Naomi Kleinen deia: klimaren krisia jarri ezkerraren ardatz

  • Kanadako autogintzako, energiako eta papergintzako sindikatuek elkartuta sortu Unifor sindikatu handiaren lehen biltzarrera konbidaturik, Naomi Kleinek aldarrikatu du mugimendu sozialek eta sindikalistek elkarlana estutu behar dutela, ardatz nagusi klimaren aldaketa edukiko duen ezkerreko agenda alternatiboaren inguruan.

Naomi Klein
Naomi Klein

“Alternatiba” ekitaldiaren barruan Baionan urriaren 6an entzun ahal izan ziren mahai-inguru ugarietako batean, Iñaki Antiguedad eta Joseba Azkarragaren ondoan, Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusi ordeak Florent Marcellesik haientzako egin ikerketa aipatu zuen.

Entzule zirenetako bat baino gehiago harrituko zen entzunda Euskal Herriko sindikatuetan beteranoa den ELAk aintzat hartzen dituela ekologia politikoan ezaguna den Marcellesik Ekonomiaren trantsizio ekologikoa. Zergatik? Zertarako? Nola? liburuxkan idatziak. Alternatiba osoaren izpiritua biltzen baitzuen mahai-inguruaren tituluak,  “Euskal Herriaren desafioak birmoldaketa ekologikoa, elikadura subiranotasuna eta trantsizio energetikoaren aurrean”, Muñoak garbiki aitortu zituen sindikalismo klasikoaren zailtasunak langileen interesen defentsako orain arteko agenda lotzeko.

Aste gutxi lehenago, irailaren 1ean, autogintzako, energiako eta papergintzako zentralak elkarturik Unifor izen berriarekin Kanadako sindikatu handiena sortu dutenek lehen biltzarrera deitua zuten Naomi Klein, globalizazio neoliberalaren ikertzaile eta kontrako ekintzaile ezaguna dena. Honek titulu bikoitza ipini zion mintzaldiari: “Klimaren krisia eta ezkerreko agenda bateratu bat” eta “Zergatik sindikatuek bat egin behar duten klimaren inguruko borrokarekin”.

No Logo eta Shock Doctrine liburuen eta The Take dokumentalaren egile arrakastatsuak sorterri duen Kanadako egoeraz egin zituen arren erreferentzia asko, mundu osoko langileei interesatzeko moduko aldarrikapena egin zuen. Hona laburpena.

Azken 35 urteotan multinazionalek krisi guztiak –ekonomikoak, naturaren hondamendiak, gerrak– probestu dituztelarik beren interesen mesedetan, aurre egiteko ez da aski izan jendeak logika horren hariak ezagutzearekin. Logika horren kontrako mobilizazioak ere ez diren moduan: sortu, indartu, itxaropenak piztu eta desagertu egiten dira. Zergatik?

Saiatzen ari garelako 30 urteotan jendarteak eta langileen eskubideak astindu dituen gerrak utzitako hondarrak organizatzen. Kalera atera diren gazte eta ez hain gazteak neoliberalismoak antolatutako gerra horren umeak dira.

Mugimendu sozial berriek gauza asko ekarri dute, jendetza handiak mobilizatzeko ahalmena, benetako aniztasuna, asmo handiei ekiteko konpromisoa, demokrazia sakoneko antolakuntzak. Baina mugimenduok behar dituzte langileen sindikatuak, hauen historia erradikala, indar instituzionala, aingura moduan mugimenduari egonkortasuna eman diezaioten. Antolatzeko daukaten esperientzia ere bai.

Sektore publiko indartsua behar

Baina korporazioek ezarri duten austeritatearen kontra herritarrak mugitu arren, oraindik zerbait falta zaio mugimenduari, Naomi Kleinen aburuz: ez dugula benetan sinesten posible dela agenda neoliberalaren ordez bestelako bat eraikitzea. Gazteek ez baitute ezagutu arau gabetzea, pribatizazioa eta murrizketa ez den ezer.

Defenditzen besterik ez dakigu, eraikitzen ez. Baina haien gezurrei uko egitetik haratago geure egiak behar ditugu. Ez da aski haien proiektua arbuiatzea, gure proiektua behar dugu.

Elite ekonomiko eta politikoak extractivistak dira. Jokatzen dute mugarik ez balego bezala, ez planetari lehengaiak erauzteko, ez gizartearen funtzionamenduan, ez langileen gorputzek soportatu dezaketen zaman. Eliteentzako eskulana lehengai bat da, petrolioa bezala, ahalik eta gehien ustiatu behar dena, axola izan gabe alboko kalteez, izan osasuna, familia, jendartearen egitura, giza eskubideak.

Kontaketa horren aurrean jartzeko narratiba sendoena klimaren aldaketak ematen digu. Gaurko eredu ekonomikoak ez bakarrik astintzen ditu langileak, herriak, zerbitzu publikoak eta babes sozialezko sareak. Planeta bera sostengatzen duen bizia astintzen du, bizirik izan dadin baldintzak suntsitzen.

Klimaren aldaketa ez da ‘gai bat’ besteen zerrendari gehitzekoa. Zibilizazioaren garrasia da. Gainditu ezin diren mugak badirelako. Trantsizioa egin beharra daukagu eta oraintxe.

Sindikalista asko deseroso egon daitezke eztabaida honetan, autogintzan, meatzaritzan edo karbono isuri handiko sektoreetan ari direlako. Ez diete klimaren krisia laga behar ekologistei, sindikalistek barneratu behar dute gure gizartea aberastasunera eraman duen iraultza industriala bera dela orain naturaren sistema guztiak hankaz gora jartzen ari dena.

Kliman zentratzeak ez dakar gainerako borrokak uztea. Aitzitik, klimaren krisiak areagotzen du austeritateari aurre egin beharra, datozen hondamendiak gainditzeko zerbitzu eta azpiegitura publiko sendoak beharko direlako.

Sektore publikoa biziberritu beharra daukagu. Karbono ixuriak gutxiagotzekotan, garraio publiko garbiagoak behar dira edonon. Etxegintza aldatu, energiaz eraginkorragoa izan dadin. Ez ditugu azpiegitura berriak behar, inbertsioak behar ditugu lehendik dauzkagunak hobetzeko. Klimaren borrokak ez ditu langileak zerbitzu publikoen borrokatik aldenduko, alderantziz baizik.

Milioika lanpostu berri behar dira politika horretan. Dagoenekoz ekonomiaren atal handiak dira low-carbon, karbono isuri urrikoak, sarritan okerren ordainduak. Horiek murrizketaz zigortu ez, soldata hobez sustatu behar dira. Zaintzaileak, hezitzaileak, osasun zerbitzuetakoak, zerbitzu publikoetakoak... horietatik beharko dira gehiago.

Nola finantzatu? Eliteek erakutsi dute dirua badagoela, bankuak zulotik ateratzeko erabili dute. Dirua justu bankuetan eta klimaren krisia eragiten duten konpainia handienen esku dago. Merkataritza librearen araurik gabeko globalizazioa sustatu dutenak, bateko eta besteko industria-gabetzeak dakarren langabeziaz gain, klimaren krisiaren errudun nagusietakoak dira.

Beraz, aplikatu dezagun the polluter pays araua, kutsatzaileak ordaindu behar du: karbono isurtzaileentzako zergak, salerosketa finantzazkoentzako zergak, korporazioen etekinentzako zergak.

Naomi Kleinek dio, amaieran: industria kutsatzaile zahar bat ixten diguten hurrengo aldian, ez dugu konformatu behar. Ez eskatu baimenik. Enpresa okupatu dezagun, geureganatu, kooperatiba bihurtu, jarduera iraunkorrago bat bilakatzeari ekin. Klimaren krisia tresna dugu: hartu eta erabili dezagun, ustez ezinezkoa dena eskatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude