Gama neutroa eskatzen du herritar askok

  • Susaeta argitaletxearen bi ipuin aurkezten dituen argazkiak (behean ageri den Neskentzako ipuinak eta Mutikoentzako ipuinak) su hartu du sare sozialetan. Herritar askok ipuin hauek erretiratzeko eskatuz gutuna idatzi du eta Susaetak erantzutera beharturik ikusi du bere burua. Jasotako gutunak neska eta mutilei buruzko bereizketa eta aurriritziak azpimarratu baizik ez ditu egin, ordea. Kasu hau izebergaren erpina dela jakitun, oinarria aztertzera jo dugu erreportaje honetan.

Amelia Barquinek bere Kinka blogeko Txankleten eta galtzerdien sexuaz artikuluan argi azaldua du dilema “gizonentzat zuekoak, emakumeentzat txankletak” kartelaren harira (argazkian): “Kartel horiek zer dira, deskriptiboak ala preskriptiboak? Alegia, beste
Amelia Barquinek bere Kinka blogeko Txankleten eta galtzerdien sexuaz artikuluan argi azaldua du dilema “gizonentzat zuekoak, emakumeentzat txankletak” kartelaren harira (argazkian): “Kartel horiek zer dira, deskriptiboak ala preskriptiboak? Alegia, besterik gabe azaltzen digute nork erabili ohi dituen produktuok (zertarako?), ala esaten digute nork erabili behar dituen?”.

“Egun, produktu, publizitate eta denden antolaketa osoak etengabe azpimarratzen du neska-mutil bereizketa” pentsatu du askok Susaetaren ipuinen kasuaren aurrean; ipuin hauek titularrera eraman dutena adierazten digutela ia produktu guztiek, hitzez ez bada ere (ezta beharrik ere!). Baina esplizitu egitea badela zaindu beharreko marra gorria adierazi digu Bilgune Feministako kide Oihana Etxebarrietak: “Oso garbi adierazten duelako ipuin estilo bakoitza nork irakurri behar duen. Banaketa horrek bazterketa dakar eta ondorioztatzera zaramatza ‘neska izateko honela izan behar duzu’”.

Marketinak edo gehiago saldu nahiak ekarri du produktuen alferrikako sexuatzea. Gizonek bizarra egiteko aitzur bat eta emakumeek bizarrak kentzeko beste bat diferentea “behar” izatea. Itxuraz bezeroen behar eta izaerara gehiago egokitzen diren produktuak dira eta sexua izaera horretan guztiaren gainetik azpimarratzen den bereizgarria da, produktu horren funtziorako zerikusirik ez badu ere: galtzontzilo eta kuleroak bereiztea gauza bat da, baina zer zentzu du galtzerdi edo zapatak sexuen arabera diseinatzeak? Muturreko dibertsifikazio honen helburua  kontsumismoa bultzatzea da.

Benetan gero eta aukera gehiago ditugu?

Dibertsifikazioak aukerak zabaltzen dizkigula irudi luke lehen kolpean. Baina gama femenino eta maskulinoa markatzearen emaitza guztiz kontrakoa dela azaltzen du Amelia Barquinek Txankleten eta galtzerdien sexuaz blogean: “Askatasuna gezurrezkoa da: bezerook nahi duguna erosi ahal dugu, bai, baina ezin dugu nahi duguna erabili, mila modutara jakinarazten zaigunez. Manten dezagun gizon eta emakumeen arteko distantzia, ez gaitezen nahastu”. Erosketa errazteko, aukeraketan laguntzeko egiten dela argudiatzen dute saltzaileek, baina erosleari nekagarri ere suerta dakioke produktu bakoitzaren aurrean “neskentzat” “mutilentzat” dilema faltsu horretan etengabe kokatu beharra, eta taldearen onarpena kolokan sumatu nahi ez duten haurrekin sarri ez dagoen lekuan arazoak sortzen dira; “ez, tira, hobe Minnie hartzen badut, Mickey mutilentzat da eta...”.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/msexista.gif

Gama arrosa, unibertsal maskulinoa eta guztiontzako gama zabala

Erosleon pertzepzioa da apalategi arrosaz, produktu arrosaz bete direla dendak. Gama arrosa sortzeak sexismoa areagotu duela salatzen dugu, baina Etxebarrietak oroitarazi digunez mundu arrosaren aurreko hura ez zen unibertsala: “Lehengo produktu unibertsal haiek izan zitezkeen ikuspegi maskulino batekin egindakoak. Horrek ez du esan nahi, esaterako, neskok baloiarekin jolastu ezin genuenik. Orain merkatu feminizatua sortu da baina ez dena unibertsala”. Gizartean jende askok eta askok eskatzen dutena zer den bistakoa da: “Gama zabal bat denontzako balio duena”.

Benetan gehiago saltzen da bereizita?

Etxebarrietak bestelako produktu, publizitate eta denda antolaketa bat lantzera gonbidatzen ditu saltokiak: “Ausartuko nintzateke esatera beste modu batean egingo balute agian gehiago salduko luketela; jende asko erabat nazkatuta gaude panorama honekin. Ikuspegi ekologikoa saltoki handietan sartu den bezala, lanketa honek ere bere sarbidea izango duela pentsatu nahi nuke”.

Bada ekintza positiborik dendarien artean: Toy Planet jostailu etxeak aurten katalogoa egiterakoan bereziki zaindu du argazkietan islatzen diren rolak, eta ume guztiak erakutsi ditu era guztietako jostailuez gozatzen. Donostiako Toy Planet-Jostamendi dendako arduradun Idoia Gallardok azaldu digu azken urteetan bezeroen artean sumatzen zuten eskariari erantzunaz eman dutela aurten pausoa: “Iaz sare sozialetan halako argazkiek oso harrera ona izan zuten eta aurten katalogora eraman ditugu”. Zehaztu behar da katalogoan euren markako jostailuak aurkezten direla modu parekidean, baina gainerako etxeek ohiko moduan bidali dizkiete argazkiak: “Beste ekoizleei gustatu zaie ideia, baina oraingoz ez dira urratsa ematera ausartu eta ohiko esterotipoekin jarraitzen dute. Sukaldetxoetan bai, hor mutilei leku egin zaiela ikusten da”. Bezeroek oso gutxik egin diela aipamenik esan digu, baina jaso dituzten aipamen guztiak oso positiboak izan direla, “bazela garaia esan digute”. Gallardok dudan jarri du koloreagatik benetan gehiago saltzen ote den: “Ados, badira bezero batzuek oso garbi esaten dutenak ‘arrosa ez dugu nahi mutilentzat’ edo ‘auto telegidatua neska batentzat ongi ikusten duzu?’ onespena bilatzen dutenak. Baina normalean produktu neutroek oso harrera ona izango lukete. Salmenta aldetik, patinetea erostera datorrenak berdin erosiko du patinetea, hori delako umeak nahi duena, nahiz arrosa ez izan”.

Saltzaileen erantzukizuna

Saltokiek ardura sozial handia dute parekidetasuna lortzeko bidean. Ordea, ez dugu aurkitu euren gizartearekiko konpromisoetan txertatuta duenik. Susaetako kasuaren aurrean hiru erantzun hauek jaso ditugu: Santurtziko Mamariga auzoko Arkupe kioskoaren nagusi Jose Ignacio Martinek gutuna bidali du Susaetara, esanaz ordura arte ez bezala, haren produkturik ez duela salgai jarriko kioskoan, ipuin horiek erretiratzen ez dituen artean. Gexan Sors-ek, Elkar Taldeko Marketin Zuzendariak adierazi digunez, “gure dendetatik halako liburuak kentzeko erabakia hartu zen”. Erantzukizuna sortzaile, argitaletxe eta saltzaileena, partekatua dela azaldu digu: “Sorkuntza autore bakoitzaren erantzukizuna da baina Ttarttalo eta Elkar argitaletxeetara iristen zaizkigun proposamenak argitaratu edo ez erabakitzerakoan, parekidetasunaren printzipioekin talka egiten duten edukiak bazter uzten ditugu eta ez ditugu argitaratzen (hala ere, esan behar da hemengo sortzaileek aurkeztutako lanetan, zorionez, irizpide hauek ongi betetzen direla). Gure dendetan, eskaintza egokitzen dugu parekidetasuna, giza eskubideak… bermatzen dituzten argitalpenekin. Ezinbestekoa ikusten dugu argitaletxeen laguntza, eurak dira profesionaltasunez eta zuzen jokatu behar dutenak lehenik”.

Ipuin hauek salgai dituen Eroskiko Gizarte Erantzukizun arduraduna den Alejandro Martínez Berriochoak azaldu dizkigu produktuak hautatzeko irizpideak: “Haurren jostailuak hautatzeko orduan, produktuaren heziketa elementuetan eta kanpainaren salmenta potentzialean oinarritzen gara; horretarako, aurreko urteei erreparatzen diegu, eta hornitzaileak komunikazioan eta publizitatean egin asmo duen inbertsioari”. Liburuen gaira etorrita: “Ez da kontuan hartzen neskatoentzako edo mutikoentzako liburuak ote diren alta emateko orduan. Saiatzen gara liburu guztiak izan daitezela hala mutikoentzat nola neskatoentzat; horrela, gizartean nahasmena edo ezinegona eragin ditzaketen liburuak saltzea saihesten dugu. Gure liburu sortaren bidez berdintasuna bultzatzen saiatzen gara. Edonola ere, egia da zenbait gai interesgarriagoak izaten direla neskatoentzat mutikoentzat baino eta alderantziz (esaterako, liburuaren protagonista zein den), baina irakurleak hautatzen du”.

Erakundeen eskumenak

Emakundeko (Emakumearen Euskal Erakundea) zuzendari Izaskun Landaidak azaldu digu erakunde honek gomendioak bidali dizkiola Susaeta argitaletxeari, “Emakundek ez baitu ahalmen zehatzailerik”. Argitu duenez “Emakundek dituen egitekoen artean dago negoziazio-bideak eta gomendioak ematea pertsona fisiko nahiz juridikoei, sektore pribatuan gertatzen diren sexuagatiko bereizkeria egoerak edo ekintzak zuzentzeko”. Baina nabarmendu duenez, “saltokientzako ez dago araudi zehatzik, gainontzeko gizarte eragile eta enpresa guztien ardura bera dute, baina beharrezkoa izango litzateke gai honen inguruan hausnarketa egitea”.

Norberaren ardura

Jakina da marketinak atrofiatu egin dizkigula gustuak eta desioak, produktu neutro baten bila joanik ere eskaintza binarioarekin topo egiten dugula, norbanakoaren ahalmenak ezdeusa dirudiela kontsumismoa ardatz duen makinatzarraren aurrean... baina mugak muga, beti dago zer egin. Amelia Barquinek Kinka blogean titularretik botea digu enbidoa Nor ausartuko da panpina bat erosten (bere semea ez den) mutil bati Gabon hauetan? artikuluan. Inbertsioaren araua delakoa proposatzen digu bertan: “Neska batentzako oparia aukeratzeko orduan, nire buruari galdetzea ea mutil bati gauza bera oparituko niokeen. Eta alderantziz. Galderak balio dezake konturatzeko ea ni ere neska/mutil binomio tradizionala eraikitzen laguntzen ari naizen. Eta gero erabakia hartuko dut, noski, zeren mutikoak baloi bat nahi badu, ba horixe nahi du, zergatik ez. Baina batzuetan ideiaz aldatzen dut”. Oihana Etxebarrietak Olentzeroren gutuna umeekin aztertzea proposatu digu, etxeko guztiek kritikoki eztabaidatzea zer den objektu horiekin bilatzen duguna, dauden aukera guztiak errepasatzea, publizitateak elkarrekin komentatzea, eta abar.

 

Ba al zenekien 1940 arte arrosa “mutilena” zela?

Jeanne Maglaty-k smithsonianmag.com webgunean argitaratutako artikulutik koloreek AEBetan izan duten bilakaera laburtu dugu, hemengoa ere ulertzeko argigarri izango delakoan.

Umeak mendetan zuriz jantzi izan dira 6 urte egin artean. Egun, berriz, jaio orduko adierazi nahi izaten da haurraren sexua belarritakoekin, eta kolore arrosa eta urdinez bereiziz. Bi kolore horiek, gainerako pastel tonuekin batera, XIX. mende erdialdera iritsi ziren haurren arropetara, baina Munduko Lehen Gerratearen bezpera arte ez zitzaizkion kolore bakoitza sexu bati atxiki. Eta alderantzizko esanahia eman zitzaien gainera: gorriaren aldaera den arrosa gogortasunarekin eta mutilekin lotzen zuten eta urdina fintasunarekin eta neskekin.
1940an aldatu ziren kolorez sexuak. 1960an emakumeen askapen mugimenduak anti-femenino eta anti-moda mezuak zabaldu zituen. Unibertsala bilatu zen baina Roosevelten garaian gertatzen zenaren kontra, neskak “mutilen” tankeran janzten hasi ziren, neskatilek izan zitzaten mutilen tratu eta aukera berak. 1985ean haurdunaldiko frogek gurasoak neska edo mutila ote zetorren zain jarri zituzten eta jaioberrientzat sexua markatuta duten produktuak erosten hasi ziren. Marketinak egin du hortik aurrerakoa.


Azkenak
Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


Ondo ereindako uzta

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Zure onurarako da

Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.


47 milioi euro gehiago Esako urtegiaren segurtasuna bermatzeko

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.


2025-05-09 | Arabako Alea
Gasteizko lorezainak udalarekin bildu dira lehen aldiz

Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.


“Txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekimena egingo dute maiatzaren 31n Bilbon

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.

 

 


Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”

Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]


Soluzioa ez da teknikoa, soziala da; Arnaldo Otegiri erantzuna

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


Robert Prevost estatubatuarra izango da aita santu berria, Leon XIV

"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Sorionekuak: “Ekitaldi alaia antolatu dugu euskara gu guztiona dela aldarrikatzeko”

Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]


Eguneraketa berriak daude