Burua itzali eta begiak piztu

  • Frivolité. XVIII. mendeko jantziak, San Telmo Museoaren bilduma

    Non: San Telmo Museoa, Donostia.
    Noiz: irailaren 28a arte.
     

Argien Mendea izan zen XVIII. mendea, Ilustrazioarena, arrazoiarena… Baina garaia tituluan aipatu arren, bisitariak izenburu nagusiari erreparatu besterik ez du erakusketako argiak zetazko oihalen distiraz harago ez doazela konturatzeko.  Garai hartako jantzien bilduma da, baina jantzi gutxi batzuena edo, hobeto esanda, soilik gutxi batzuek eraman zitzaketen jantziena, eliteena, nobleena. Beraz, garaiko gizarte osoaren isla ere ez du jasotzen. Esperientzia estetiko xaloa, baina bikaina, eskaintzen du, ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Sartu eta berehala boli koloreko txupa bat jarri dute, maukarik gabeko zetazko jaka brodatua. Lepoaldean, atzean, THE[ât]re V. Déjazet hitzak ditu idatzita eta alboko paneletan txutxu-mutxu gosea asetzeko nahi adina informazio topatuko du bisitari kuxkuxeroak. Virginie Déjazet (Paris, 1798-1875)  ospe eta sona handiko aktorea izan zen. Besteak beste Diderot, Rousseau eta beste filosofo batzuen testuak antzeztu ohi zituen XVIII. mendeko gizonezko jantziak soinean, erakusketa hasierako txupa horien artean. Ziurrenik Santiago Arcos Ugalde (Santiago de Chile, 1852 - Donostia, 1912)  margolaria ezagutu zuen Parisen eta haren bidez iritsi da pieza erakusketara. Parisen bizi ondoren, Arcosek aldi luzeak eman zituen Urruñan, Hernanin eta Donostian. Gipuzkoako hiriburuan hil zen 1912an. 1940ko hamarkadan haren alargun Concepcion Cuadra Viterik senarraren jantzi bilduma San Telmo Museoari eman zion dohaintzan eta orain bilduma horrek osatu du nagusiki erakusketa.

Zergatik bildu zituen XIX. mendeko margolariak aurreko mendeko luxuzko jantziak? Batetik Santiago Arcos margolari kostunbrista zen eta artista horiek, horretarako nahikoa baliabide izanez gero, antzinako jantziak, apaingarriak eta objektuak erosi ohi zituzten, gero objektu horiek mihisean xehetasun osoz irudikatzeko. Gainera, XIX. mende amaieran, antzinako jantzien dantzaldiek oihartzun handia izan ohi zuten garaiko eliteen artean. Arcosek dantzaldi horietako askotan parte hartu zuen, baita baten bat antolatu ere. Itxuraz, dantzaldi horietan jantzietan asmatzeak gorespena zekarren eta hautu okerrek, aldiz, kritika latzak.

Erakusketako aleak ikusita, ziur Arcos-Cuadra senar-emazteek bete betean asmatzen zutela.

Tafeta, satina, brokatua, damaskoa… orotariko zeta-oihalez eginak dira jantziak, gehienak brodatu aberatsez apainduak. Pieza batzuek irudi apaingarri soilak dituzte brodatuta, baina brodalan gehienak oso konplexuak dira. XVIII. mendearen amaieran, esaterako, opera edo artelan arrakastatsuenen eszena osoak oihaletan harilkatzea modan jarri zen. Eta bezeroen gustu exotiko eta bereziei ere erantzuten zieten jostunek. Erakusketako jaka luze batean, adibidez, pieza osoa hartzen duten adar kiribiletan, tximino, indioilar eta katu bana daude xehetasun osoz brodatuta. Rococo garaian hain gustuko zituzten kolore pastel apaletakoak dira jantzi gehienak eta zilar nahiz urre kolorearen distira maite zutela ere nabari da, baina badaude kolore biziko pieza berriagoak ere, lore gorriz jositako frantses erako soineko beltza kasu.

Mamiaren erosotasuna kontuan hartzen ez zuten azal ederrak dira. Erakusketaren gaia arinkeria da, baina jantzi horietan sartzea astuna izango zen gero, emakumeentzat batez ere. Eliza katolikoaren goi-karguentzat ez hainbeste. Jantzi erlijiosoei eskainitako atal bereziko piezak lasaiagoak dira, erosoagoak, horiek soinean zeramatzatenei pobrezia botoaz oroitzeak deserosotasuna sorrarazten ez bazien behintzat.

Eta jantziez gain badira bestelako objektuak: garaiko koadroak, aldizkariak, poltsak… Baita abaniko ederrak ere, luxu eta gehiegikeria katolikoak sorrarazitako gorputzaldi txarra haizatzeko eta giro xalo, arin, arduragabeari eusteko lagungarri.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 14a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude