Urte bat paperezkoa

Gorka Bereziartua
0

Imanol Agirre (ezkerrean) eta Aritz Zestona Donostiako Garoan.
Imanol Agirre (ezkerrean) eta Aritz Zestona Donostiako Garoan.

365 egun eta 200 kultur ekitaldiren ondoren, lehenbiziko urteurrena ospatuko du ostiral honetan Donostiako Garoa liburu dendak. 19:00etan da zita eta DJ Marines arduratuko dira ardo, kafe eta garagardo arteko giro musikala jartzeaz.

Liburu denda… beno, zehaztu dezagun: “kultur lab” izena ez dauka alferrik Gros auzoko Zabaleta kalean dagoen espazioak. Ze, liburuak saltzen dituzte, bai, baina ez da inondik inora egiten duten jarduera bakarra. Azken urtea kontzertu, antzezlan, errezitaldi eta mota guztietako animazioen bilgune bihurtu da.
“Beharrezkoa genian hasieran halako soinua sortzea, azken finean pertsonok ohituraz funtzionatzen diagu: jendea hona gerturatzen saiatzeko eta bere ohituren artean sartzeko egin diagu”, dio Imanol Agirre Garoako arduradunak. Baita lortu ere: orain Grosen egonda liburu gose denak ondo daki ez duela zubirik gurutzatu behar –horrek dakarren arrisku eta guzti– hain oinarrizko premia asetzeko.
Imanolek berak eta Eneko anaiak Zarautzen gurasoengandik jasotako proiektuaren hedapena da Donostiakoa. Amets bat, behin kaskezurrean sartuta ateratzen ez zena. “Probatu behar, ‘egin izan banu’ esaten ez geratzeko”.
Aldaketak ere iragarriko dituzte festarekin batera. Adibidez, aurrerantzean mahai batzuk izango dituela lokalak, nahi duenak zerbait edateko, “edo besterik gabe, wifia txupatzeko”, Agirrek barrez dioenez. Nolanahi, ez da kafetegi bihurtuko, hori argi utzi du; are gehiago, liburuaren aldeko apustua indartzeko asmoa dute, antolatutako ekitaldiak ere, nolabait, literarioagoak izan daitezen.
Ez da apustu makala ostiralean lehen kandela itzaliko duen hau: behin baino gehiagotan hil kanpaiak jo dizkioten liburu denden sektorea bizi daitekeela erakusten ari dira egunero; inguruan sortzen joan zaion komunitate aktiboarekin bat eginda, badago zer ospatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA