Bakegintzaren aukera eta murrizketen arriskua

  • EAJk uste baino errazago garaitu ditu EAEko hauteskundeak, baina EH Bilduk ere emaitza oso onak lortu ditu. Bien artean azken urteotako legebiltzar abertzaleena osatzen dute. Ez dirudi ordea burujabetzaren arloan ados jarriko direnik, bakegintza eta normalizazioa sendotzea izango da bien elkarlanaren lehentasunetako bat. Murrizketei dagokienez, aurrez aurre izango dira.

EAEko politikaren argazki erreala zein den badakigu, 2009an ateratakoa baino errealagoa bai behintzat. Hainbeste inkesta, aurreikuspen eta hautesporraren ondoren, herritarrek erabaki dute. Batetik, EAJ eta EH Bilduren arteko lehian jeltzaleak izan dira garaile argi eta garbi. Sei eserleku, horixe da bien arteko aldea. Hauteskunde hauetako inkognita nagusietakoa argitu da beraz. Bestetik, azken 25 urteotako parlamentu abertzaleena izango da honakoa, nagusiki PSEk eta PPk nabarmen egin dutelako behera.
    Iñigo Urkullu izango da datorren legegintzaldian Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta berari egokituko zaio krisi ekonomikoa, bakegintza eta burujabetzarako nahiak kudeatzea. Hiru arlo horiek aipatu zituen igande gauean, hurrenez hurren. Horretarako akordioak lortu beharko ditu eta ez du aukera gutxi izango, beste alderdiekin egindako ia edozein konbinazio baliatu dezake gehiengo osoak lortzeko edo oposizioaren aritmetikak zailtzeko.

Ezker subiranistaren gorakada itzela

Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeekin konparatuz gero, indar gehienek beherantz egin dute bozka kopuruan –eserlekuetan ere, noski, baina ezker abertzalearen ilegalizazioak desitxuratzen du datu hau–. EAJk eta PPk tankera bertsuan egin dute behera (-16.000) eta PSEk izugarri (-106.000). EH Bilduren kasuan, gorakada itzela izan da. Neurgailu gisa  kontuan hartzen baditugu EAren, Aralarren eta ezker abertzalearen bozka baliogabeak, 77.000 gehiago atera ditu koalizio subiranistak.

Hala ere, konparaketak soilik parametro horietan egitea engainagarria suerta liteke. 2011ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan eta azaroko Espainiako hauteskundeetan indar independentistek lorturiko emaitza ikusgarrien ondoan, EH Bilduk ez du gora egin, eta aldiz EAJk bai. Jeltzaleek Amaiurri 40.000 botoko aldea atera zioten eta oraingoan 107.000 boto gehiago izan dira. EH Bilduk eserlekuetan EAEko lehen alderdi izatea zuen helburu, alternatiba gisa aurkeztu zuen bere burua, eta bistan da ez duela lortu.

Indar metaketak goia jo duela ematen du, eta agian beste estrategia batzuk bideratzeko beharra agertuko da orain. EiTBko platoan  Rafa Larreina EAko ordezkariak abstenitu diren horiengan jarri zuen begirada, “hortxe dugu bidea egiteko” esan zuen.

Hala ere emaitza onak dira koalizioarentzat. Bizkaian eta Araban sendo agertu da eta Gipuzkoan ez hainbeste –Amaiurrek baino 15.000 bozka gutxiago–, baina emaitza duinekin inondik ere. Gipuzkoan jarri dute lupa askok, emaitzok Bilduren kudeaketaz herritarrek pentsatzen dutenaren ispilu direlakoan. Hondakinen auzia eztabaidagai dagoen hainbat herritan EAJ gailendu izana gako horretan irakurri liteke agian, baita atez atekoa duten lau udalerrietan ezker soberanistek apenas higadurarik ez izana ere.

EAJk Gipuzkoan –eta baita gainerako lurraldeetan ere– izan dituen emaitza bikainak ez dira hainbeste EH Bilduren bizkar izan, batez ere PSE eta PPren bizkar izan direla dirudi, eta abstentzioak ez diolako oraingoan eragin; gisa horretan, historikoki lortu izan dituen emaitzetara hurbildu da.

Urkulluk diskurtso moderatua erabili du zentraltasuna lortu nahian eta kudeaketa ona egin beharraz temati hitz egin du. Badirudi hainbat herritarrek segurtasun berme handiagoa ikusi dutela EAJrengan krisiari aurre egiteko.

Bakegintza sendotzeko aukera

Iñigo Urkulluk “akordio zabal, anitz eta egonkorrak” behar direla adierazi du, baina hori modu askotara uler liteke. Legebiltzarreko eserlekuen banaketa ikusita, ez dirudi EAJk hasieran behintzat gobernu akordiorik edo legegintzaldi hitzarmenik egingo duenik Eusko Jaurlaritza osatzeko, ez du horren beharrik. Nahikoa luke gai zehatzen inguruan adostasuna lortzea alderdi batzuekin eta besteekin.

Baina ez zaio komeni, ezta ere, basamortuan bere kasa ibiltzea, krisiaren beroak erreta amai baitezake, horregatik erantsi dio “egonkorra” hitza esaldiari. Beste kontu bat da nola gauzatzen den egonkortasun hori; EAJ artista da joko politiko horretan eta seguruenik izango du buruan formularik.

Lehentasuna krisia gainditzea da Urkullurentzat. Krisi ekonomikoak baina, ezin du bazterrean utzi Euskal Herrian azken hamarkadotan izan dugun behar nagusiena, bakea eta normalizazioa. Legebiltzarrerako hauteskunde hauek normaltasun handiz egin dira aspaldiko urteetan lehen aldiz. ETAk borroka armatua uztea erabaki zuen iaz eta ezker abertzalea ilegalizaziotik irten da aurten –nahiz eta, ez dezagun ahaztu, bere lehendakarigai “naturalak” kartzelan jarraitzen duen–.

Aukera paregabea sortu da bakegintzari bultzada berria emateko, eta bide hori egin nahi duten alderdiak nagusi dira Legebiltzarrean. EAJ eta EH Bildu arlo horretan elkar hartuta ez aritzea, ulertezina litzateke euskal herritarren gehiengoarentzat. Dudarik gabe, EH Bilduk bere 21 eserlekuak gai hau etengabe agendan egoteko baliatuko ditu.

Alde batetik, Aieteko bigarren puntua aktibatzeko akuilua izan liteke Eusko Legebiltzarra, Espainiako Gobernua ETArekin hitz egitera mugiarazten saiatzea, hori izan beharko luke zeregin nagusietakoa. Bestetik, indar guztiak ordezkatuta dauden erakunde garrantzitsua daukagu orain. Oroimenean, elkarbizitzan eta berradiskidetzean aurrera egiteko mekanismoak martxan jar daitezke, ponentzia, batzorde edo dena delakoen bidez.

Beste kontu bat izango da burujabetzaren gaiari dagokiona. Alderdi abertzaleek Gasteizko hemizikloaren ia bi heren kontrolatzen dute –48 eserleku abertzaleek eta 27 konstituzionalistek–, eta logikoa litzateke abagunea aprobetxatzea burujabetza gehiago lortzeko, baina adostasun hori urrun dago oraindik, hauteskunde kanpainan esandakoak entzun eta gero behintzat.

EH Bilduk “Europan estatu libre” izateaz hitz egin du argi eta garbi, eta hori lortzeko eskua luzatu dio EAJri. Urkulluk, subiranotasun “konpartituaz” hitz egiten du, 2015ean estatus politiko berria lortzeaz, eta horretarako lehenik Konstituzioa eraldatzeaz. Hortaz, ez mamian ez azalean dute bat egiten bi indarrek bide-orri bat finkatzeko.

Dena dela, burujabetzaren gaia mahai gainean egongo da legegintzaldi honetan, batez ere faktore exogenoen eraginez. Kataluniako hauteskundeek eta Principat-ean irekiko den prozesuak, hala nola Eskoziako 2014ko erreferendumak halabeharrez sortuko dute halako giro bat burujabetzaz eztabaidatzeko.

Murrizketen arriskua

Bistan da hauteskunde hauen emaitzak ez direla onenak izan murrizketei erakundeetatik aurre egiteko, EAJk PPren edo PSEren babesa bila dezake, halabeharrez bada ere, guraizeak sartzeko.

Finantza Kontseiluan jakingo da Eusko Jaurlaritzaren diru-kontuak gutxi gorabehera nola dauden eta Patxi Lópezen Gobernuak nolako kudeaketa egin duen; EAJren aburuz 1.000 milioi eurokoa ere izan daiteke zuloa. Zentzu horretan, Urkulluk behin baino gehiagotan azaldu du murrizketak egin beharko dituela Jaurlaritzara iristen bada, baina hainbat marra gorri jarri ditu: osasungintza, hezkuntza eta zerbitzu sozialak. Arlo horietan ez luke murrizketarik egingo. Baina Zapateroren Espainiako Gobernuaren murrizketak babestu dituenak dio hori. Ekintzekin egin beharko ditu bere hitzak sinesgarri.

Jakina da EH Bilduren eta EAJren ikuspegiak oso ezberdinak eta batzuetan ia antagonikoak direla gizarteko zenbait arlotan, bereziki azpiegitura handien gaian. AHTa eraikitzea ezinbestekotzat dute jeltzaleek, Jaurlaritzak Madrili bere poltsikotik diru kopuru bat aurreratzeko prest ere agertu dira obra hori ez gelditzearren. Baina ez dute azaldu nola uztar litekeen hori eta gizartean eragina izan dezaketen murrizketak ez egitea.

Galiziako hauteskundeak: Abstentzioak eta boto sakabanaketak lau urte gehiago eman dizkiote Feijóori

Galiziako hauteskunde autonomikoek ezusteko emaitza ekarri dute. Alderdi Popularrak berriztu egin du gehiengo absolutua eta Alberto Núñez Feijóo beste lau urtez izango da Xuntako presidentea. 170.000 boto galdu arren eta portzentajean atzera egin arren lortu du hori. Bigarren ezustea Alternativa Galega de Esquerdak –Xosé Manuel Beirasek gidatzen duen Anovak eta Izquierda Unidak osatutako koalizioak– lortutako bederatzi eserlekuak izan dira. PSOEk hondoratzea izan du, 25 eserlekutik 18ra igarota eta lau barrutietan atzerakada eginez. Bestalde, BNGk ere ordezkaritza galdu du; 12tik 7ra jatsi dira parlamentuko eserleku abertzaleak.

Sondeo bakar batek ere ez du asmatu. Aitzitik, CISek kanpaina hasieran argitaratutakoak oso bestelako irudia eskaini zigun, PPk gehiengo absolutua galtzea benetan aintzat hartzeko moduko aukera zelarik. BNGren igoera bat ere iradoki zuen, eta AGE parlamentuan sartuko zela iragarri bazuen ere, eserleku bakarra egotzi zion.

Abstentzioa –aurreko hauteskundeetakoa baino zertxobait handiagoa– eta PPren oposizioak jasotako bozen sakabanaketa –BNGren zatiketak hautagaitza berriak eman ditu, AGE eta Compromiso por Galicia esaterako– funtsezkoak suertatu dira PPk berak, hauteskundeak hasi baino ordu batzuk lehenago, galtzeko arriskuan ikusten zuen gehiengo absolutua bermatzeko.

AGE eszenatoki politiko berrian sartzeak, 200.000 boto jaso arren, PPren alternatiba diren indarren batura murriztu du; 2009an, BNGk eta PSOEk, biek batuta, PPk baino 6.000 boz gehiago eskuratu zuten, eta joan den igandean, berriz, popularrek beren aurkarien batuketak (AGE barne) baino 10.000 gehiago lortu dituzte. Aipagarria da, era berean, baliogabeko botoak eta boto zuriak izan direla galiziar hautesleen bosgarren hautua: 75.000 boto inguru, eta 2009ko portzentajearen bi halako baino gehiago.

Xabier P. Igrexas

Sermos Galiza aldizkariko kazetaria


ASTEKARIA
2012ko urriaren 28a
Azoka
Eguneraketa berriak daude