Legealdi hasieran estrategia berria abiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekimena kultura politiko berri baten aldeko testuingurua indartzera zuzenduta dago. Xabier Barandiaranek laburbildu dizkigu ekimenaren printzipioak: “1. Erakundeen arteko lankidetza lidergo partekatuan lantzea. 2. Erakunde pribatuen eta publikoen arteko lankidetza sustatzea, gobernantza eredu baten baitan. 3. Herritarren partaidetza sustatzea, euren parte-hartzea areagotzeko eta eurekiko komunikazio zuzenagoa eta estuagoa lortzeko”.
“Herritarren partaidetza sustatzeko hainbat ekimen abiatu dira jada: bai udaletan –azterketa teoriko bidez– bai Foru Aldundian esperientzia pilotuak martxan jarriz. Halaber, Udako Unibertsitatearekin Ikastaro bat egiten dugu urtero. Herritarren partaidetza liburua iaz egindakoaren emaitza da”, diosku gure solaskideak.
Abiaburuan, egiguzu arren, Gipuzkoako egoera politikoaren erradiografia orokor bat.
Gipuzkoa anitza da eta fragmentazio politiko handia dago. Zatiketa horrek, neurri batean, lurraldearen garapena eragozten du. Aniztasun politikoa ona da, baina aniztasuna zatiketa bihurtzen denean arazoa serioa da. Hala izan arren, gure ustez, gauza batzuk partekatu ahal ditugu alderdi politikoen artean. Gauza batzuetan ados jarri gaitezke. Hau da, alderdiek herri ikuspegi ezberdina izateak ez du Gipuzkoak uneon dituen erronka estrategikoen inguruan akordioa eragotzi behar, edo krisi ekonomikoaz gutxieneko adostasuna lortzeko oztopo izatea. Horiek lortzeko baina, Gipuzkoak kultura politiko berria behar du.
Gipuzkoa, indartsua eta ahula ageri da aldi berean.
Gipuzkoaren indar gunea bere ekimen maila da. Lurralde aberatsa da ekimenetan, garapen ekonomiko eta sozial handiak ditu, baita garapen kulturala ere. Gainera, bere lurralde ingurua oso orekatua da. Abantaila handiak ditu, herritarren kultura eta ekimenerako, eta hori oso inportantea da. Aldiz, gure arteko zatiketa politiko gehiegizkoa ahul gune handia da. Horrek alderdi politikoen artean beharrezko den oinarrizko komunikazioa eragotzi egiten du.
Herritarren partaidetza liburuan aditu askoren iritziak bildu dituzue. Hona ikaspen bat: oinarrizko azterketa egin ondoren, kultura politikoko garai berri honetan, herritarrak urrutiegi daude erakundeetatik. Horra oinarrizko paradigma bat. Azalduiguzu hori.
Gizarte industrial aurreratuetan izan diren eraldaketa sozialek gizartea indibidualista izatera eraman dute. Horrek, batetik, herritarren eta politikoen arteko harremanetan eraginik izan du. Bestetik, badaude ere beste arrazoiak: uneon politikarien arteko harremanetan arautzen ari diren baloreak ez zaizkie herritarrei gustatzen, herritarrak eta politikariak urruti daude elkarrengandik. Horiei guztiei Europan ematen ari diren gizarte aldaketa eta Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa gehitu behar zaizkie. Gatazka politikoak distantzia hori areagotzen du.
Erakunde publikoen eta pribatuen artean lidergo partekatua garatzea duzue helburu. Gipuzkoa bezalako proiektu bat ezin dela erakunde publikoetatik bakarrik eraiki diozue.
Lidergo partekatuaren inguruan bi atal daude: Gipuzkoako Foru Aldundiak kolaboratu eta lan egin behar du udalekin, eta noski, Eusko Jaurlaritzarekin ere bai. Nahiz eta beste erakundeetan beste kolore bateko alderdi politikoek zuzendua eta lideratua izan, Gipuzkoarako erronka estrategiko diren horietan gutxienez, Foru Aldundiak lankidetzan aritu behar du beste erakundeekin.
Lidergo partekatua beste erakundeekin elkarlanean garatu daiteke erabat?
Den-dena ez. Baina, gutxienez gipuzkoarrentzat estrategikoak eta komenigarriak diren gaietan bai. Lidergo partekatua gizarteko beste eragile batzuekin ere landu behar da, eta horretan ere, gure gobernantza eredua aldatu behar da. Alegia, gaur egun, herrigintza ezin da bakarrik egin erakunde publikoetatik, herrigintzaren ereduan lankidetza publiko/pribatua funtsezkoa da.
Hori lantzeko, komunikabideen logika informatzailea oztopo dela esaten da liburuan.
Komunikabideak iritzi publikoaren eraikuntzan agente klabeak dira, dudarik gabe, komunikabide handiek –zehatzago esanda– jokatzen duten rolak ildo politiko batzuei erantzuten die. Beraz, komunikabide independenteen eredura jo beharra daukagu. Hain zuzen ere, iritzi publikoa modu demokratikoan eraiki nahi baldin bada, komunikabide horiek ez dute menpekotasun politikoa izan behar.
Zer eskatu behar zaie hauei?
Independentzia eta profesionaltasun gehiago. Dena den, menpekotasun hori izateak ez du esan nahi komunikabide horiek ez dituztela balore batzuk, ez dutela estrategia propio bat. Baina nire ustez, komunikabideen dependentzia ildo politikoetara lerratzen denean, iritzi publikoaren eraikuntza ahultzen da.
Erakundeen eta herritarren arteko hoztasun politikoa da liburuan azpimarratzen den beste puntu bat.
Hoztasun politikoa begi-bistakoa da. Gipuzkoan hoztasun politikoak hiru arrazoi ditu. Lehena: gizarte indibidualistan politikaren pribatizazioa eman da. Bigarrena: politikagintzan nagusitu diren baloreak ez dira egokiak. Herritarrak oso kritikoak dira balore horiekiko, herritarrek politikoak beren interes partikularren defentsan ikusten dituzte, ez denon interesen defentsan. Politikarien arteko hika-mika asko ikusten dute. Beraz, politikagintzan nagusitzen ari diren balioetan arazoak dauzkagu. Hirugarrena: gatazka politikoak asperdura sortu du herritarrengan.
Horri aurre egiteko nahiko al dira aipatu dituzun printzipio horiek lantzea?
Ez. Ez da nahikoa herritarrek parte-hartzeko sistema artikulatzea, krisia sakonagoa da. Egoerak erakundeen eta herritarren arteko komunikazioa lantzeko hausnarketa eskatzen du. Komunikazio hori zein baloreek gidatua izan behar duten ezagutzeko azterketa sakonagoa egin behar dugu.
Alegia...
Bada, ez dugu arazo hau konponduko pentsatzen badugu herritarren parte-hartzeko programak martxan jarrita konponduko dela. Hori bidea da, baina sakondu egin behar da. Gure arazoa oso sakona da: herritarren eta erakundeak zuzentzen dituzten artean eten bat dago. Lotura hori berreskuratzeko modua bilatu behar dugu denon artean.
Mendebaldeko demokrazietan bi esparru daude: esfera “zaharra” eta “berria”. Tokian tokiko esparrurantz itzultzeko eta esparru globaleranz joateko borondateak. Testuinguru horretan, herritarren inplikazioa eraldatzen ari da, antza.
Liburuaren arlo hori oso interesgarria da. Herritarren eta politikariaren arteko komunikazioan harreman esferak biderkatu dira. Batetik, gu espazio berri batean mugitzen ari gara. Dagoeneko ez gara mugitzen ari esparru lokalean bakarrik, espazio nazionalean, estatalean eta globalean ere mugitzen ari gara. Herritarrak espazio ezberdinetara sartu dira, eta espazio horietan sartzeko bitartekariak anitzak dira, sartzeko moduak askotarikoak dira, teknologia berrien bitartez, adibidez. Esfera berri horietan sartzeko ahalegin berria egin behar du herritarrak, eta erakundeek ere ahalegina egin behar dute herritarra inplikatzeko.
Liburuan hainbat ekimenen inguruko esperientziak agertzen dira halaber.
Beste lurralde historikoetako –Katalunian, kasu– Frantziako edota Europako zenbait herrialdetako esperientziak dira. Gu ez gara zerotik abiatu, gure inguruan egiten ari denari arreta jarri diogu. Horrek herritarren partaidetza aberasten du, aberasten ditu politikaria, erakundeak, eta ikaragarri aberasten ditu herritarren eta erakundeen arteko komunikazio prozesua. Oraindik ez daukagu ohitura gehiegirik. Ikasketa prozesua da, baina atzerabiderik ez duen bidea da. Demokrazian sakondu nahi baldin badugu herritarren parte-hartzean sakontzea ezinbestekoa da.
Praktikara eramatea da kontua.
Bai. Foru Aldundiak hiru esperientzia mota landu ditu dagoeneko. Batetik, herritarren partaidetza egitasmoa abian da, hogei udalerri programa horretan sartu dira. Bestetik, ahalegin handia egiten ari gara herritarren parte-hartzeko formakuntzan. Eta hirugarrenik: Aldundian bertan esperientzia pilotuak indarrean ditugu herritarren parte-hartzea sustatzeko. Hiru esperientzia hauek sustatu ondoren, foru arau berri bat proposatu nahi dugu Batzar Nagusietan, gobernantza eredua indartzeko eta bereziki herritarren eta erakundeen arteko komunikazioa sustatzeko.