argia.eus
INPRIMATU
Euskarabildua
Ikus-entzunezkoen gako komunikatibo eta teknologikoak jomuga
  • Urtebete pasa da azken biltzarretik eta hizkuntza eta teknologia berrien garapenean dihardutenek jomugan dute hurrengo hitzordua: urriaren 11n Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskarabildua jardunaldiak egingo dituzte, aurten ikus-entzunezkoak ardatz hartuta. Argiak, Iametzak (Argiaren taldeko komunikazio enpresa teknologikoa) eta Ametzagaiñak antolatu dute jardunaldia.
     

Iure Eizagirre 2013ko irailaren 18a
Jardunaldiei buruzko informazio guztia dago ondoko webgunean: www.euskarabildua.com/euskara
Jardunaldiei buruzko informazio guztia dago ondoko webgunean: www.euskarabildua.com/euskara

Itzela izan da azken hamarkadetan ikus-entzunezkoek izandako garapena, are gehiago azken urteetan merkaturatu diren Interneterako konexiodun gailu teknologikoen agerpenarekin. Eta ez du gelditzeko itxurarik: VisualNetworkingIndex (Cisco, 2012) txostenaren arabera, 2015erako Interneten ia 3.000 milioi erabiltzaile egongo dira –ordurako aurreikusitako munduko populazioaren %40 baino gehiago–, pertsona bakoitzak Interneterako konexioa duten hiru gailu izango ditu batez beste eta segundoko milioi bat minutukoa izango da bideo kontsumoa.

Kontsumoarekin batera produkzioa ere goraka doa eta horretan dabiltzanek erne egon beharra dute. Komunikazio helburuak eta teknologiak eskaintzen dituen aukerak argi izatea ezinbestekoa da, eta bi ikuspegi horietan oinarrituko dira aurtengo Euskarabildua jardunaldiak. Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean, ikus-entzunezkoei buruzko esperientziak trukatu eta euskararen hedapenerako nola erabili daitezkeen aztertuko dute.

Bertako eta kanpoko esperientziak

Garapen teknologikoa komunitate guztien ezaugarria izaki, ez da derrigorra kanpora begiratzea ikus-entzunezkoek sarean duten lekua ezagutzeko. Arantza del Pozo eta Igor Garcia Donostiako Vicomtech-IK4 ikerketa aplikatuko zentroko kideak dira. Lehenak euskarazko ikus-entzunezkoen azpititulazio automatikoaz hitz egingo du jardunaldietan eta bigarrenak, berriz, ikus-entzunezkoen teknologiek profesionalen eskuetatik erabiltzaile arruntenetara egindako bideaz.

Nora Barroso EHUko irakasleak eta Axier Lopez Argiako kazetariak irratia eta telebista izango dituzte hizpide, hurrenez hurren. Barrosok AdiUP Info7 irratirako sortutako audio-bilatzailearen nondik norakoak azalduko ditu eta Lopezek, XX. mendeko kultura porrotik handienekotzat duen telebista atzean utzi eta sarera jauzi egiteko gonbita egingo die entzuleei.

Gure eremu geografikotik haragoko esperientziak jasotzea ere aberasgarria da eta Pablo Iglesias eta Carles Solá kazetariak horretan izango dira Donostian. La Tuerka solasaldi politikoko gidaria lehena eta Plataforma per la Llengua erakundeko kidea bigarrena, ikus-entzunezkoek sarean duten hedapenaz eta sare sozialek duten eraginaz mintzatuko dira, besteak beste.

Zabala beraz, Argiak, Iametzak eta Ametzagaiña Taldeak antolatutako eskaintza. Gainerako solasaldiak eta esperientzia partekatzeak bertaratzen direnen esku geratuko dira. Gonbita egina dago.