I Goizeko seitan iratzarri nau atearen kolpe hotsak, ohartzerako barruan ziren uniformedun arrotzak. Galdezka hasi zaizkidanean dar-dar egin dit ahotsak, baina, beldurrak ezkutatzeko aholkatu dit bihotzak. Hotzikara bat sorrarazi dit eskuburdinen krak hotzak… “Bide luzea izango dun hau, eutsi ta estutu hortzak”. |
II Amaren begien amorrua, uzkurtutako bularra, aitaren arnasaren estua, bere belaunen dardarra… “Ez ezan hau gogorrago egin, utz gerorako negarra; ez itzan gehiago arduratu, atera ezan indarra!”. Aita ta ama, orain hauxe da damutzen zaidan bakarra, maite nautenek amesgaizto hau barrutik bizi beharra. |
III Maiz pentsatu dut hauxe gertatu zitekeen egunean, uniformeak gure etxera sar zitezkeen unean, senti nezakeen izuan eta senti nintekeen umean. Pentsamendu hutsa zena egi bihurtu da azkenean. Ta polizien bultzada batez atea itxi denean, inoiz izango ez naizen ni bat gelditu da barrenean. |
IV Animo oihuak entzun ditut kalera irten ahala, ta ikusi dut nire lagunak garrasika ditudala. “Animo neska, jendeak ondo hagola ikus dezala”. Urrundik flashak boteaz hasi da kamera digitala, eta taupadak eztarriraino igo zaizkit berehala, gertatzen ari denaz oraintxe ohartu banintz bezala. |
V Bi nazionalek pauso azkarrez ta bultzaka naramate, beraz, banoa maite ditudan pertsonengandik aparte. Zerbait esaten saiatu naiz ta burua jaitsi didate. Orain lagunen oihuak ditut nire izuen estalpe. Zenbat denbora pasako ote da, berriro ikusi arte?... Besoa jasotzea lortu dut ta autora sartu naute. |
VI Irain ta kolpeak hasi dira sartu orduko autora. Behera egin dit animoak ta adrenalinak gora. Gerta daitezkeen mila irudi datozkit orain gogora… “Duintasunez gainditu ezan bost eguneko aproba, hire buruaz errukitzeko edukiko dun denbora!”. Gau hau sekula biziko dudan luzeena izango da. |
VII Ai! Datorkidan kalbarioa ezabatzerik balego! Lehenik bost egun isolaturik, poliziaren petzero, ondoren Marlaskaren ehizaki, gero kartzelan numero, lau urte prebentibotan ez dut epaiketarik espero, ziegan zuekin gogoratuz lokartuko naiz gauero; eta gaitz erdi hau bizi duen azkena izanez gero. |
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]