Langile euskaldunen harrobia lantzen

  • Ikastola ezohikoa da Harrobia: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen ditu euskaraz Bilbon, duela lau urtetik. Aurtengo Ibilaldia antolatzeaz arduratu den ikastetxe honetan, gainera, adindunentzako ariketa fisikoa dute ikerketagai, egitura argirik ez duen gaiari oinarri sendoagoak jartzen laguntzeko xedez.

Argi dute Harrobia ikastolan: “Ibilaldiaren lehentasuna gure lana ezagutaraztea da, askok ez baitaki Lanbide Heziketako ikastolarik dagoenik ere”.
Argi dute Harrobia ikastolan: “Ibilaldiaren lehentasuna gure lana ezagutaraztea da, askok ez baitaki Lanbide Heziketako ikastolarik dagoenik ere”.

2011ko azarotik dago martxan Bilbo Zaharreko Harrobi plazan izen bereko ikastola eta proiektua. Aitzindaria hamar urte lehenago sortu zen Portugaleten: Ibar Ezkerra Lanbide Ikastola. Bertan ekin zioten euskaraz Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzeari, harik eta 2011n jarduera Bilbora aldatu zuten arte.

Atzerago joaz, 2004an ikastolen kolektiboak Lanbide Heziketan sartzeko asmoa agertu zuen publikoki, helburu bikoitzarekin: batetik, arlo horretan euskararen normalizazioa sustatzea, eta bestetik, Lanbide Heziketako ikasketetan ikastolen eredua zabaltzea. Bizkaiko zazpi ikastolak beren gain hartu zituzten asmo horiek, eta egitasmoa Bilboko Harrobia plazan gauzatzea adostu zuten; Leioako Betiko Ikastolak, Bilboko Abusu eta Urretxindorrak, Santurtziko Bihotz Gazteak, Galdakaoko Eguzki Begik, Balmasedako Zubi Zaharrak eta Trapagarango Itxaropenak. Elkartutako ikastola horiek Harrobia Fundazioa sortu zuten 2006an, eta erakunde hori da Harrobia ikastolako eraikinaren jabea. Aurrera begira, Bizkaiko beste ikastola batzuk proiektuan integratzea nahi dute.

Jatorrian bezala, fundazioaren helburu nagusiak bi dira: Lanbide Heziketa eta “euskarazko prestakuntza eta enplegu-jarduerak” sustatzea eta ekonomia soziala oinarri duten enpresak bultzatzea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondorengo irakaskuntzan euskararen egoera eta euskara lan-munduan barneratzeko aukerak zein diren ikertzea ere badute xede.

Zahartze aktiboa

Duela bi hilabetetik, adindunentzako ariketa fisikoari buruzko programa bat dute esku artean. Harrobia ikastolako Gorka Mutuberria irakaslea buru-belarri dabil ikerketan, hara eta hona hitzaldietara eta esperientziak ezagutzera joanez. Azaldu digunez, oraindik ikerketaren hastapenetan daude, bibliografia guztia bildu eta arlo pribatu zein publikoan dauden programak begiratzen, azterketa egindakoan proposamen zehatz bat osatzeko.

“Lehenengo helburua da pertsona zaharrekin ariketa fisikoa nola aplikatu ikustea; ondoren, ikusitakoaren eta izandako esperientziaren arabera geure programa propioa sortzeko”, azaldu du Mutuberriak. Programa pilotu bat jarriko dute martxan, aurreikusitako teknikak eta tresnak talde txikiekin probatzeko. “Behin ondorioak aterata, proiektua enpresetan eta arlo publikoan txertatzea da azken asmoa”. Uda ostean hasiko dira aplikazioarekin, eta programa finkatuta dagoenean, formakuntza saioak eman eta ahal den neurrian enpresetan txertatzen hastea aurreikusten dute.

Bide honetan, Tknika Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketarako berrikuntza zentroaren laguntza dute. Tknikaren helburuen artean dago Lanbide Heziketako zentroen eta enpresen arteko lotura indartzea, eta hori da hain zuzen Harrobia egiten saiatzen ari dena.

Bizkaiko 16 eta 65 urte bitarteko pertsonei zuzendutako prestakuntza-proiektu euskalduna den neurrian, lan mundura salto egiteko lanbide prestakuntza eskaintzen du. Egun, enplegurako lanbide heziketan enpresei zuzendutako zerbitzuak eta formazio-ikastaroak ematen dituzte; tartean, orientabide-zerbitzuak, prestakuntza-ekintzak, ekintzailetza jarduerak eta administrazio publikoarekin lankidetza.

Bestalde, Goi mailako Kirol Zikloa (Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena) eta Informatikako Erdi mailakoa (Mikroinformatika Sistemak eta Sareak) ere eskaintzen dituzte.

Formakuntza

Ikerketa garatu bitartean, formakuntza saioetarako ere hartuko dute tartea, Harrobiak ohiko duen legez. “Formakuntza ikastaroetan esperientzia daukagu, osasunaz eta ariketa fisikoaz hainbat kurtso ematen ditugu; besteak beste, indarraren inguruko tailerrak, arazo kardiobaskularrei buruzko formakuntza edo bizkarrezurreko arazoak dituztenentzako hitzaldi bereziak”.

Orain arte baina, ez dute inoiz hirugarren adinekoei zuzendutako programarik gauzatu, eta Mutuberriak azpimarratu duenez, “kolektibo berezia” izanik, dituen berezitasunak aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Kolektibo guztietan gertatu ohi denez, gainera, talde hau ere ez da homogeneoa. Ariketa fisikoa lantzen duten taldeetan, gela berean oso maila ezberdinak elkartzen direla dio; sarri askotan bakoitza bere osasun gorabeherekin, arazo metabolikoak direla, edo gihar eta artikulazioetakoak, adibidez. Pertsona bakoitzak behar dituen ekintzak izan ditzan, antolaketa hori egoki kudeatzea oinarrizkoa dela dio. Hor ere, baina, ezagutza falta sumatzen du Mutuberriak: “Kirol sektoreko adar ugaritan osasunaz ez dago formakuntza askorik eta eskaintza urria da”.

Elkarlanaren beharra

Adindunentzako ariketa fisikoan eragina izan dezaketen profesionalen artean, adostasun falta eta elkar-loturen gabezia handia dago. Hori da orain arte ikertutako esperientzietatik atera duten ondorio nagusia: “Puntu honetan oso atzeratuta gaude. Gizartearentzat ez da gai arrotza, baina arlo pribatu zein publikoan formakuntza eza eta ezjakintasuna handia da”.

Oinarri falta nabarmendu du Mutuberriak. Esaterako, Osakidetzakoak gaia tokiko udalarekin nola kudeatu ez dakitela antzematen du, baita alderantziz ere. “Medikuekin egon garenean, askok diote arazoak dituztela ariketa fisiko egokiak prestatzeko. Haiekin eta beste profesional batzuekin elkarrizketak izaten ari gara, bakoitzaren funtzioa zein den jakiteko”, azaldu du.

Proiektua ezagutaraztea

“Ibilaldia jaiaren lehentasuna gure lana ezagutaraztea da, askok ez baitaki Lanbide Heziketako ikastolarik dagoenik ere”, adierazi du Mutuberriak. Formakuntza eta zikloak euskaraz ematen dituztela ezagutaraztea funtsezkoa dela dio. “Proiektu nahiko berria delako ere izan daiteke askok gure berri ez izatea, horregatik gustatuko litzaiguke Ibilaldiari esker jendeak gure lana ezagutzea, bide batez, egitasmo berriei ateak zabaldu ahal izateko”.

Erabiltzen duten eraikineko bi solairu hutsik daude, eta ekintza berrien bitartez erabilera eman nahi diete, euskara eta Lanbide Heziketa ikastolen bitartez sustatzen jarraitzeko. Lanbide Heziketaren, euskararen eta lan munduaren arteko lotura ikastolen mugimenduaren baitan aurrera eramatea berezia da; eta beraz, nabarmendu digu Mutuberriak, berezia izango da Ibilaldia bera ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibilaldia
2023-05-22 | ARGIA
Milaka herritar bildu dira Ondarroako IbilaldiXEn ikastolen festan

Zubi Zahar Herri Ikastola izan da 2023ko antolatzailea, eta balorazio positiboa egin du igandeko egunaren inguruan. Euskarazko hezkuntza aldarrikatu dute festa giroan, eta testigua pasa diote San Nikolas Algortako ikastolari.


2022-05-29 | Jone Gartzia
Liburu bat katean idatzia

Bilbotik Tafallarako dagoen bidean, eskuz esku eta ikastolaz ikastola idazten ari den ipuina da aurtengo Liburu Ibiltaria. Idazleek ez dute elkar ezagutzen eta eremu soziolinguistiko desberdinetako ikasleak dira, baina asmo komun bat dute denek: guztien artean, txandaka, euskara... [+]


1.800 lagun bildu dira ezohiko Ibilaldian, Sopelan

Hiruka.eus-en Iker Rincon Morenok Sopelan antolatutako Ibilaldiaren jarraipena egin du igandez. 1.800 lagun bildu dira Sopelako lau gunetan Leioako Betiko ikastolak eta Sopelako Ander Deuna ikastolak antolatutako ikastolen aldeko jaialdian. Hurrengo Ibilaldia Bilboko Abusu... [+]


2021-05-13 | ARGIA
Ibilaldiak lau gune izango ditu, baina ezingo da batetik bestera mugitu

Sopelan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 30ean. Aurtengo edizioak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez.


2021eko Ibilaldiaren 'Kala kalata!' abestia aurkeztu dute

Aurten Leioa eta Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa kaleratu dituzte, Kala kalata! leloa oinarri hartuta jarri dio letra Xabi Payak.


Eguneraketa berriak daude