"Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa"

  • Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak 9. edizioa egingo du otsailaren 10etik 15era, Iruñean. Dokumentalgintzaz, ariketa zinematografikoez, begiradaz, Ikuspunturen nondik norakoez mintzatu zaigu Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoa.


2015eko otsailaren 08an
Dani Blanco

Aurtengo edizioan ikusi dituzuen lanak aintzat hartuta, joerarik ari al da nagusitzen dokumentalgintzan?

Konturatu gabe, hiru zuzendari errepikatu dira, Ikuspunturen aurreko edizioren batean egonak: Antoine Boutet, Eric Baudelaire eta Adam Gutch. Ez dugu espresuki egin, baina horrek erran nahi du aurreko arduradunen haritik ari garela eta marka ona da, ez gara hausturaren aldeko, aizkorakadaren aldeko; miresteko moduko lekuan kokatu dute festibala aitzindariek eta leku horretan ibili behar. Jorraturiko gaiei dagokionez, ez dira asko: Giorgio Agambenek erraten duenarekin erabat akort nago, munduko istorioak zazpi sailkapenetan sartzen dira eta kito. Horretan segitzen dugu gizakiok: amodioa, salaketa, barkamena... Aldatzen dena da forma, paisaia, pertsonak… baina muina funtsean betikoa da.

Zeri erreparatu diozue hautaketa prozesuan? Zuk zer eskatzen diozu dokumental bati?

Pario bat ukaitea, pentsatzen duen buru bat sentitzea atzean, eta erantzun gabeko galderak pausatzea. Festibalaren espiritua Jean Vigo dugu, espiritu independentea, bidezidorrak miatzen zituena, eta hori da gure abiapuntua eta helburua. Ezohiko dokumentalak, ausartak eta oldarkorrak bilatzen ditugu, barruak inarrosteko gauza direnak, bihotzetik edo tripetatik sortzen direnak, eta ez patrikatik.

Zein ardura du dokumentalak errealitatearekiko eta kontatzen ari denarekiko, begirada neutrorik ez dagoela jakinda?

… eta ez da nehoiz neutroa izan behar, gainera. Horixe zen preseski Jean Vigok erran nahi zuena “ikuspuntu dokumentala” erramoldea asmatu zuelarik (hortik hartu zuen festibalak bere izena). Errealitatearen potreta baino ez da dokumentala, errealitatearekin dantza egiten du. Batzuetan dokumentala da dantza horretan agintzen duena, eta bertzetan errealitatea da pausoak markatzen dituena. Egilearen presentzia zenbaterainokoa den, hor jarriko nuke nik langa, baina egilearen presentzia beti dago.

Ikuspuntun lehiatuko diren filmek gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, ala gai unibertsalak dira nagusi?

Batzuk salaketa  dira, oihuen modukoak, eta gaurkotasunari hortik heltzen diote. South to North, ura batetik bestera garraiatzeko proiektu txinatar alimalekoari buruz, pelikula ikaragarria da; Our terrible country filmak Siriako demonio guziak ditu gai; edota Letter to Max oso ariketa gomendagarria da, Abkhazia “nazio mamua” existitzen den ala ez planteatzen du. Beste batzuk gai unibertsalez mintzo dira: heriotzaz Before we go eta Huellas, bidaia poetikoa da El hombre congelado, Patrick Neu artista puruaren potreta egiten du Le Complexe de la Salamandre filmak… Denetarik dago. Enologoek erraiteko maneran, aurtengo sail ofiziala zapore guziak biltzeko kapable den arno preziatua da.

Film laburretako sinopsiei begira, luzeetan baino lan artistikoagoak aurkituko ditugula dirudi. Esperimentazioa saritu duzue?

Bai, badirudi distantzia motzek bestelako ariketak egiteko parada zabalagoa edo errazagoa eskaintzen dutela. Hala nola, OUT espainiarrak tenis partida bat kontatzen digu, baina tenislariak erakutsi gabe; Super Unit lanean Poloniako etxebizitza berezi bat erakusten zaigu, gelatik gelara jauzi eginez, eta hiru segundo nahikoa dira familia bat erretratatzeko; edota koloreak gure egunerokoan duen eragina aztertzen du Rainbow´s Gravity saiakerak.

Frantzia da lehiarako hautaturiko dokumentalen artean gehien errepikatzen den herrialde ekoizlea. Bereziki herrialde emankorra da dokumentalgintzan?

Sukaldaritzan erraiten da tipula mozteko ganibeta hartzen duzun mementotik, Frantziarekin zorretan zaudela. Zineman gauza bera: ez ahaztu bertako asmakizuna dela, eta menturaz ez da Frantziatik hain aise ihes egiterik zinemaz ari garenean. Antolaturiko zikloetan ere, pisuzko izen frantziarrak izanen dira: Jean Epstein, Louis Delluc, Lumière anaiak…

Orson Wellesek Euskal Herriari buruz egin zituen dokumentalak izango dituzue hizpide: Pays Basque I (The Basque Countries) eta Pays Basque II (La Pelote Basque). Nolako Euskal Herria erakutsi zuela esango zenuke?

Paradisu baten bila etorri zen Welles jauna, eta berak baino lehenago paradisu hori aurkitu zuen familia bat topatu zuen: Wertenbaketarrak. Ziburun bizi arren, estatubatuarrak ziren. Hasiera batean, astebete pasatzera etorri ziren, baina Chris Wertenbaker gazteak (Orson Wellesen dokumentalean agertzen den 11 urteko mutikoa, pelikulan gida lanak egiten dituena) kontatu zidanez, behin Ziburuko aldapan korrika lurrera erori eta bizilagun batek (Pepita Telleriak) belauneko zauria mimoz sendatu ostean etxera eraman zuen; eta Chrisen amak halaxe erran zion senarrari: “Hemengo jendea jende gisakoa da, hemen geratuko gara bizitzera”, eta zazpi urte eman zituzten Ziburun. Chris Wertenbaker gure kostaldean koskortu zen eta gida ezin hobea izan zen zuzendari estatubatuarrarentzat, joko garbiaz, euskal dantzez edota euskarari buruz aritzeko. Hemen izango dugu, festibalaren irekieran.

Ipar Euskal Herrian filmatu duten beste hainbat zinemagileren lanak ere emango dituzue. Zer azpimarratu dute batik bat, bada elementu komunik?

Zinezko altxorrak dira. Pentsa, munduko zein txokotan izan dira hainbertze taxuzko zinemagile kultura baten potreta egiteko edo paisaia bat harrapatzeko asmoz? Ez zait bertzerik bururatzen. Areago, zinemaren historia guzia gure txokoetatik atera gabe segi daiteke! Erraiteko, Lumière anaiak, trenaren mugimendua eta langileen irteera filmatu ostean, Miarritzera etorri ziren bertze mugimendu baten bila: olatuak. Birjinaren Arroka ondoko uhinak harrapatu zituzten. Lehenengo sonoroa, kanpoan filmatua, 1930ean izan zen eta asmakizun horretarako ere Maurice Champreux maisuak euskaldunak aukeratu zituen, herri kantaria garela-eta. Euskarazko lehen hitz filmatuak jaso zituen eta hori guztia ikusiko dugu festibalean. Louis Delluc-ek 1921ean errodaturiko film ezezaguna ere aipatu nahiko nuke, benetako harribitxia: zoko-moko guziak miatu ondoren, Azkaineko itsasoari beha dauden mendi mazelak aukeratu zituen filmerako, munduko argirik ederrena hortxe zegoela iritzita.

Hiru atzera-begirako antolatu dituzue: Margaret Tait zinemagile eskoziarrari eskainitakoa, irlak protagonista dituzten dokumentalen ingurukoa, eta zinematografiak dituen mugez gogoetatzen duen Isidoro Valcárcel-en La celosía lanari buruzkoa.

Azken finean denek irlak dituzte oinarri, baita guri buruzko dokumentalek ere, euskaldunak irla bat izan garelako eta garelako, eta horrexegatik piztu dugu eta pizten dugu hainbertze dokumentalgileren interesa. Margaret Tait Orkada uharteetako batean [Eskoziaren ipar-ekialdean] sortu zen eta irla horrek presentzia handia du bere filmetan; bertako Orquil errekari pelikula poetiko eta sakona eskaini zion. Atzera-begirako horren osagarri, hemezortzi filmetan hogeita bi irla eta erdi bisitatzeko aukera emango digun zikloa dugu: uharte baten mila aurpegiak erakutsi nahi ditugu, paradisua izan daitekeelako, baita artisten abaroa ere, edo presondegi krudela…

Eta Isidoro Valcárcel Medina bera bertze irla bat da, edo hobe erranda, naufrago bat. Naufragoen berrirakurketa bat proposatzen dugu, Robinson Crusoe eta [Crusoek natiboengandik askatzen duen] Ostirala pertsonaien inguruko eztabaida sortu nahi dugu: nor da garailea eta nor galtzailea? Valcárcel Medinaren kasuan, artearen naufrago peto-peto baten aitzinean gaude, arte kontzeptualaren aitzindarietako bat, inoiz artelanik saldu ez duen artista. Iruñera etorriko da 1972an hemen estreinatu zuen pelikula berriz aurkeztera.

The Darkness Collection lana emango du Ikuspuntuk. Iluntasunari buruzko 38 film laburren bilduma da, 42 zuzendariren begiradatik. Zuk gidatu duzu proiektua.

Egun  batean, gurasoen herrian nire iluntasuna filmatu nuen; denok dugu iluntasun bat, eta nirea herri horretan dago. Erran nahi dut, badagoela leku bat non iluntasuna oso modu pertsonalean eta indartsuan sentitzen dugun. Bertze zinemagile batzuei ere horixe eskatzea otu zitzaidan, haien iluntasuna filmatu zezatela, ondoren bilduma bat osatzeko. Kontzeptu oso zabala da iluntasuna, uste baino gehiago, ez dago soilik gauarekin lotuta, egunez edo argia dagoenean ere badira iluntasunak. Eta bakoitzak berea darama. San Frantziskoko zinemagile batentzat, gauean arnasa hartuz gora eta behera mugitzen den zilbor bat da iluntasuna (emakume baten zilborra), zuzendari finlandiar batentzat, gaua zeharkatzen duen alimaleko kruzeroa… Arrunt polita izan da iluntasun hauek postontzian jasotzea. Munduko zoko guztietatik igorri dizkidate eta batzuetan “arina” jartzen zuen gutun-azalean… Biziki polita, ezta? Arinak diren iluntasunekin pelikula luzea osatu dut. Etenik gabe behin eta berriz emango dugu hiru orduko pelikula, Baluarteko tripetan dagoen areto ilun eta berezi batean, eta edozein unetan sartu eta irten ahalko da jendea, pelikulak ez duelako hasierarik ez amaierarik, iluntasuna da bera ere.

Itsaso Arana nafarraren John y Gena filmak itxiko du edizioa.

Ariketa zinez gomendagarria egin du Itsasok. Bere lagunak eta mutil-lagunak agertzen dira pelikulan, solasean, amodioak, misterioak eta sentipenak kontatzen eta aitortzen. Itsaso bera aretoan izango da eta pelikularen gainean zuzeneko ekintza egingo du; ez dakigu zer, beti delako ezberdina, beti ezusteko. Ikuspuntu amaitzeko aproposa iruditu zaigu, amodioaz hitz egin ostean festibalaren besta egingo dugulako denok elkarrekin!


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punto de Vista festibala
(Besteen) Etxeko leihotik begira

Sartzen zara areto handi batean eta badira: besaulkiak, beltzez jantzitako pertsonak sarrerak eskatzen, linternak, urrutian aurkezle bat mikroa eskutan, aspaldiko lagunak pelikula aurretik urtebeteko bizipenak bi minututan laburtu nahian. Argiak itzaltzen dira eta ilunpean,... [+]


2022-03-13 | Kepa Matxain
Arantza Santesteban
"Gutako bakoitzaren intimitatean intimitate komun bat dago"

Kartzelatik atera eta sei urtera, orduko argazki eta gutun artxiboa errepasatzean, ohartu zen Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) lehen aldiz esku artean zeukanaren dimentsioaz. Orduan hasi zen forma hartzen 918 gau, bere militantzia-esperientzia kontatzen duen filma. Iaz... [+]


Punto de Vista 2022
Bertakoa eta nazioartekoa

Martxoaren 14tik 19ra bitarte ospatuko da Iruñeko Punto de Vista jaialdia, Baluarte Aretoan eta inguruetan. Jone Atenea iruindarraren Los caballos mueren al amanecer (2022) filmak irekiko du zinemaldia eta beste hainbat euskal zinemagile ere izango dira protagonista... [+]


María Salgado
Kresala, zaldizkoak eta hiru dimentsiodun poemak

Uda garaiko egun bero horietako bat da, Kontxako hondartza jendez lepo dago, eta egunero bezala, aldiro, megafonia pizten da. Megafoniatik entzuten diren hasierako hiru tonuen ondoren, ohiko ahotsaren eta mezu programatuen ordez, guztiz ezezaguna egiten zaigun ahots bat entzuten... [+]


Ikuspuntu jaialdia
Ez diren gauzak ere badira

Hilaren 15ean izan zen Ikuspuntu jaialdiaren hasiera-ekitaldia Iruñeko Baluarte Jauregian. Marina Lameiroren Dardara filmak ireki zuen zinema astea, Berri Txarrak musika taldearen azken biran errodatutako lanak. Bata bestearen atzetik, hamaika film ikusteko parada izan... [+]


Eguneraketa berriak daude