Astekaria egiteko fabrika

  • Argiako edukiak erabakitzen diren tokitik astekaria argitaratzen den lekuraino distantzia txikia dago, metro batzuk baino ez. Baina metro horiek egiteko egun batzuk eta pertsona zein makina askoren lana behar da.
Erredakzioa
Erredakzioa
Astelehenean, eguerdi partean, Argiako erredakziora hurbiltzen denak hutsik topatuko du seguruenik. Astekariaren edukiak erabakitzeko bilduta daude. Aste horretan osatu beharreko aldizkariaren edukiak zehaztuta daude ordurako. Baina aurrera begira lantzeko gaiak proposatzen dira, aurreikusitako gaiak zer datatan argitaratuko diren eta zenbat orrialde hartuko dituzten zehazten da, edo iragarkiak zer tokitan sartuko diren erabakitzen da, besteak beste. Kaleratutako azken aldizkariari ere errepasoa egiten zaio aste hasierako bileran, ondo eta gaizki egindakoa baloratzeko.

Argiako eduki batzuk erredakzioko kazetariek beraiek idazten dituzte eta beste batzuk kolaboratzaile sareak sortzen ditu. Erredaktoreek kolaboratzaileen testua jaso, atondu eta zuzentzen dute. Argazkiak edo irudiak lortuta, erredaktoreak berak egiten du erreportajearen maketa. Horrenbestez, erredakzioko kideen ordenagailuetatik edukiak maketatuta irteten dira, beranduenez ostegunean, osteguna baita astekaria ixteko eguna.

Argiak Antzarekin lotzen duen atea zeharkatzen du orduan, Antza arduratzen baita maketak bildu eta txukuntzeaz, eta publizitateak eransteaz. Halaber, astekaria filmatzea Antzako diseinu grafikoko kideen lana da.

Bide laburra egin behar du aldizkariak inprentara iristeko; Antza inprimategia Argiako egoitzaren pareko pabilioian dago.
Argiaren mamia itxita, ostiraletan azala finkatzen da. Astean zehar hainbat bide landu eta gero, azal bat baino gehiago izaten da aukeran. Irudia erabaki, titularrak zehaztu eta azala ere filmagailutik pasatzen da inprentara iritsi baino lehen.

Aldizkariak hurrengo astearen hasieran irtengo dira labetik. Eta astebururako harpidedunen etxeetan eta saltokietan izango dira. Ale batzuk ez dira urrutira joango; hurrengo astelehenean erredakzioko kideek erabiliko dituzte Argiaren zenbaki hori baloratzeko.

Baina erredakziora joan ordez eskilarak igotzen dituenak Argiak ideietatik paperera egiten duen bidea azaldutakoa baino konplexuagoa dela ikusiko du. Goiko solairuan daude kudeaketaz, publizitateaz, harpidetzez eta Argia.com-ez arduratzen direnak.

Eta edukiak erabaki, idatzi, maketatu, filmatu eta inprimatzeaz gain, goiko bizilagunak beharrezkoak izango dira, Argiak beste 90 urte iraungo badu.
Ordenagailuak? Bai, eskerrik asko
Astekaria argitaratzeko prozesua askoz gehiago aldatu da azken 30 urteotan, aurreko 60etan baino. 1980an Argia kaputxinoek Donostiako Okendo kalean zuten egoitzan egiten zen oraindik. Kazetariek idazmakinaz idazten zuten. Hizkien arrastoa plastikozko zinta baten gainean uzten zuten eta zinta fotokonposaketa enpresa batera eraman behar zen. Handik argazki-paper gisa jaso, muntatu eta fotomekanika eta inprimaketa lanak ere kanpora bidaltzen zituzten. Administrazio kontuak eskuz egin eta kutxa batean sartzen zituzten. Harpidedun bakoitzeko eztainuzko txapa bana egin eta horiek ere kutxatan gordetzen zituzten.

1982an Egia auzora aldatu arren, azpiegitura ez zen aldatu. Adizkari guztiak eskuz tolesten ziren eta, ondoren, harpidedunaren helbidea idatzita zeukan paperaz biltzen zituzten. Hurrengo urtean erosi zuten lehenengo ordenagailua, Altos izenekoa eta, hala, fotokonposaketa etxe barruan egin ahal izan zuten. Gainera, herrialde bakoitzeko harpidedunen zerrendak diskete banatan gordetzea lortu zuten.

Ondoren, El País egunkariari Harris markako bigarren eskuko TXT filmatzeko makina erosi zioten. Filmatze lanak ere etxera ekarri zituzten, baina, prozesagailurik ezean, errebelatzea eskuz egin behar zuten. Paisaia bitxia osatzen zuten astekariko edukiek, lehortzeko esekita.

1985ean astekaria Ametzagaña kaleko egoitzara aldatzean, izen bereko enpresa taldea gorpuzten hasi zen: Antza inprimategia eta Apika ordenagailu enpresa –egungo ASPren aurrekaria– jarri ziren abian. Argiaren prozesu osoa bertan egin zitekeen, filmagailu berria eta bi Europa ordenagailu baliatuz –eta ahalegin handia eginez–. Europa ordenagailuei esker “tz”, “ts” eta “tx” zuten hitzak zuzen mozteko lehen programa garatu zen egoitza horretan.

Ordutik hona aurrerapen handiak egin dira. 1988an bigarren kolorea sartu zen aldizkariaren orrietan eta 1997tik aurrera 4 koloretan inprimatuko da astekari osoa. Prozesu guztia Ametzagaña taldearen barruan egiten da oraindik, gero eta azkarrago eta zehatzago. Baina Argiako kazetariak, komertzialak, administrazioko langileak eta kudeatzaileak ordezkatuko dituen makinarik ez da asmatu gaur arte.

Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


2024-05-14 | Hala Bedi
Kutxi kaleko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Eguneraketa berriak daude