Euskaltel, finantza marrazoetara jaurtita?

Euskaltel 1995ean jaio zen, telekomunikazio enpresa publiko moduan. 200 milioi pezetako kapitalarekin hasi zuen ibilbidea: Eusko Jaurlaritzak %40 jarri zuen eta aurrezki kutxek %40. Aurki guztiz pribatizatuta eta euskal izaera oro galduta gera liteke. Beste behin ere ikusten ari gara nola enpresa publikoen etekinak pribatizatu egiten diren, galerak sozializatzen diren bitartean. Euskaltel lehenengo kasuaren adibide garbia litzateke –erreskatatutako bankuak, Bankia buru, bigarrengo kasuari lotuta daude–. Euskal enpresaren akziodun diren atzerriko bi inbertsio funtsek, berriz, sekulako dirutza jasoko lukete pribatizazioarekin.

Uztailean Euskaltel burtsara irtengo da eta 1.500 milioi euroko balioa izango duela iragarri dute; 2012an aldiz 475 milioi euro balio zituen. Euskal kutxek, Eusko Jaurlaritzak, Endesak, Mondragon Taldeak eta Iberdrolak –partzialki– egindako desinbertsioekin, Kutxabank Euskaltelen %49,9rekin geratu zen, eta Trilantic eta Inveindustrial kapitalaren parte izatera igaro ziren 228 milioi eurorekin, enpresaren %48,1 kontrolatuz. Hau da, inbertsio funts horiek bi urte eta erdian euren akzioen balioa hirukoiztu dute. Eta hori gutxi balitz, aurreikusi liteke burtsara irtetean Euskaltelen hiru akzionistek, –Kutxabank eta aipatu bi inbertsio funtsak– 200 milioi euroko ez ohiko dibidendua jasoko dutela, diru hori bera kobratzeko 300 milioi euroko zorra egin ondoren.

Euskaltel laster burtsara irteteak esan nahi du Euskal Herriko ehun industrialetik urrun dauden beste esku batzuetan eror litekeela bere kontrola. Euskal Herrian errotutako telekomunikazio enpresa oparoa izan zitekeena, gure zergetatik ateratako diru publikoekin sortua, espekulatzaileen eta finantza marrazoen menpe egongo da. Halakoek etekina baizik ez dute helburu eta horretarako enpresa bera desagerrarazi edo beste operatzaile batzuekin fusionatu behar badute, horixe egingo dute. Zoritxarrez, tarte gutxi dago jadanik hori eragozteko. Baina saiatu beharko ginateke. Kutxabankek erantzukizun handia dauka horretan. Herritarrek, behinik behin, jakin dezatela zer ari diren egosten euskal enpresa horretan.


ASTEKARIA
2015eko ekainaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude