“Eta hala ere, mugitzen da”

KATUA ETA SAGUAREN jolasaren antza hartzen ari da ETAren komunikatu eta ezker abertzalearen berehalako balorazioena. Eta abestian ez bezala, oraingoan bada su-etenik: “baldintzarik gabekoa, iraunkorra eta atzeraezina”. Irailaren 5ean, ezker abertzalea agudo arduratu zen ETAren komunikatua bere testuinguruan jartzen eta orain ere berdintsu.

Bruselako sinatzaileei zuzenduta, ETAk esan du prest dagoela “konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne”. Ez gehiago, ez gutxiago. Baina Bilbon prentsaurrean egindako balorazioan ezker abertzaleak argi ikusi du “euskal eragileak bake prozesuan eta prozesu demokratiko atzeraezinean murgilduak daudela”.

Bakoitzaren izaera kontuan hartuta, beharbada fotogramaren ordenakontua besterik ez da. Baina badira arrazoi sakonak pentsatzeko kuku hauek ezker abertzale barruko dialektikaren ondorio direla. Edozein modutan, aurrez iragarritako uretan doa ontzia, Bruselako Adierazpenaren kaira bidean. Ezin esan zenbat sekuentziatan ikusiko dugun sarreratze hori, baina helmuga ezin da besterik izan. Edo imaginatzen du norbaitek ETA Desmond Tutu, Frederik W. de Klerck, Mary Robinson eta John Hume-ri –hauekin biltzea eskatu du ETAk El Pais-en arabera– su-etenaren ezezkoarekin erantzuten? Nekez. Eta behin hori gertatuta, Irlandan bezala, hurrengo urratsak alde politikoari dagozkio, Batasunari. Eta ondoren ETAri armekin keinuren bat egitea eta gero...

Rufi Etxeberria Batasuneko buruzagiak ere argi hitz egin du Irish Times egunkarian eskainitako elkarrizketan. Ezker abertzaleak etorkizuna indarkeria ekintza barik aurreikusten duela azpimarratu du eta ekintza biolentorik izatekotan, “hauek burutzen dituztenak gure kideek hartutako estrategiatik at eta aurka kokatuko dira”. Lehen ere esanak zituen gisakoak, baina Etxeberria da halakoak publikoki horren tinko esaten dituen bakarretakoa. Autoritate kontua.

EAJ ERE ESNATZEN hasia da, nekez ulertzen baitzen bere burua PPren eta PSEren diskurtso berean gordetzea. Eta hori ona da prozesu honentzat eta euskal gizartearentzat. Egibar, Olano eta abarren presio kontuak?

Edo pentsa liteke baita ere EAJren ohiko bikoiztasuna –PSEra zein soberanismora begiratzearena– ohi bezain eraginkorra dela? Joan den igandean izan zen horretarako parada ona, oraingoan ezker abertzalearen borondatea neurtzerako orduan. Markel Olanok El Diario Vasco-n zioenez, “gure alderdiak ezker abertzalearekin izandako kontaktuetan oso argi ikusi dugu honek posizio tinko eta argia duela”. EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk egun berean El Correo-ri esandakoekin beroarenak kendu zizkion Olanoren iritziari: “Pentsatu nahi dut ezker abertzalean badela ikusten duenik beharrezkoa dela bide politikoen apustua egitea”.

ESTATUA eta bere ordezkariek ere jarraitzen dute mugitzen, baina kontrako norabidean, ETAk armak noiz eta zein kasernatan entregatzen dituen iragarri arte ez baitago ezer egiterik. Kontrainsurgentziaren manualari tiraka, oztopoa, zango-traba eta ziri-sartzea, hori da oraingoz PSOE erakusten ari den jarrera. PPri agian bai, baina karta-joko hori ezin zaio errentagarri atera duela hiru urte Loiolako elkarrizketan murgildu zen alderdiari. Baina jakina, dena uler liteke hobeto gatazkaren irteera duinari baino, PSE PPrekin batera udal eta foru hauteskundeetan egin dezakeenari begira badago.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude