Kontsumo segurua eta duina bermatzen jarraituko dute Bilbon

  • Bilboko drogen zaintzapeko kontsumo gelak azaroaren 25ean zuen ateak ixteko eguna. Hasieratik, Munduko Medikuak GKEa arduratu da narkogela kudeatzeaz, baina uztea erabaki du, zerbitzua ematea administrazioari dagokiolakoan. Kontsumitzaileekin zer gertatuko den kezkatuta izan dira langileak, baina gela mantenduko dutela ziurtatu du orain Bilboko Udalak.

Txertatze-gelako irudia (goian), eta harreran erabiltzaileei banatzen zaizkien gauzena: xiringak, alumninio-papera, kondoiak…
Txertatze-gelako irudia (goian), eta harreran erabiltzaileei banatzen zaizkien gauzena: xiringak, alumninio-papera, kondoiak…

2003an sortu zenetik, droga kontsumitzaileei substantziak modu seguru eta duinean hartzea ahalbideratu die gelak. Gizarte zerbitzuetara joan nahi ez zutenak erakartzea lortu da, baita gaindosiagatik hainbat heriotza saihestea ere. Gaur arte 3.100 lagun baino gehiago igaro dira bertatik eta 270.000 zerbitzu baino gehiago eskaini dituzte.

Haatik, Munduko Medikuak erakundearen zuzendaritzak Espainian egindako batzarraren ondotik, iazko irailean iragarri zuen zerbitzua utziko zutela, administrazioak egin beharreko lana dela argudiatuta. Beste elkarte bati eskualdatzeko ahaleginean, Hiesaren Aurkako Bizkaiko Batzordea soilik azaldu zen prest. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, berriz, ez zuten ontzat jo eta ordutik adostasun ezak kolokan eduki du erabiltzaileen geroa. Baileneko gelak ateak ixteko hilabete baino gutxiago falta zela, ordea, zerbitzua leku berean mantenduko dela adierazi zuen Juan Felix Madariaga Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak. Menpekotasunen Arretarako Zentro Soziosanitarioa deituko da eta erabiltzaileendako zerbitzuak ugarituko ditu. Kudeaketa Gizakia Fundazioak egingo duela argitu berri du Udalak.

Jagoba Zallo Munduko Medikuak-eko kidearen ustetan, aretoaren kokapenak eragin handia izan du zerbitzua bertan mantentzeko Udalaren erabakian: “Antzeko beste zentro batzuk auzo marjinaletan egoten dira, baina hau Bilboko erdigunean dago eta urteetan drogaren supermerkatu izan den San Frantzisko auzoaren alboan”.

Kontsumitzaile zein auzokoen mesedetan

Drogaren kaleko kontsumoak eragindako arazoei aurre egiteko zabaldu zen Bailen auzoan zaintzapeko kontsumo gela. “Bi ikuspegi zituen hasierako helburuak: auzokoei begira, kaleko kontsumoaren ondorio eta arriskuak murriztea; eta kontsumitzaileen ikuspegitik, euren osasuna zaindu eta kontsumo higienikoa bermatzea”, azaldu du Zallok.

Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin sinatutako hitzarmenetatik jaso dute orain arte aurrekontuaren %85. Gainontzekoa, Hiesaren Plan Nazionala eta antzeko proiektu finantzatuetatik lortu dute. Egitasmo horiek desagertzen joan direla dio Zallok eta baliabide faltagatik Espainiako zuzendaritzak ordutegia murriztea erabaki zuela. “Lehen, urteko egun guztietan zabaltzen zen, baina joan den apiriletik asteburuetan itxi egiten dugu”.

Heroina, kokaina eta bien arteko nahasketa kontsumitzen dira gelan. Hasieran, txertaketa baino ez zen onartzen, baina egun bi gela daude: txertatze-gela eta arnasketa-gela. Erabiltzailea aretora sartzean, xiringa aldaketa egiten da lehenengo eta gero mostradoreko langileak aurrez zer hartu duen galdetu eta beharrezko guztia banatzen dio, droga izan ezik. Gela bakoitzean gehienez sei lagun egon daitezke aldi berean, beraz, zenbakia eman eta txandari itxaron bitartean jateko edo edateko zerbait ere eskaintzen zaie.

149 erabiltzaile

Gizarte-bazterketan zeudenak identifikatu asmoz, instituzioetako teknikari bat kontsumo gelan egon da azken sei asteotan, erabiltzaileen datuak jasotzen. Behaketa horretatik ondorioztatu dute kontsumitzaileen %71 gizarte-bazterketa edo bazterketa-arriskuan dagoela, eta kontsumo gelak egun 149 erabiltzaile dituela. Zallo, ostera, gehiago izan litezkeelakoan dago: “Lehen urtean 800 erabiltzaile inguru izaten genituen, baina gutxituz joan dira. Hilero bost edo sei izen berri ditugun arren, oro har, orain dela hamar urteko kolektibo berbera da, hamar urte zaharragoa”.

Egungo profil nagusia 35 eta 44 urteko gizonezkoa da, bizkaitarra eta astean bizpahiru bider hurbiltzen dena. Erabiltzaileen %83 gizonezkoak dira eta %87 Bizkaian dago erroldatua. Diru-sarrerei dagokienez, hiru kontsumitzailetik batek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo pentsio “osagarria” jasotzen du. Kontsumoen maiztasuna menpekotasunak ez ezik, gaitasun ekonomikoak ere baldintzatzen duela dio Zallok: “Gehienak astean bizpahiru aldiz etortzen dira. Baina badago, esaterako, kobratu eta hiru-lau egunetan ahal duen guztietan etortzen denik, dirua gastatu arte”.

“Ez gara arduradunen ordezkoak”

Oro har, Euskadiko Munduko Medikuak-eko kideek ondo hartu zuten Espainiako zuzendaritzaren erabakia. Batzuk “aparteko baliabidea” delakoan ez zeuden itxierarekin konforme, baina guztiak bat datoz elkartearen zeregina “beharrizanak seinalatu eta arduratu behar den hori ez dela arduratzen ari salatzea” dela. “Bitartean, beteko ditugu hutsuneak, baina ez dugu betiko egon nahi. Ez gara haien ordezkoak”, dio Zallok. “Kontsumo gela itxi eta erabiltzaileak kale gorrian geratuko balira, langileek urtetan egindako ahalegina galdu egingo litzateke”. Madariagak esandakoa betetzen bada, langileek lasaitua hartuko dutela dio, nahiz eta litekeena den euren lanpostuak galtzea. Erabiltzaile eta langileen artean dagoen atxikimenduagatik, zentzuzkoena azaroaren 26tik aurrera egungo bost langileek jarraitzea litzatekeela iritzi dio Zallok, gobernuz kanpoko erakundeak parte hartu ez arren.

Kontrako karteletatik aldeko sinaduretara

Duela hamaika urte gela ireki zutenean, auzokoen leihoetan “narkosala ez” zioten kartelak irakur zitezkeela gogoratu du Zallok. “Halako leku bat zabaldu aurretik auzokoekin hitz egin behar dela ikasi genuen. Baita alderdi politikoekin ere, ez dadin arma politikotzat erabili”. Oso bestelakoa da gaurko egoera eta bizilagunen hasierako gaitzespena babes bihurtu da: kontsumo gela ixtearen aurkako sinadura bilketa ere abiarazi dute. Zalloren hitzetan, lorpen garrantzitsua izan da gizarteak eta bereziki auzokoek zerbitzua begi onez ikustea. “Halako baliabideak beharrezkoak dira, erabiltzaile zein auzokoentzat, hori da irakasbide handiena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Drogak
“Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du”

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Drogen aurkako atxiloketak eta gero zer?

Ertzaintzaren fokua drogen kontsumora, ekoizpenera eta salmentara bideratu da 2023an eta zenbait operazio ikusgarri egikaritu dituzte Aiaraldean.


Espainiako Osasun Sailak terrazetan erretzea debekatzeko plana berreskuratu du

Mónica García ministroak ziurtatu du araudi zehatzak egongo direla lurrungailuen erabilera kontrolatzeko, eta zehatz-mehatz aztertuko direla hainbat egoera, “kerik gabeko espazioak zabaltzeko”.


Kerik gabeko eremuen aldeko neurriak ezarriko dituzte Ipar Euskal Herrian

Ezingo da erre hondartza, parke, baso, espazio publiko eta eskola inguruetan. 2024tik aurrera, tabako paketearen prezioa progresiboki igoko da 11 eurotik 13 eurora.


Haurrei zuzendutako zigarro elektronikoek alerta gorria piztu dute

Jostailu edo panpina itxurako eta goxoki zaporeko bapeatzaile edo zigarro elektronikoak ugaritu dira. Ohartarazi dute tabako industriak gaztetxoenak dituela jomuga, eta neurriak hartzen hasiak dira hainbat herrialdetan. Erabilera bakarreko bapeatzaileak debekatzeko asmoa agertu... [+]


Kanabisaren kontsumo “kontrolatua” legeztatu dute Alemanian

Asteazkenean onartu dute neurria ministro kontseiluan, eta prozesu parlamentarioa 2023an amaitzea espero dute. “Merkatu beltza gelditzeko” saiakera dela azaldu dute legea sustatu dutenek. Kalamua 25 gramoraino legez kanpokoa ez izatea eta pertsona bakoitzak... [+]


Alkohola, oharkabean pasatzen den droga

Zer da droga eta zer ez? Zer-nolako eragina dauka drogak inguruan? Horren bueltan mintzatu dira Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001), Maialen Alvarez (Ermua, Bizkaia, 1994) eta Ander Sagardoi (Iruñea, 1994). Drogarik kontsumitu ez arren, drogak inguratzen ditu; batez... [+]


Presoen suizidioa: zer gertatzen da kartzela barruan?

Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]


2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2022-11-21 | ARGIA
Jose Luis Etxebarria 'Porru'
Heroina Arrasaten Guardia Zibilak banatzen zuela frogatu zuen udaltzainburua hil da

Jose Luis Etxebarria Porru 1982tik 2012ra izan zen Arrasateko udaltzainburu, eta frogatu zuen droga Donostiako Intxaurrondoko eta Bilboko La Salveko kuarteletatik eramaten zutela herrira. Azaroaren 20an hil da, 65 urte zituela.


2022-11-10 | Lide Iraola
Alkoholak eragindako heriotzak %30 hazi dira urtebetean AEBetan, azken 40 urteetako tasarik altuena

2019tik 2020ra bitartean %30 igo ziren alkoholaren gehiegizko kontsumoak eragindako heriotzak, azken bi hamarkadetako goranzko joera zorroztuz. Hiru aldiz gehiago dira alkohola tarteko hil diren estatubatuarrak, kausa nagusia ez izan arren.


2022-09-30 | ARGIA
Ertzain bat atxilotu dute narkotrafikoarekin lotuta, ez da lehen kasua

Ertzain bat atxilotu dute ostegunean, ustez droga-trafikoan aritzeagatik. Bere etxean 54 kilo kokaina atzeman dituzte. Ez da lehen aldia EAEko poliziako kideak narkotrafikoarekin nahasita harrapatu dituztenak.


2022-09-26 | Sylvia Kay
Drogak legalizatzeko ordua iritsi al da?

Sylvia Kay ikertzaile da, eta nekazaritza eta ingurumen justiziarekin, elikadura sistemarekin eta lur eta natur baliabideen politikarekin lotutako gaiak jorratzen ditu. The Ecologist hedabidean uztailean argitaratu eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugun artikuluan... [+]


Eguneraketa berriak daude