1.300 kilometro tor-tor, Danubiotik Elbara

  • Badira arrastoa uzten duten bizipenak, eta berriro antzeko zerbait egiteko gogoa sortzen dutenak bukatu dela jabetu bezain pronto. Hala ere, bidaia bat ez da inoiz aurrekoaren berdina, baina bizipen eder berriak ekartzen ditu, eta horrela zoaz kilometroak jaten, zorionaren atzetik jarraika dabilena bezalaxe. Honakoa bidaia aldi berean berezi eta arrunt baten eguneroko kronika da…
Muskilda Tellabide
Asier Agirresarobe
Esan ohi da bizitzan uneren batean behintzat, oroitzapen goxoak dituen leku horietara itzultzen dela bat. Horrela bada, haurtzaroko bidaia zoragarri batez memoriaren kajoirik ezkutuenean lanbro artean bezala gordetako hainbat oroipen ederrek, sortua ziguten Europa ekialdera noizbait itzultzeko gogoa. Esan eta egin. Denbora gutxi pasa genuen bidaia nola, nondik, nora eta halakoak pentsatzen eta antolatzen. Soil-soilik norabide bakarreko tren txartel bana erosi genuen Budapest hiri ederrera joateko, norberak bere bizikleta, eta arropa pixka bat aldean. Horrela bada, zaku batean sartu eta beste lekuren batean askatutako katua bezala, aurkitu genuen geure burua, trafiko zoroko hiri zaratatsu eta jendetsu hartan, Danubio handiaren ertzean. Behin honaino etorrita, ez ginen hiriaren erdigunean eraikuntza ezagunenak ikusiz paseo txikia eman gabe joan. Txikitako bidaia hartan ez bezala, oraingoan eskale mordoa topatu genuen kaleetan.

Errepidean azkenean: Budapest-Szentendre (24 km)

Guztietan lehen-lehenengo lana, euritakoak janztea, zeru grisa eta zoru bustia ikusita lehen etapa honetan blai eta zikin-zikin bukatuko dugula ziurra baita. Hiria berehala uzteko gogoz aurkitu dugu norabide ona, Buda-tik Pest-era ibaitzarra gurutzatuz hiriaren iparraldera zuzentzen den bizikletentzako bide on batetik, guztiari so, kaleei, jendeari, autoei, etxeei, eta… bideko zuloei. Ordu gutxi daramagu Hungarian, baina gauza bitxi bat jada deigarri gertatu zaigu: jendeak erre egiten du, erruz eta nonahi nonahi, kalean, bizikleta gainean edo autoa gidatzen, emakume edo gizon. Kilometro mordoska batean, gizon batek lagundu gaitu bere bizikletan, zigarreta eskuan nola ez! Ibai ertzean gora lehen etapatxoa burutu dugu, Szentendre herri politeraino. Turistaz lepo dago, baina aurkitu dugu non lo egin, etxekoandre batek alokatzen duen gela batean. Bihartik aurrera hori bukatu egingo da… Hungaria sakonean sartuko baikara.

Labore soro amaigabeen artean herrixkaz herrixka: Szentendre-Gyöngyös (110 km)

Hungariera ezagutzen ditugun hizkuntza familia guztietatik kanpo dagoen hizkuntza da. Hitz bakarrarekin ere ezin izan dugu sikiera harremanik aurkitu latina eta bere kumeekin, ez anglosaxoniarrekin, ez eslaviarrekin… Beraz, ia ziurtatua geneukan goizean goiz etxekoekin izan ditugun komunikazio arazoak, baina azkenean dena argitzen da, eta berandu samar bada ere, hasi gara pedalei eragiten. Biderako janaria erosi dugu dendatxo batean, herritarrak beren erosketak egitera doazen ordu berean, jogurt on-onak, pastel egin berriak, ogia, gazta, frutak… eta aurrera, Danubio erraldoia zeharkatzeko untziralekura. Zubiak oso leku gutxi eta jakinetan daude, eta gainerakoan ontziz egiten da alde batetik besterako bidea. Soro amaigabeetan barna, paisaia gutxi aldatu da orduen joanarekin. Muinoa igo eta muinoa jaitsi, izen bitxiko herri txiki asko pasa dugu: Vac, Acsa, Erdokurt, Kallo, Verseg, Palotas, Jobbagyi, Apc eta azkenik Gyöngyös. Herri handia da, eta justu iritsi gara toki publiko guztiak ixteko ordua baino pixka bat lehenago. Horrela bada, konpondu dugu lo egiteko lekuaren eguneroko afera: gaur hotel erraldoi moderno eta hotz honetan bukatu dugu, baina berdin dio, lo egin eta ekarri dugun zikinkeria guztia gainetik kentzeko egokia da.

Lehenengo mendiak: Gyöngyös-Monosbel (82 km)

Egunero bezala, eguraldi goibela dugu. Goizeko lana bidaia honetako lehen mendatea igotzea izan da: Matrahaza. Gogoz ibiltzekotan, Kekesteto gailurrera igoko ginen (1014 m), baina beste baterako utzi dugu. Baso izugarri ederretan barna ibili gara Matra mendi hauetan, freskura lagun, trafikoarekin arazorik ez, pozik. Azkar jan ditugu maldan behera kilometroak, Sirok herritik aurrera, berriro lur gora-beheratsua topatu dugun arte. Eger zen gaurko helmuga, baina ez zaigu batere gustatu, eta kezka apur batekin bada ere, berandu baita, errepidean aurrera jarraitu dugu, herri txikiren batean gelditzeko lekuren bat topatuko dugulakoan. Monosbel herrixkan aurkitu dugu gau honetarako aterpea: familia baten etxea. Etxekoandrearekin batera oheak atondu eta komuneko xukaderak jarri ditugu. Ezin elkar kontatu nondik nora goazen eta nola bizi garen, pena! Baina gizonak hala ere, hemengo Tokaj ardo famatuaren litro erdi eman digu opari, eta nola ez, afariarekin gustura hartu dute gorputz zigortuek.

Agur familia!: Monosbel-Aggtelek (75 km)

Etxetik oso ekialdera gaudenez, eta ordu-tarte berean egonik, gure ohituretarako oso goiz argitzen du, eta oso goiz ilundu, nahiz eta uda betea izan. Jada ohitzen ari gara Hungariako erritmora, eta jada mugatik gertu gabiltza… Bostekoak elkarri eman eta familia adeitsua agurtu dugu. Igandea da, goizeko 6etatik 10etara daude janari dendak irekita. Horietako batean biderako behar dugun guztiaz hornitu eta aurrera, zeru estalia goian, zelai, labore soro eta lur landuak berriro lagun, Sajokaza herriraino. Hor, igoera leuna hasi da Aggtelek karst ezaguneraino. Bertan dago Eslovakiarekin muga. Bi herrialdeen arteko mugako karst erraldoiak lurpean altxor ikusgarriak gordetzen ditu, baina lur azala bera ere, baso ederrez jantzia dago. Pagadi hezeetan barna errepide meharretatik, Baradla leizearen sarreraraino heldu gara, blai. Horko aterpetxe turistiko merkean aurkeztu eta turismo erakundeen formulario ofiziala bete dugu. Nationality dioen lekuan, Basque idatzi eta harrerakoak harrituta, “Basque?!”, “Yes” eta horrelaxe gelditu da, besterik gabe, paperean idatzia. Batzuetan erraza da, nahi bezain erraza. Eta dutxa goxora. Arratsaldean koba ikustera sartu gara bisitari hungariar talde batekin. Bistan da neska gidaria gauza interesgarriak kontatzen ari dela estalaktitak eta estalagmitak han-hemenka bere linternarekin seinalatuz… baina dioenaz ezin gauza handirik harrapatu. Gauero bezala, euria goian behean ari du, eta gauero bezala, toki umilenean ere, edredoi lodi eta goxoen artean igaroko dugu gaua, eta berehalaxe helduko da berriz ere beste egunsenti bat.

Etapa akuatikoa: Aggtelek-Dedinky (67 km)

Goiza ez da, ez, irteteko irrika pizten duten horietakoa. Denbora pasa aritu gara bizikletak atondu, idatzi, berriketan eta irakurtzen, aterruneren batean abiatzeko zain. Eta halako batean irten gara, baina berehala blaitu gaitu zeruko dutxa etengabeak. Horrela pasa dugu Eslovakiako muga, aduaneroen irribarreen artean. Oinetakoak lehor mantentzeko sistema paregabea aurkitu dugu behintzat (oinak supermerkatuko poltsetan eta orkatiletik lotuta), nahiz eta kidearen barre algarak eragin. Plesivec herrian lehen geldiunea, dirua aldatzeko banku bat behar baitugu. Ez dugu inon aurkitzen, baina hara non agertu den atari batetik gizon bat, berari jarraitzeko esan eta banku eta posta bulegora eraman; bostekoa eman eta bueltatu da bere etxera. Berriro errepidean, zaparrada horietako batek malda gora batean harrapatu gaitu baso bakarti batean. Horrela bada, zuhaitz itzel baten babesa partekatu dugu oso kargatuta doazen Coloradoko beste bi txirrindularirekin. Betidanik elkar ezagutuko bagenu bezala berriketan aritu gara, Atenastik datoz, Vienara doaz. “It will be nice to meet you again at the camp in Dedinky” esan, eta gero arte, hitz egingo dugu afaltzen lasaiago. Dobsina herri industrialetik gora igoera latza izan dugu lanbropean, baina saria daukagu zain: ipuin batetik ateratako herrixka paregabea, aintzira baten ertzean izei baso handiek inguratuta. Bada hemen geldituko gara, zalantzarik ez! Hotel modernoetan izan ezik, alokatzen diren gelek sukaldetxo bat dute gehienetan hemen. Gure etxea izango den honetako jabeak ostera, bere sukaldea erabiltzeko eskaini digu, baina nahiago izan dugu terrazan afaldu, aintzirara begira. Etxeko jaun abegitsuak bere alabatxoa aurkeztu digu, gaur urtebete bete baititu. Herrixkaren ondoan kanpina dago, eta afalondoan hor zehar ibili gara Coloradoko bikotea hona heldu ote den begira. Baina ez, gaur ez dira hona heldu. Norbera bere bidean, ez ditugu gehiago topatuko.

Vysoke Tratry bistan: Dedinky-Stary Smokovec (97 km)

Etxeko jauna atarian dago alabatxoa besoetan, gure goizeko prestaketei adi begira. Gero seguru asko, bart arratsean bezala, aintzirara joango da, arrantzara. Pena apurtxo batekin utzi dugu atzean Dedinky ederra. Abiatu eta berehala gosaltzen gelditu gara ostatu batean. Goseti gaude eta bertan gosaltzen ari den langile talde haren modukoa eskatu dugu guk ere: ogia, gazta, saltxitxak, tomateak, arrautzak, kafea… guztia irentsi, mapa aztertu, nondik jo eztabaidatu, eta pedalei eragitera. Mendate txiki bat gainditu beharra daukagu, izei, pago, ahabi eta magurdiz betetako baso izugarri politetatik, Nizke Tatry mendien iparraldera pasatzeko. Lur eremu zabaletan berriro, Levoca Erdi Aroko herri ezaguneraino kilometro mordoa osatu dugu, aterrune luzeak eta zaparrada bortitzak tartekatuz. Hala ere, eguraldiari neurria hartzen hasiak gara. Garraio publikoak mundial funtzionatzen duela dirudi, autobusa txoko guztietara heldu eta autobus geltokitxo bat baitago hainbatero edozein errepide bazterretan. Zaparrada mehatxua denean, hor babestu, bota dezan itxaron eta segi. Herrietatik igarotzerakoan, ijito asko ikusten da han eta hemen, betiere auzo edo gune berezituetan bananduak. Azkenean, begibistan dugu Vysoke Tatry (Tatra Handiak) mendi multzoa, baina oinarrirainoko bidea benetan luze egingo zaigu, Stary Smokovec herrira ilunabarrean heldu arteraino. Eta arazoa: lo egiteko lekurik inon ez, nahiz eta eski-estazioa izanik ostatu pila egon. Merezita daukagunez, gaur ez diogu karterari hainbeste begiratuko. Hortaz egurrezko eraikin xarmant eta dotore batean eskaini digute gela eder bat. Bizikletak eski-gelara eta gu, gauean berandu eta akituta, zuzenean horizontalera.

Bi egun pasako ditugu hemen, mendi batzuk igotzen, arropak garbitzen, ongi jaten, azken finean atseden hartzen, tabernetako musikarien tresnetatik txikitan etxean entzuten genituen Bohemiako musikaren antzeko aireak entzunez… Ikusiko dugu mendizaletasuna naturala dela hemen, eta ez moda. Edonor aurki dezakezu xenda baten errebueltan: gaztetxo bat, aitona bi, ama gazte bat motxilan ume txiki batekin, edo familia osoa. Eguraldia alde ez izan arren gailur batzuetara igotzeko beta izan dugu, bertan erositako mapa onen laguntzaz. Eta nolakoak diren gauzak: gailur horietako batean kataluniar batzuk topatu, hitz egiten hasi eta lagun komunak genituen! Stary Smokovec oporrak igarotzeko leku ederra da, inguru zoragarria, nahiz eta badaramagun hemendik arrangura bat: herriaren inguruan izei baso hedadura handia suntsitua dago. 2004an gertatu omen zen txikizio naturala, haize erauntsi izugarri batek bota omen zituen ehunka, milaka zuhaitz.

Ipuinetako basoetan barna: Stary Smokovec-Zakopane (60 km)

Bagoaz berriro. Soberan da esatea: gaur ere euripean. Poloniako Tatra handietako hiriburua dugu helmuga, Zakopane. Hor beste bi egun pasako ditugu. Bidean, zuhaitz xuxen-xuxen lerdenezko baso itzel amaigabeak ditugu bidelagun, eta han-hemenka onddo biltzaileak ateratzen dira errepidera, otarra beterik. Eguerdian heldu gara Poloniako negu nahiz udako zentro turistiko handienera. Ama Birjinaren eguna, egun txarra hemen ostatu bila aritzeko… dena mukuru betea, kanpinak sardina latak bezala, kaleak jendez lepo, dendak gainezka, tabernak eta jatetxeak berdin. Azkenean, asko begiratu eta galdetu ostean, gela bat topatu dugu, asko saiatu arren ongi ordainduta, ordea. Txundituta utzi gaituzte egurrezko eraikuntza ederrek, baina baita, enfin, nonahitik begira dugun aita santu beldurgarri horren argazkiek ere.

Berriro lasaitasuna errepide busti bakartietan: Zakopane-Terchova (106 km)

Zakopaneko estresa eta zalaparta atzean utzi ditugu. Itzuli gara berriz errepide txiki bakartietara, atzera Eslovakiara. Trstena herrian topatu dugu, igandea izan arren, supermerkatu txiki bat irekita, eta harexen sarreran bazkaldu dugu. Haize zakarra dugu kontran. Apaiz gazte bat errepide ertzetik oinez; eskuaz eta irribarrez agurtu gaitu. Errepide leunean bizi-bizi goaz hala ere, baina denbora gutxirako: gurpil zulaketa! Noizbait gertatu behar zuen, bada! Konponketa lanak, halabeharrez. Eta kilometro gutxira, hara, beste gurpila! Berriro gelditu eta lanera... eta bitartean euria, nola ez. Terchova herrixka, azkenean. Kanpotarrentzat bi gela dituen etxetxoa topatu dugu. Blai eta nekatuta sartu gara, eta etxekoandrearekin tratua egin, eskuekin keinuka eta imintzioka. Gaur jatetxeko afaria irabazi dugu. Luze eta sakon lo egingo dugu izei egur argizko oheetan.

Hartzen lekuak dira Mala Fatra mendiak. Gustura gaude, hareharrizko mendi eder eta baso amaigabeak baititugu inguruan. Beraz, bizikleta utzi eta oinez ibiltzeko egun bat hartuko dugu. Etxekoandrea ados da beste egun batez gelditzearekin, hortaz, plana egin dugu. Mapa erosi dugu lehenik eta autobusen ordutegiak galdetu, eta mendi ibilaldi ikusgarria egin dugu inguruko gailur altuenera, Velky Rozsutek (1610 m). Afalorduan etxe honetan ostatu hartu duten senar-emazteekin “berriketan” aritu gara, eguneko gorabeherez, orain hitzez orain mimika eginez. Polonia iparraldeko Gandsk hirikoak dira. Ulertu diegu, edo horixe uste izan dugu, biharko eguraldi hobea omen datorrela…

Mendateak eta herriak: Terchova-Frenstat (111 km)

Goizeko freskurarekin igo dugu lehenengo portutxoa, berriro errepidean. Cadca hirian eguerdia zen eta geldiune luzea egin dugu. Azken kilometroak ditugu Eslovakian. Oihan sakonak zeharkatzen dituzten errepide txikietatik zeharkatu dugu Txekiar errepublikarako muga, eguneko lehenengo euri tantak erortzearekin batera, aduanako polizien harridura begiradapean. Mendiak atzean utzita, Frenstat herriko kanpin batean hartu dugu ostatu, ia egunero bezala: goitik behera blai.

Oder ibaiaren arroan: Frenstat-Bruntal (105 km)

Etapa luzea eta paisaia desberdinekoa, gaurkoa. Eguzkia, euririk bat ere ez, aspaldiko partez, errepide lehorra, zapatilak eta galtzerdiak lehor… horra hor, luxua. Gazteluak, fabrika handiak eta gari soro amaigabeak bidelagun. Astegun goiza, langileak beharrean ari dira “Tatra” kamioien fabrika erraldoian. Tarte luze samarren bat galtzadarrizko lurrean egin behar izan dugu, hau madarikazioa ipurdi gaixoentzat... Stramberk herrixkarakoa izan da azken igoera gogorra, mendixka baten gailurrean dagoen gotorlekua. Gero labore alor zabaletan barna zeharkatu dugu Oder ibaiaren arro handia. Berriro gorantz, poliki-poliki. Urtegi handien ertzetik egin dugu bidea, asfaltorik gabea, mutiko txiki batek emandako argibide baliotsuek lagunduta. Bruntal hiri koskorrean amaitu dugu gaurkoa, eta hotel zatar erraldoi batean gelditu, besterik ezean.

Adio Moravia, kaixo Bohemia: Bruntal-Javornik (89 km)

Goizean goiz, negozio gizon eta exekutiboekin batera hartu dugu gosari oparoa hotel zatarreko jangelan; egun pare baterako ongi janda irten gara, alajaina. Fardelak kokatu eta eguneko lana aztertu bitartean gosaria jaitsi, eta berriro mendietarantz, Karlova Studanka aldera. Gutxietsi egin dugu aurrean genuena eta larrutik ordaindu: Praded mendia bizikletaz eta trastez gainezka igotzea eta jaistea, mendiko bide eta pistetatik, ez da, ez horixe, lan makala izan. Eta, postrerako, Jesenik eta Javornik herrien arteko kilometro mordoska. Javornik herrixka lasai txikia da, Poloniako mugaren ondoan dagoena, eta ostatu bakarra dago, berria eta txikia. Ostatuko nagusiarekin saiatu gara negoziatzen bihar goizeko gosaria goiz samar emango ote digun, alemaniarrez zerbait hitz egiten duen zerbitzari-interpretearen bitartekaritzaz, baina ez: gizaseme egoskorrak, berak esandako orduan emango digu gosaria eta kito. Gauero bezala, ohatze ederretan, seko geratu gara.

Morala lurrean, autobus geltokiz geltoki: Javornik-Teplice (86 km)

Bai egun zatarra gaurkoa, bai horixe. Auto eta kamioi itsu eta gorrez betetako errepide iskanbilatsuetan bota dugu eguna. Polonian zehar egin dugu, Klodzko hirian zehar, goizean muga pasa eta arratsaldean atzera Txekiar errepublikan sartzeko. Gaurkoz, Broumov herri koskorrean amaitzea zen gure asmoa, baina denbora galdu besterik ez dugu egin. Egun batzuk horrelakoak dira, gauzak ez dira ongi ateratzen: informazio bulegoa topatu dugu, galdetu dugu, inork ez daki ezer, badira bulegoan kanpotarrentzako informazio-oharrak han-hemenka, baina ez dugu deus ere ulertu… aurrera. Teplice herriraino heldu gara, aise. Hor kanpin atsegin batekin egin dugu topo, oporretan dauden familiaz betea. Bihar argiarekin jaiki beharra daukagu, delako harrizko hirian barna osteratxo bat egin ahal izateko, errepidean aurrera jarraitu aurretik.

Berriro leku ezin ederragoetan: Teplice-Janske Lazne (44 km)

Eguraldia, mundiala, argia, urdina, laino arrastorik ez: laugarren eguna jarraian euririk gabe, hau marka. Goizeko zazpietan utzi dugu kanpina arin, kantinplora eta gosaria motxila txikian. Tepliceko hareharrizko harkaitz xelebreak ikusi gabe ez gara joango, bada. Harrizko hiria. Ongi baino hobeto dauka izena jarria. Ordu pareko ibilaldia polita izan da oso, forma arraroetako haitz, izei erraldoi eta errekastoen arteko xendetatik, goizeko freskura eta txorien berriketak lagun. Arratsaldean, ostera errepidekoa egin dugu, hurrengo mendi multzora iristeko: Krkonosë mendietara (“Mendi Erraldoiak”). Bada bai, egun guztiak desberdinak dira eta gaur zortea izan dugu: ganoradun gizon eskuzabala topatu dugu turismo bulegoan, ostatu majoa gomendatu digu, bere ezagun batena omen, eta mendiotako mapa opari eman. Dutxa hartzeko irrikitan gaude eta haraxe abiatu gara zuzen, beno, “zuzen” esateko modu bat da, portutxo zitala baikenuen gainditu beharra bertara heltzeko. Bainuetxe honetan biharko egunean zehar indarrak berreskuratuko ditugu, bizikletak egun batez ahaztu eta mendi eta herrixketan osteratxo bat egin. Horra hor osteratxo interesgarrian ikusitako kontu pare bat besterik ez: ume txikiak motxilan dituztela dabiltza aita-ama gazteak edozein mendi bide galdutan; eta garraio publiko eredugarria edukitzeko zortea dute hemengoek, gainera toki askotan bizikletak alokatzen dira. Zein atzera gauden zenbait gauzetan…

Erauntsi unibertsala eta alkoholaren arazoak: Janske Lazne-Frydlant (90 km)

Errepideko lanak berriro, eta maldan gora gainera. Gaurko etaparen abisua besterik ez, dena den. Izan ere, gaurkoa bide gorabeheratsua izan da oso, eguraldiaren umorea bezalakoxea, arranopola. 4 kilometroko extra egin behar izan dugu malda zeharo gogorrean, bidegurutze madarikatu batean nahasi garelako. Gero, Souseko aintziraren ertzean, zerua hautsi beharrean hasi dira lainoak trumoi eta euri tanta potoloak harriak balira bezala jaurtikiz. Segundo gutxiko beta eman digu erauntsiak aterperen bat topatu ahal izateko; denbora apurraren buruan, lurra putzu bihurtu da, zapatak urez bete eta txitoak bezala gelditu gara, nahiz eta azkenean etxe erdi-eraiki baten pareten artean babestu ahal izan garen. Barre egin dugu azkenean, gure egoeraz, zer bestela. Jarraitu dugunean, ateri jada, bide ertzetan, alde banatara baso zabalak baikenituen, jende andana ibilian zebilela ikusi dugu, perretxiko bila, edo mendiko bizikletan. Frydlant herri handi bat da, elizan karriloi polita duena, ordu jakin batzuetan jotzen duena. Ikasi dugu karriloiaren doinu polita, polita baitzen benetan, baita kantatu ere, baina ahaztu ere egin zaigu, atentzioa bereganatu diguten gertaera berriak gorabehera. Herriaren sarreran bada kanpin merke-merkea, komunak ere halakoxeak ziren, eta hor gelditu gara, egunak emango zigun azken sorpresa oraindik ez baikenekien zein izango zen: afaltzen ari ginela, kanpinean oporretan dagoen gizon gazte batek mozkorraldi txar batek erabat jota, eztabaida sutsua izan du bertako beste bezero batekin, nork jakin zergatik, eta mozkorti alenak kontua nola eta harakin labana handi bat eskuan hartuta konpontzea pentsatu duela, eta hor ibili da kanpinean zehar labana eskuan bere gizonaren bila, emaztearen oihu eta negarrei entzungor… eta larri sentitu gara tarte batez, bai, alajaina, bere gizonak bere bungalowa gurearen ondoan zuen-eta; eta oraindik ere bada gehiago, adiskidea: gure txabolarantz zihoala ikusi dugu distantzia batera, garaiz konturatu den arren bere arerioarena beste bat zela. Zalaparta gogoangarria sortu du, batzuen artean inguratu eta eutsi duten arte. Eta gau honetan lorik ez dugula egingo esan dugun arren, nola bestela, nekeak gainditu gaitu, goizeko lehen argiak heldu arte. Ez dugu ez, aspertzeko moduko eguna izan.

Lehenengo matxura larria: Frydlant-Mezni Louka (Elbsanstein) (80 km)

Eta ez da hain larria izan ere… Goiz hanka egin dugu gure kanpin iskanbilatsutik, eta kilometro bakarra egin ondoren, gurpiletako bat lehertu zaigu. Eta ez dugu neumatiko berririk. Baina zortea zer den, batzuek existitzen ez dela esaten duten adiskide hori, bizikleta denda baten parean izan dugu matxura. Ordubete itxaron dugu denda ireki arte. Gaur muga asko pasa beharra daukagu: lehenengo Poloniara, Bogatyniarantz, eta handik Alemaniara, Zittauera. Zaparrada handi bat, atari batean zain eman ordu erditxo bat, eta segi aurrera. Eta beste zaparrada bat handik ordubetera, eta autobusaren geralekuko aterpetxoan eman ditugu beste hogei minutu, eta segi, beti mendebalderantz, eta berriro Txekian gara, herriz herri eta zaparradaz zaparrada. Eta heldu gara arratsaldeko lehen orduetan, Bohemiako Suitza (alemaniarrek Sajoniako Suitza) deitzen dioten parke nazionalera, baina ez dio Suitzari inbidiarik, eta are, ez du Suitzarekin zerikusirik ez antzik… amarru turistikoren bat izango da, beraz. Baina ederra da oso, bai horixe. Azken gaua gure bidaldi honetan. Kanpinaren ondoan jatetxea dago, beraz gaur ez dugu afaririk prestatu: Elbako amuarrainak afaldu ditugu, bapo, eta gero edozein bidaiaren bukaeraren tristurak eta ezinak hasi zaizkigu azaleratzen...

Iristeko gogoarekin: Mezni Louka-Dresden (60 km)

Eta, azkenik, Dresden. Erritmo bizian egin dugu gelditzen den bidea: Hrenskon Alemaniarako muga pasa, Bad Schandau, Königstein, Pirna, eta hortik, lur lauak aspaldiko partez, hiri handiaren erdiguneraino bertaraino. Tren geltoki nagusian arropaz aldatu, kontsignan fardelak utzi eta hiria ikusi dugu, gure trenaren ordua iritsi arte. Gaur ia, oroitzapen besterik ez dira azken egun hauetan bizitakoak.

Asier Agirresarobe eta Muskilda Tellabideren argazki bilduma

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 22a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude