«ETAk ez dio herri honi marko demokratikoa osatzea ukatzen»

  • (1955, Gaintza). Gorostizu Haundi baserrian jaioa. Hamabi neba-arrebetatik azkena. Franco hil zen egunean, 20 urterekin, sartu zuten kartzelan lehen aldikoz, Tolosan. Zazpi aldiz espetxeratua, Segoviako kartzelan azkenekoz: “Hogei urterekin irudikatzen nuen bizitzatik gertu ibili naiz” esan digu. HBko Mahai Nazionaleko kide izana. Madrilen burutzen ari den AAMren aurkako epaiketan inputatuta dago beste 26 kiderekin batera.
Juan Mari Olano
Juan Mari OlanoKarlos Corbella
Hona Juan Mari Olanoren lehen hitzak: “Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), tamalez, lan asko egin behar izan du azken 30 urteetan. Errepresioaren estrategiak ez du etenik izan herri honetan. Gu horren lekukoak gara, lekuko deseroso. Hortik dator gure kriminalizazioa”. 27 epaituek auzia sasi-epaiketatzat jo dute. Epaiketa hiru hilabete irautea espero arren, epaileek egutegi berria egin dute. Ekainaren 4an bukatzea aurreikusi da orain.

Casa de Campoko Entzutegi Nazionalean egiten ari da epaiketa. Berau nola planteatu duzuen gogoratzea nahi genuke.


Epaitutako hogeita zazpi pertsonok –AAB, Senideak, Askatasuna eta Behatokiako kideak– aspaldiko ezaguna dugu Entzutegi Nazionala. Milaka epaiketetan ikusi ditugu bere dinamika eta funtzioa. Inputatuok gogoeta serioa egin dugu. Amnistiaren Aldeko Mugimendua sortu zenetik bi estatuen errepresioa salatu dugu: torturaren erabilpena, gerra zikina, eskubide zibilen eta politikoen bortxatze etengabea... Apartheid politikoa eta soziala jasan ditugu etengabe. Errepresio estrategiko honen enbor nagusia Entzutegi Nazionala da, frankismoaren TOParen oinordeko zuzena. AAMak egin duen lana autoritarismoaren aurkakoa izan da. Erakunde herrikoi batek ezin du onartu Estatuak bere lan sozial eta politikoa fiskaliza ditzan.


Zein dira zuen aurkako karguak?


Hainbat dira: torturaren salaketa edo autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea... Gaien ordena oso nahasia da. Epaileek aipatutako karguak kontestualizatzen hasi genuen epaiketa. Autoan inolako frogarik ez dela ikusi dugu. Teoria besterik ez dago. Inputatu zaizkigun “delituak” publikoak dira: Presoei eta senideei ongi etorriak, hitzaldiak, manifestazioen antolaketa, torturen salaketak. Badakite argudiorik gabeko delituak direla eta “Dena ETA da teoria” delakoa asmatu dute.
Paradoxikoa dirudi.
Paradoxikoa da. Pertsona bat ETAkoa dela frogatu daiteke, baina zuri epaile batek konbikzio moralarekin esaten badizu “zu ETAkoa zara”, nola demostratzen duzu ez zarela? Ezinezkoa da. Tesitura horretan gaude.

Hiru hilabeterako epaiketa iragarri zen, baina ez duzuela parte hartuko esan duzue. Zein izan da Entzutegi Nazionaleko epaileen jarrera?


Entzutegi Nazionaleko epaileak funtzio zehatzak egiteko daude, lan soziala eta politikoa fiskalizatzeko eta Gobernuaren premiak betetzeko. Ez zuten gure jarrera holakoa izango zenik espero, ezta ezustean harrapatuko genituela ere. Guk oso argi geneukan ez ginela joango espektakulua ematera, argazkiak oparitzera. Urtetan aritu garen adorez eta seriotasunez azaldu gara, gaia oso serioa baita. Epaileak gu salatzen hasi orduko, guk egin dugu salaketa fiskalari erantzutean, abokatuaren galderen erantzunen bitartez. Euskal Herrian 30 urtez izandako errepresioa salatu dugu, baita berbera bultzada politikoz egindakoa dela salatu ere.

Normaltasunez egin duzue? Euskaraz?


Bai, normaltasunez. 18/98ko auziaren ondoren, irudi desgaste indartsua jasan du Entzutegi Nazionalak, antza. Auzitegi demokratikoa dela erakusteko premia sentitu du nonbait.


“Kaptatu nindutenak Euskal Herriaren kontrako errepresioa erabili dutenak dira” esan zenuen lehen saioan. Sakondu ideia hori, mesedez.


ETAk kaptatu gaituela dio tribunalaren tesiak: ETAko militanteak garela, AAM instrumentalizatzen ari garela ETAren zerbitzura. Gure lan ildoak ETAk egindakoak direla. Horri erantzunez, adibidez, torturaren aurkako ildoa –TATen sorrera– tortura eragin dutenek sortu zutela esan diogu tribunalari. Alegia, barne ministro guztiek, errepresioa eragiten dutenek, eta ez beste inork. Gu, funtsean, errepresioak sortutako mugimendua gara.

Epaiketan “biktimismoaren jarrera hartu duzuela” diotenei zer esango zenieke?


Horiek batzokietako mezuak dira. EAJko nahiz beste alderdi batzuetako oinarri sozialak, isilean bada ere, gure jarrera miretsi egiten dute. Eta ez bakarrik orain tribunalaren aurrean dugun jarrera, urtetan izan duguna ere bai. Nik EAJko, EAko nahiz kide sozialista askorekin harremana daukat, baina ez dut EAJko EBBrekin harremanik. Alegia, epaiketa honen balio politikoa eta gure duintasuna kuestiona ezina da. 30 urtetako lanaren ondoren gu ez goaz gure burua defendatzera, gu herri hau defendatzen aritu garen errepresaliatuak gara. Biktimismoa egitera goazela esatea, hamar urteko zigorra eskatzen digutela, lotsagarria da.

Presoei disidentzia galarazi diezuela esaten dutenei, zer esan berriz?


Eta nola egiten da hori? Jakin nahi nuke. Hori esaten dutenek jakingo dute nola egiten dugun! Esan dezatela! Hara, horiek Estatuaren tesiak argudiatzeko akusazioak dira, AAM kriminalizatzeko moduak. Ebrotik behera edozein diskurtso saldu daiteke guri buruz, ARGIAz edo Berriaz. Baina hemen inork ez ditu gauza horiek sinesten. Herritarrek, gurekin ados izan edo ez, ezagutzen gaituzte. Batzuetan kritikak jasotzen ditugu, bestetan oniritzia. Baina badakite zer garen: transparenteak gara eta egin duguna publikoa da. Ni zazpi aldiz harresiaren bestaldean egon naiz, eta zazpi aldiz ongi etorria egin didate herri honetan. Eta badakit nola funtzionatzen duen presoen kolektiboak [EPPK].

Nola bizi duzue EPPKren eta Txelis eta Pikabea presoen artean gertatua?


Guk ulertzen ditugu preso guztion jarrerak. Kartzela politika hain da gogorra! Hamasei preso hil dira kartzelan azken 30 urteetan, horietako batzuek beren buruaz beste egin dute, neurri handi batean errepresioaren eraginez. Kartzelak pertsona itotzeraino eraman dezake. Jendeak horri ezin aurre egitea erabat ulergarria da. EPPKren espiritua nekatuta dagoenari adorea ematea eta elkarrekin ibilbidea egitea da. Batzuk desmarkatu dira ez dutelako jadanik kolektiboaren ildoa konpartitzen, bide pertsonala edo bestelako hautua egin dute. Hautu pertsonalak dira. Kolektiboan boluntarioki sartzen da eta atera ere halaxe. Edozein kolektibotan jendea sartu eta ateratzen da. Ez dago besterik. Errespetu osoa dago. Joseba Arregi eta Emilio Guevara ez daude EAJn jada. EAJn krisia dago horregatik? Ez. Krisia badago, baina ez horregatik.

ETAren eta EPPKren arteko lotura dagoela diotenei, zer erantzun berriz?


Duela hamabost urte, kolektiboko ia %90 ETAko kideak ziren edo lotura izandakoak. Egun aldiz kolektiboko ehuneko handia ez da ETAkoa, erakunde sozialetakoak eta politikakoak dira: hedabideetakoak, gazte mugimendukoak... Kolektiboa inoiz baino anitzagoa da. Kolektiboak preso politikoek adostu dutena betetzea du helburu. Beren etorkizuna Euskal Herriaren etorkizunari lotuta dago, presoek ez dute beren irtenbide pertsonalaren aldeko hautu politikorik egiten. Batzuek bai. Agur eta zorte on.

Presoen isolamendua aipatu ohi da bestalde. Zu horrela egon zara azkenekoz. Konta iezaguzu esperientzia.


Gogorra izan da benetan. 1980ko urteetan Soriako espetxeko egoera gordinak ezagutu nituen. Adibidez, polizia, kapitaina sukaldeko kutxiloa eskutan hartuta “matarlos a todos” oihuka, sartu zen. Txikitu gintuzten. Egoera larriak bizi genituen, baina ez nuen isolamenduaren aro hau pasa. Auzitegitik Soto del Realera eraman ninduten Garzonen aginduz. Gero, ez dakit bere aginduz edo Rubalcabarena izan ote zen, Segoviara. Han ez dago preso politikorik, preso sozialekin ez dut harremanik ere izan. Público aldizkariak: “Olano está completamente aislado para evitar que contamine al resto de presos” idatzi zuen. Erabakia politikoa izan zen. Mina egin didate benetan. Kartzelan egunerokoari aurre egin beharrez ez nintzen bizi nuenaz konturatzen, hamar orduz irakurtzen eta idazten pasa nuen, atera nintzen arteko egunak. Gara eta Berria iritsi zitzaizkidan eta El País bertan erosten nuen. Telebistako informatiboak entzuten nituen. Informazioa banuen –baita lagunen eta familiaren bisitak ere– eta berau jaso ahala prozesatzen nuen. Baina bizi duzuna ez baduzu beste inorekin kontrastatzen, buruan usteldu egiten zaizu. Atera naizenean inoiz sentitu gabeko sentsazioa ezagutu dut, lurra hartzea kostatu zait. Isolamendua pertsona sakailatzekoa da. Tortura zuria. Nik sei hilabete pasa ditut, baina preso batzuk urtetan dauzkate isolatuta.

Hogeita hamar urte bete dira HB sortu zela. Zer ikuspegi duzu bere ibilbideaz?


Beharbada ni ez naiz pertsona egokiena honetaz hitz egiteko. Nire esperientziatik esan dezaket, trantsizioaren hasieran ahalegin serioa izan zela indar abertzaleen artean, Xibertako bileretan, oso inportanteak. Batzuek 1977ko ekainaren 15eko hauteskunde famatu haietan parte hartzeko hautua egin zuten, baita bidea sistemaren barruan egitea ere. Han planteatu zirenak minimoak ziren: amnistia eta autodeterminazioaren eskubidea onartzea. Batzuek muzin egin zioten. Ezker abertzaleak aldiz, haustura demokratikorik gabe herri honek ez zituela bere eskubideak berreskuratuko iritzi zuen. Tamalez, gatazkak iraun du. Asmatu dugu. Nahiago erratu bagina. Egungo egoera ordukoaren ondorioa da. Artean, ezker abertzalea, milaka gizon eta emakumeren lana tarteko, asko arriskatuz, saiatu da herriak modu askean erabaki dezan, herri honi marko demokratikoa eskaintzen.

Anoetako proposamena Loiolan amaitu bide zen. Asko hitz egin da honetaz.


Bakoitzak interesatzen zaiona saltzen du. Ezker abertzalean ez dugu gure burua engainatzeko ohiturarik, ezta herria engainatzeko ere. Nik askotan hitz egin dut gaiaz prozesuan protagonista izan direnekin, Arnaldo Otegi eta Rufino Etxeberriarekin. 2006an, uda ondoko negoziazio saioan Euskal Herriaren definizioan hurbilpen bat lortu zen. Zazpi eskualdeek osatutako nazioaren definizioan eta erabakitzeko eskubidean hurbilpen handia izan zen. Alderdi sozialistak publikoki inoiz esan ez dituen gauzak esan zituen. Baikor izateko uneak bizi ziren. Adostutako elkarrizketa eredua gauzatu zen eta bertan aipatuak indar politiko bakoitzaren exekutibetan erratifikatzeko fasera iritsi ere bai. Noski, adierazpen ponposoak egiten badira, zazpi interpretazio izan ditzaketenak, zazpiak egia balira bezala, horrek ez du ezertarako balio. Ezker abertzaleak testuari derrigorrezko eranskinak egin zizkion. Zehaztasunen ordua iritsi zenean, algodoiaren froga, PSOEk prozesua ez zuela hasieran aipatu zituen terminoetan gauzatuko agerian geratu zen.

Josu Jon Imazek “Baliteke Olanoren batasuna lidergoaz jabetu izana” esan zuen orriotan.


Inefable Imaz! Ez berak bakarrik. Tamalgarria da berak eta Urkulluk jokatu zuten rola, lotsagarria. PSOEren bide laguntzaileak izan ziren. EAJk izua dio gatazkaren ondoko eszenatokiari, gatazka gaindituz gero ez dela boterean egongo dakielako. Kapaza da herri honi konponbidea ukatzeko botereko kuotak gordetzeagatik. Hori da Imazi –Urkullu eta bere ekipoa barne– leporatu behar zaiona, ez horrenbeste EAJ osoari. Bere oinarriak jakingo balu Imazek jokatu zuen rola, ez zen Harvarden irakasle izango, Afrikako ez dakit zein zulotan deportatuta legoke agian.

Zeinek bidalia?


EAJren oinarriek. Alegia, EAJko oinarriek egia ezagutu balute... Imazek lan izugarria egin baitzuen gertatzen ari zena alderdiko baseek ezagutu ez dezaten. Hura ezkutatu eta ezker abertzalearen jarrera desitxuratzeko gezurrak esan zituen.

1996an, ETAk Alternatiba Demokratikoaren bideoa eskaini zuenean antzeko egoera ezagutu genuen.


HBko ardurak nituen eta kartzelara eraman ninduten horregatik. Proposamena politikoa zen. Ados egon edo ez, guk berau ezagutu zezan konpromisoa hartu genuen. Alderdi politikoek gertatua isildu zuten ordea. Nik ez dut Batasunan ardurarik izan harrezkero. Alegia, ez dakit zergatik Imazek esaten duen nitaz esaten duena. Edo bai, badakit oso ondo.

Esan orduan.


Denok dakigu Josu Jon Imaz nola iritsi zen EBBko lehendakaritzara, oso zikin jokatuta. Neguriko botereek behar zuten diskurtsoa zabaltzeko izendatua. Eta Urkullurena Imazen diskurtso politiko bera da. Nahiago nuen Urkullu joan balitz, buru politikoa bera baita. Imazek Urkulluren sektoreak jarritako diskurtsoari jarri zion ahotsa. Guk EAJ eta Imaz-Urkulluren diskurtsoa banandu genituen EAJko diskurtsotik, ezagutzen ditugun jeltzale pila ez zelako eta ez dagoelako ados. Prozesua ilusioz bizi izan zen sektorean, guk bezalaxe, ezker abertzaleak proposatutako marko demokratikoarekin bat datorrelako. Egoera nahasteko ikastoletako patioan esan daitekeena esan zuten ordea: “Zatiketa eurena da. Otegi ona da, Olano berriz erradikala”. Arnaldo Otegik eta Juan Mari Olanok asko eztabaidatu dute presondegiko patioetan, kalean eta bileretan. Beti bat etorri gara eta elkarlanari ekin diogu.

Arnaldo Otegi ikusteko aukera al duzu?


Ez. Guk ez dugu presoak bisitatzeko aukerarik, kutsatzeko beldurrez edo.

Nola dagoen ba al dakizu?


Arnaldo gizon indartsua da, ilusio handikoa. Kontziente da gertatzen ari denaz. Noski, kartzelan egotea badakigu zer den. Ikasten segitzen du, kirola egiten, dakidanez.

Prozesua bertan behera geratu zen eta ETAk Isaias Carrasco hil zuen. Zein da zure gogoeta edota sentipena?


Nire sentipenen iturburuak lehenagotik datoz. Hau da, herri honen gatazka gainditzeko eta bestelako eszenatokia eskaintzeko zinezko aukera eskaini behar zaie herritarrei. Bakoitzak bere proiektu estrategikoa defendatu ahal izateko, herritarren erabakitzeko borondatean oinarrituta. Siglen gainetik herri honen gehiengoak bat egiten du proposamen horrekin. ETAk su-etena eskainiz gatazka beste plano batean jarri zuen: alde guztietako bortizkeria desagertu ondoren hitza mahai gainean jarri nahi izan zuen. Eta aukera hautsi zuten, eta kontzienteki egin ere. Gero “ETAk apurtu du prozesua” esan zuten, baina ETA ez da herri honi marko demokratikoa osatzea ukatzen diona. ETArekin ados egon daiteke edo ez, ETAren aurrean zilegia da edozein iritzia. Mahai gainean izan zen aukerarekin bat zetorren gehiengoa, baina Espainiako Gobernuak eta PSOEk, EAJren laguntzaz, herriaren borondatea errespetatzeari uko egin zion. Hori da drama.

(...).


Eta heriotza ere mingarria eta drama da noski. Kasu guztietan da drama, nire etxean eta zurean. Eta are tristeagoa da ekidin daitezkeen dramak direlako. Isaias Carrascoren heriotzaren kasuan erantzukizuna ETArena da, ETAk hil baitu. Baina ez da soilik ETArena. Imazek eta Urkulluk hartu zuten jarreran ere erantzukizuna dago, eta PSOEko ordezkariek eta Zapateroren Gobernuak ere erantzukizuna dute, eta ezker abertzaleko militanteek ere bai. Ez dut ukatzen. Baina drama hau, zergatik dago gainditu daitekeen drama hau? Proposatzen digutena hauxe da, herri bezala, ez ezker abertzale bezala: edo asimilatzen zaituztegu Espainiaren proiektuan edo txikitu egingo zaituztegu. Hori da Espainiako sozialdemokraziatik herri honi eskaintzen zaion etorkizuna? Erantzukizunez jokatzea tokatzen zaigu guztioi. Guk ere akatsak egingo genituen, alde guztietan akatsak daude, ez gara perfektuak. Baina etorkizunari ez diogu beldurrik. Lehenxeago edo geroxeago Loiolan utzitako orubera itzuli beharko dugu. Zergatik ez berehala?

Artean sufritzea tokatzen da, antza.


Eta ez da zergatik sufritu behar. Gobernuak darabilen mezua ezagutzen dugu. Ezker abertzalea demonizatzeko diskurtsoan buruzagi jeltzaleen laguntza dute, baina horrek ibilbide oso laburra dauka. Paradoxa irudituko zaizu beharbada, baina konbentzituta nago inork uste baino lehenago herri honek egoera hau irauliko duela. Ez ezker abertzaleak soilik. Aukera berriz ere sortuko da, galdu ezin izango dugun aukera. Guztiok. Aukera hori baliatzeko prest dago ezker abertzale osoa, ziurtatu dezaket. Baina ezker abertzalea ez dago prest 30 urtetako borrokaren ondoren, espainiarrek eta frantsesek herri bezala asimilatua izateko. Herri honi hitz ematea da gakoa.

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude