Liburu bat katean idatzia

  • Bilbotik Tafallarako dagoen bidean, eskuz esku eta ikastolaz ikastola idazten ari den ipuina da aurtengo Liburu Ibiltaria. Idazleek ez dute elkar ezagutzen eta eremu soziolinguistiko desberdinetako ikasleak dira, baina asmo komun bat dute denek: guztien artean, txandaka, euskara ardatz duen liburu bat idaztea.

Hirugarren edizioa du aurtengo Liburu Ibiltariak. 2020an izan zuen lehena, Elorrioko Txintxirri Ikastolaren ekimenez. Haiei zegokien pandemiak astindutako urtean Ibilaldia (Bizkaiko Ikastolen Jaia) antolatzea, eta, alternatiba gisa, ikastolaz ikastola osatzen joango zen liburuaren ekoizpena proposatu zieten Bizkaiko gainerako ikastolei.

20 orrialdeko liburua osatu zuten orduan, elkarlanean eta euskara istorioa josteko hari gisa baliatuta. Helburua eremu soziolinguistiko desberdinetako kideak elkartzea zen, eta, ezin zutenez aurrez aurre egin, papera izan zuten elkargunerako tresna. Lingua Vasconum Resucitae jarri zioten izenburua eta bertan gure hizkuntzaren gorabeherak jaso zituzten.

Hurrengo urtean, pandemia egoera lausotzen joanagatik ere, ekimenarekin jarraitzea erabaki zuten, orduan Ikastolen Elkarteak egitasmoa bere gain hartuta eta Euskal Herriko gainerako ikastoletara zabalduta. Ikastolak Herriari ekimenaren baitan, Sopelatik Lizarrarako bidea egin zuen 2021eko Liburu Ibiltariak, poliki-poliki.

Orduko edizioan, Euskal Herriko 21 ikastolatako DBH 3ko ikasleek hartu zuten parte sorkuntza prozesuan, boluntarioki. Narrazio komunitarioari hasiera ematearen ardura Sopelako Ander Deunako eta Leioako Betikoko ikasleen esku egon zen, ikastola horien artean antolatu baitzuten, hain zuzen ere, iazko Bizkaiko Ikastolen jaialdia. Amaiera, kontrara, lizarratarrek eman zioten, haiek hartu zutelako herrian Nafarroako Ikastolen jaialdia, 2022ko Nafarroa Oinez.

250 urte barru…
Norabide berari jarraiki, 2022ko edizioa abiatzea Abusuko ikastolako ikasleei egokitu zaie, bertan ospatuko baita datorren maiatzaren 29an Ibilaldia. Bi irakasleren gidaritzapean, 11 ikasle boluntariok egin zuten lan hori iragan abenduan, Euskararen Egunean. Bazuten eskarmentua, ekimenean parte hartzen zuten hirugarren aldia zelako, baina ipuinaren hasiera idazteko ardura zuten lehenengo aldiz.

Hori dela eta, sorkuntza prozesuko erronka handiena abiapuntu aski zabala idaztea izan zen, ondoren lekukoa hartuko zuten 27 zentroetako ikasleek istorioarekin jarraitzeko modukoa. Bi irakaslek hartu zuten prozesua gidatzeko ardura: Teresa Zarragak eta Jon Aritz Bengoetxeak. Liburu Ibiltarian parte hartu nahi zuten ikasleak batu zituzten eta hastapeneko ideiak batzen hasi ziren. Ondoren, bikoteka erabaki zuten zein izango zen istorioaren abiapuntua eta haria.

Behin horiek zehaztuta, ideia idatzi eta marraztu behar izan zuten. Izan ere, Liburu Ibiltarian parte hartzen duen ikastola bakoitzak bi zatitan banatutako orri bana jasotzen du. Goian testua idatzi behar dute, eskuz, eta behean irudia osatu (izan marrazkia, komikia, collagea…), irakurri ezin dutenentzat.

Abusuko ikasleek istorioa 2275. urtean kokatzea erabaki zuten, abenduaren 3an, hain justu. Olatz eta Amets dira Abusu ikastolaren izenean parte hartu duten 11 lagunetako bi, eta haiek eman digute istorioaren berri. Kontatutakoaren arabera, bi neba-arrebek errota bat topatu zuten Abusu auzotik gertuko baso batean. Bertan, “Ikastola” hitza irakurri zuten, baina ez zuten esanahia ulertzen. Errota barruan kutxa bat topatu zuten, goiko aldean “euskara, denbora kapsula” idatzita zuena. Orduan, aurkitutakoa amamari eramatea erabaki zuten, eta hor bukatzen da narrazioari hasiera ematen dion lehen pausoa. “Euskararen erabilerarekin lotuta dago, agian, 2275. urtean euskara desagertuta egongo da”, azaldu dute idazleek.

Euskal Herriko eremu soziolinguistiko desberdinetako partaideak elkarlanean jarri nahi dituzte euskaraz ondo pasa, esperimentatu eta sormena lantzeko

Euskalgintzarentzako beste eredu bat
Ikastolak Herriari dinamikaren baitan, ikastolen jaiek erakutsi nahi dute “euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu, sortu… munduratzen” ari direla. Praktika honekin, Euskal Herriko eremu soziolinguistiko desberdinetako partaideak elkarlanean jarri nahi dituzte euskaraz ondo pasatu, esperimentatu eta sormena lantzeko, baita elkarlana sustatzeko eta Euskalgintzari “beste eredu bat” emateko ere.

2022ko edizio honen sorkuntzan 28 ikastolek hartu dute parte. Abusun hasitako kontakizunari Tafallako Garces de los Fayos Ikastolan emango diote bukaera. Hori baino lehen, lehenengo bost ikastolek sarrerako orriak beteko dituzte, hurrengo hamaseiek garapena osatuko dute eta azken lau ikastolek amaiera biribilduko dute. Bakoitzak astebeteko epea izango du Liburu Ibiltaria jaso, bere orrialdea bete eta hurrengo ikastolari emateko.

Iragan abenduan hasitako ipuina osorik irakurtzeko, urrira arte itxaron beharko da. Tafallan ospatuko den Nafarroa Oinez jaialdian jarriko dituzten paneletan egongo da lehen aldiz kontakizun osoa irakurgarri. Abusu ikastolako ikasleak egun horren zain daude, irrikaz. Badakite zelan hasi den istorioa, baina garapenaren eta bukaeraren arrastorik ez dute, “sorpresa bat izango da”.
Behin liburua amaituta, prozesuan parte hartu duen ikastola bakoitzak kopia txiki bana jasoko du. Izan ere, Liburu Ibiltaria tamaina handikoa da, argazkian ikus daitekeen bezala.

Ibilaldia, bertan
Nolanahi ere, abusutarrek tartean badute ilusioz betetzen dituen beste egitasmo garrantzitsu bat: 2022ko Ibilaldia. Haien ikastolari egokitu zaio aurtengo jaialdia prestatzea, eta ospakizun handirako egun gutxiren faltan, urduritasuna eta poza nabariak dira haien aurpegietan. “Polita izan da, guraso, irakasle, familia, ikasle… asko jarri gaituelako elkarlanean”, azaldu du Teresa Zarragak. Batzorde ugari sortu dituzte eta horietako batzuk ikasturte hasieratik ari dira lanean maiatzaren 29an dena ondo joan dadin. Ez hori bakarrik, urtean zehar kultur arloko hainbat eta hainbat ekintza ere antolatu dituzte ikastolan eta auzoan, eta “denak oso arrakastatsuak” izan direla dio irakasleak.

Ikasle zein irakasle, denek jendetza espero dute maiatzeko azken igandean. Pandemia osteko lehen Ibilaldia izanik, Herri Urratsen arrakastari eutsi nahi diote. Bi urteko etenaldiaren ondotik, gogotsu sumatzen dituzte ingurukoak, eta hala daude haiek ere. Urrira bitarteko itxaronaldia arinagoa bihurtzen lagunduko die, seguru, eta akaso, ipuin xelebre honetan parte hartu duten beste kideak ezagutzeko parada ere izango dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibilaldia
2023-05-22 | ARGIA
Milaka herritar bildu dira Ondarroako IbilaldiXEn ikastolen festan

Zubi Zahar Herri Ikastola izan da 2023ko antolatzailea, eta balorazio positiboa egin du igandeko egunaren inguruan. Euskarazko hezkuntza aldarrikatu dute festa giroan, eta testigua pasa diote San Nikolas Algortako ikastolari.


1.800 lagun bildu dira ezohiko Ibilaldian, Sopelan

Hiruka.eus-en Iker Rincon Morenok Sopelan antolatutako Ibilaldiaren jarraipena egin du igandez. 1.800 lagun bildu dira Sopelako lau gunetan Leioako Betiko ikastolak eta Sopelako Ander Deuna ikastolak antolatutako ikastolen aldeko jaialdian. Hurrengo Ibilaldia Bilboko Abusu... [+]


2021-05-13 | ARGIA
Ibilaldiak lau gune izango ditu, baina ezingo da batetik bestera mugitu

Sopelan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 30ean. Aurtengo edizioak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez.


2021eko Ibilaldiaren 'Kala kalata!' abestia aurkeztu dute

Aurten Leioa eta Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa kaleratu dituzte, Kala kalata! leloa oinarri hartuta jarri dio letra Xabi Payak.


2020-05-20 | ARGIA
Ikastolen lau jai udazkenean izango dira eta Nafarroa Oinez ez da egingo

Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]


Eguneraketa berriak daude