainditzeko alternatibak egon badaudela aldarrikatu zuten urriaren 24ko ekimena prestatzeko lanean aritutako eragileek. Egunean bertan emandako lehenbiziko balorazioan, nabarmendu zuten Alternatiben Herria ez zela izan utopien azoka. Aitzitik, amets bat helburu baina oinak lurrean ondo bermatuta dituzte erakusleihoan paratutako hamaika proiektuek. Dagoeneko funtzionatzen duten alternatiba txiki eta ez hain txikien erakusleihoa izan zen.        

Bestela esanda: ez dugu zertan inoren zain egon bestelako mundu bat eraikitzeko. “Hori horrela bada, zein da erakunde publikoen betekizuna eskubideen bermeari dagokionez?”, galdetu diogu Olatz Dañobeitiari. “Ongizate estatutik gatoz”, hasi da erantzuten, “eta testuinguru horretan erakunde publikoak jo izan dira eskubideen bermatzailetzat. Baina alde batetik, sekula ez da hala izan guztiz; eta bigarrenik, gero eta gutxiago da. Nire galdera da: posible da erakundeetatik egikaritzea guztia? Behin horra helduta, beste elementu bat agertzen zaigu eztabaidaren erdian: komunitatea. Agian, komunitateari dagokio zenbait eskubide egikaritzea”.    

Dañobeitiak gogorarazi digu ezkerren eztabaida klasikoa dela –eta XX. mendean izandako zenbait zatiketaren zergatietako bat–  eremu publikoak eta komunitarioak izan behar duten pisuari buruzkoa. “Uste dut Alternatiben Herriaren barruan dauden eragile askok garrantzi handia ematen diotela publikotasunari, eta beste batzuen iritziz hainbat eskubide gauzatzea komunitatetik (autogestiotik) etorriko direla. Oraingo testuinguruan, bat egiten dute ikusmolde horiek. Herritarrok, batuta, zer gaitasun politiko daukagun esploratzeko garaia iritsi da. Eta gaitasun itzelak ditugu”.  

Eguneroko hautuak politika dira

Harrokeria litzateke Alternatiben Herriak eman zuen guztia artikulu honetan laburbiltzen saiatzea, bizitza bera laburbiltzen saiatzea bezainbat. Izan ere, ekimenaren hasierako diseinuan, Bizitzaren Jasangarritasuna zen Bilboko Areatzaren inguruan kokatu beharreko eremuetako bat. Azkenean arlo horri espazio berezi bat ez eskaintzea erabaki zuten, Alternatiben Herri osoaren gaia horixe bera zela iritzita: bizitzaren jasangarritasuna.

“Maila pertsonalean, pertsonen arteko harremanetan, naturarekiko loturan, herri moduan... burujabe izateko nahia agertu dugu”, zioen Mikel Saralegik urriaren 24an. Burujabetzaren aldeko borroka plano askotan eman daitekeela eta ematen dela erakutsi nahi izan zuten, besteak beste, Bilboko Alternatiben Herrian; hots, eguneroko hautuek ere maila politikoa dutela.

Olatz Dañobeitiaren esanetan, “autodeterminazio asko daude ukatuta herri honetan, autodeterminazio nazionalaz gain, baina orube politiko komuna eraiki dugu autodeterminazio horiek gauzatuz doazenerako”. Ongarri onenarekin aberastuta dago orube hori, Alternatiben Herria altxatu dutenen esanetan: “Antolatzeko eran, egin diren planteamenduetan, aurkeztu diren esperientzien arteko elkarrizketan...  askatu dira beste batzuetan preso eduki ditugun energia, ilusioa eta irudimena. Eraldaketa dator”.

Aizu, eta kultura?

Kultur adierazpen guztien baturak erakutsi du pentsamendu bakarrari eta kritikotasun ezari aurre egiteko txerto eraginkorra dela. Baina kontuan hartzen al dugu gizartea aldatu nahi dugula diogunok? 

Arte sorkuntza kritikoa beti izan da deserosoa sistema betikotu nahi dutenentzat; eta hala ere, ez duzu kultura aurkituko eraldaketarako agendaren muinean. Zergatiei eta konponbideei begira jarri ziren Irantzu Lekue artista gasteiztarra, EHZ jaialdiko Pauline Guelle, Iñaki Landa kultur sustatzailea eta hogeiren bat lagun Alternatiben Herrian, Gotzon Barandiaran kulturgilea zirikatzaile lanetan zela.

“Kultur sorkuntza dirudunen menpe egon ez dadin sortu dira abangoardiak”. Lekueren hitzak dira, Oteizaren ekarpena gogoan zuela. Herritarren parte hartzea pizteko kalea espazio nagusitzat hartuta, artearen eta ekimen sozialen arteko elkarlana azpimarratu zuen. 

Krisiak ageriago utzi du kultura ez dela eskubidetzat hartzen. Murrizketen lehen biktima izan da kultur politika publikoen poltsa. Beraz, arteaz gozatzeko dirua behar da. “Industria kulturalak, industria den une beretik, negozio egitea du helburu”, Lekueren ustez. Ifrentzua Pauline Guellek eskaini zuen. Salerosketen logikatik urrunduz, “amesten dugun gizartearen baloreak irudikatzen saiatzen gara EHZko arlo guztietan: kulturalean, politikoan, ekonomikoan, antolakuntza ereduan...”. Ezkerreko mugimenduen gabeziak kritikatzea zilegi dela, baina galdutako plazak berreskuratzea herritarron esku baino ez dagoela oroitarazi zuen. 

Eztabaidak laster hartu zuen bidea esparru malkarragoetara. Zer egiten dugu guk egunerokotasunean kultura plazaratzeko edo sortzeko? Erakundeen eragin zuzenik gabe antolatzen ditugun eremuetan zer eredu bultzatzen dugu? “Bertsolari txapelketaren finalean 10.000 baino 11.000 lagun batzea al da arrakasta neurtzeko aldagaia?”, galdetu zuen Edorta urtuellarrak. “Gure jardunaren lehen helburua diruari edo ospeari eskainiz, kapitalismoaren logika bera ez ote garen errepikatzen ari” aztertzea ariketa osasungarria izan daitekeela entzun zen plenarioan.

“Kulturak aldatuko ditu pertsonak eta pertsonek gizartea”. Ordena horretan neurtzen da kulturaren eraldaketarako gaitasuna Iñaki Landaren ustez. Eztabaidari aurrerantzean nola eman segida izan zen Barandiaranen azken galdera. “Hay que hacer!”, Landak aipatutako Lucio Urtubiaren hitzekin bat etorrita, mezu berria sortzeko gai izango den jende multzoa nola aktibatu edo antolatu, ordea? Ahotsenearen bueltan ari diren kultur sortzaile, sustatzaile eta komunikatzaileen artean aurkituko dugu erantzunen bat hurrengo Durangoko Azokan.
 


Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude