"Korrika zoazela lo geratzea ez da zaila, 40 ordu daramatzazunean"

  • Munduko mendi korrikalaririk onen(etakoa)a da Kilian Jornet i Burgada. Ia 2.000 metrora pasa zuen haurtzaroa, Cap de Rec-eko aterpean (Katalunian) lan egiten baitzuen aitak. Egun, Chamonix-en bizi da, Frantziako Alpeetan, baina errazago aurkituko duzu mendiko eski edo korrika lasterketaren batean parte hartzen. Skyrunning, ultrarunning, txapelketa eta kopa garrantzitsuenak irabazi ditu eta 26 urte bete berritan, Summits of my life du azken erronka.

"Ez dut uste jendeak nik egiten dudana imitatu behar duenik, horrek dakartzan ondorioak jakin gabe"©www.droz-photo.com

6 urterekin bere lehen 4.000koa igo eta 10 urterekin Pirinioak gurutzatu zituen kataluniarrak proiektu berria du buruan, kontinente guztietako gailur altuenak orain arteko abiadura handienean igo eta jaistea, ahalik eta material gutxien eramanez: Mont Blanc, Elbrus, Matthernhorn, Akonkagua, McKinley eta amaitzeko, 2015ean, Everest. Azkarrena dela eta mugarik ez duela frogatzen jarraitu nahi du 1,70 metro eta 57 kiloko kirolariak.

Gizakiaren eta mendiaren arteko harreman ahalik eta estuena bilatzen du, besteak beste, Summits of my life egitasmoak. Hain proba gogorrak egin bitartean gozatu al daiteke naturaz?

Mendia eta natura nire bizitzaren zati oso garrantzitsua dira, beti mendiz inguratuta egon naizelako eta mendiz inguratuta sentitzen naizelako ongien. Eta bai, proba egin bitartean naturaz goza daiteke, nahiz eta gauza guztiek bezala alde onak eta txarrak dituen. Mendiak eman eta kendu egiten dizu eta hori onartu beharra dago, mendian egoteko.

Laguntzarik gabe eta ahalik eta material gutxienarekin igo eta jaitsiko dituzu gailurrak. Zenbaterainoko arriskua hartzen duzu zure abenturetan? Beldurra izan behar al zaio mendiari?

Bai, beldurra eta errespetu handia izan behar zaio, han goian agintzen duena mendia da, ez gu. Beldurrak erakusten dizu non dauden zure mugak eta noraino iritsi zaitezkeen. Horregatik, ona da beldurra izatea eta zure gorputzak eta mendiak berak esaten dizutena entzutea. Zoritxarrez, heriotza oso presente dago halako abenturetan eta denoi gertu egokitu zaigu nolabait. Zoriontasuna amildegitik banatzen duen marra oso fina da eta jakin behar dugu zein arrisku hartzen ari garen, jakin behar dugu mendian zoriontsu izatea larrutik ordain dezakegula.

Hain zuzen, erantzukizuna norberarena dela esan izan duzu. Arriskutsua dirudi hainbatek zuk egiten duzuna egin nahi izateak…

Bai, oso prestatuta egonagatik mendia beti da arriskutsua eta umil jokatu behar dugu haren aurrean. Konturatu behar gara asko galdu dezakegula eta jarrera horrekin hurbildu behar gara mendira, gure gaitasunak ezagutu behar ditugu, gure gorputzari kasu egin, meteorologia kontuan hartu… Faktore ugari dira aintzat hartu beharrekoak, eta ez dut uste jendeak nik egiten dudana imitatu behar duenik, horrek dakartzan ondorioak jakin gabe.

Baina erreferentea zara kirolari askorentzat. Erantzukizuna sortzen dizu horrek? Zer saiatzen zara jendeari helarazten?

Bizitza eta mendia ikusteko modu bat eta honek erakutsi diezagukeena transmititzen saiatzen naiz: umiltasuna, esfortzua, kemena, laguntasuna, pertseberantzia… Mendiak beti zerbait irakasten digula uste dut eta egunero zerbait ikasten joate hori da erronkarik interesgarriena.

Herri lasterketen, mendi korrikaldien eta triatloien booma bizi dugu. Kirol amateurra prostituitu dela uste duzu?

Ez, mendira eta kirola egitera ateratzeko gogoa duen jendea egotea ona da. Ingurunea errespetatzen badugu eta gure artean ere elkarri errespetua badiogu oso interesgarria dela deritzot. Trail running proben helburua ez da errekorrak gainditzea, norberari gustatzen zaiona egiten disfrutatzea eta norberak dituen helburuak betetzeko motibatuta egotea baizik; hori lortuz gero, berdin dio lehenengoa edo azkena iritsi, meritu berdina duela iruditzen zait.

Irakurri dudanez, zure bihotza gai da lauzpabost orduz mantentzeko 25 urteko korrikalari prestatu baten bihotzak 4-5 minutuz jasaten duen erritmoa. Jaiotzetiko ezaugarriak dira ala landutako zerbaiten ondorioa?

Ez dakit, pentsatzen dut genetikarekin zerikusirik izango duela, baina ziurrenik eragina du baita ere beti mendian bizi izanak, altitude altuetan, eta txikitatik gurasoek mendian ibiltzera eraman izanak, hori egiteari inoiz ez utzi izanak. Denaren batura dela esango nuke.

Zure liburuan (Córrer o morir, katalanez), oso presente dago sufrimendua. Sufritu gabe ez dago benetako ahaleginik?

Nire burua etengabe hobetzeko balio dit sufrimenduak, eta hori da indarberritzen nauena.

Egungo gizartea erosoegia dela eta helburu errazegiak jartzen ditugula uste duzu?

Leku guztietan bezala denetik dago, baina ez dut uste helburu errazak jartzea hobea edo okerragoa denik. Garrantzitsuena helburuak jartzea da, direnak direla, eta horiek lortzeko lan egitea.

Zer da irabaztea?

Bideaz disfrutatzea, zerbait ikastea, eta ahal bada, ibilbidean zoriontasuna aurkitzea.

Munduko probarik zailenak irabazi dituzu. Dena lortu ostean, zer?

Tira, Summits of my life proiektuaren erdia baino ez dut egin, beraz oraindik pare bat urte ditut pentsatzeko [irribarretsu].

Liburuan kontatzen duzu lasterketa batean xede bakarrarekin atera zinela: irabaztea. Ondoren, ordea, aurrean erori zitzaizun beste korrikalari bat (Tarcis) laguntzera gelditu zinen.

Trail proben onena da sarri laguntasun kontua dela. Irabaztea garrantzitsua da, baina niri poz handiagoa ematen dit norbaiti lagundu diodala jakiteak. Azkenean horretaz oroituko naiz etorkizunean, eta ez garaipen bat gehiago lortu izanaz.

Korrika ari zarelarik, fisikoak baino gehiago psikologikoak dira zure borrokak. Non dago muga?

Gaitasun fisikoen eta psikikoen arteko hartu-emana da emaitza. Hankek aurrera egiten ez dutenean, buruak lagun diezazuke gainditzen, hobetzen eta aurrera egiten. Eta alderantziz, buruak esaten dizunean ezin duzula gehiago, indar fisikoaz baliatu behar zara lortzeko. Biak ditut funtsezko, hankak eta burua, eta bietako batek huts egingo balit ezingo nuke ezer egin.

Jaitsieretan hegan zoazela dirudi. Nola lortzen duzu zure gorputza kontrolatzea, halako abiaduran?

Batik bat ariketa kognitiboa da, ikusten duzuna lotzen jakitea erantzunak eta soluzioak aurkitzeko azkartasunarekin, eta hori guztia muskuluetara bideratzea.

Funtsean, emozio bila zabiltza beti…

Lasterketak planifikatzerakoan eta soluzioak bilatzeko orduan oso arrazionala naiz, eta gauzatzerakoan berriz, biziki emozionala.

Ordu asko eta asko pasatzen dituzu korrika, erotzeko modukoa ez al da? Lo geratu izan zara korrika egin bitartean!

Bai, erotzeko modukoa da, baina azken finean, nire egunerokoa da, beste batzuek eguna gidatzen edo ordenagailu aurrean ematen duten gisan. Eta lo hartzera iristea ez da horren zaila: ez bazara lo egitera gelditzen, 30-40 ordu korrika daramatzazunean lo geratuko zara ezinbestean, eginahalak eginahala. Begiak ixten joaten zaizkizu eta borroka eginagatik, horri ezin diozu aurre egin. Une horretan irtenbide bakarra dago: iskin batean gelditu eta lo-kuluxka bota.

Zein aholku emango zenioke motibazioa galdu eta amore eman duenari?

Gustatzen zaionaren alde borroka egiteko. Gauzak ez dira modu errazean eskuratzen eta lortzea kostatzen zaiguna da benetako plazera ematen diguna.

 

Summits of my line. A fine lineproiektuaren trailerra:

 

"Inspirazioa behar duen sorkuntza da lasterketa"

Korri egitea

“Zergatik egiten dut korrika? Zergatik sortzen dit menpekotasuna lehiak? Ez dakit, uste dut ez dagoela arrazoirik. Aitzakiatzat esan nezake nekatutakoan endorfinak igotzen sentitu nahi ditudala, lasterketa bat irabazteak edo paisaia ederrak ikusteak sortzen didan emozioa sentitzeko beharra daukadala. Esan nezake eragiten didan ongizateagatik egiten dudala korrika, osasunagatik edo arazoetatik deskonektatu ahal izateko. Haurtzaroan erreprimitutako irrikak ezabatzeko izan liteke edo talde baten partaide izateko, zerbaitetan baliotsu sentitzeko. Agian nire patua segitzeko da edo nire beldurrei ihes egiteko. Beharbada, egungo gure bizimoduan galdu dugun ingurune erromantikoa berreskuratzeko egiten dut, edo nire istorio dramatiko eta heroikoa sortzeko, Erdi Aroko edo gerretako kondairen pare, protagonista eta heroia izanik, epika lortzea gero eta zailagoa dirudien mundu batean. Ez, uste dut gustatzen zaidalako baino ez dudala korri egiten, instant bakoitzaz gozatzen dut eta ez dut zergatian pentsatu beharrik”.
 

Atleta ona izatea

“Atleta handia da bere gaitasun genetikoak aprobetxatzeaz gain atzetik lan handia egiten duena, baina atleta bikaina da konplexutasunaren eta desordenaren uretan igeri egiteko gauza dena, itxuraz zaila dena erraz eginez, desordenaren barruan ordena ikusiz. Pertsona sortzaileek desordena bilatzen dute, kontzientziaren mugetatik harago irudikatzen dituzten txoko guztiak arakatu ahal izateko, barrutik eta ingurutik darien indar irrazionalei segika”.

Lasterketa

“Lasterketa, artelanaren modukoa da: teknikaz eta lanaz gain, behar bezala burutzeko inspirazioa behar duen sorkuntza da. Eta iragankorra ere bada, sortu bitartean gozatzen duzulako eta une gorenean, bikaintasuna lortu duen puntuan, betirako desagertzen da eta ezinezkoa izango da lasterketa bera berriz sortzea. Antzeko lasterketak egongo dira, antzeko emozioak biziko ditugu eta antzeko sentsazioak sentituko, baina inoiz ez du forma bera izango, inspirazioak beste forma batzuk arakatzera eramango gaituelako”.

Córrer o morir liburutik hartutako pasarteak.


ASTEKARIA
2013ko azaroaren 10
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
Medailez gain, bideozaintza eta gentrifikazioa ere utzi dizkiete paristarrei olinpiar jokoek

Olinpiar Jokoek eta Paralinpiarrek dakarten "festa" gutxietsi gabe, kostu sozial, ekologiko eta ekonomiko izugarria eragin dutela dioten ahotsak ere badira, entzun nahi izanez gero. Horretan dabiltza Frantziako Legebiltzarretik, LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko... [+]


Zupiria, zauritutako Realeko zalearen kasuaz: “Ezin da baieztatu foam jaurtigaia izan zenik”

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.


2024-09-04 | Euskal Irratiak
Eztitxu Vivanco, kirolari paralinpikoa: “Kirolak ateak irekitzen ditu”

Pariseko Paralinpiar jokoak erdigunera heldu dira, eta euskal kirolariek ere zenbait domina erdietsi dituzte. Hogei euskal kirolari inguru Parisen dira, horietarik lau, Ipar Euskal Herriko kirol taldeetan ari direnak, eta horietan domina edo dominak erdietsi dituzte aste hondar... [+]


2024-09-03 | Jon Torner Zabala
FIFAk berriro atzeratu du Israel zigortzeko eskaerari buruzko erabakia

"Kanporatuko al du FIFAk Israel?", galdegin du hainbat mediok, futbol erakunde gorenak adierazi ostean Palestinako Federazioak egindako eskaera aztertuko duela. FIFAren izaera ezagututa, are gehiago eskaeraren bueltan zein epel jokatzen ari den, inplikatutako bi aldeak... [+]


21 euskal kirolari arituko dira lehiatzen Parisko Paralinpiar Jokoetan

Asteazkenean, abuztuaren 28an, emango diote hasiera Parisko Paralinpiar Jokoei, eta hamabi egun iraungo dituzte, irailaren 8ra arte. Azken lau paralinpiar jokoetatik euskal atleta gehien ariko diren edizioa izango da.


Euskal Herriak ofizialtasuna lortu du Ardi Moztaileen Munduko Txapelketarako

Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.


2024-08-26 | Jon Torner Zabala
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Paris 2024, Errusia kanporatu eta Israel zuritu izanaren artean

Su-eten Olinpikoaren urraketak Errusia 2024ko Pariseko Jokoetatik kanpo uzteko balio izan du, baina Israelekin ez dute berdin jokatu, hasiera-hasieratik kutsu politikoa duen lehiaketa batean parte hartu ahal izan baitu.


Paris 1900-2024: lehen emakume olinpikoetatik lehen joko parekideetara

2024ko Pariseko Joko Olinpikoak lehen joko parekideak izango dira parte hartuko duten gizon eta emakumeen kopuruari dagokionez. Genero bakoitzeko 5.250 atletek hartuko dute parte uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean 33. Olinpiada modernoetan.


Eguneraketa berriak daude