«Ez dut NA-Bairekin espekulatzen, ezta UPNrekin ere»

  • Tutera, 1954. PSNko talde sozialistaren bozeramailea Nafarroako Parlamentuan, alderdi honetako politika instituzionalerako idazkari nagusia, Iruñeko talde sozialistaren kidea izana eta Nafarroako Gobernuko presidente hautagaia da: “Ez dezala inork esan politikara iritsi berria naizenik eta are gutxiago Ferrazek izendatua”. UPNk Iruñeko manifestazioa deitu zuen egunean jardun genuen berarekin: “UPN eta PP eraso eta deuseztapen politikaren bila ari dira”.
     
    Nafarroako Gobernurako Fernando Puras hautagaiak hauxe adierazi digu abiapuntuan: “Ez nuen ardura hau espero, baina konpromisoa hartu ondoren oso gustura ari naiz. Zailtasunak zailtasun, testuingurua konplexua baita, gero eta ilusionatuago nago”.
     
    Bizitza baino, berau antolatzeko modua aldatu omen zaio: “Hautagaia izateak lanak kontzentratu eta erraztu dizkit, nire ospea zabaldu da eta erantzukizuna handitu zait horregatik”.
Fernando Puras
Josu Santesteban
“Hauteskunde kanpaina hasi da dagoeneko, gogor hasi ere. Nire jendearen atxikimendua nahiz arerioaren erreakzioak hurbilagotik sentitzen ditut” adierazi digu Fernando Purasek.


Zer deritzozu esaera honi?: Fernando Puras Ferrazek –PSOEren egoitza nagusia– ezarritako hautagaia da. Miguel Sanz arerio politiko zuzenak ere esana.


Zer esanen du Miguel Sanzek? Fernando Puras Nafarroako presidentziarako PSNko hautagaia zela jakin zuenean muxu-huts geratu zen. Sanzek ondo ezagutzen nau. Bera Corellako alkatea zela, ni tokian tokiko nafar administrazioaren zuzendaria nintzen-eta. Orduan independentea nintzen, eta beti eutsi diot izaera horri. Miguel Sanzek ondotxo daki neure ibilbide profesionala eta politikoa nire kasa egin ditudala. Sanzek helarazi nahi duen irudia ez da erreala, ondo baino hobeto daki ez dudala Madrilekiko inongo menpekotasunik. Sanzek PSOEren Batzorde Federalaren eranskina naizela helarazi nahi die herritarrei. Baita zera ere. Ni PSNko hautagaia naiz Erregio Batzordean denek –bakar batek izan ezik– nire alde bozkatu zutelako. Ez nau Ferrazek izendatu.

Nola dago nafar sendi sozialista? “Chivite versus Lizarbe” konfrontazioa gaindituta honezkero?


Inoiz baino hobeto gaude, eta ñabardurarik gabe diot. Erabakiak era bateratuan onartzen ditugu, batuta gaude, oso jarrera ona dago denen aldetik. Erregio Batzordeak aho batez onartu zuen nire kandidatura eta gero landu diren kandidaturak, Parlamenturako nahiz Iruñea, Tutera edota Barañaingo udalerako, besteak beste, %92ko sostenguz eta %8ko abstentzioz osatu dira. Honek guztiak alderdiaren jarrera baikorra berretsi du, egundo ikusi gabea. Esker onekoa naiz.

Politika eta futbolaren arteko alderaketa eginen dugu: Corellano taldeak Cirboneroaren aurka jokatu ondoren (Sanz Corellakoa da eta PSNko idazkari nagusia Carlos Chivite Cintruénigokoa) Cintruénigoko Cirbonero taldeak ezin izan dio irabazi. Orain, berriz, Purasen Tudelano eta Sanzen Corellano taldeek jokatuko dute partida.


Ez naiz futbolean aritutakoa, [Miguel Sanz futbolaria izan zen], ni saski-baloian aritua naiz. Sanz eta biok kirol –eta politika modu– ezberdinak praktikatzen ditugu. Hala ere, ni partidak irabaztera ateratzen naiz eta hauteskunde hauek ere bai.

Partidaren luzapena izango al da? Hau da, emaitza ezagutu ondoren bion arteko ituna izan al daiteke?


Ez dakit luzapena izango den, ez dut emaitzarekin sekula espekulatu. Emaitza edozein dela ere onartuko dut, baita partida galduta ere, baina irabaztera noa.

Egungo datuen arabera, Sanzek edo UPN-CDNk 23 eserleku ditu eta Purasek edo PSNk 11.


Hori izan zen azken emaitza, ez dago dudarik. Ni kirol espirituarekin nator ordea: ez dut Nafarroako Gobernuko presidentzia zati bat hemendik lortuz eta beste bat handik gehituz lortu nahi, malabarismoak eginez, alegia. Herritar gehienen sostengua nahi dut eta berau jasotzeko ari naiz lanean.

Zein izanen dira kanpainako lema nagusiak?


Hasteko, konfrontazioari itzuri egin nahi diogu, joko zikinik gabe –kirol similari jarraituz–. Aspaldiko urteotako konfrontazioa sustatu ordez, hau da, euskal nazionalisten eta eskuinaren arteko planteamendua saihestu nahi dugu. Nafarroa konplexua eta anitza da, Nafarroa ez da Corellakoa ez Leitzakoa, Nafarroa Leitza eta Corella da. Nafarroan ideia hauek bideratu behar ditugu eta horretarako bideak landu eta zabaldu. Gero partidaren luzapena edo ituna izanen den? Horiek gero etorriko dira.

Zer behar eta eskaintzen duzu Sanz presidentearen alternatiba gauzatzeko?


Nafar sozialistek Nafarroa eraiki nahi dugu, eta horretarako babes zabala nahi eta behar dugu. Kontziente naiz UPNrekiko orain dagoen aldeaz, nik konfrontazioa ez den beste bidea proposatzen diet herritarrei, beste bide horrek joko eta garapen politiko irekiagoa ekarri behar du Nafarroan. Nafar foru komunitatearen proiektua zabaltzeko prest dagoenak premisa hori kontuan hartu behar du. Ez nau beldurtzen gehiengo osoa ez lortzeak, kontziente naiz ez dudala lortuko. Gainera, gehiengo osorik gabeko gobernua da egokiena Nafarroan. Guk ez dezakegu komunitate bat eraiki inoren aurka, gizalegezko konpromisoaren bidean eginen dugu aurrera, demokrazian. Ahalik eta fidelen izaten saiatuko gara, herritarrek gure programari emango dioten sostenguaren araberako politika eginen dugu.

Martxoaren 17an, UPNk deitutako manifestazioa izanen da Iruñean [Elkarrizketa lehenago egina da]. Sanzen hitzetan Nafarroaren estatus politikoa arriskuan dago.


Manifestazioa PPren politikaren koordenadetan kokatu behar da, Espainiako Gobernua eraisteko politikaren barruan. PPk eta UPNk eraso eta deuseztapen politika sustatu nahi dute. Manifestazio hori Espainiako Gobernuaren aurka egina da, onartezina da eta are onartezinagoa, nazionalista ez den komunitate bateko presidenteak deitua izatea, Espainiako proiektuarekin bat egiten omen duen presidente batek egina. Demokrazian desadostasunak izatea ulergarria da, baina nafar guztiok ordezkatzen gaituen gobernu batek manifestaziora deitzea? Arduragabekeria galanta da. Espainiako Gobernuak ez du Nafarroako estatusa aldatzeko inolako asmorik, ez bestelako proiekturik lantzeko, hori faltsua da. Nafarroan gainera, beste lekutan ez bezala, juridikoki ezinezkoa da, Foru Hobekuntza ituna dela-eta.

Gobernura iristeko beste indar batzuekin kontatu beharko duzu. Alegia, irits zaitezke presidente izatera Na-Bairen akordioarekin.


Inola ere ez. Euskal nazionalistak nahiz eskuinak garai batean herritarrengandik izan genuen urruntzeaz baliatu nahian ari dira. PSNri lotutako episodio tamalgarri haiek medio, gizartetik urrundu ginen. Ordea, inork ez du gogoratu nahi PSN izan dela Nafarroan herritarren babes handiena jaso duen alderdia. Egia da eskuina ez zela orduan batuta, baina bihar edo etzi, boterea galtzen badu, ez da batuta izanen, koiuntura alda daiteke. Areago, alderdi nazionalistek bakoitzak bere aukera ordezkatu dute iraganean eta orain batera doaz. Blokeak erabakita daude: eskuina eta euskal nazionalistak. PSN da alderdi alternatibo bakarra.

Batasuna ez dago abertzaleen artean.


Demokrazian ari diren alderdiez ari gara. Sozialistok herritarren babesa bakarka lortuko dugu. Hemen batzuk Bartzelonarekin doaz eta besteak Madrilekin. Gu Osasunarekin goaz, ez zuriak ez blau-granak, gu gorritxoak gara. Gainera, ez zaigu bien artean zabaldu nahi duten leizea interesatzen, Nafarroa ez da homogeneoa, alde batek nahiz besteak agertu nahi duten bezala.

Na-Bairi emaitza ona ematen diote inkestek.


Ez dut uste NA-Baik alderdi sozialista botoetan gailendu dezakeenik.

PSNtik hurbil da, inkesten arabera.


Ez dut sinesten, euskal nazionalismoak une onenean nafar gizartearen %20 ordezkatu du.

Alternatibaren parte izan daiteke, alta.


Ez dut jokaleku hori aurreikusten, ez bestelakorik ere. Garbi dudan bakarra da PSN dela gobernurako alternatiba.

Nola eragiten dute inkestek emaitzetan zure ustez ?


Egungo testuinguru horren konplexu eta dinamikoan inkestek duten balorea oso txikia eta erlatiboa da, asko dago oraindik erabakitzeko.

UPN-CDNk ez badu gehiengo osoa lortzen, “goxoki” bat eskaini diezaioke Fernando Puras jaunari.


Fernando Puras hautagaia izatera iritsi da, baina inolako anbizio eta asmo gabe. Nire ilusio bakarra proiektu sozialista lideratzea da. Profesionalki nahiz funtzio publikoan oso ondo egon naiz orain arte eta lasai itzul ninteke. Beraz, goxokiarena ez dut aintzat hartzen, gainera ziur naiz herritarren botoen gehiengoa lortuko dugula. Ez dut NA-Bai-rekin espekulatzen, ezta UPNrekin ere, eta are gutxiago “goxoki”ekin. Maiatzaren 28az gero geure konbikzioz eginen dugu aurrera, ez inoren eskaintza dela medio eta are gutxiago pertsonalak badira, ez dut amarrurik onartuko.

Amarrua izan daiteke Erriberan zure aurkako propaganda zabaltzea “Que vienen los vascos” izenburuarekin? Egia al da hori?


Bai. Zer nahi duzu egitea? Ez dut deus euskaldunen [vascos, bere hitzetan] aurka, ez dakit beste batzuek duten, niri euskaldunek ez didate batere beldurrik ematen. Jakina, ideologiaz ez naiz nazionalista eta ez dut ideologia honen alde egingo, ezta Nafarroan aurrera egin dezan lagunduko. Nazionalismoak ez du Nafarroako izaera konplexua eraikitzen laguntzen.

Nola gustatuko litzaizuke Nafarroako izaera konplexua osatzea, zeu Nafarroako presidente izaki?


Pertsonek beren proiektua garatua izan dadin aukerak izan behar dituzte. Esaterako: pertsonen identitateak anitzak dira, herritar bakoitzaren baitan nortasun kultural eta politiko anitzak daudelako. Hasteko elkarbizitza sustatu nahi dut, zer eraiki nahi dugun elkarri azaldu behar diogu, eta ondoren, elkarrekin zer egiteko gauza garen zehaztu. Nafar sozialistok oso harro gaude Nafarroako alde euskaldunaz, baita alde gaztelauaz ere, oso harro. Eta ez dugu Iruñetik behera marra bat egin nahi. Goizueta eta Monteagudo proiektu berean garatu nahi ditugu, zeregin aberatsa da-eta. Gure ahalegina gatazka iturri izan dena aukera aberats bihurtzea da, aniztasuna aberatsa baita.

Arazo linguistikoa hizpide hartuta, zein politika linguistiko hobetsiko zenuke?


Euskararen legea konplexua izanda ere, alderdi sozialistaren ustez, indarrean dagoen legea egokia da, oreka lanaren ondorioa.

Tuteran, adibidez, zergatik ez du normaltasunez funtzionatzen ikastolak?


Ikastola laster legala izanen da, ikastetxeek bete beharreko baldintzen barnean. Dena den, ni ez nator bat –elkar ulertzeko moduan diot– batzuek marra beherago eramateko egiten duten saiakerarekin, ezta besteek marra ez jaisteko egiten duten ahaleginarekin. Euskararen eskualde antolaketa aldatzeko baldintzak –jendearen eskaeraren arabera– modu naturalean sortu behar ditugu. Legeak gaur egun alde euskalduna, gaztelaua eta mistoa zehazten baditu, berauek pertsonek eskatzen dutenarekin bat egiten dutelako da. Noski, jendea eboluzionatuz doa, eta beren aukerak eta aldaketak kontuan hartu beharko ditugu etorkizunean.

UPNren politika hobetu daiteke hala ere, ezta? Euskararen aurka jazarpena dago nolabait.


Ez dut UPNren aldean onbera –modu errazean– agertu nahi. Ezin dizkiot erantzukizun guztiak UPNko gobernuari leporatu, benetan. Politika linguistikoari buruzko ponentziak ez bazuen emaitza gehiagorik eman, legea ez bada gehiago gaurkotu, euskal nazionalistak eta UPNkoak konfrontazioan aritu direlako da. Erdian CDN eta PSN geratu ginen batez ere, guk legea doitu nahi genuen, baina batek hemendik bultza eta besteak handik, maximalismoen dinamikara eraman gaituzte.

Batasunak aukera izan beharko luke hauteskundeetan?


Ez dut espekulatu nahi. Ez baditu joko demokratikoaren baldintzak betetzen, eta hasteko ETAren indarkeria gaitzesten ez badu, ez dirudi Batasuna hauteskundeetan egotea posible denik. Gainera, Batasunari eskatzen zaiona denoi eskatzen zaigu. Demokraziaren arauak edota ondorioak ez zaizkigu beti gustatzen, baina sistemak arauak ditu eta horiekin aritu behar dugu.
 

Zer iritzi duzu Batasunaren Anaitasuneko proposamenaz?


Ez du balorazio politiko seriorik merezi, ez baita ematen politikaren markoan. Zertarako aztertu proposamenak dioena, ez badago foro demokratikoetan? Parlamentuan autogobernu proposamena aztertu dugu, baita Nafarroako etorkizuna eztabaidatu ere, lasai antzean aritu gara, normaltasunez. Beraz?

Estatistiken arabera Nafarroaren egoera soziala eta ekonomikoa ona da. Alabaina, herritarren %12 pobreziaren atarian bizi bide da.


Egia da. Nafarroako esparru ekonomikoa inportantea da, eta hobetu liteke, osagaiak biltzen baititu horretarako. Eta hala ere pobrezia egoera dago, PSNk egoera kritikatu du, kezkatuta gaude, estatistikek ez digute balio, ez dute aurpegirik ez begirik.

Zein da kezkatzen zaituen eta landuko zenukeen beste esparru bat?


Heziketan atzera egin dugu, eta esparru hau berebizikoa da kohesio sozialerako. Datuen arabera, duela hamar urte hezkuntzan askoz gehiago inbertitzen zen gaur egun baino. Arlo honetan aurreratu ahal izateko inbertsioa eskasa da, heziketa ezin da gastu bezala planteatu, aitzitik, berebizikoa da etorkizunaren nondik norakoa argitzeko eta gidatzeko. Bere bidez oinarritzen dira pertsonen bizitza eta beharrak. Sozialistek, halaber, aberastasuna gizartea kohesionatzeko eta ez zatikatzeko erabili nahi dugu, ikuspuntu horretatik hainbat arlotan ez da behar bezalako kudeaketa egin. Etorkinentzako politikan eta osasun esparruan atzerapen objektiboak daude, bestalde.

Zer iritzi duzu abortuari buruz? Eta zehazkiago Nafarroa izatea, legearen barruan, abortuaren praktika bere egiten ez duen Estatuko erkidego bakarra?


Ezin da horrela izan, eta ezin da horrela jarraitu. Pertsonek osasunaren artatze eskubidea eskura izan behar dute, legalak diren bitartekoak hemen ere erabili behar dira, Espainiako beste erkidegoetan bezala.

Zergatik ez da egiten?


Moral bikoitza delako. Ez da abortatzeko artatzea ematen, baina ematen da. Nafarroan ez, baina beharra duten pertsonen tratamendua finantzatzen da kanpoan. Emakumeek ez dute zergatik kanpora joan behar. Gaia desmitifikatu behar da.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude