Ez dute paperik galdu

  • Eskerrak oraindik jende zoroa geratzen dela. Arriskuak hartzeko prest dagoen jendea. Liburu denda bat mantentzearekin konformatu ez eta beste bat abian jartzeko adorea daukana. Barka, gaizki esan dugu: Garoa ez da denda hutsa, zerbaitengatik dauka “kultur lab” apellidua. Lehenbiziko urtea bete du proiektuaren Donostiako adarrak eta joan den ostiralean ospatu zuten.

200 kultur ekitaldi antolatu dituzte lehen urtean Garoa Kultur Lab-en
200 kultur ekitaldi antolatu dituzte lehen urtean Garoa Kultur Lab-en

“Auzoan edukitako harrera eskertu nahi diagu”, dio Garoako Imanol Agirrek. Groseko Zabaleta kalean dagoen lokalari lehen kandela itzali aurretik ari da telefonoz. Egindako bidea baloratzen hasita, antolatutako ekitaldiek deitzen dute arreta, Donostian martxan jarri zirenetik 200 inguru –soberan dago gogora ekartzea urteak 365 egun dituela; sekulako erritmoa da–. 

“Beharrezkoa genian hasieran halako soinua sortzea; azken finean, pertsonok ohituraz funtzionatzen diagu: jendea hona gerturatzen saiatzeko eta bere ohituren artean sartzeko egin diagu”. Ahalegina handia, baina harrera ere ona. “Konturatzen gaituk familia bat sortzen ari dela hemen. Garoak daukan planteamendua hori duk, irakurle taldetik hasi eta ‘Paperezko kontzertuak’ edo ‘Paperezko antzerkia’-rekin familia bat sortzea”. Dendan antolatu dituzten bi egitasmori buruz ari da: liburu artean egin diren kontzertu eta antzezlanak, dimentsio txikirako pentsatuak, publikoari esklusibotasun sentsazioa transmititzen diotenak.

Musika emanaldiak izan dira ekitaldien artean arrakastatsuenak, gonbidatuak ere ez baitira makalak izan –The Wave Pictures, Jabier Muguruza, The Sadies, John Berkhout, Robert Ellis…–, gehi aurretik Zarauzko Garoan aritu izan direnak. Zarautzen, bai, bi buruko animalia kulturalaz ari baikara: kostaldeko herriko Trinitate kalean Imanol eta Eneko Agirre anaiek gurasoengandik jasotako proiektua da duela urtebete kapitalera hedatu zutena.

Apustu bat? Ondo kalkulatuta zeukaten dena? Ezetz dio Agirrek: “Askotan bideragarritasun-planak gezur handi bat direla iruditzen zaidak, ikusi besterik ez zegok autopistetako obren aurrekontuak zenbat igotzen diren”. Kalkulua baino, grina da hitza: “Kaskezurrean sartzen zaidan guztia egin behar izaten diat. Amets bat zuan eta probatu behar, ‘egin izan banu’ esaten ez geratzeko”.

Mende honetako liburu denda sortu nahian

Baina liburuak, nork erosten ditu? Ez da kultur produktu desiratuena inondik inora, maiz argitaratzen dira “irakurlearen heriotza” iragartzen duten iritzi –dena esan behar bada– apokaliptiko samarrak. Beraz ez, ez dago “irabazi-asmo handirik” horrelako zerbait martxan jartzen duzunean, Agirrek berak aitortzen dizu: hilero langileei soldata duina pagatzeko edukitzea, horixe erronka. 

Eta horretarako ere beste osagarriak behar: “Liburu dendariak edozer gauza sal zezakek, motxilak, jostailuak, fotokopiak edo kinielak. Guk hasieratik argi eduki diagu halako militantzia bat sortu behar geniala inguruan, horretaz ari ninduan lehen familiak aipatzean”. Antzeko zerbait egiten saiatzen da Amara auzoko Kaxilda liburu denda ere, beste ikuspegi batekin Agirreren ustez: “Saiakerei garrantzia emanez eta politikaren ikuspegitik ahalegintzen dituk haiek. Gure kasuan, garbi genian zentzu kulturaleko zerbait behar zuela. Hortik aurrera, etorkizuneko liburu denda nolakoa izango den inork ez zekik”.

Atrebentzia handia ez bada, agian bai esan liteke erosteko baino egoteko lekuak izango direla. Kaxildan jan-edanerako aukera dago, adibidez, haren Iruñeko lehengusu Katakraken bezala. Eta Garoak urteurrenarekin iragarri duen nobedade txikia ere hori da: mahai batzuk jarriko dituztela garagardo bat edo kafe bat hartu nahi duenarentzat –“edo, besterik gabe, wifia txupatzeko” dio barrez Agirrek–. Segi aurretik ñabardura dena den: “Ez diagu esan nahi kafetegi garenik, liburu denda izaten jarraituko diagu”.

Bigarren eskuko harribitxien bila

Etengabe bide berrien bila, hemendik aurrera “bi pauso atzera” egingo dituztela dio Agirrek, gero “hiru aurrera egiteko”. Berriz ere oinarriari garrantzia emateko tenorean daude: “Ez diagu nahi hau kontzertu areto bihurtzea ere”. Literaturari eta liburuari lotuago nahi dituzte ekitaldiak. Gainera, bigarren eskuko liburuekin betetzen ari da dendaren atzeko partea. Geroz eta zabalduago dago eredu hori, begiratu bestela Iruñean martxan jarri duten Re-Read frankiziako denda berria. 

“Alde batetik jendeak merke nahi dik erosi; bestetik, izugarrizko harribitxiak aurkitzen dituk”. Hizkuntza ugaritan, Garoaren kasuan: euskarazko eta gaztelaniazko aleak zeuzkaten orain arte, Donostian eta inguruetan lortuak; eta orain frantsesezkoak eta ingelesezkoak gehitu zaizkie, Ziburun itxi zuten To The Lighthouse dendarekin egindako tratuaren ondorioz.

Papera, papera eta papera da kontsigna: duela urte batzuk liburu elektronikoak eskaintzen zituen aukerak aztertzen aitzindari izan ziren Agirre anaiak, baina alor hori ez dela beraien terrenoa jabetu dira. Gainera, paperak bestelako esperientzia eskaintzen duela konbentzituta dago Imanol: “Irakurri, egunean behin edo bitan egin zezakeagu: gozatu dezagun ahal dugun moduan. Nik nahiago papera eskuan hartuta”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garoa
Donostiako Garoa liburu denda itxi egingo dute

Donostiako Gros auzoan dagoen Garoa kultur lab itxi egingo dutela iragarri dute proiektuaren arduradunek. Duela bi urte eta erdi zabaldu zuten lokala Zabaleta kalean eta liburu denda gisa funtzionatzeaz gain, hainbat kultur ekitaldiren habia ere izan da.


Ipar Koreako kanpo harremanetarako idazkariak hitzaldia emango du Donostian

Alejandro Cao de Benós Ipar Koreako kanpo harremanetarako idazkariak hitzaldia emango du Donostiako Garoa Kultur Laben. Bera da Kim Jong-un jeneral eta estatuburuaren aginduetara ari den atzerritar bakarra.


Kultur Hiriburuaren aldirietan

Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.


Amoranteren bostekoa

Ostegun honetan Garoa Kultur Laben bost kantaz osaturiko grabazioa aurkeztuko du Iban Urizarrek. Lan berezi honen xehetasunak aletu ditugu.


Urte bat paperezkoa

365 egun eta 200 kultur ekitaldiren ondoren, lehenbiziko urteurrena ospatzeko ordua iritsi zaio ostiral honetan Donostiako Garoa liburu dendari.


Eguneraketa berriak daude