"Aieteko efektua erabatekoa izan da Iparraldean"

  • (Izura-Azme 1970, Baxenabarre). Batasuneko eleduna da. Frantziak euroaginduaren bidez Espainiara kanporatu duen Aurore Martin Batasuneko kideaz mintzatu gara abiaburuan: “Badakigu ongi dagoela, baina emazteen moduluan ez dago preso euskaldunik”, erran digu. Espetxean “ongi” egon daitekeen neurrian eta zentzuan ulertu dugu,
    bistan da.  

"Gure abertzaletasuna ez da agertu behar, gu indartsuak eta aberatsak garen aldetik, finantzaren eta kapitalaren kontra ari diren herri eta gizarte behartsuekin batera baizik".Dani Blanco

Aurore Martin bilkura politikoak egitea, prentsaurrekoak ematea edo iritzi artikuluak idazteagatik atxilotuta dago Espainian. “Beraz, zu zeu ere, Xabi Larralde, atxilotua izan zaitezke” adierazi diogu gure solaskideari: “Bai. Areago, Iparraldeko Batasuneko kideok parte hartu baitugu bera akusatuta dagoen kausa berberetan. Berari tokatu zaio. Zein kalkuluren arabera? Batek daki!”.

Zein testuinguruan kokatu behar da Aurore Martinen atxiloketa? 

Bi parametro daude. Bat, Euskal Herri osoari begira: Frantziako Barne Ministeriotik erabateko lerrokatzea izan da espainiarren posizioetara, haien diskurtsoak antzekoak dira. Manuel Valls Barne ministroak ere jarrera gogorra agertu nahi izan du Aieteko Adierazpenaren aitzinean. Bi: hemen bizi dugun giro politikoa. Iparraldeko onarpen instituzionala eskatzeko adostasuna agerikoa da. Prozesua eta eztabaida pil-pilean daude Estatuak hasitako deszentralizazioaren desmartxaren bidean. Vallsen hitzak eta ekimenak Iparraldeko giro politikoa zapuzteko izan dira.

Manuel Vallsi edo Hollande presidenteari berari ekimena urrun joan ote zaien pentsa al dezakegu?

Aurore Martin Espainiako espetxe batean egoteak ekartzen duena alde batera, bistan da, egin duten aukera ez da izan Frantziako Gobernuaren ondorio politikoen mesederako. Gizartearen aldetiko erreakzioa indartsua izan da, aho bateko salaketa jaso dute. Hartu duten jarrera guztiz defentsiboa da. Gobernuak dio ez dela erabaki politikorik izan, beraz, ez ditu ondorioak bere gain hartu. Erraten ahal zuen: “Bai agindua eman dugu eta Martin kartzelan dago, legeak horrela aginduta”. Aldiz, zera erran dute: “Kasualitatez atzeman genuen bidean...”

Giro politikoa nola dago azken hilabeteetako gertakarien ondoren? 

Gertatua inflexio puntu nabaria izan da, aurrekari handia da gure ibilbide historiko politikoan. Ekuazio hau idatzi nahian aritu gara urteetan: hemen gatazka politikoaren parametroak ez dira mugimendu abertzalearen eta Estatuaren artekoa, Euskal Herriaren eta Estatuaren artekoa baizik. Ekuazio hori begi guztien aitzinean agertu da orain, bizi-bizirik. Besteak beste, azken urtean bereziki, Aieteko Adierazpenak Iparraldean eragin duelako eta hemengo eragile politikoek beste fase batean gaudela sinesten dutelako. Lehengo arrazoiek edo aitzakiek ez dute balio. Agerikoa da Iparraldeak aro politiko berria ezagutu behar duela, onarpen instituzionalean oinarritua.   

Egiguzu Aieteko Adierazpenaren urtebeteko balorazioa.

Iparraldeari begira, Aieteko efektu politikoa erabatekoa izan da. Hemen badago adostasun zabala. Espektro politikoaren %80 ados dago bake prozesuak aitzina segitzearekin, baita onarpen instituzionalaren sekuentzia politiko berria idaztearekin. Hegoaldean berriz, Espainiako Estatuaren jarrera biziki gordina da, ezezko biribilaren aitzinean gaude. Egiturazko arazoa da. Nahiz garaipen polizialaren bertsioa saldu nahi duen, Estatua galtzaile handia da arazo politikoari begira. Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteetan proiektu independentistek ez dute sekulan egun duten indarra ukan. Aldi berean, krisi ekonomikoaren eraginez Espainiako Estatua lehertze zorian dago. Franco hil zenetik ez da horren koiuntura txarrean egon, jarrera defentsiboan dago bere iraupena kolokan ikusten baitu. Horren eraginez prozesuari modu bortitzean ekin dio orain arte.

Prozesuak bi alde ditu baina: gatazkaren konponbidea eta Euskal Herriaren burujabetzari buruzkoa. 

Bi alde horien bi adibide daude Europan: Irlandakoa eta Eskoziakoa. Espainiak badaki gure estrategiak bi lerro horiei erantzutea eskatzen duela, eta badaki ere, gure urratsek indar metaketa jomuga dutela, aldebakartasunez burujabetzaren bidean pauso berriak emanez. Ingalaterraren eta Eskoziaren arteko adostasunak datu bat utzi digu: gisa horretako gatazka politikoak bide politikoetatik eta irizpide demokratikoen arabera konpondu daitezkeela. Eskoziakoak antzeko egoera ekarri behar digu Hegoaldean. Hau da, herri batek autodeterminazio eskubidea gauzatzen du eta ez da mundua erortzen. Ingalaterrak lasai asko eusten dio egoera horri. Zergatik ez Espainiak?

Bere jarrera aldatzeko itxaropenik bai? Nola ikusten duzu geroa?

Azken urteotan, mendebaldeko nazio batzuk burujabetzera heldu dira Europan. Parametroak eta jarrerak aldatu dira. Orain, Espainiako Estatua amildegiaren ertzera heldu da. Bere geroa politikoki eta ekonomiko kolokan dago Europaren baitan. Munduko estatuak eta finantzariak Espainiari begira daude...

Krisi ekonomikoak eragin dezake estatuen jarreretan? Egoera ekonomikoa larria da. Espainian oso agerikoa.

Askok pentsa dezake, 27 Estatuen Europak ezin duela funtzionatu krisiari aurre egiteko. Nola onartuko ditu estatu berriak, mendebaldean bizi dugun krisi ekonomiko latz honetan? Hain zuzen, egoera horretan ere Eskoziak eta Ingalaterrak tabua hautsi dute. Kataluniako eta Hego Euskal Herriko egoerak ikusirik, Espainiako autonomiaren markoa agortua dago. Madrilek bi aukera dauzka: estatua birzentralizatzea, nekeza dena, ala, halabeharrez, estatuaren erreforma gauzatzea, eredu federala edo beste eredu baten bidez.

Krisiak eragin dezake beraz.

Bai. Baina, kasu! Europan daukagun fenomenoa biziki adierazgarria da. Euroak ekarri du ekonomiaren espezializazioaren azkartzea, Alemaniaren berrindustrializatzea posible egin duena. Bere burua birbatu zuen, eta hogei urteren ondoren lortu du industria handiena izatea Europan eta lehiakorrena munduan. Industriaren espezializazio prozesu horren harian, Europako iparraldeko herriek orobat eutsi diote haien gaitasun industrialari. Hegoaldekoak berriz desindustrializatu dira, Frantziako Estatua barne. Desoreka hori biziki handia da, merkataritza balantzeen desoreka izugarria eragiten dutena. Iparraldekoen balantza komertzialek soberakinak dituzte eta hegoaldekoek aldiz, defizitak. Egoera horretatik ateratzeko, euroan geratuz, eredu politiko bakarra federalismo da. Edo gutxienez, bitarteko batzuen mutualizazioa ezartzea da, egoera txarretan dauden estatuak egoera larri honetatik ateratzeko.

Nola eragiten du horrek beren burujabetasunaren alde ari diren herriengan?

Testuinguru horretan, Flandria, Eskozia, Italiako iparraldea, Katalunia eta Euskal Herria eskualde aberatsak dira. Batzuek diotenez, independentziaren aldeko hautua suspertu da, herri aberats horiek ez dutelako herri pobreekin elkartasunean segitu nahi. Ni ez nago ados. Krisiaren parametroak ez dira horiek, beste hauek baizik: batetik gizarteak daude eta bestetik, hauen parean, botere faktikoak, bankuak eta botere finantzariak. Beraz, gure abertzaletasuna ezkerretik eta ikuspegi internazionalistatik landu behar dugu Herrien Europaren alde eta Europako herri guztiekin elkartasunean. Ni, adibidez, elkartasun harremanetan ari naiz Andaluziako langileekin, ez Euskal Herriko zati bat Espainiako parte delako, euskal herritar bezala krisi horretan andaluziar langilearekin harrapatuta nagoelako baizik. Hala nola Portugal, Grezia, Italia edo Islandiako langileriarekin ere. Krisiaren aurrean herritar eta langile klase berean nagoelako.

Beraz...

Gure abertzaletasuna ez da agertu behar, gu indartsuak eta aberatsak garen aldetik, finantzaren eta kapitalaren kontra ari diren herri eta gizarte behartsuekin batera baizik. Lastre batzuk utzi beharreko ditugu atzean.

Burujabetzaren printzipioa ondo ikasi, landu eta erabili beharra dago.

Bai. Burujabetza kontzeptu eraginkorra bilakatu da kapitalismoaren krisiari aurre egiteko. Batzuek, agian, kolokan jarriko dute bere potentzialtasuna, baina begiratu diezaiogun Islandiari. 300.000 biztanle inguru ditu. Europan bakarrenetakoa da bere zorra osoki ordaintzeari uko egin diona. Ariketa demokratiko batek behartua egin du. Bi erreferendum egin dituzte, herritarrei galdetuz: Zorra ordaintzen dugu? Eta bietan ezetz erran dute. Islandiako Estatua behartua izan da Nazioarteko Diru Funtsari eta Ingalaterrako Bankuari ez ordaintzera. Krisia zer da? Kapitalak herriei gaina hartu diela. Indar korrelazioa itzulikatu behar dugu. Botere politikoak ezarri behar ditugu botere ekonomiko eta finantzarien gainetik, herrien autodeterminazio eskubidea arautu ahal izateko.

Industriaren espezializazioa aipatu duzu arestian. Sakondu horretan.

Burujabetza printzipioak kapitalismoak eta liberalismoak nazioartean ezarri dituzten lan banaketa eta espezializazio moduak aldatzen lagundu behar digu, printzipioaren funtsa hau delarik: herri guztiek modu duinean bizitzeko eskubidea dute, eta horrek eskatzen du bakoitzak bere ahalmenetik eta alor dibertsifikatutik ekonomiari eutsi ahal izatea. Nazioarteko ekoizpen espezializazioa garatu ordez –merkatuei eremua libre utzi gabe– beste ekoizpen molde bat landu behar dugu.

Iparraldeko erakundetzea hizpide: askok eredu bezala jo dute Lurralde Elkargoa helburu burutzen ari den ibilbidea. Zein dira prozesuaren gakoak?

Bat, gure hautu estrategikoa adostasun eremuan kokatzea eta gure harritxoa ekartzea eremu horretara. Guk [Batasuna] Iparralderako autonomia estatusa defendatzen dugu, erabakitzeko eskubidea barne. Hori ez da Lurralde Elkargoa, baina adostasuna lortu behar dugu, kontuan hartuta guk zer pisu dugun. Gehiengoak eraiki behar ditugu, onartuz bakoitzaren lekua zein den. Bigarren gakoa herri dinamika da, bi ardatz dituena: abiatu garen puntua zehaztea eta puntu horretatik zer perspektiba dauzkagun ongi ikustea.

Abertzaleek oro har, zer irizpide ekarri duzue adostasun horretara? 

Lau irizpide: bat, Estatus Berezia da landu behar dugun formula. Hau da, Frantzian Euskal Herria berezia den aitortza lortzea. Bi, egitura horrek gutxieneko gaitasunak jaso behar ditu, Hautetsien Kontseiluak lehenetsi dituenak (garapen ekonomikoa, mugaz gaindiko harremanak, lurraren eta etxebizitzaren antolaketa, eta hizkuntza eta euskal nortasuna). Hiru, estatus horrek aldakorra izan behar du, eta horrela aitortua hasieratik. Eta lau, horien inplementatzeko prozedurak ezartzea euskal gizarteak erabakitzeko gaitasunarekin. Erreferendumaren bitartez, adibidez. 

PS eta UMP alderdietako kideak ere, besteak beste, prozesuan engaiatu dira. Nola gertatu da? Hori lorpena.

Aro berria heldu dela ulertu baitute. Hegoaldeko egoeraren efektua jaso dute. Hemengo politikariek hango instituzio autonomikoak ezagutu dituzte eta ohartu dira mundua ez dela erori autonomia dagoelako, alderantziz. Guk Lurralde Elkargoa lehenetsi dugu independentziara bidean, eta bien artean badago tartea. Badakite hori ez dela gure helburua, baina guk adostasuna eta herri borondatea errespetatzea proposatu ditugu. Erran nahi baita, geroan horien arabera, edozein bide landu ahal izatea berme demokratikoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurralde Elkargoa
2021-04-13 | ARGIA
14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxe aurreikusten dituzte bost urte barru Ipar Euskal Herrian

Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia egin dute 232 hautetsiek, bideokonferentziaz. Aurtengo aurrekontua eta Bizilekuen Tokiko Programa onartu dituzte, baina programa errefusatu eta “anbiziozko etxebizitza politika bat” aldarrikatu du hainbatek.


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du

Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.


2019-01-22 | Euskal Irratiak
27 proposamen helarazi dio Baterak Euskal Hirigune Elkargoari, gobernantzaren hobetzeko

Zortzi atal, 27 proposamen. Hona Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantzaren hobetzeko, Jean-René Etchegaray presidenteari eman dion txostena joan den larunbatean. Baterak, joanden irailetik eskualdeka, 16 herri desberdinetan bilkurak antolatu ditu oharren... [+]


2018-02-13 | Euskal Irratiak
Euskal Elkargoaren hizkuntza politika apirilean aurkeztu behar lukete, Arrabiten hitzetan

Hautetsiak eta euskalgitzako eragileek osatu lan batzordeak ari dira norabide hauen lantzen, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntz poltikarako arduradunak, Amikuzeko irratiaren estrenan azpimarratu daukun bezala.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
Ergela irakurriko duena

Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: “Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen... [+]


Eguneraketa berriak daude