Larrea eta Lazarraga Binomio erakargarria

El Bolo izeneko baserria, Larrean.
El Bolo izeneko baserria, Larrean.

Nork esango zidan txikitatik zapaldu ditudan bazter ezkutu haietan euskararen gaineko albiste erraldoi bat sortuko zela 2004an? Hain zuzen, arabar herrialdearen inguru horretako herrixketara, batez ere Gipuzkoatik eta mendetan zehar, gizon-emakume euskaldun ugari gaztelera ikastera joan ziren. Euren arrasto garbia utzi zuten, gehien bat abizenetan. Zalduondo, Galarreta, Arriola, Barria, Narbaiza, Axpuru, Larrea, Ozeta... eta abarreko kanposantuetan euskal abizen ez-konposaturen portzentaia askoz handiagoa da Arabako beste edozein lurraldetan baino.

Eta 2004an albisteak jo gintuen: Juan Perez de Lazarragaren eskuizkribu bat agertu zen, euskaraz idatzitako zenbait idazlanekin. Dokumentua 1.565 ingurukoa zen! Hau da, Arabako euskararen historian gailen-gaileneko postua eskuratzen zuen kronologiari dagokionez. Jauzi kualitatibo ikaragarria ematen ari zen, beraz, euskal literaturaren historiologian, gehien bat egilearen jatorrizko sorterriari eta idazlanaren testuinguruari begira.

Urkila ondoko lurren jauna

Juan Perez de Lazarraga Larreako Jauna izan zen XVI. mendearen bigarren erdialdean, harik eta 1605ean hil arte. Lazarragatarrek Oñatiko hirian zuten sorlekua, mendeko zituen Gebara leinuaren antzera. Eta bi sendien artean ez ziren gutxi ezkontza-itunak izan Elgea eta Urkila mendilerroen azpiko lurrak kontrolatzeko. Zalduondo mutur batetik eta Ozeta bestetik. Eta bitarte horretan goian aipatutako herrixkak ditugu, mendetan giza-jario etengabea ezagutu dutena, Europa eta Gaztelaren arteko bidea eginez.

Bigarren mendeko Ptolomeok euskal lurraldeen deskribapena egitean Gebala eta Gabaleca aipatzen ditu, besteak beste. Batzuek izen horietan Gebara eta Galarreta irakurtzen dituzte. VI-VIII. mende bitarteko Aldayetako hilerrian egundoko aurkikuntza egin zen, duela hamabost bat urte. Atzemandako objektuek garbi asko azaltzen zuten bertako biztanleak gizon-emakume arrotzen presentziara ohituta zeudela. San Adrianeko tuneletik merkatari, Santiago bideko pelegrinak, erret-bidaiariak eta, oro har, handik igarotzeagatik bide-saria ordaindu behar zuten pertsona asko igaro da mendetan. Eta hori ongi aprobetxatu zuten Erdi Aroko Gebara eta Lazarraga sendiek nagusitasunetik: alde batera eta bestera zihoan giza-jarioaren gaineko kontrolak irabaziak ekartzen zizkien. Ekonomiak agintzen zuen, beste edozein arrazoiren gainetik. Horrela izan da beti gizadiaren historian.

Juan Perez de Lazarragak ere lur horien gaineko jabetza ordezkatzen zuen, eta ganboar eta oñaztarren arteko liskarretan ganboar interesak defendatzen zituen, Oñatiko Jaunarekin arras lerrokatuta. Gure pertsonaiari Larreako dorrearen Jauna titulua zeharka etorri zitzaion, aurretik zena –izen bereko osaba– ondorengorik gabe hiltzean. Eta Jaun berria, Larrea ondoko Arriolako dorrearen jabea zenaren alaba Katalina Gonzalez de Langarikarekin ezkondu zen.

Juan Perez de Lazarraga dugu Larreako dorrearen historiaren egilea, 1600 inguruan idatzia, Relación Histórica de las Casas y Apellidos de Lazarraga tituluarekin. Eta baita “Lazarragaren eskuizkribua” deitua izan den idazki luzexkarena ere, euskaraz eta gazteleraz sortua. Hauxe dugu Juan Perez de Lazarragaren izena dimentsio berrietara eraman duena eta euskara idatziaren kronologian urrezko mugarri berria jarri duena. Halaber, eta zehazkizun hau ez da batere axola gabea, garaiko nobleziako gizabanako batek idatzia denez gero, euskarak goi mailako saloietan toki bazuela adieraz dezake Larreakoak. Non eta Araban!

Historiaren lekukoak

Larrea eta inguruko bazterrak ezagutzera hurbiltzen denak ez du denbora alferrik galduko, ez horixe! Larrean bertan, antzinako dorrea izan zenaren arrastoak ikus daitezke oraindik ere. Herria uztailaren 4an bisitatuz gero, bostehun urte luzeko ohitura batean partaide izateko aukera ere izango dugu. “El Barte” esaten diote, eta oinez joaten diren erromes larreatarrak Hermua herrixkaraino, hango baselizan San Martin irudia ondratzera. A! Eta azken urte hauetan sekulako ospea hartzen ari dira Larreako gaztak, Idiazabalgo jatorrizko izendapenarekin.

Zalduondo (Lazarragatarren jauregia); Arriola (Ramon Ortiz de Zarate arabar foruzaleari bere jaioterriak eskainitako hilarria: “Foruen Jagole Ramon Ortiz de Zarateri. 1817-1883”); Barria (XII. mendeko monasterioa); Narbaiza (herri zeramika erakusketa); Axpuru (San Juan Bataiatzailea eliza); Ozeta (Arrieta eta Isasmendi jauregiak); eta batez ere, inguru baketsu eta erakargarriak dastatzeko bide zoragarriak.


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude