«Presioa oso handia da munduak forma politikorik izan ez dezan»

  • Bilbo, 1959. Nafar nahiz arabar jatorrikoa, Innerarity abizenak bere sueziar askazia agertu arren. Filosofian doktorea. Zaragozako Unibertsitatean nahiz Parisko Sorbonan dihardu. Le Nouvel Observateurrek munduko 50 pentsalari onenen artean ipini zuen 2003an. Ética de la hospitalidad, La transformación de la política, La sociedad invisible edo El nuevo espacio público dira bere azken lanak. Guk kaleratzear den Le futur et ses ennemies liburuaren gainean oinarritu dugu solasaldia.
Daniel Innerarity
Dani Blanco
Eusko Ikaskuntza Saria jasoko du udazken honetan. Giza harremana, artea, kultura edota zientzia sozialetan nabarmendutako lanak hartzen ditu kontuan sari honek. 2008an, Daniel Innerarity pentsalariaren lana hartu du aintzat Eusko Ikaskuntzak. Flammarion argitaletxeak Le futur et ses ennemies (Etorkizuna eta bere arerioak) liburua kaleratu baino lehen –egileari esker– irakurtzeko parada izan dugu. Datorren elkarrizketa “ez ohikoa” da. Alegia, galderetan beretan elkarrizketa egilearen beraren barne gogoetak baitoaz. Esan dezagun elkarrizketa gogoeta-solasa bihurtu dela. Gizarte demokratikoen etorkizuna hartu dugu hizpide abiatzeko. Daniel Innerarityk Eusko Jaurlaritzaren herri galdeketaz eta geure etorkizun politikoaz bere iritzia ere eman digu.

Zure lanak bete-betean aztertzen du egungo tirania edo nagusikeria. “Denbora”ri buruzko gogoetak dira zure lanaren eta gure gizartearen etorkizuneko gakoa. Gogoeta horiek egungo pentsamoldea berritzera datoz nolabait. Ados zaude azalpen horrekin?


Espazioa ia obsesio bihurtzeraino ageri da gizarteari buruzko azken teorietan, globalizazioaren kategoriaren bitartez esaterako, eta horrek “denbora” faktorea eta denborak komunitateak sortzeko eta deuseztatzeko eta sinkronizatzeko edo baztertzeko bektore gisa funtzionatzeko duen indarra ahaztera eraman gaitu. Hain zuzen ere horixe da egun nire kezka, denborari buruzko gogoeta oinarrizko kategoria gisa txertatzea, gure gizarteen izaera, erritmoa, helburuak, gatazkak eta politika berritzeko aukerak ulertzeko.

“Etorkizunerako etika” proposatzen duzu eta gakoa transmisioa dela diozu. Zer da transmisioa hitz gutxitan?


Nire irudiko egungo gizarteek oso modu larrian arriskatzen dute etorkizuna. Egungo belaunaldiak etorkizuneko belaunaldien kontura bizi dira, eta etorkizuneko etikaren gunea hauxe da: etorkizunak pisu politikoa nola har dezakeen pentsatzea, zeregin politikoetan nola sartu asmatzea. Iraunkortasunak eta bestelako gaiek pentsamoldea aldatzea dakarte eta bizi direnen diktaduratik ateratzeko exijitzen digute, gure gogoetetan existitzen ez direnak ere kontuan hartzeko; ingurumen osasuntsua eskuratzeko eskubidea dutelako, baita erakunde orekatuak eta ekonomikoki segurua den gizarte zerbitzuen sistema ere.

Etorkizunaren ezagutza.


Berrikuntza eta sormena nagusi dira gure gizartean. Errealitatea kontrolatzen dugula ziurtatu nahi dugu. Baina gure eguneroko bizimodua etorkizunari buruz egindako aipamenen menpe bizi da, etorkizunari buruz dugun ezagutza espekulazioaren ondorio da. Ez dugu behatzen, ordea. Galdu egin ote dugu gizakiok ikuspegi historiko hori?


Egungo eta berehalako kontuekin lanpetuegi gaudela iruditzen zait, ez diegula ia arretarik ematen joera edo aldaketa sakonei. Errealitateari epe luzera begiratuz baino ez dira horiek guztiak antzematen nire ustez. Egungoaren tiranokeriak itsututa gauzka. Ikustea aurreratzea da, eta berehalakoaz baino arduratzen ez direnak egon nahi ez duten lekura iristen dira azkenean. Itsasoan igerian ari garela inguruan, metro koadro batean, daukaguna ikustearen parekoa da, itsas hondoko korronteei jaramonik egin gabe.

Jarraitzeak biziberritzea ekarri izan du. Prospektiba, horixe da gako-hitza. Liburuan diozunez, hauxe da gakoa: “Denbora homogeneoa dela sinetsita pentsatzen eta jarduten duen iraungi/zahartu ereduari ez jarraitzea. Etorkizuna bere erabakien arabera eraldatzea da gizarte modernoen akatsa”. Denbora homogeneoaren aldagai historikoa “aldatu” egin al da?


Etorkizuna ezagutzeko irudimena behar da, gizarte dinamikoetan etorkizuna ez baita egungoaren jarraipen hutsa. Ziurgabetasun handiagoz bizitzen ikastea ere eskatzen du. Izan ere, etorkizuna ez dago aurrez erabakita, gero eta arrisku-faktore eta konplexutasun gehiago daude, eta horiek guztiak kudeatzen jakin behar dugu.

Beharrak ezagutzetik joerak onartzera igaro gara. Politika –bere programa, erreforma eta estrategiekin–, egokitzeko logikaren menpe dago. Horixe da politikaren eta klase politikoaren egungo krisia. Gizarteak erronka berriei egin behar die aurre: malgutasun handiagoa behar du eta bere mugak ondo ezagutu. Horretarako gai dela uste duzu?


Bereziki amorrarazten nau egoera berrietara egokitu behar dugulako lelo horrek, egungo diskurtso politikoan etengabe aipatzen dena. Etorkizuna eraiki egin behar da, baina badakigu etorkizuna eraikitzeak ez duela etorkizuna gure menpe jarriko, eta beraz, ezingo dugula aldez aurretik iragarri. Politikak ez du hautatu behar: errealitatearen menpe egon edo errealitatea erabat kontrolatu; eraikitzeko eta gobernatzeko, tarteko bideak daude, eta horiek aztertu beharko genituzke.

Kronopolitika: gizarte erritmoak gobernatzea.

Azkarren tiraniak zuzentzen bide du mundua. Denboraren eraginkortasunaren, eztabaidarako denboraren eta eztabaida legezkotzat jotzearen arteko kontraesanaren menpe bizi da politika. Zientziaren eta teknikaren garapena ez da gizarte garapenaren pareko. Desinkronizazioa gakoa da munduan, mundu globalizatuan, gizarteko bidegabekeriak ulertzeko. Denbora demokratizatu daiteke? Antola daiteke botere bat denboraren gainean?


Nire ikuspegitik, gobernatzea gizarte denborak, gizon-emakumeenak, ekonomiarenak eta zientziarenak, kontsumoarenak eta ingurumenarenak, sinkronizatzea baino ez da. Beste garai batzuetan zaintza-dorreak eraikitzen zituzten lurraldea zaintzeko, eta egun beharrezkoa da gizarte denborak behatzea. Horretan datza guztia: etorkizuna, bazterketaren aurkako borroka, berdintasuna…


Historia aldatu egin da eta kontraesan hau gertatu da: ezkertiar progresistek desazelerazioa nahi dute, kontserbadoreek, berriz, azelerazioa. Hori da ideologia historiko logikoa “desitxuratzen” duen paradoxetako bat. Estatuak mantso doaz eragiketa globalen abiaduraren aldean. Gizarte modernoak dinamizatzen dituen estatuak gizartea moteltzen du. Politika bera anakronismo huts bihurtzeraino. Mundua “forma politikorik” gabe gobernatzera behartuta al dago?


Bada paradoxa bat asko interesatzen zaidana, eta ezkertiarren eta eskuinekoen arteko truke edo mailegu horietan antzematen da. Egun, eskuinaren hizkuntza ezkertiarrena baino “aurrerakoiagoa” eta dinamizatzaileagoa da, ezkertiarrak konpontzaileak eta malenkoniatsuak baitira, eta gizarte konkistak “kontserbatzea” baitute helburu. Egungo “atzerakoiek” etorkizuna deuseztatzen dute, desinkronizatzen eta baztertzen duen azelerazioaren bitartez… hain zuzen ere etorkizunaren inguruan; despolitizatzaileak dira. Presioa handia da, munduak forma politikorik izan ez dezan. Horregatik, demokratikoki borondate politiko bat sortzeak denboran dituen ezaugarriak, erabakitzeko prozedurak, gogoeta egiteko eta negoziatzeko moduak babestean datza gure erronka nagusia, behar tekniko-ekonomikoen inperialismoaren eta komunikabideek denborari ematen dizkioten astinduen aurrean.


Geldotasun politikoari aurre egiteko aurrerapen prospektiboa lantzea proposatzen duzu zuk. Laburtu ideia hori, mesedez.


Politika motela da teknikaren, komunikabideen edo ekonomiaren abiadurarekin alderatuz gero. Prozesuak azkartuz horiek harrapatzen saiatzen da, baina ezin du. Prospektibaren bitartez politikak ez luke norabiderik eta zentzurik gabe igarotzen duen denbora hori guztia galduko. Prospektibak ikasketa prozesu bihurkaria izan behar du, gertatu aurretik jokatzeko baldintzak eta metodoak aldatzen dituena.

Gizarte esperantzaren eraikuntza politikoa.


Kant aipatzen duzu liburuan eta hauxe galdetu etorkizunaz: Zer ezagutzen dugu? Zer egin behar dugu? Zer espero dezakegu?Itxarotea. Gizarte esperantza. Nietschek berriz “esperantza gaizkia” dela dio. Denborak lantzea eta zibilizatzea proposatzen duzu, horiek okupatzea, esperantza da horretarako kodea. Historia eta esperantza uztartuz, etsipenaren ostean esperantza politikoa eraikiko dugulakoan.


Egun etorkizunarekin daukagun harremana aztertzen badugu, mendebaldeko demokraziek etorkizunarekin duten harremana, berrikuntzaren liturgia eta ilusioari buruzko gogoeta guztiak gorabehera, nire ustez XXI. mende hasieran konfiantzarik eza da ezaugarri nagusia. Ez daukagu gizarteari esperantza emateko sistema handirik, ez eta amets egiteko utopiarik edo indar komunak martxan jartzeko helbururik ere. Ikuspegi falta horrekin batera, ekintza politikoak ere nahiago du kritika ez piztea, helburu edo aldaketa handietara begira mugiaraztea baino. Izan ere, herritarrei gehiago eragiten diete arriskuek aukerek baino. Ez da promesa handiak egiteko unea ere; haserretzeko, mintzeko eta biktima sentitzeko energia negatiboak mugiarazten ditu politikak. Horren aurrean proiektu politikoek esperantza, arrazoizkoa eta jakintsua, sortu behar dutela pentsatzea proposatzen dut. Inertzia baino ez baita izango bestela aurrera egiteko.

Gizarte post-heroikoaren politika.

Xarma galtzea... Konfiantza eza... Zuk ez duzu uste jendeari politika interesatzen ez zaionik, halere. Despolitizatu baino gehiago, politikak sakratutasuna galdu du. Diozunez, demokraziek interes falta handia jasan dezakete. Baina gai izango dira kultura politiko berri baterako aldaketa “jasateko”? Eta baietz diozu. Horixe arrazoitzen duzu liburuan. Laburtuko?


Ez da komeni “konfiantza falta” hori gaizki ulertzea. Ez dugu ahaztu behar botere absolutuarekiko konfiantza falta gure erakunde politikoen jatorrian dagoela. Demokrazia konfiantza mugatu eta ezeztagarriko sistema izan da betidanik. Politikarik gabeko gizartean, ez ote gaitu etsitzen antzinako lidergo politikorik ez izateak? Hau da, lidergo enfatiko eta hierarkikoa, ez horren demokratikoa.

Egungo konfiantzarik eza bat dator heroikoa ez den eta politika lehengo dramatismorik gabe bizi duen gizarte aldaketa logikoarekin. Ez da gauza bera demokraziak gogo bizirik ez sortzea eta etsipen horrek gure bizimodu politikotik aldentzeko joera sortzea. Egunkariak edo alderdiak oso gustuko ez izateak, esaterako, ez du esan nahi horiek desagertzea nahi dugunik. Politikari sakratutasuna kentzeak ez du esan nahi edozer onartzeko prest gaudenik. Baina pasiorik eta grinarik gabeko jarrera dugu politikarekiko. Politikarik gabeko etorkizunaz baino gehiago, politikari sakratutasuna kentzen dion etorkizunaz ari gara gehiago. Politikari arretarik ematen ez diotenek etengabe abantailak espero dituzte politikatik, eta politikak beren exijentziak eta nahikeriak betetzen dituen zaintzeaz arduratzen dira. Baina horien helburuak ez dira guztia hartzen duen politika heroikoan kokatzen.

Hala ere, gizartea ordezkatzen duen demokrazia babesten duzunean, zehaztasun asko daude, eta gure kultura politikoa krisian dela ere onartzen duzu. Zuzenketa asko behar ditu, baina ez duzu ordezko egokirik dagoenik uste. Politika aukera eta arriskua da. Non futur pentsamenduaren aurrean baikor zaude. Berez zara baikorra, edo beharrezkoa delako?


Optimista izatea behar morala da nire ustez. Munduan zorte txarreko asko daude, egoera gaizki dagoela gogorarazten digute etengabe eta ez digute horiek konpontzeko inolako biderik proposatzen. Optimismoa, ordea, estrategia jakintsuetan oinarritzen da, edo gutxien dakitenak nahasteko amua da. Horregatik, nahiago dut esperantza politikoaz hitz egitea. Helburuekin kontuz ibiltzen erakusten digu esperantzak. Sistema politikoan automatikoki inolako konfiantzarik ez izateak zerikusi handiagoa du erakundeen ahalmenarekin, gure helburuen hipertrofiekin baino. Politikak lorpen heroikoen osperik ez badu ere, gizarte proiektu eraldatzaileen ikuspegi mesianikoak etsipen enfatiko edo proposamen apokaliptiko bihurtu dira. Gogo falta horretan lortu gabeko helburuak daude, eta ez dugu ikasi horrekin bizitzen. Horretarako, etsipena heroikotasunaren ostean kudeatzen ikasi behar du politikak eta aukeraz beteriko eremu gisa ulertu behar du. Etsipenek –saihestezinak direnak– exijentzia eta desadostasun berriak proposatzen dituzte, eta gizartea garatzeko indarra dira. Horregatik, eszeptizismo optimistaren alde egiten dut, gauza seguru gutxi baina aukera asko duena. Ildo horretan, esperantza demokratikoa ere aipa genezake, ez inozoa eta ez gehiegi fidatzen dena, etsipena ezagutzen duena eta horri esker promesekin gehiegi fidatzen ez dena, baina esperientziari esker, onena lortzea espero duena.

Amaitze aldera. Zure liburuan gizarte post-heroikoa aipatzen duzu. Nola islatuko zenuke hori Euskal Herrian? Gure herrian, ETA fenomenoak kontraesanean jartzen du errealitate hori interpretatzeko modua. Zenbait intelektualek edo pentsalarik ez dute errealitatea interpretatzeko modu hori.


Euskadirako ere balio dute gainerako herrialdeetarako balio duten formulek. Ez gara horren arraroak edo bereziak. Egia da baieztapen heroikoen bidegurutzean gaudela. Diskurtso politikoan heroiak, biktimak, martiriak eta errudunak daude, eta borroka-lekua lagunek eta etsaiek baino ez dute antolatzen; hau da, guk eta haiek. Hala ere, egiazki dirudien bezalakoa da? Garai epikoetan gaudela esan nahi du? Politika gerra lorpentzat ulertzen eta bizi dugula? Egoera hori egoki interpretatzeko, erretorikaren itzulpen praktikoa –erretorika baino dramatikoagoa den zerbaiten aurrean egongo bagina bezala– logikoa izango litzatekeen pentsatu behar dugu. Egia esan, egungo egoera politikoaren oraina ez da diskurtsoetan azaltzen dena baino lasaiagoa. Oraina hala-moduzkoa da, etsigarria, baina hala ere ez dute heroiek kudeatzen, ez eta porrotek eta garaipenek erabakitzen ere.
Eusko Jaurlaritzaren herri galdeketa
“Biktimismoan oinarritutako jarduera orok porrot egingo du”

Zer irizten diozu Eusko Jaurlaritzak proposatutako galdeketari?


Bat nator ez zaiola ETAri utzi behar euskal autogobernuari dagozkion zeregin politikoak noiz eta nola jorratu behar diren erabakitzeko giltza. Baina egungo egoera diseinatzean erantzukizun handiena izan dutenek –funtsean lehendakariarekin eztabaidatzeari Zapaterok uko egin izanak eta lehendakariak bere bide-orria aldatu ez izanak– hauxe lortu dute: ETAk erabaki zuen galdeketa onartu zuen osokoaren emaitza, eta aurrerantzeko jokaera erabakitzen ere saiatuko da.


Nola eskuratu horrenbestez, gizarte demokratikora iristeko giltza?


Berriro ere euskal gizartea da gakoa, ez galdeketarik egin ezin ez duena, bere iritzia behin eta berriz baliatzen duena baizik. Azken Euskobarometroak euskal gizarteari buruz emandako datuetan ez dago ia zalantzarik: galdeketak ez du ez gogo ez eta haserre handirik eragiten, beraz, biktimismoan oinarritutako jarduera orok porrot egingo du. Azterketa horrek eta beste batzuek etengabe erakusten dute herritar gehienek hiru printzipiori jarraitzen dietela:

1. Autogobernua sakontzeko borondate argia dago, urteetan alde bakarrera mugatuta egon ostean, bere jatorrizko zentzua, adostasunekoa alegia, berreskuratzeko.

2. Gizarteak elkarrizketaren aldeko lidergo integratzailea nahi du, gizarte helduaren ordezkari dena eta dramatizatutako liskarrek gidatzen ez dutena.

3. Indarkeria baztertzeko hitzarmen zabala lortu behar da, ETAk gero eta indar gutxiago izan dezan bizimodu politikoan.

Ezinbestekoa da hiru horiei arreta ematea Euskadin gizartearen gehiengoa lortzeko. Hiru printzipio horietan oinarrituta bide orekatu eta sinesgarria proposatzen duenak euskal gizartearen konfiantza eskuratuko du, eta datozen urteetan gatazkatik libre utziko du.

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude