Palestinako bertsolariak: Haddayeh, poeta herrikoiak

  • Konfuzio Txinako filosofo handiak esana utzi zuen, “herri bateko kultura ezagutu nahi baduzu, lehenik eta behin, herri horretako ahozko tradizioa, edo poesia herrikoia, ezagutu beharra daukazu”. Alegia, eta interpretazio interesatu bat eginez, pentsa daitekeela, kultura bat bizi den lekuan –eta kultura bat dagoen lekuan herri bat dago–, badela bertsolari bat. Esan nahi da, herri orok baduela bere bertsolaria, eta ez Euskal Herriak bakarrik.
Haddayeh, poeta herrikoiak
Txomin Txueka

Pernando Amezketarra baino lehen ere izango zen norbait. Duela zazpiehun urte, adibidez, Granadan, eta ez Errezilgo baserrian, baizik eta Andaluziako Granadan, al-Andalusen, arabiarrak egon ziren, eta orduan entzuten omen ziren gizon batzuk arabieraz, kantuan, inprobisatzen. Ordukoa da arabiar historiak jaso duen lehen poeta herrikoi ezaguna: Gben Gazman, lehen haddayeh, arabiar bertsogintzaren aita. Baina Mahoma urte batzuk lehenago bezala, kultura ere lur santurantz hurbiltzen joan zen Espainiatik ihesi, eta bidean, poeta herrikoien hazi batzuk erori ziren Marokon, Tunisian, Egipton, eta beste herri arabiar askotan. Urteak pasatu eta gero, ikus daiteke, uztarik oparoena Palestinan eman dutela.

Herriaren ahotsa

Noh Ibrahim Haifakoa, Shehade, El Jalamawi… Poeta herrikoi palestinar asko izan dira, eta onak, ulertzen dutenek diotenez. Herriaren ahotsa omen da poeta herrikoiarena, eta herri isilduak eta sufrituak are gehiago gurtzen du bere ahotsa lau haizetara zabaltzen duena. Horregatik da, agian, inprobisazioaren tradizioa errotuagoa palestinarren artean. Sirian ere badira, eta Libanon ere bai, eta pixka bat gehiago miatuz gero azalduko dira berriak. Baina arabiarren artean ezagunenak palestinarrak dira. Noh Ibrahim adibidez. Poeta herrikoi iraultzailea esaten zioten, Haifan jaioa 1936an, 1948ko Nakba, desastrea arabieraz –Israelgo Estatua aldarrikatu zen urtea–, bere larruan ezagutu zuen, eta min horri kantatu zion sarri. Baina ez Ibrahim bakarrik, XX. mendeko poeta herrikoi gehienak izan dira hitzaren gudariak, minaren kantariak. Eta maitatuak. Gaur egun ere, ezkontza gehienetan ikusiko da, eta manifestaldi bukaeretan zer esanik ez, poeta herrikoi bat herriari kantuan. Batez ere Palestinako iparraldean, Jenin inguruan, Nabulusen, Tulkaremen, edo Kalkilian. Eta baita Galileako eskualdean ere, Libano eta Siriako muga-mugan, munduak Israel deitzen dion Palestinako lur apartatuan.

Baina Israelen okupazioak herri oso bat zauritzen du, eta baita herriko kultura ere. Poeta herrikoiak, batez ere bigarren intifadaz geroztik, askotan egoten dira plazara ezin joanez, eta etxeko bakardadean kantatzen du bertsolariak, bertsolari tristeak. Lehenago Jordaniara, Libanora, Siriara, Kuwaitera eta beste herrialde arabiarretara maiz joaten ziren poeta herrikoi palestinar sonatuenak lekuan lekuko bertsolariekin kantatzera. Aspaldion, israeldarren kontrolek oso gutxitan uzten diete kanpora ateratzen, eta Jenin inguruko ehun bat bertsolariek Jenin inguruan kantatu behar dute. Mousa Hafez bakarrik da –askok onentzat jotzen duena–, israeldar herritartasunaren jabe denez, Palestina historiko osoan ibiltzen dena kantuan.

http://www.argia.eus/palestina kanalean, bidaiako ikus-entzunezkoak.

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude