Mapa eta iparrorratzari jarraituz

  • Gorbeialdeko basoek ostentzen dituzten leku miresgarriak ezagutzeko proposamena eskainiko dizuegu. Baina bestelakoetan ez bezala, oraingoan ez dizuegu ibilbide zehatzik emango, orientazio teknikak erabiliz zuek aukeratu beharko baituzue zeuena; beti ere guk adierazitako puntu batzutatik igaroz. Hori da, azken batean, orientazio kirolaren funtsa. Xedea beraz, bikoitza. Leku zoragarri berriak ezagutzea eta mendian orientatzeko gutxieneko jakintzak eskuratzea.
Barzar
Iñaki Larena
Barazar Gorbeia parke naturalaren baitan dago, Atxuriko harkaitzen magalean. Bertara heltzeko, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen N-240 errepidea hartu beharko dugu. Gasteizerako bidean goazela, Barazar mendatea igo eta, handik bertatik, zementuzko bide zabal batetik eskuinetara desbideratuko gara. Hura hiru kilometrotan jarraituz, Saldropo hezegunera helduko gara ia desagertu arte ustiatu zen zohikaztegi zahar baten gainean.

Orientazioa Barazarren

Saldropon dagoen zabalgunea izango dugu abiapuntu –mapan hiruki batez adierazita dago–. Handik eta lehenengo punturako bidean, Barazarren aurki ditzakegun zuhaitz espezie ugariez ohartuko gara: birlandatutako Korsikako larizio pinua, Douglas izeia, amerikar haritza, Japoniako laritza eta Lawson altzifrea bezalakoak dira nagusi.

Pinudi irekian dugu lehenengo geldiunea –zirkulu batez adierazita–; sasirik eta behe landaredirik ez egoteak alfonbra berde baten gainean gaudela pentsarazten digu. Bigarren puntuak berriz, hormigoizko bidea utzi eta eguzki izpi bakanak sartzen uzten dituen baso horren lekurik gorenera eroango gaitu.

Handik hirugarren geldialdirako bidea bestelakoa izango da: beherako bidexka hartuko dugu eta berehala, iratzez beteriko eremu irekira irtenda, aurre-aurrean agertuko zaizkigu Urkiolako Parke Naturaleko mendi harritsurik adierazgarrienak. Handik aurrera, eta zuhaitz artera berriro barneratu arte, behiak, zaldiak eta ardiak izango ditugu lagun. Beheranzko aldapa amaitu bezain pronto, hezegune txiki bat ahal bezala igaro eta hirugarren puntuan paratuko gara.

Han agertuko zaigun bidetik hegoalderako norabiderantz jarraituz, Barazarren aurkituko dugun eremu ikusgarrienetako batera helduko gara, ipuinetan deskribatzen diren pagadi zoragarriak bezalakoa. Lurra estaltzen duten kolore anitzeko hostoak; urte sasoi honetako adar erdi biluziak gainditzen dituen argitasuna; ur hotz eta gardena eroanez meandro txikiak sortzen dituzten errekastoak… Horiek guztiek argazki kameraren botoia sakatzeko gonbidapena egingo digute, zalantzarik gabe.

Ibilbide erdia egin dugu jada. Ondorengo metroak aberez beteriko zelai berdeetatik egingo ditugu –zuhaitz bakartietan ipini ditugu seigarren eta zazpigarren igaro-kontrolak–. Paraje horretatik gabiltzala, aurrez aurre begiztatuko ditugu Gorbeia eta Aldamin. Gainera, ahalegin handirik egin gabe, zeruarekin bat egiten duen Gorbeiako gurutzea ere ikusi ahal izango dugu. Egun garbia izanez gero, jakina.

Zazpigarren puntuaren parean dagoen bidezidorretik jarraituz, Gorbeialdea artzaintzan tradizio luzeko lurraldea dela erakusten diguten abeltzainen etxolen artetik igaroko gara –hain zuzen, abeltzaintzan oinarritzen da oraindik inguru horretako baserrietako ekonomia–, eta atzean utzitakoak baino baso sasitsuagoan sartuko gara. Tamalez, ez dugu behe-landaredi soilik aurkituko, izan ere, nahiz eta parke natural baten bihotzean gauden, bertako hainbat baso zur-industriarako erabiltzen dira eta diru irabazirik ematen ez duten zuhaitzetako adarrak kezka handirik gabe sakabanatzen dituzte egurginek, ekosistema baliotsuari kalte larria eginez.

Ikaztobiak

Aipatu baso horretatik barneratuz, mendiaren maldan modu artifizialean agertzen zaizkigun terraza modukoak topatuko ditugu; antzina, Bizkaiko basoetan, ikatza lantzeko sortzen ziren ikaztobiak dira. Zazpigarren igaro-puntuak horietako bat ezagutzeko gonbidapena egiten digu.

Txangoaren azken txanpari heltzeko ordua ailegatu zaigu. Hego-mendebalderantz abiatuz, maldan behera ostera ere, Atxuritik Zeanuriko urtegirako bidean, pinudi ilun bat zeharkatzen, beste errekasto batekin egingo dugu topo. Interes gutxiko lekua dela pentsa genezake, baina ustezko goibeltasunaren erdian bada txoko magiko bat: errekak sortzen dituen ur jausi txiki eta putzuetako batera salto egin guran, urteen indarrei eta gizakiaren jarduerei aurre egitea lortu duen pago izugarria gailentzen da; paraje sinplea dirudien arren, gozamen handia sortarazten digun horietakoa.

Leku misteriotsu eta bakarti hura utzi eta minutu gutxira jendetsuagoa izaten ohi den Saldropoko Interpretazio Zentrora helduko gara. Hori da, usu, Gorbeiako tontorrera heltzea helburu duten mendizaleen abiapuntua. Han gaudela, Saldropoko lautadaren erdiko hezegunea begiztatu ahal izango dugu. Oso ekosistema berezia dago han, balio ekologiko handikoa.

Saldropoko zohikaztegia

Duela urte batzuk, hiru hektareako azalera eta 2.500-4.000 urte bitarte zeuzkan zohikaztegi bat ustiatzen zen Saldropon. Bertan aurki zitekeen zohikatz-geruza lodiera handikoa zen –hiru metrokoa ustez–, eta hori dela-eta, inguru horren ustiapen industrialari ekin zion lorezaintzarako lurrak prestatzen zituen enpresa batek. Baina kasu horietan gertatu ohi den bezala, gehiegizko ustiapenak zohikatz erreserbak ia guztiz agortu zituen. Eremua suspertzeko planak egin dira gerora, landareen eta animalien bizi-baldintzak hobetzea helburu.

Interpretazio Zentro horretan, ekosistema apurkor horien garrantzia ulertzeko aukera izan eta gero, autorako buelta egitea besterik ez dugu, Barazar mendatetik Saldropora ekarri gaituen zementuzko pista 700en bat metrotan jarraituz.

Txangoa gogorregia ez bada ere, atsedena hartzeko aukera eskertzekoa da beti; horretarako ezin egokiagoa dugu Saldropoko zabalgunea. Trenbideko trabesekin egindako hesi batek inguratuta, altzifre basoan dauden mahaiak eta erretegiak erabili ahal izango ditugu etxera itzuli aurretik.

ASTEKARIA
2007ko azaroaren 04a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude