Ez lurperatu Euskaldunon Egunkaria

Ez dezagun estali hilotz itsusi hori. Denon bistan egon dadila. Seguru haren ustel kiratsak inkomodatuko dituela bihotz oneko sinestunak eta demokrazia guay honen propagandistak. Ikuskizun polita ez du ematen, kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean. Baina ez genuke utzi behar inpunitatez eta amnesiaz lurperatzen.

Zorionak eta besarkada bana Egunkaria Auzia 2 artxibatzen ikusi duzuenoi, aurretik Egunkaria Auzia 1 errugabetze orokorrarekin bukatzeak askeago egin zintuztenoi bezala. Lehenbiziko epaiketaren ateetan berea preskripzioz ixten ikusi nuen honek hurbiletik sentitu dut gero zuek sentitutako lasaitze handia. Zuen familien ondoan sufritu du gureak zuen kalbarioko bidea, hainbeste drama txiki eta tragedia handiz betea.
Karpeta itxitako baten itxura duen kasuari, ordea, odola dario oraindik. Asko beharko luke 2003ko otsailaren 20an emandako aizkorakadaren arrakalak orbaintzeko.

Non dira egun hartatik falta diren diru guztiak? Ez dakit badenik ere galera izugarri haren kontabilitaterik. Ez dut entzun Madrildik inor hurbildu denik haien galdezka.

Zertan dira Egunkariaz, hartan parte izan edo lagundu zuten beste enpresez eta zepo mixerable hartan harrapatu gintuzten pertsonez zientoka orri, minutu, hitz eta iruditan zabaldutako irainak? Konpontzeko keinurik txikienik ikusi ote zaio irain-ereileetako inori?
Argitu gabe diraute geure soinetan jasandako tortura eta tratu txarrek. Bihotzez eskertuta nago torturak salatuz ahalegindu zirenei ikerketa egin zedin, harik eta epaile espainolek formulismo hipokriten artean ito zuten arte. Adorez borrokatu zarete salaketaren bidean, jakinik aurrean dagoela aste honetan bertan El País egunkari progreak “Un Estado dentro del Estado” definitu duen gorputz militarra. Ez da oraindik sortu ez progrerik eta ez liberalik, ez apezpiku, ez epaile, ez ararteko, ez lehendakari, ez diputatu, ez ofiziozko bakegile, ez kristorik, horiei kontuak eskatuko dizkienik. Kontuak eskatu, diot: nork amestu horiek kontrolatzea…

Egunkariaren hilotzak abisatzen digu funtsean ezer gutxi aldatu dela Espainian 2003tik euskaldunokiko. Orduan guk kontatutakoen berdinak kontatu ditu geroztik beste askok, garrasi, haluzinazio, usain, jipoi, oinaze. Orduan bezala hedabide bat ixteko, nahi den edozein enpresa edo proiektu hondoratzeko, esku libreak dauzkate Madrilgo kuarteletan.

Ez hobiratu, arren, Euskaldunon Egunkaria. Ez, behintzat, zer egin zuten-ziguten jakin eta berriro beste inori egingo ez diotela bermea eskuratu arte.
 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude