Ikus-entzunezkoen gako komunikatibo eta teknologikoak jomuga

  • Urtebete pasa da azken biltzarretik eta hizkuntza eta teknologia berrien garapenean dihardutenek jomugan dute hurrengo hitzordua: urriaren 11n Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskarabildua jardunaldiak egingo dituzte, aurten ikus-entzunezkoak ardatz hartuta. Argiak, Iametzak (Argiaren taldeko komunikazio enpresa teknologikoa) eta Ametzagaiñak antolatu dute jardunaldia.
     

Jardunaldiei buruzko informazio guztia dago ondoko webgunean: www.euskarabildua.com/euskara
Jardunaldiei buruzko informazio guztia dago ondoko webgunean: www.euskarabildua.com/euskara

Itzela izan da azken hamarkadetan ikus-entzunezkoek izandako garapena, are gehiago azken urteetan merkaturatu diren Interneterako konexiodun gailu teknologikoen agerpenarekin. Eta ez du gelditzeko itxurarik: VisualNetworkingIndex (Cisco, 2012) txostenaren arabera, 2015erako Interneten ia 3.000 milioi erabiltzaile egongo dira –ordurako aurreikusitako munduko populazioaren %40 baino gehiago–, pertsona bakoitzak Interneterako konexioa duten hiru gailu izango ditu batez beste eta segundoko milioi bat minutukoa izango da bideo kontsumoa.

Kontsumoarekin batera produkzioa ere goraka doa eta horretan dabiltzanek erne egon beharra dute. Komunikazio helburuak eta teknologiak eskaintzen dituen aukerak argi izatea ezinbestekoa da, eta bi ikuspegi horietan oinarrituko dira aurtengo Euskarabildua jardunaldiak. Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean, ikus-entzunezkoei buruzko esperientziak trukatu eta euskararen hedapenerako nola erabili daitezkeen aztertuko dute.

Bertako eta kanpoko esperientziak

Garapen teknologikoa komunitate guztien ezaugarria izaki, ez da derrigorra kanpora begiratzea ikus-entzunezkoek sarean duten lekua ezagutzeko. Arantza del Pozo eta Igor Garcia Donostiako Vicomtech-IK4 ikerketa aplikatuko zentroko kideak dira. Lehenak euskarazko ikus-entzunezkoen azpititulazio automatikoaz hitz egingo du jardunaldietan eta bigarrenak, berriz, ikus-entzunezkoen teknologiek profesionalen eskuetatik erabiltzaile arruntenetara egindako bideaz.

Nora Barroso EHUko irakasleak eta Axier Lopez Argiako kazetariak irratia eta telebista izango dituzte hizpide, hurrenez hurren. Barrosok AdiUP Info7 irratirako sortutako audio-bilatzailearen nondik norakoak azalduko ditu eta Lopezek, XX. mendeko kultura porrotik handienekotzat duen telebista atzean utzi eta sarera jauzi egiteko gonbita egingo die entzuleei.

Gure eremu geografikotik haragoko esperientziak jasotzea ere aberasgarria da eta Pablo Iglesias eta Carles Solá kazetariak horretan izango dira Donostian. La Tuerka solasaldi politikoko gidaria lehena eta Plataforma per la Llengua erakundeko kidea bigarrena, ikus-entzunezkoek sarean duten hedapenaz eta sare sozialek duten eraginaz mintzatuko dira, besteak beste.

Zabala beraz, Argiak, Iametzak eta Ametzagaiña Taldeak antolatutako eskaintza. Gainerako solasaldiak eta esperientzia partekatzeak bertaratzen direnen esku geratuko dira. Gonbita egina dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Garaipen gazi-gozoak

Gure kuadrillan, gazteagotan, askotan komentatzen genuen galtzera ohituta geundela. Hamaika gatazka txiki zein handitan murgilduta ibili ginen, ia beti arrazoiz jantzita eta irudimen handiz, baina gehienetan galdu. Pentsa! Guggenheimen aurkako plataforman aritu ginen Guk geuk... [+]


2024-05-03 | ARGIA
Esan erran irratiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala gaur estreinatuko dute Larraintzarren

Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.


Presoen Euskara Irakasleen Taldeak agur esan du

Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.


Eguneraketa berriak daude