Saturrarango kartzela

Hotel krudela emakumeentzat

  • 1938tik 1944ra, milaka emakume eta haur kartzelaratu zituzten Saturraranen. Bizi-baldintza tamalgarrietan iraun zuten, gaixorik eta gosez. Gerraosteko kapitulu beltza da hau, nahi baino gehiagotan historiak ezkutatu duena.
Josu Chueca
2008ko abenduaren 21a
Saturrarango kartzela
Harriturik gelditzen ziren hara heltzen zirenak. Tren bagoi ziztrinetan Espainia osoa zeharkatu ostean, mendi malkartsuen eta itsasoaren artean, kartzela itxurarik ez zuten etxetzar batzuk izaten zituzten aurrez aurre. Baina, aldameneko guardia zibilak, soldaduak eta atari sendo bezain handiek gogoratzen zieten zigortuendako leku bitxi batera eraman zituztela. Saturraranen zeuden (Mutriku, Gipuzkoa), beraientzat espresuki atondutako presondegi berezian.

Ordurako ezagunak zitzaizkien frankisten espetxeak, izan herrietako kartzelak edo izan probintziakoak. Ezagun zitzaien, nola ez, Madrilgo Las Ventas ospetsua ere. Azken hori izan zen emakumeendako kartzelen sarean garrantzitsuena. Las Ventasen eraikuntza Victoria Kent Presondegietako zuzendari ezkertiarrak bultzatu zuen, gerra aurreko asmo berritzaileek eraginda. Errepublikarekin eraiki bazuten ere, laster bilakatu zen frankisten zigor politikaren eta kate errepresiboaren ardatz nagusietakoa. Izan ere, 500 presoendako prestaturik zegoen leku txikian, 1939an 11.000 emakume zituzten gatibu, bertako ziega eta aretoetan pilatuta. Gehienak epairik gabe zeuden, baina behin-betiko epaia jasotzen zutenean, Estatuko beste kartzeletara eramango zituen bidaia hasten zuten; Madrilgo Las Ventastik emakume preso aunitz bidali zituzten Mallorcara, Malagara, Durangora, Zornotzara eta Saturraranera. Lehendabiziko biak espetxe arruntak ziren, Las Ventas bezalakoxeak, baina Euskal Herrikoak, komentu, ikastetxe eta apezgaitegiak izan ziren iraganean.

Bilakaera xelebre horren arrazoia bistan da: frankisten garaipenak presoen kopurua ugaritu zuen proportzio geometrikoan eta ondorioz, kanpaina militarrak bukatu orduko, kartzela berrien beharra nabaritu zen. Izan ere, betiko espetxeak eta kontzentrazio esparruak edo langile batailoiak ez ziren aski zegoen gatibu andana gordetzeko. Horregatik, komentu eta ikastetxeetako gelak egokitu zituzten, ziegak, burdinak eta zaindariak jarriz, errepresioa aplikatzeko asmo osoz. Durangokoa, esate baterako, gerra hasi baino lehen moja frantsesen komentua zen, baina borroken ondorioz hutsik geratu zen eta frankistek kartzela gisa erabili zuten, bertako serorek beraiena zena aldarrikatu eta berreskuratzea lortu zuten arte.

Itsas labarrak hesiturik

Saturraranen, Mutrikuko itsas ondoko orube horretan, aspaldiko bi hotel zahar  –Astigarraga eta Saturraran– eta apaiztegi izandako etxea zeuden. Frankistek hiru eraikinak bereganatu eta emakumeentzako espetxe bihurtu zituzten; 1944. urte arte izan zuten funtzio zital hori. Lehen presoak 1938ko urtarrilean eraman zituzten kartzela berrira, Donostiako Ondarretako espetxetik. Pixka bat beranduxeago preso gehiago iritsi ziren: Galiziatik, Bizkaitik, Kantabriatik eta bereziki Asturiastik; azkeneko “apopilo” horiek izan ziren gehiengoa kopuruz.  

Ipar frontea hondoratu zenean, frankistek gatibuen uzta oparoa jaso zuten eta hortik aurrera kopurua handituz joan zen etengabe. Hasierako preso multzo handiei gehitu zitzaizkien Andaluzian eta Gaztelan 1939az geroztik harrapatutakoak. Ondorioz, Saturrarango emakumeentzako espetxea gero eta garrantzitsuago bilakatu zen presondegietako egituran. 1940an 1.500 presotik gora zegoen bertan eta hiru urte beranduago, nahiz eta kopuru hori heren batean jaitsi, Saturrarangoa zen emakume gehien biltzen zuen kartzela 1.050 atxilorekin –Madrilgo kartzelak 400 preso eta Malagakoak 200 zituzten, hurrenez hurren–.

Bizilekuak nola hala prestatu zituzten Saturraranen, bai emakumeak eta bai beraien haurrak gordetzeko. Eraikuntza txikiena guardia zibilen eta soldaduen koartela zen eta beste biak presoentzako ziegak. Itsas labarrak hesitzen zuen eremu horren barruan, sei pabiloietan banandu zituzten presoak. Batean, antzinako Hotel Astigarragan, amak eta horien seme-alabak zeuden. Gehienak jaioberriak edo oso adin txikikoak ziren; 1940an indarrean jarritako legediaren arabera 3 urte bete arte egon zitezkeen haurrak amarekin. Gainontzeko pabiloietan umerik gabeko emakume presoak zeuden. Kartzela handietako galerietan gertatzen zen legez, Saturraranen ere, debekatuta zuten pabiloi batetik bestera igarotzea eta bakarrik kartzeletako zaindariaren festan, Mesedetakoan edo Korpusti eguna bezalakoetan uzten zieten horrelakorik.

116 emakume eta 56 haur, gaixoturik hilda

Bizi baldintzek, noski, ez zuten lehengo hotelarekin zerikusirik, ezta apaiztegia izandakoarekin ere. Kartzela ireki eta lehenengo hilabeteetan oherik gabe egin behar izan zuten lo presoek, zurezko lurraren gainean. Pabiloietako aretoetan 45 zentimetroko zabalera zuen leku estua moldatzen zuten beraien hatua paratzeko. Bazkaltzeko berdintsu: mahairik eta jangelarik ez zegoenez, metalezko platerean jatekoa eskuratu eta lur gainean eserita jaten zuten arrantxoa, erabateko isiltasunean. Bestalde, janaria oso urria zen eta senideek eta inguruko herrietako lagunek bidalitakoarekin konpondu behar izaten zuten. Testigantza guztiek bat egiten dute esatean gose ikaragarria pasa zutela eta horri aurre egiteko, kanpoko elkartasuna ez zela nahikoa izan. Gainera, presoak zaintzen zituzten lekaideek, kanpotik bidalitako jakiak bereganatu eta presondegiko ekonomatoan jartzen zituzten salgai, Ondarroako arrantzaleek presoentzat emandako arrainak, adibidez.

Gaixotasunek ere oso gogor jo zuten hotel bitxi horretan. Mutrikuko hildakoen liburuek zehatz-mehatz esaten dute 116 emakume hil zirela 1938tik 1944ra bitartean Saturrarango murruen artean. Hainbeste hildako zegoenez, arduradunek hilerria sortzea pentsatu zuten, baina asmoak ez zuen aurrera egin eta betiko sistemarekin jarraitu zuten; hau da, hildakoak Mutrikuko kanposantura gurdian eramaten. Eritasun hilkorrenak tuberkulosia eta bronkopneumonia ziren, baina beste gaitz askok ere –digestioan arazoak, tifusa, nefritikoak...– oso latz jo zuten giltzaperatutakoen artean. Hildakoen liburuetan garbi ageri da haur ugari hil zela urte horietan, 56 haur, zehatz esateko. Tristea bezain bitxia da horien berri izatea soilik hil zirelako. Izan ere, linboan baileuden, beraien berri ez zuten ematen kartzeletako agirietan eta hiltzen zirenean baino ez zituzten izkiriatzen haien izenak Mutrikuko eliz liburuetan. Iturri horren arabera, horietako asko errakitismoaz edo bronkopneumoniaz hil ziren. Umeen hil jario hori 1944an amaitu zen, ume gehienak, bat-batean eta inolako jakinarazpenik gabe, Espainiako Estatuak kudeaturiko hospizioetara aldatu zituztenean. Orduz geroztik, beste tragedia bat hasi zen, behin haurra amarengandik bereiztean, amak oso zaila baitzuen seme edo alabatxoa berreskuratzea.

Arantzazu Velez de Mendizabal: “Pantera zuria”

Miseria guzti horien kudeatzaileak eta agintariak ez ziren ohiko kartzeletako zaindariak izan, lekaide batzuk baizik. II. Errepublikarekin, espetxeetako kaperauen saila desegin eta emakumeentzako kartzeletan zeuden serorak ere kanporatu egin zituzten. Baina, jakina, frankistek “zerbitzu” hori berrezarri zuten. Emakumeen espetxeetara mota guztietako mojak itzuli ziren atxilotuez arduratzeko. Zornotzakoan, esate baterako, San Joseren ahizpek jardun zuten, eta Iruñekoan, San Vicenteko Karidadekoek. Saturraranen, eraikinen kanpoaldea 50 bat soldaduk zaintzen zuten arren, barruko erregimen osoaz Mesedetako 25 lekaide arduratu ziren. Pabiloi bakoitzean 4 serora zeuden eta guztien buru Arantzazu Velez de Mendizabal izan zen. Manuel Sanz eta Antonio Maya zuzendarien laguntzaile zuzena zen Velez de Mendizabal, eta funtsean, preso guztien aurrean nagusia zen. Oso ospe txarra irabazi zuen “pantera zuria” deitu izan zuten serora horrek; errepresioaren eta agintearen ikurra izateaz gain, joera oso oldarkorra erakutsi zuen beti presoekiko: “Jaungoikoaren ordezkaria” omen zelako, bere aurrean eskua altxatu behar izaten zuten presoek, “Arriba España!” oihukatzen zuten bitartean. Dirudienez, preso arruntekin, “emakume galduekin” bereziki, izaten zen jokabidea –diziplina gogorraren bitartez makurraraztearena– preso politikoei ere ezarri nahi omen zien. Baina Saturrarango emakumeekin jarrera horrek ez zuen balio izan, behin eta berriz zigorrak ezarri bazizkieten ere –isolamendu ziegetan sartzea, batez ere–. Lehen hilabeteetan lehia gogorra izan zuten presoek eta serora horiek, lehendabizikoek bere status politikoaren onespena erdietsi zuten arte. Orduz geroztik zokoraturik geratu ziren nazionalkatolizismo itsuaz baliaturik egindako inposaketak –errosarioa errezatzea, mezetan, misioetan eta katekesietan parte hartzea…–. Norbaitek horrelako ekintzetan parte hartu nahi bazuen, eginen zuen, baina ez serorek agintzen zutelako; beraz, bakoitzak bere leku eta ideiei eutsi zien. Testuinguru berezi horretan, bitxia bada ere, bertako apez Jose Maria LLepasek oroitzapen arras onak utzi zituen hor egondako presoen artean. Inguruko herrietatik jaso zuten laguntza askoren bultzatzaile izan zen LLepas eta kartzelan zeudenekin jarrera gizatiarra erakutsi zuen.  

Hezkuntza jardueretan eredugarria

Dena den, beraien nortasun ideologikoari eustea baino askoz gehiago ezin zuten egin hor zeuden emakumeek. Beraiek aitortu dutenez, jardun politikorik apenas izan zuten. Korronte guztietakoak izanik ere –komunistak, sozialistak, euskal nazionalistak–, bizirauteko beharra izan zen beraien arteko lotura eta elkartasun uztarri bakarra. Ez zen izan, beste kartzeletan bezala, eztabaida  politiko sendorik, barne aldizkaririk edo ekimen politiko nabarmenik. Bertan egon zirenek esan izan dute informazio politiko eskasa zutela, eta arranguraz –eta ironiaz– gogoratzen dute, kartzelatik entzuten ziren Ondarroako ezkilek frankisten aurrerapenen berri ematen zietela. Hiri garrantzitsu bat eskuratzen zuten bakoitzean, jo eta ke aritzen ziren ezkilak. Gero zeharkako informazio hori baieztatzen zuen Te Deum-a egiten zuten, nazionalen garaipena eskertzeko. Horrelako ospakizunak amaitu zirenean jakin zuten gerra galduta zutela eta hortik aurrera Saturraran luzarorako izanen zela emakume askoren sufrikario gunea.

Oinazea leuntzeko asmoz-edo, hainbat ekintza antolatu zituzten presoek, arrakasta handiz gainera. Hagitz ohikoak ziren tailerrak aparte utzita –dominak egin, josi, brodatu...–, alfabetatze eta kulturizazio jarduerak jarri zituzten martxan; horretarako, espetxeko maistren laguntza izan zuten. Emakume preso horiei esker, Saturrarangoa eredugarria izan zen eremu horretan. Baina inolaz ere Redención aldizkariaren ikuspegitik –Espainiako presondegiak harrokeriaz loriatzen zituen, Saturraran eta San Isidroko Amen kartzelak kasu–, baizik eta presoek beren kabuz egindako ahaleginarengatik. Saturrarango kartzelako egiazko egoeraz ozenki hitz egitea ezinezkoa zutenez, umeen lekualdatzea egin ostean, kartzela bera ixtea erabaki zuten frankistek. Zornotzakoa berregituratu zutenean hara eraman zituzten Saturraranen zeuden hainbat preso eta gainontzekoak Estatuko kartzelatan sakabanatu zituzten. Hori 1944 aldean izan zen eta ordurako presoen kopurua dezente jaitsi zen. Jakina denez, 1943az geroztik II. Mundu Gerrak hartutako norabideak beharturik, frankistek moteldu egin zuten beren jokabide errepresiboa. Indultuen bitartez, preso kopurua –bereziki emakumeena– asko gutxitu zen. 

Libre utzitako batzuk Saturraranen inguruan geratu ziren –Eibarren, Ondarroan edo Mutrikun–, barruan gelditutako adiskideentzat elkartasun lanetan aritzeko. Jakin baitzekiten diktaduraren amaiera urrun zela, baina era berean, gerra galduta ere, kartzeletan bizi izandakoak adierazten zien oker ez zeudela, Francoren espetxe sare tamalgarriak ere indartzen zuela beraien arrazoia,  beraien aukera eta jardun politikoa.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Emakumeak eta errepresioa frankismoan

Emakumeak eta errepresioa frankismoan kanaletik interesatuko zaizu...
2018-04-26 | Arabako Alea
Frankismoaren kontrako erresistentzia sarea antolatu zuen Luis Alava buruzagi abertzalea omenduko dute

Maiatzaren 5ean egingo dute Luis Alava Sautu omentzeko ekitaldia, Gasteizen. Duela 75 urte fusilatu zuten, Madrilen, Francoren kontrako erresistentziako Araba Sareko antolatzaile zena.


Maravillas Lanbertori omenaldia egin diote Larraga jaioterrian

Larragan omendu dute frankistek bortxatu eta erail zuten bizilaguna: Maravillas Lanberto Ioldi. Kantua, musika eta antzezlana izan dituzte herrian.


2018-04-10 | Goiena
Intxortako erresistentzia gogora ekartzeko ekitaldi sorta Elgetan

Elgetako Udalak Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean bi asteko egitaraua gertatu du Intxortako erresistentziaren 81. urteurrena aldarrikatzeko. Aurten, aldaketa nabarmenena da lubakietan egin izan den borrokaldien errekreazioaren ordez Elgetaren gainbehera izeneko antzezlana egingo dutela herritarrek.


2018-03-02 | Arabako Alea
Frankismoan preso egondako emakumeak omendu dituzte Gasteizen

Bigarren Memoriagunea inauguratu du Gasteizko Udalak, Sagrado Corazon ikastetxearen aurrean.


San Kristobal gotorlekuko emakume solidarioak
Harresien ertzean lurperatutako ahotsak

Ezkaba mendian inprobisatutako kartzelaren barruan gertatutako tragediaz bagenekien zerbait, ez hainbeste murru horietatik at emakume taldeek eraman zuten borrokaz. Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak presoen biziraupenerako ezinbesteko izan ziren itzaleko sare horien protagonistei ahotsa eta aurpegia jarri die orain.


Erlojuaren kontra

Joan den larunbatean, hilak 20, Bergarako laugarren instrukzio-epaitegian deklaratu behar zuen Jesus Mari Txurrukak. Bere aitonaren anaia Hanburgoko kontzentrazio zelai batean hil zen 1945ean, eta birramona berriz, faxistek hil zuten bederatzi urte lehenago, Elgetako haren baserrian hotz-hotzean tirokaturik. Baina ez du deklaratuko. Ez berak ezta urtarrilean zehar epaitegitik igaro behar zuten frankismoko biktimen beste 13 senideek ere.


Galtza luzeak jazteagatik 10 pezetako isuna

Baserritik galtza luzeekin jaitsi eta isunarekin itzuli zela etxera kontatu du Arantxa Arregi azkoitiarrak (Azkoitia, 1935) Maxixatzen aldizkarian. Arantxa Arregi eta Antonia Aldalur galtzak eta txapela jantzita irten ziren enkargutara, baina dendatik irtenda udaltzainak gelditu eta isuna jarri zien galtza luzeak eramategatik. Honela zioen isuneko faltak: "ir vestido de chico por las calles, el día 16 del actual". Arregik harro kontatzen du herrian galtza luzeak jantzi zituen... [+]


Ziku˝agako paper lantegiko emakume langileen borrokak 50 urte

1967ko irailaren 9an grebari ekin zion emakume talde batek Hernaniko lantegian, soldata jaitsi zietelako eta baldintza duinak eskatuz. Garesti ordainduko zuten.


Torturatuak izan ziren emakumeen testigantzek dardarka jarri dute Nafarroako Legebiltzarra

Torturak pairatu zituzten bost emakumek euren testigantzak kontatu dituzte asteazkenean Nafarroako Legebiltzarrean. Bost hamarkada ezberdinetan torturatu zituzten, baina antzeko testigantzak kontatu dituzte. Bertaratutakoek isilik eta hunkituta entzun dituzte lekukotasunak. Besarkada eta babes keinuen bitartez lagundu diote elkarri bost hizlariek.


2017-03-24 | Hala Bedi
Estibaliz de Miguel
"Frankismoaren garaian ere kartzeletan emakumeen arteko erlazioak egon ziren"

Gaur Estibaliz de Miguel EHUko irakasle eta soziologoa izan dugu Kantoian, eta emakumeen kartzelako bizipenez hitz egin digu. Emakumeen arteko erlazio sexu-afektiboak eman izan direla eta ze egoeratan eman diren azaldu digu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude