Euskal baleazaleen portua, gizateriaren ondare

  • Labradorreko eta Ternuako itsasertzak arrantzalez betetzen ziren XVI. eta XVII. mendeetan, euskaldunak balearen ehizan munduko potentzia nagusi ziren garaietan. Gure unibertso itsastarra ahanzturatik berreskuratzeko makina bat ekimen sortu dira azkenaldian, eta ziur Kanadako Red Bay herriko euskal baleazaleen arrastoak gizateriaren ondare izendatu izanak berebiziko bultzada emango diola zeregin horri.

Labradorreko eta Ternuako toki ugaritan aurkitu dituzte euskal baleazaleen arrasto material eta toponimikoak, 
baina Red Bay izan da emaitza arkeologiko oparoenak eman dituen portua: itsasontziak, labeak, balea-hezurrak (irudian)... Orain, ondare hori ez
Labradorreko eta Ternuako toki ugaritan aurkitu dituzte euskal baleazaleen arrasto material eta toponimikoak, baina Red Bay izan da emaitza arkeologiko oparoenak eman dituen portua: itsasontziak, labeak, balea-hezurrak (irudian)... Orain, ondare hori ezagutaraztea dute erronka. Juan Bautista Agirre

Ekaitzek eta korronteek umildutako harkaitzen artean, kolore berezia duten harribilak ikus litezke Red Bayko itsasertzean. Teila zatiak dira, teila gorriak. Badiari izena hortik datorkiola dio hipotesi batek, gorri ikusten omen da itsasotik tierra hura. Duela lauzpabost mende euskaldunek Ipar Atlantikoko korrontean barrena eramanak dira teilak. Olatu artean egonkortasuna hobetzeko lasta bezala sartzen zuten kargamentu pisutsua itsasontzietako sotoetan. Gero, Labradorrera iritsita, balearen koipea urtzeko labeak babesten zituzten haiekin. Euskaldunek koipe preziatua ekarri zuten hona, eta aldiz, han teila puskak utzi.

XVI. mende erdialdetik XVII. mendera arte, euskaldunak izan ziren bale-arrantzan munduko potentzia nagusia; industria hark sekulako etekina ekarri zion itsasora begira bizi zen Euskal Herriari. Uda sasoia iristean milaka arrantzale abiatzen ziren Ternua eta Labrador inguruetara balearen bila; Red Bayen 2.000 lagun inguru aritzen zirela uste da.

Literatura sortzeko mito bat?

Labrador eta Ternuaren arteko Belle Isle itsasartean kokatzen da Red Bay. Badia ñimiñoan apenas dago ezer: egurrezko etxe batzuk, moila pare bat, kresalak herdoildutako zamaontzia… Ezer ez dago, baina UNESCOk gizateriaren ondare izendatu du. Baso boreala iristen ez den toki hartako lur mortupean XVI. mendeko euskal baleazaleek utzitako altxor arkeologikoa kontserbatu baita, beste inon ez bezain ongi.

200 biztanle ere ez dituen herrixka hau 1979tik Kanadako Toki Historiko Nazionala da eta 2013an Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu zuen UNESCOk, Red Bay Basque Whaling Station izenez. UNESCOren esanetan “Europako balea-arrantza tradizioaren testigantza zaharrena, osoena eta ondoen kontserbatutakoa” dira euskaldunek urazandi utzitako arrastoak. Hego Koreako Bangudaeko petroglifoetan badaude balea-arrantza protohistorikoaren irudiak, Japonian ere VII. mendean jada abiatzen ziren zetazeoen ehizan, baina ez ei dira konparagarriak Labrador eta Ternuan euskaldunek ezarritako faktoriekin.

Pasa den udan egin dute izendapenaren ekitaldi ofiziala. Ingelesez, frantsesez eta euskaraz plaka bana jarri zuten eta Wanita Stone alkateak eskerrak eman zizkien antzinako baleazale-estazioa ezagutarazten lanean ari diren guztiei. Aitzitik, informazio agentzien teletipoetatik harago apenas izan du albisteak oihartzunik hemengo medioetan, eta Euskal Herriko instituzioetako ordezkaririk ere ez zen izan ekitaldian; Iñigo Urkullu lehendakariak bideoz bidali zuen bere mezua.

Ternua “eremu triste arrotza” zela dio bi mende atzera sortutako Ternuaco Penac bertso sorta anonimoak. Eta badirudi oraindik hala segitzen duela izaten, literatura sortzeko mito bat baino ez. Etienne Cleirac jurista bordeletar prestigiotsuak 1661ean esan zuen euskaldunak Kristobal Kolon baino 100 urte lehenago iritsi zirela Ternuara. Hala, inolako frogarik gabe egindako baieztapen subjektibo hark gure imajinarioan zuztarrak egin ditu; itsas historiari orain gutxi arte jarri diogun arreta eskasaren ondorio da.

Selma Huxleyren sagu-lana

Gaur ia ziurtzat jotzen da euskaldunak XVI. mende hasiera aldera iritsi zirela Ternuara –hori erakusten duen dokumentu zaharrena 1517koa da, Donibane Lohizuneko arrantzale baten hitzak jasotzen ditu–. Bakailaoetan aritzen ziren portugaldar eta bretoien atzetik abiatu omen ziren eta sardako balearekin (Eubalaena glacialis) egin zuten topo Kantauritik 6.000 kilometrora.

Euskaldunen presentzia goiztiarra hango toponimiak ere erakusten digu: Aingura txar, Amuizko punta, Baleetako baia, Baia ederra... Hamaika dira euskal erroa duten izenak, batez ere Ternua mendebaldeko kostaldean. Horietako asko Donibane Lohizuneko Piarres Etxeberrik XVII. mendean idatzitako Itxasoco Nabigacionecoa gidaliburuan ageri dira. Halaxe jakin dugu egungo Red Bayren aspaldiko izena Butus zela. Datu hori giltzarri izan da 70eko hamarkadatik aurrera badia horren inguruan egin diren ikerketa historikoetarako.

1973an Oñatiko Unibertsitateko aldaba jo zuen azentu ingelesa zuen artxibista batek. Selma Huxley zen, lagun batzuk bisitatzen ari zen kanadarra. Protokoloen artxibo hartan deskubritu zituen Huxleyk euskaldunek Ipar Amerikako lur haiekin izandako harremanaren paper esanguratsu ugari. Artxiboetako lan eskerga horri esker aurkikuntza arkeologiko izugarri emankorrak egin dira.

Huxleyk hautsa kendutako dokumentuen artean badago bat oso berezia. Zortzi foliotan baleontzi baten eraikuntzaren berri ematen du eta, are garrantzitsuago dena, deskribatzen du nola eta non hondoratu zen. San Joanaz ari da, 1565ean Euskal Herrira itzultzekotan zela ekaitzak Red Bayko harkaitzen kontra amildu zuen ontzi pasaitarra, egun UNESCOren itsaspeko ondarearen ikur dena.

“Itsaspeko hareari eraginez, magia balitz bezala, upelak nonahi agertu zitzaizkigun. Segituan konturatu nintzen baleontzia zela”. Halaxe gogoratzen du Robert Grenier Parcs Canada erakundeko arkeologoak 1978ko udan San Joan ontzia aurkitu zuten unea. Huxleyk emandako informaziotik tiraka erabaki zuten oxigeno-botilak hartu eta ur izoztu horiek miatzea.

Itsas arkeologian aurrekaririk gabeko indusketa izan zen hura: 1978tik 1985era ontziaren 3.000 pieza inguru azaleratu zituzten –astrolabio bat, hareazko erloju bat eta iparrorratz bat barne–. Red Bayko museoko arduradunek Argiari azaldu diotenez, hasieratik erabaki zuten egur puska bakoitza detaile osoz erregistratu ondoren, 450 urtez egon diren posizio berean itzultzea badiara. Zazpi metroko sakoneran, itsasoak ezin hobeto kontserbatu ditu ontziaren egurrezko arrastoak. Zenbait pieza garrantzitsu ordea ikusgai daude museoan, baita ontziaren eskeletoaren azpian oso-osorik agertutako balea ehizatzeko txalupa bat ere. Horretarako, egurra polietileno-glikol substantziaz tratatu, izoztu eta lehortu dute.

Ipar Amerikako lehen industria

Ternuako euskal balea-arrantzaleena, Ipar Amerikako lehen esplotazio industriala izan zela diote adituek. Balearen gantz urtua Brujas, Bristol edo Arroxelako merkatuetan saltzen zuten; kerik botatzen ez zuenez, erregai ezin hobea zen kaleak argiztatzeko. XVII. mendetik aurrera, berriz, balearen bizarrak ere merkaturatu zituzten, besteak beste jantziak egiteko erabiltzen ziren elastikotasun handia zuten hari naturalak.

Ez epopeia, ez kasualitatea, mende askoan metatutako jakintzaren ondorio izan zen enpresa hura. Jabetzen ote gara Europako garapenaren giltza eskuetan izan genuela? Euskaldunak XIII. mendetik hasi ziren nagusitzen Europako itsasoetan, ontzigintza eta nabigazio teknika aurreratuak erabiltzen zituzten, horretarako baliabideak izaki.

Jakoba Errekondo agronomoak orriotan esana da haritzari eta sagarrondoari zor diegula “gure bizimoduaren maila”. Harizti zabalak itsasontziak eta upelak egiteko eta burdinoletako labeen ikatzetarako. Sagastiak berriz, sagardotarako. Edari hori izan zen euskaldunek itsasoan edukitako arrakastaren gakoetako bat.

Ozeanoak gurutzatzeko itsas bidaiak luzatu ziren garaian, ontzietako zubietan prestatzen ziren platerek asko zuten gatzetik eta gutxi bitaminatik. Gabezia horrek gaixotasunak ugaldu zituen marinelen artean eta denetan batek ematen zuen ikara gehien: eskorbutoak. Ahultasunak jota eta hortz hobietatik odolez, eskoadra osoak erori ziren “itsasoko izurria” deitu zioten horren menpe. Euskaldunek ordea, sagardoari eskerrak baldintza hobeagotan egin zioten aurre gaitzari. Beste edari alkoholdun batzuk ez bezala, sagardoa ez da destilatzen eta C bitamina mantentzen du. XVIII. mendera arte ez zuten deskubritu bitamina horren desnutrizioak eragiten zuela eskorbutoa.

Itsasontzi bakarrean 50.000 litro sagardo ere eraman zitzaketen Ternuara marinelek. Balea-arrantzak goia jo zuenean dozenaka ontzik osatzen zuten flota hura. Juan Ignazio Iztueta Zaldibiako jakintsuak idatzita utzi zuen gipuzkoarrek “sagardotza handiak” eramaten zituztela eta horrek “lehia gogorrak” sortzen zituela. Ez ei zegoen nahikoa sagardo denentzako. Eskaera horri erantzuteko sortu ziren XVI. mendean lehen dolare sagardotegiak, baserriaren ernamuina.

Negua gertu, sorterria urrun

Sagardo upelak, balearen koipez betetzeko aprobetxatzen zituzten arrantzaleek, baina horiez gain askoz gehiago behar izaten zituzten –barku bakoitzean 1.000 upel inguru kabitzen ziren–. Horretarako, upelak Euskal Herritik desmuntatuta eramaten zituzten, Ternuan berriz ere muntatuak izateko instrukzioekin osatutako kit modukoetan. Red Bay ixten duen Saddle irla txikiaren iparraldeko hegian upeldegien arrasto ugari aurkitu dituzte arkeologoek, balearen koipea lortzeko labe-zuloen aldamenean.

Izan ere, badiaren hondoan aurkitutako ur azpiko altxorrez gain –San Joan ontziaren ondoren beste hiruren hondarrak aurkitu dituzte–, lurrazalean ere emaitza paregabeak eman dituzte indusketek. Balea-hezur biltegiak hondartza inguruetan, arrantzaleentzako etxeen egiturak Saddle irlako arroketan, antzinako moilen zatiak eta talaiak itsasertzean… Zeramika zatiak eta egurrezko ontziak ere aurkitu dituzte, baita iltzeak, zorroztarriak eta balea ehizatzeko bestelako materialak ere.

Guri ere ekarguzu hurbilera balea,
segurkiago armaren landatzeko kolpea.
Biziarengatik dugu irriskatzen bizia,
Arren egiguzu haren gelditzeko grazia

Halaxe omen dio duela lau mendeko otoitz batek, Joanes Etxeberri Ziburukoak Manual devotionezcoa liburuan jasoa. Talaiariak mendi kaskotik balea jendea ikusi orduko txalupatan abiatu dira arraunean hamarnaka lagun, lemazain eta arpoilariak barne. Hainbat orduren ostean odolustuta dakarte 50 tona inguruko animaliatzarra. Itsasontziko gilara lotu eta ubeldutako ur gainean zatikatuko dute. Ez dago denbora galtzerik, labeak sutan dira, labanak zorrotz, negua gertu, sorterria urrun.

Joanes Etxanizek ez zuen sorterria ikusteko aukerarik izan, Labradorreko portutxo batean eman zuen azken arnasa 1584an. Orain, Red Bayko museoan bere testamentuari argazkiak ateratzen dizkiote turistek eta Guillermo Zubiaga komiki egilearen inspirazio iturri ere izan da. Bere bizitza New Yorkeko komiki jaialdi erraldoian ezagutarazi zuen. Ipar Amerikan idatzitako dokumentu zaharrenak euskal marinelen gaztelaniazko testamentuak dira. Huxleyren seme den Michael Barkham historialariak duela gutxi aurkitu du aspaldikoena izan daitekeena: Hondarribiko Domingo Luzakoak 1563an idatzi arazi zuena Ternuako Plentzian zela. Kapitainak testamentua bueltan ekarri zuen, Maria Martin Aginagakoak herentzia jaso zezan.

Pierre d’Lancre inkisidore paranoikoak zioen urte erdiz senarrik gabe egoteak sorginkeria ugaltzen zuela emazteen artean (“burmuinik gabe, mendian bizi dira erabateko libertate eta sinpletasunez, Eva paradisuan bezala”). Egiaz, emakumeek uste baino parte-hartze handiagoa izan zuten balea-arrantza enpresak finantzatzeko orduan, eta nolanahi ere, lan itzela egin behar izaten zuten portuan, arrantzaleak hurrengo kanpainarako hornitzen, nola jakiz hala jantziz.

2006an Albaola elkarteko kideek lurralde haietan buruturiko Apaizak obeto espediziorako antzinako jantzi horiek berregin zituzten, Saddle Islanden azaldutako oihal, larru eta zapata zatiei kasu eginez. Irla horretan euskal baleazaleen hilerri bat aurkitu zuten 1982an eta bertan pilatzen ziren 142 gorpuetako batzuek arropak zituzten oraindik soinean. Hilerriak berak adierazten digu inguru haietako gogortasuna; agian, 1576ko negu zitalean hildako ehunka marineletako batzuk hor daude lurperatuta.

Hizkuntza euskal-amerindiarra

Hilerritik ez oso urruti innu amerindiarren kanpaleku bat zegoen. Karbono datazioen arabera innuak eta euskaldunak batera bizi izan ziren denbora batez toki horretan. Are gehiago, kanpalekuan Euskal Herritik eramandako burdinazko iltzeak eta egurrak azaldu dira. Euskaldunak ez ziren lurralde haiek kolonizatzeko asmoz joan eta hori bertako herriekin izandako harremanetan nabari da. Merkataritza sare zabala osatzeaz gain –euskal aizkorak azaldu dira amerindiarren ehorzketa sakratuetan, Kanadan oso barrena– berezko hizkera ere sortu omen zen, euskara eta amerindiarren algonkin hizkuntzen arteko pigdina. Hala, adesquidex adiskidea zen eta orignac oreina; tamalez lengoaia berezi haren 30 hitz inguru baino ez  dakizkigu egun.

XVII. mendean euskal baleazaleen jarduera gutxitzen hasi zen pixkanaka. Gainbehera hori azaltzeko bi arrazoi nagusi daude eta Cindy Gibbons Parks Kanadako ikuskatzaileak azaldu dizkigu: batetik, euskaldunek harrapatzen zuten sardako balea eremu urrunago batzuetara zokoratzen hasi zen, hainbat arrazoi tarteko; bestetik, euskaldunen itsasontziak Espainiako eta Frantziako erregeen gerra-ontziteriarako bahituak izaten ziren gero eta sarriago. Hala ere, euskaldunek balea harrapatzen segitu zuten beste portu-mundu batzuetan, holandarrek eta ingelesek ordainduta, nolabait esatearren, enpresa multinazionalen enplegatu gisa. Baina hori beste abentura bat izan zen.

Cindy Gibbson: "Orain historia hau nola kontatu aztertu behar dugu"

Zer esanahi dauka euskal baleazale-estazioak Red Bayko komunitatearentzat?

1970eko hamarkadan aurkitu zutenetik garrantzi handia dauka. Kanadako Gobernuak Toki Historiko Nazionala izendatu zuen eta 7.000-8.000 bisitari etortzen dira urtero; hori onuragarria izan da komunitate honetako zein inguruko negozioentzat. Red Bayko herritarrek euren buruaz zuten ikuspegia aldatu du. Lehen komunitate txiki bat ginen, beste tokiekin kontaktu oso gutxi zuena. Orain badakigu lotura estua genuela Euskal Herriarekin itsasoaren bidez, eta mundu osotik jende berria datorkigu konexio hori dela-eta.

Kanadako Gobernua eta beste autoritateak inplikatu al dira proiektu honetan?

Kanadako Gobernua gogo handiz izan da Red Bayren bidaide: Toki Historiko Nazionala kontserbatu, hobetu eta erakusteko inbertsioak egin ditu. Ternua eta Labradorreko Gobernua ere bazkide izan da proiektuaren garapenean eta orain biak batera ari dira Gizateriaren Ondarea kudeatzen.

Zer aldaketa ekarri du izendapen horrek?

Red Bayko ia herritar guztiek sinatu zuten Gizateriaren Ondare izendapena babesteko adierazpena. Denok harro gaude, UNESCOk onartu duelako XVI. mendeko euskal baleazaleen jarduera ondoen ordezkatzen duena Red Bay dela. Jende asko ari da etortzen hala izendatu dutelako; esaterako, idazle-bidaiariek interes handia erakutsi dute.

Indusketa gehiago egingo al dira? Zein da zuen hurrengo proiektua?

Ez gaude indusketa gehiagotan sartuta. 1977tik hasita 14 urtez arkeologia lanetan aritu izan gara ur azpian zein lur azalean. Denbora horretan informazio eta material ugari lortu dugu eta horiek nahikoak dira ulertzeko toki honek Euskal Herriarekin zuen harremana.

Orain Red Bay testuinguruan kokatu nahi dugu. Etorkizunean historia hau nola kontatu aztertu behar dugu eta Gizateriaren Ondarea gidatzen dugun lau eragileren artean bisitarientzako plan bat garatzen ari gara.

San Joan ontzia biziberritzen Pasaiako Albaolan

Pasaiako Ondartxo ontziolan XXI. mendeko San Joan berria gorpuzten ari da poliki-poliki. Kanadako arkeologoekin lankidetzan ari da Albaola Itsas Kultur Faktoria XVI. mendeko baleontzia berregiten: “Haiek aurkitu zuten ontzia eta beraiekin konpartitzen dugu informazioa, dena modu zehatzean egiteko” dio Xabier Agote Albaolako arduradunak. Informazio pribilegiatua da eskuragarri dutena, konfiantzan oinarritutako harreman luze baten ondorio. Kanadarrek zehaztasuna exigitzen dute, baleontzia berreraiki behar bada berdin-berdina behar du eta horretarako material eta teknika originalak erabiltzen ari dira Albaolako kideak.

Faktoriako sala handi batean hainbat langile eta beste hainbeste kolaboratzaile brankari forma ematen ari dira aitzurra eskuan. Konplexutasun handiko piezak egin behar izan dituzte. Gilak adibidez, forma berezia dauka: “Forma enborrean bilatu behar da, hori da oraingoz izan dugun erronka handiena”. Horretarako, Sakanako basoetatik ekarritako 200 haritz erabiliko dituzte, besteak beste.

Herri garatu guztiek ei dute euren itsasontzi ikurraren erreplika, baina Agoteren esanetan honakoa berezia da. Beste ontziak berregiteko garaiko liburu eta ikonografian oinarritu dira, aldiz, San Joana ezin hobeto kontserbatu eta ikertu da: “Ez dago munduan halako iturri zientifikoa duen itsasontzi erreplikarik”. Bere ustez ordea, euskal jendarteari oraindik kosta egiten zaio proiektu hau barneratzea: “Beste herri batzuetan jadanik naturaltasunez hartzen dute, baina hemen ez da sekula halakorik egin. Jabetu behar gara Euskal Herria itsastarra izan dela, baita lehorrekoa ere”.

Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren baitako proiektua da. Munduan barrena enbaxadore lanak egitea izango da San Joanen funtzioetako bat –Red Bayra ere eramango zutela hitz eman zuten Apaizak obeto espedizioarekin bertan izan zirenean–, baina horrez gain eraikuntza prozesuarekin ikastea bera da helburu: “Euskal Herriko itsas nortasun historia proiektu honen bidez gizarteratu nahi dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Eguneraketa berriak daude