Emakumeak borrokan
Miren Amuriza @MirenAmuriza
2013ko maiatzaren 26a

Doinua: ETAren su-etenetik.

Urtza Alkortaren hitzak
zabaldu zituen prentsak,
lehen bait lehen hartu genezan
Ondarru Aske Gunetzat.
Asteartez lo zakura
eraman ondoren presak,
portuko turrunak laster
eten zizkigun ametsak,
baina antxoa eta atunik
ez zen ondarrutarrentzat,
begiradak mehatxari,
zorrotz tentakulu ertzak;
Alamedaraino sartu
ziren olagarro beltzak.

Berehala igo ginen
denok zubi harresira,
eta hedatu zen ehunka
kasko gorriren distira.
Bortxaz nahi izan zituzten
herritarrak erretira,
ostikadak, porrazoak,
lurrean tira ta tira…
Zubitik beldurgarria
zen portuko perspektiba,
nahiz oihukatu “Ertzaintza
jendea jotzen ari da!”,
kamera gehienak zeuden
beste aldera begira.

Hiru orduren ondoren
aditu zen garrasia:
“Atxilotu dute baina
hau dago irabazia!”
Urtzari besarkada bat
zinez baitu merezia,
herriko beteranoei
gorazarre berezia.
Manten dezagun Donostin
ta Ondarrun sorrarazia,
lehen bait lehen idatz dadin
behar dugun notizia:
Herri harresitik sortu
dela irri harresia.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Argiako Bertso jarriak

Argiako Bertso jarriak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude