"Inpunitatearen arkitekturaren beste katebegi bat da TTIP"

  • Lanaren zuzenbidea irakasten du EHUn. STEE-EILAS sindikatuko kidea da Juan Hernandez Zubizarreta, eta transnazionalen boterearen aurkako nazioarteko talde batean parte hartzen du aspalditik. Azken hilabeteetan, Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainaren talde eragilean dihardu buru-belarri. Itun transatlantikoaren barrunbe juridikoez galdetu diogu hain zuzen, haren kontrako borroka egunaren –apirilaren 18a– atarian.

Artikulu batean diozu TTIP inpunitatearen arkitekturaren atal bat dela. Zer da inpunitatearen arkitektura?

Zenbaitzuek modu horretan definitzen dugu korporazio transnazional handien boterea. Une honetan globalizazioak duen egitura juridikoa da. TTIP bezalako merkataritza aske eta inbertsio itunak, hitzarmen komertzialak eta abar –une honetan 3.500 inguru dira!– arau hertsagarriak dira. Hau da, bete egiten dira. Eta hala da badagoelako horretaz arduratzen den nolabaiteko Ertzaintza global bat. Funts putre batek salaketa jartzen dio Argentinari New Yorkeko auzitegi batean, epaileak arrazoia ematen dio, eta argentinar ekonomiak kolpe latza jasotzen du. Betearazpen maila hori ez dago giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean. Giza eskubideen zuzenbidea ahula da. Esaterako, Lanaren Nazioarteko Erakundearen askatasun sindikal batzordeak behin eta berriro zigortu du Kolonbia sindikalisten hilketak direla eta. Esanahi moral handiko zigorra da, baina ez da betetzen. Zergatik dago gosea munduan? Horri buruzko arau juridikoak, hitzarmenak... ez direlako eraginkorrak, paper hutsa dira. Inbertsioaren eta merkataritzaren alorrean, berriz, arauak bete egiten dira, betetzen direnez. TTIP tresneria horren beste katebegi bat besterik ez da.    

Transnazionalen eskubideak babesteko tresneria, azken batean?

Hala da. Benetako adibide bat ematearren: Argentinak Repsol kaleratzen du, eta enpresak inpunitatearen arkitekturaren makineria juridiko osoa ipintzen du martxan. Bat, argentinar gobernuaren aurkako auzi eskea egiten du argentinar epaitegi batean. Bi, ebazpen auzitegi pribatu batean salaketa jartzen du –inpunitatearen arkitekturaren ezaugarrietako bat justiziaren pribatizazioa baita–. Hiru, New Yorkeko auzitegi batean salaketa jartzen du. Eta lau, Madrilgo epaitegi batean salaketa jartzen du. Hori guztia egin dezake Repsolek bere eskubideen defentsan. Aldiz, nora jo dezakete Repsolek deuseztatu nahi dituela salatu nahi duten maputxeek? Argentinako Gobernura, besterik ez –eta Gobernua, maputxeei dagokienez, Repsolen konplizea da–; ezin dute Repsol salatu nazioarteko ebazpen auzitegi batean. Izan ere, Gobernuak berak ere ezin du; transnazionalek baino ezin dute epaitegi horietara jo.

Justiziaren pribatizazioa aipatu duzu. TTIPen aurka ari zaretenok diozue itun transatlantikoak justizia bakarrik ez, botere legegilea ere pribatizatuko duela.

TTIP hirugarren belaunaldiko nazioarteko ituna da. Lehen belaunaldikoek, klasikoek, aduana zergak kentzeko helburua zuten. Bigarren belaunaldikoek, horrez gain, ebazpen epaitegiak ekarri zituzten, hau da, justizia pribatua. Hirugarren belaunaldikoekin maila gorenera iritsiko gara: aurreko guztiaz gain, legegintza pribatizatzen da. TTIPen negoziazioetan, zehazki, erregulazio-kontseilu baten sorrera aurreikusten da; gaur egun existitzen den zein etorkizunean sor litekeen legediaren iragazki lana egingo du horrek.

Adibideren bat eman zenezake?

Demagun EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari eusten diola, eta kontratazio publikorako ezarritako klausula sozialak mantentzen dituela. Hori Aldundiaren eskumenen barruan dago. TTIPek sortutako erregulazio-kontseiluak araua aztertuko du, eta kontsultak egingo ditu. Kontsulta horietan denek hitz egin ahal izango dutela iragarri dute, baina badakigu hor lobbien ahotsa baizik ez dela entzungo. Eta lobbien iritzia izango da Gipuzkoako arau hori baztertzailea dela, inbertsioei traba egiten diela... Oker ez banago, klausula sozial horrek dio sektoreko hitzarmen kolektiboak errespetatu behar direla; AEBetako eraikuntza-enpresa handiek, berbarako, hauxe esango dute: nik ez daukat hitzarmen kolektiborik, arauak baztertu egiten nau!  

Praktikan araua kentzea ekar lezake horrek?

Hara, pentsa ezazu zer nolako presioa jasan beharko duen Gipuzkoako Aldundiak, adibide berarekin jarraitzearren. Transnazionalen mehatxuak, xantaia...

Baina erregulazio-kontseiluak foru araua bertan behera uzteko gaitasuna edukiko luke?

Ez dakigu oraindik. Eurek diote araua TTIPi egokitzeko iragazki lana egingo dutela, hau da, kendu baino, aldatu. Eta Aldundiak ez aldatzea erabakitzen badu, gerta daiteke transnazionalek haren aurka jotzea araua kentzera behartzeko, edo Aldundia Luxenburgoko Auzitegian salatua izatea, maila hierarkiko altuagoko araua, hau da, TTIP, ez betetzeagatik.

Berez, zer da erregulazio-lankidetza?

Eurek diote legedien harmonizazioa dela. Benetan nahi dutena zera da, AEBetako produktu guztiak inolako oztoporik gabe sartu ahal izatea Europan, eta alderantziz. EBn indarrean dagoen zuhurtzia printzipioa, esaterako, oztopoa izan daiteke AEBetako transgenikoak edo klorodun oilaskoa sartzeko. Haien hordagoa da harmonizazio horren bidez ahalik eta araudiaren zati handiena apaltzea.

Ez dago inon idatzita, ordea, araudia ahultzea denik helburua. Izan ere, EB ordezkatuz negoziazioetan parte hartzen ari direnek behin eta berriro adierazi dute itunak ez duela ekarriko europar estandarren beherapenik herritarren eskubideei, osasunari edota ingurumenari dagokienez. Zergatik egiten da interpretazio hori TTIPen aurkako sektoreetan?

Lehenik eta behin, beste itun batzuen adibideak hala erakutsi digulako. Bigarrenik, badakigu, eta beraiek ere onartu dute, ez direla ituna negoziatzen ari muga-zergak kentzeko bakarrik, berez nahiko txikiak dira eta. Orduan, zertarako? Bada zerbait gehiago: erregulazioa. Egia da, zuk diozunez, babes estandarrak ez ukitzeko hitza eman dutela. Baina iruzur egiten ari dira.

Zelan?

Batetik, galdetu izan diegu zer arlo harmonizatzeko asmoa duten Europako araudi babeslea ukitu gabe, eta esan dute: batetik, autoetako segurtasun-neurriak homogeneizatzea; bestetik, enpresa ertain eta txikiei kudeaketa errazteko; hirugarrenik, produktuen egiaztagiri bikoiztuak saihesteko. Primeran. Baina beraiek esaten dute TTIPi esker ez dakit zenbateko hazkunde ekonomikoa izango dela, BPGrena, familia bakoitzarena... eta aipatu ditudan hiru gauza horiek ez dira nahikoa hazkunde hori esplikatzeko. Segurtasuna homogeneizatzea, gestioak arintzea eta egiaztagiri bikoitzak kentzea negozio bolumen osoaren oso zati txikia dira. Bestelako alderdi batzuk hartu dituzte kontuan aurreikuspen ekonomiko horiek egitean.

Zer alderdi?

Estandarrak ahultzea, hain zuzen. Oso argigarria da europar ordezkaritzak esaten duen zerbait: negozio aukera handiak egongo direla –eta hori egia da– Europako eraikuntza-enpresentzat. AEBetako estatu askotako kontratazio publiko arauetan badago Buy America izeneko klausula bat, kanpoko enpresei atea ixten diena, eta EBk dio TTIPen bidez klausula hori ezabatzeko ahaleginean ari direla. Horrek lanpostu asko sortuko lituzke Europan, eta abar. Ederto. Baina nork sinetsiko du AEBek Buy America klausula kentzea onartuko dutela, besterik gabe segurtasuna homogeneizatzearen, gestioak arintzearren eta egitaztagiri bikoitza kentzearen truke? Europako Batzordeko kideei hori galdetu eta ez entzunarena egiten dute. Argi dago Buy America ezabatzearen ordaina AEBetako okela, transgenikoak, frackinga eta abar sartzea dela, zuhurtzia printzipioa kentzea dela...

Baina europar aldeak hitz eman du hori ez dela gertatuko.

Azkarrak dira, eta ituna sinatzeko eguna hurbildu ahala hasiko dira esaten: “Ez gara gezurretan aritu”. Nire ustez, emango duten argudioetako bat da beraiek negoziazioetara eraman dituzten agirietan posizio batzuk defendatu dituztela, baina gero gauza batzuetan amore ematea beste irtenbiderik eduki ez dutela –kontuan izan behar da estatubautarren posizioez ez dakigula ezer, ez dute dokumentu bat bera ere erakutsi–. Aurrekoan, Europako Alderdi Popularreko buruari galdetu zioten AEBetako kosmetikoez [EBn milaka substantzia debekatuta daude produktu kosmetikoetan, AEBetan oso-oso gutxi], eta esan zuen Europak ez duela araurik urratuko, baina edozelan –nik uste dut nahi gabe ihes egin ziola– badaudela erdibideak. Eta etiketatzeaz hitz egin zuen. Nire hipotesi bat da etiketatzea izan daitekeela aitzakia zuhurtzia printzipioa urratzeko, aldi berean zuhurtzia printzipioaren muina errespetatu dela esanez. Etiketa batek, letra txikian, “produktu hau estatubatuarra da eta ez dakit zer arazo sor dezakeen ez dakit zer osagai du” esaten badu, kontsumitzailearen esku uzten dute ardura. Beste bide bat izan daiteke –hori ere nire hipotesi bat da– ituna nahasi samarra izatea, eta etengabe interpretazioa behar izatea.

Apirilaren 18an TTIPen aurkako borroka eguna izango da Europa osoan. Zer giro dago?

Uste dut Europako Batzordea inteligentzia handiz ari dela jokatzen TTIPen defentsan, behin eta berriz errepikatuz dagoeneko esan duguna: ez dela babes estandarrik ahulduko. Errepikaren errepikaz itunaren aurkako jarrera neurri batean leuntzea lortzen ari direla iruditzen zait. Nahasmena eragiten dute, behintzat.

Benetan dago aukera gizarte zibilak TTIP geldiarazteko?

Zaila da, haien tresneria izugarria da. Beharbada lortuko dugu TTIPen edukia urardotzea, baina ni ikaratzen nauena itunen arteko loturak dira: TTIP, TISA, CETA... Etengabeko negoziazioaren estrategia da, beti daukate hurrengo urratsa prest. Hala ere, beldurgarriena da ez dagoela, geoestrategiaren ikuspuntutik, eredu horren aurkako alternatibarik. Ezkerreko ahots batzuek diote Txina dela alternatiba, baina Txina ere AEBen logika kapitalistaren barruan dago: hazkundea, lehiakortasuna...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TTIP/TAFTA
2016-11-23 | Unai Brea
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak

Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka... [+]


2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


TTIP eta CETA akordioen aurkako mobilizazioak larunbatean Hego EHko hiriburuetan

Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.


2016-10-30 | Juan Mari Arregi
Ez ezazu irentsi

Hainbat plataforma sozialek ohartarazi dute zein ondorio izango dituen AEB eta EBren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak. Munduko merkatu handiena sortuko du. Baina itun hori, CETA edo beste batzuk bezala, ez da merkatu akordio hutsa. Enpresa handiei... [+]


Eguneraketa berriak daude