Cadizko Dama: hain urrun eta hain gertu

Pelayo Quintero Atauri arkeologoa.
Pelayo Quintero Atauri arkeologoa.Espainiako Hezkuntza Ministerioa

Cádiz (Espainia), 1904. Pelayo Quintero Atauri (Cuenca, 1867-Tetuan, 1946) arkeologoa Andaluziako hiri horretara iritsi zen, helburu nagusi bat gogoan: “ustezko” Cádizko Dama aurkitzea. Kontua da urte batzuk lehenago, 1887an, Punta de la Vaca izeneko inguruan basogabetze lanetan ari zirela, ezustean sarkofago antropoide bat topatu zutela. Gizonezko irudia zeukan sarkofago feniziarrak, eta Pelayo Quinterok pentsatu zuen kutxa hura ez zela bakarra izango Cádizen, bikotekidea behar zuela, eta Cádizko Damarekin obsesionatuta, haren bila hasi zen.

Nekropoli punikoak eta erromatarrak induskatu zituen, hipogeoetako ehorzte-ostilamenduetatik urrezko bitxiak, kutxak, anforak, ukendu ontziak eta argi-armiarmak berreskuratu zituen eta Cádizko ehorzketen lehen tipologia zehatza ere ezarri zuen. Baina damaren arrastorik ez zuen atzeman.

1939an Pelayo Quintero Tetuanera (Maroko) joan zen bizitzera. Baina erbestaldiak ez zion obsesioa arindu. Arkeologoak berak esaten zuen Cádizko Damarekin amets egiten zuela ia gauero. Marokon lanean jarraitu zuen: Afrika iparraldeko arkeologiaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen eta 1940an Espainiar Museoa sortu zuen Tetuanen. Hiri horretan hil zen 1946an, 79 urte zituela.

1980ko irailaren 26an, Ruiz de Alda kaleko orube batean, hondeamakina baten hortzek marmolezko plaka handi bat jo zuten. Langileak eskua marmolezko kutxan sartu zuenean, hezur zatiak topatu zituen. Obrak geldiarazi zituzten eta Ramon Corzo arkeologoa hurrengo astelehenean joan zen orubera. Aurkitutako pieza eskerga ondo garbitu eta emakumezko aurpegi bat geratu zen agerian. Emakume itxurako sarkofago feniziarra zen, Pelayo Quinteroren ametsetako Cádizko Dama, alegia.

Pelayo Quinterok 35 urte eman zituen hirian, eta horietatik gehienak Ruiz de Alda kaleko etxe batean. Patioan itzala eskertuko zuelakoan palmondo batzuk landatuarazi zituen. Palmondo horien azpian aurkitu zuten mende erdi geroago Cádizko Dama.

Pasadizoak ipuina dirudi eta ipuin horri Felipe Benítez Reyes (Cádiz, 1960) idazleak erantsi zion irakaspena Mercado de Espejismos (Liluren merkatua) lanean: “Quintero Ataurik, finean, amets bat izan zuen, baina sekula ez zuen jakin amets horren gainean lo egiten zuela. Sekula ez zaigu bururatzen zapaltzen dugun lurrari begiratzea, nahiz eta, gehienetan, zanpatutako lur hori eskura dugun altxor bakarra den: toki ezdeusa unibertsoan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Eguneraketa berriak daude