Zulo bat golf zelaian

  • 70etan Lasarte-Orian jaiotzeak –guretzat Lasarte zen oraindik, huts-hutsean– bazuen otsailaren 29an jaiotzearekin parekotasunik. Egun horretan mundura sortutakoei hurrengo urtean otsailak 28 egun baino ez edukitzeak ematen dien ziurgabetasun berbera sentitzen genuen lasartearrok, izan ala ez izan, halako nortasun intermitentea, udaletxe propio finkatuaren gabezia medio. 

Lasarte-Oriako hipodromoa.
Lasarte-Oriako hipodromoa.Dani Blanco

1986ra arte ez zitzaion aitortu Lasarte-Oriari udalerri izaera, duela 25 urte, beraz. Andoain, Hernani eta Urnietaren artean partitzen ziren ordura arte bere auzoak. Puzzle zatikatu bilakatzen zuen partiketa horrek paraje ederrez inguratutako herri zatarra, eta puzzle intermitente horren izaera herritarroi zitzaigun, beharbada, kutsatzen. XXI. mendeko modu epatantean esateko, “nortasun likidoa” geneukan.
Ez baita Lasarte leku polita, aitor dezagun. Baina polita behar al du lekuak haurrak bere Jolasaren Erresuma eraiki dezan? Ezta batere. Ederretan eder ziren parajez inguratuta geunden, gainera: zer esaten didazue Buenos Aires auzoaz? Hilerrira igo eta Santa Barbarako haitzetan eskalatzeko esku-eskura dugun hori? Erdigunetik ihes egitera gonbidatu eta bere zirkulu zentrokideak urrunera heltzen diren lekua da herri hau. Litekeena da Lasarte zulo bat izatea, baina golf zelai baten erdian dagoen zuloa da, edozein kasutan. Aspaldi batean izan zuen golf zelai haren gomuta, beharbada.

Adidas eta Puma markako larruzko esku-zorro deportiboak, hainbat urte beranduago retro modak berriro ere boladan jarriko zituen berberak, zeramatzaten eskuetan. Denak ziren gizonezkoak. Diagonalean, pauso luzez zeharkatzen zuten Michelineko langileek Juan XXIII enparantza, lanera bidean, fianbrerak eskuan (tupperik ez). Michelinek blaitzen zuen herria, Michelinek ematen zien lana lagun askoren gurasoei. Michelinek ping-pong talde txapelduna zeukan, judo eskolak, futbol zelai ederra, teniserako pistak, frontoia. Michelinekoak ziren gure jostailu inprobisatuetako asko ere: plastikozko kiribil elastiko batzuk ditut gogoan, malgukiak, harriak oso urrun eta oso abiada biziz jaurtitzen zituzten tiragomak egiteko goma beltz markatik fuerakoak (tira... Michelin markakoak!).

Oria ibaiaren ondoan dago Juan XXIII enparantza, gure jolas-lekua, gure antzezlekua, existitzen ez ziren kirolak asmatu eta saskibaloira patinetan ibiltzekoa. Hura da, Juan XXIII enparantza, Challenger espaziontzia zeruan lehertu zenean izarretarantz begiratu genuen lekua. Juan XXIII plaza zaharrean ez zegoen ezer: bankuak eta zementua baino ez. Egun, haurrentzako jolas-parketxoa ezarri dute, kolorez eta zabuz betea. Txukunago dago orain, zer esanik ez. Baina aurki orok du bere ifrentzua: orain zaila litzateke beisbolera jokatzea, Zumaburukoen kontra egin ohi zenez. Capuletoak vs. Montescoak. Sharks vs. Jets. Auzo bakoitzak bai baitzuen bere harrotasuna.

Hipodromorantz

Oria gaineko zubi zaharra bota eta berria egin zuten, ubidea zabaldu; argiagoa da orain, jada ez du uholdeak gainezka egiten, ur uher desbridatuak hildako behien karreiu. Hipodromo ondoan zirkua jartzen zuten antzina, marra zuzenez margotutako aparkaleku txukun asfaltaturik bertan ez zegoen garaian: routier-ek abandonatutako trailer gurdi hautseztatuen aukerako geralekua egunez, junkientzat eta maitaleentzat paraje ilun aproposa, gauez. Batzuetan biak bat izaten ziren, junkie eta maitale, batera. Zirria eta xiringa elkarren eskutik. Soropil zabar zabala inguratzen zuten orduan zuhaitzek, lur adabakiz zakartua, sarritan lokazten zena. Gogoan dut, zirkua etorri berri, elefanteak zuhaitzari katigatuta ikusi izana Dana Ona erretegiaren parean, burdinazko katebegi lodi bezain prekario batzuk tarteko. Baita errinozero bat ere, kaiola estuan sartuta, ikastolatik etxera gindoazen umeon pozgarri eta eskuragarri: Afrikara espediziorik egin barik, horra hor, inork kargu hartu gabe jostari uki genezakeen errinozeroaren azal latz gogorra, geure eskuez ukitu ere. Gutariko bihurrienak –Buenos Airesko adiskide Mikelek– konpasaren orratza sartu zion animalia koitaduari. Ez zuen zirkinik ere egin. Drogatuta zegoen akaso, kaioletan ikusten genituen lehoi famelikoak bezain. Oraindik ez ginen Europan. Europako normatibak indarrean sartu aurretiko garaia zen. Gaur egun nekeza egiten zait zirku iritsi berrian sukalderaino sartzeko aukera hori irudikatze hutsa. Eta, hala ere, ez al zen hura paradisua haurrentzat? Gaur ez da zelairik eta ezta lokatzik ere. Parking marratu eta ordenatua baizik.

Zaldiak eta futbola

Hipodromoaren ertzari jarraiki, Realaren Zubietako entrenamenduetako zelaiaren ondoan geneukan ikastola. Zelaia askoz ere soilagoa zen orduan: hasteko eta behin, bat eta bakarra zen, eta ez orain dagoen zelai multzo andana, iluminatu bezain antolatua. Realaren “dependentziak” omen. “Kanpofubola” zen orduan. Argi-foko bakarra zuen, masta luze baten puntan, oso oker oroitzen ez badut. “Kanpofubol” hark zementuzko pirata-ontzia zirudien, sare eta guzti. Kontua da, aise ikusten genituela jolas-garaietan Landaberri ikastolako muinotik Realaren entrenamenduak. Harrigarria, zenbat gauza ikasi genituen ikastola horretan: zaldiak ferratzeaz, futbolarien trostaz. Elurra egiten zuenean hipodromoko ateak zabaldu eta oinez zeharkatzen genuen pelouse zuritua, eta gero footing saioan trebatzen ziren Realeko jokalariekin elur-bolak tiratzera jostatu: Zamora, Arconada, Bakero, Uralde, Lopez Ufarte, Periko Alonso... Urrezko aroa zen hura. Hipodromoko errepidetik bueltan etxera oinez itzultzen ginenez gero, zenbaitetan autostop egin eta entrenamendutik etxera zihoazen jokalariek geratu eta zubiraino hurbiltzen gintuzten. Nola ez bilakatu betirako realzale, zure idoloak autoan eraman zaituenean? Garai hartakoen artean, Volkswagen Golf zuria zen glamourraren erpina, eta deigarriena Loinazen Renault destartalatua, barrualdea panpinatxo saltariz betea zuena. Jasotzen ote dituzte egun ere Realeko jokalariek autostopista goiztiarrak etxera bidean? Ezezkoan nago. Pederasta goiztiartzat hartuak izateko arriskua lukete, hasteko eta behin.

“Yoko garbia” zerrategitik gertu

Esan dugu lehen, herri itsusia dela Lasarte, otsailaren 29 euritsua, udalerri intermitentea, fantasma. Gune berde zentrokideetara, hipodromora zein Buenos Airesera ihesa sustatzen duena. Horitara hartu beharrean, ordea –bestela ere nahikoa jorratzen genuen ingurune hori aste egunetan ikastolara bidean eta ikastolatik bueltan–, Zubieta herria har genezake ihes-puntu –ez nahastu Zubietako Realaren zelaia eta Zubieta herria–: hura zen txirrindularion jomuga. Hipodromotik eskuinera kilometro eskas egin eta Yoko Garbi frontoian aritzen ginen, pareta bakarraren kontra amorrua hustuz, artasoroak edo elizako teilatu-gargantuak gure azken tenis pilota irensten zuen arte. Orain, artasoroaren ordez zer? Aparkaleku gehiago. Zahartzea horrelako zerbait izango da, ziurrenik: parking bihurtzen dizute haurtzaroa.

Zubietan behera, zerrategian egur meta erraldoia izaten zen askotan: soberako egurrak, itxura kapritxosoa zutenak, Eguberrietako Jaiotza jartzeko ezin egokiagoak. Eta egur pilari sua eransten ziotenetan... neguko txangoa gurasoekin: zilar-paperetan bildutako patata gordinak erretzen genituen bertan. Hausberoan zuloa egin eta txingarretan erretako patata haiek bezain onik ez dut egundo dastatu.

Asko aldatu da Zubieta, esan beharrik ez dago. Gazteek ez dute jada akorduan izango elizaren atzealdean pilatutako estatua mordoa: marmolezko estatua bururik gabeak, ferietako errekortableak baino hobeak zirenak zeure burua bertan jarri eta Napoleon zinela sinesteko. Zaldiekin hasi eta estatua marmolezkoekin buka, nobela guztiak abiatzen dira haurtzaroan.

Zubieta atzean laga eta Alkorta Enearaino jarraitzen genuen geure bizikleta-etapa, aurrez Tourrekoa bailitzan folio batean soslaia egina geneukana, lapitzez eta gutxi gorabehera, topografo bihurturik. Handik aurrera, San Estebanera igotzea geneukan edo Usurbil erdigunera inguratzea, bestela. Eta Usurbiletik gora, malda pikoa (Hors Catégorie!), sagar batzuk bidean hartu eta Igararaino jaisteko moduan. Donostiako periferia oin puntekin zapalduko genuen lehen aldiz, hondartzatik urrun: gaur egun Elkar argitaletxea eta Postetxearen biltegia dauden lekua, hain zuzen ere, orduan “Gurelesa Aldapa” deitzen genion hartan behera, hantxe txatartegia eta esne fabrika besterik ez baitziren guretzat ezagun.

Errumaniarrak gara behelaino artean?

Film errumaniarrak ikusten ditudanero, duela 25 urteko Lasarte datorkit akordura. Argi gutxiago kalean, salgai gutxiago dendetan. Zaldi-karreretan izan gara aspaldiko partez: lehen aldiz, ordainduta. Ez da gauza bera. Garai hartan igandetako lasterketetara doan sartzen uzten ziguten. Zaldiaren izenaren araberakoa izaten zen geure apustua. Ez da harritzekoa filosofo eta poetek zaldi lasterketak gustuko izatea, izen liluragarriak izan ohi dituzte-eta: Pantera Rosa izeneko bat dut gogoan. “Gure zaldiak” irabazten zuenean, pozarren ospatzen genuen, elkar besarkatuz. Inguruko helduek harrituta begiratzen ziguten: “Ume trasteok dirua irabazi ote ditek ba?”, pentsatzen zuten, gu apustuen esku-orriak alegera astintzen ikusita. Bai zera. Garaipen birtuala zen gurea.

Ez genuen dirurik jokatzen, baina jokatuta baino gehiago pozten ginen.


ASTEKARIA
2011ko urriaren 16a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude