Lagun feminista bat izatea

Onartzen zaila bada ere, denborarekin konturatzen zara, feminista izateagatik badituzula heteroaraua aukeratu eta betetzen dutenen interesa sortzeko hainbat puntu. Segituan ulertuko didazue zuek zeuok ere feminista bazarete edo lagun feministaren bat baduzue. Nik beti jartzen ditut hiru-lau kasu, eta saiatuko naiz denak laburbiltzen.

Demagun, unibertsitateko zure lagun hetero-jator eta nahikoa “suelta” zen horren dei bat jasotzen duzula. Kontuan izanik urte eta erdi daramazula bere berririk izan gabe, zer izan daiteke deiaren arrazoia? Ez ezazue gezurrik esan, norbera feminista izan edo ez, denok pentsatzen dugu fabore bat eskatzeko izaten dela. Beraz, azalduko dizkizuet, niri esperientziak emandako hiru-lau aukera posibleak.

Bat: “Begira eske nire lagun batek [hau da, berak] non abortatu dezakeen jakiteko deitzen dizut”. Ondo da. Hau kuriosoena izaten da, kontuan izanik, nire lesbiana bizitza honetan ez dudala sekula abortatu; baina are kuriosoagoa da, dei hauek direla eta, ederki dakidala nora bidali.

Bi: “Begira eske oso larrituta nago nire lagun batek [hemen bai izaten da benetan lagun bat] oso harreman txarra dauka bere mutilarekin, jada ez dakigu zer egin, ez digu ezer kontatzen, oso gaizki tratatzen du mutilak... Berekin hitz egingo bazenu...”. Eta bat-batean asistenta lana betetzen ikusten duzu zure burua, total zertarako eta, bere mutilak zu gorrotatzen bukatzeko, eta ondoren neskak berak, ezer aldatu gabe.

Hiru: “Nire mutilarekin oso gustura nago, asko maite dut eta hori dena, baina esperimentatzeko gogoa daukat, beste batzuekin egon, probatu...”. Ondo da. Eta hemen entzun nahi duen hori botatzen diozu, horretarako deitu baitizu, “ba egin kasu zure desioei, probatu eta abar, baina onena berekin hitz egitea duzu, gauzak argi utziz...”. Hemen kuriosoa da, lehenengo zatiari bakarrik kasu egin ohi dizutela, mutilarekin hitz egitearena ahaztu egiten dutela. Gero, feministak gorrotatzen dituen mutil bat gehiago gehitzen da gorroto zaituztenen listara.

Zer egingo diogu baina, baditugu lagun abokatu edo medikuak ere, eta haiei ere antzekoa gertatuko zaielakoan nago (“antibiotikoak hartzen nabil, edan al dezaket?”), beraz ez naiz gehiegi kexatuko, batez ere beste topiko bat ahaztu dudalako zerrendan: “Neska batekin oheratzea probatu nahi nuke...”, eta hor, hor gorrotatzen zaituen beste mutil bat sartzen da listan, baina normalean gehiago merezi izan ohi du.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude