EHUko Fisikako Katedradun den Pedro Migel Etxenikek zuzentzen duen Donostia International Physics Center Fundazioak antolaturik, 700 biltzarkide baino gehiago bildu ziren Donostian irailean. Tartean, nazioarteko zientzialari eta ikerlari gorenetakoak.
Eta ez da gezurra, goren mailako zientzialari, ikertzaile eta adituen artean sei Nobel saridun izan baitziren Donostian, hitzaldi egiten. Albert Einsteinen urte miresgarria dugun honetan, kongresuak arreta bereziz landu zituen zientzialariak garatutako printzipio eta teoriak, bai eta urteen joanean horiei esker egin diren aurkikuntza eta aurrerakuntzak ere.
Kongresuak, finean, bat egin zuen Fisikaren ikuspegia aldatu zuten Einsteinen bost lanen argitalpenaren mendeurrenarekin. Horrekin batera, hamaika gai ere landu ziren bertan: unibertsoaren sorrera, kosmologia, nanoteknologia, zulo beltzak, fisika pulsarra, mundu kuantikoa, erlatibitatea…
Gai zientifiko horiez gain, bizitzako hainbat alorrekin interesatua eta konprometitua egon zen pertsonaia sortzaile eta ezohikoaren giza soslaia ere aztertu zen; ezin ahaztuzkoa baita hark burututako zientzia ikerkuntzek ikaragarrizko eragina izan zutela XX. mendeko filosofian. Izan ere, Erlatibitatearen teoriak zenbait filosoforen hausnarketa eta ikuspegiak aldarazi zituen. Uste horretan, bederen, ados dira adituak...
Punta-puntako hizlariak izan ziren, beraz, Donostian, gai horiei buruz gogoeta egiten. Hizlari handietan, bat, singularra. Pribilegiatua. Gerald Holton amerikarra: Albert Einsteinen oinordekoen eskariz, zientzialariaren argitaratu gabeko korrespondentzia eta idatziak bildu eta aztertuak dituen ikertzaile eta irakaslea. Einstein beraren barrutik hitz egiteko egokiera zuen bakarrenetakoa...
Einsteinen karisma
Gerald Holton Fisika eta Zientziaren Historia irakasle da Harvardeko Unibertsitatean. Einsteinen paper argitaragabeak aztertuak dituenez, zientzialariak berak bere buruari buruz zer zioen jakiteko moduan gara Holton irakurlearen bitartez. "Hark besteak bezalako hiritarra zela uste zuen. Behin ere ez zuen ulertu zergatik zen hain famatu, hain ospetsu, hain sona handiko. 1921ean, New Yorkera lehenengo aldiz joan zenean, bost mila lagun zituen zain, ongi etorria egiten! Bost mila lagun! Eta, jakina, berak esan zuena: 'Masa histeria da hau. Seguru nago fisikarik ez dakitela, seguru nago ez dutela nire lanaren berririk. Hortaz, zertan daude hor, zergatik etorri dira?'. Ez zuen ulertzen jendeak aitortzen zion karisma handia. Eta, alde batetik, zoragarria da apaltasun hori. Berez, karismak, beste jende askori dagokion zerbaiti loturik zaudela esan nahi du. Einsteinek, ordea, ez zion horri etekinik atera nahi izan. Lider zen, agintea era artifizialean puzten ibili beharrik gabe. Horregatik ageri da Einsteinen irudia jendearen elastikoetan, hemen eta munduan. Eredu bat da jendearentzat, pertsona handiaren eredu, apaltasunarena, giza kontzientziarena. 'Zientziak egin behar duen bidea erakutsiko dizuet!', esanez bezala ari zaigu haren irudia".
New Yorkeko portuan zain zituen 5.000 lagun haiek bezala, gaur egun ere fisikariek nahiz oinezkoek, denek gurtzen segitzen dute zientzialaria. Argazkiak leku askotan. "Baina ez da, nahitaez, boladan dagoena. Begiratu zeure inguruan eta ikusi zer izan litekeen eredu eta zergatik har litekeen inor eredutzat...".
Holtonek bestalde, Einsteinen pasioak izeneko liburua ere argitaratua du. Fisika-ikerketan murgildurik bizi zen pertsonaren barru-barruko ezaguera du. "Alditan, elkarrizketaren erdian, isildu egiten zen, bost-hamar minututan, harago zegoen zerbaiti begira balego bezala, beste espazio batean balitz bezala... eta, gero, bat-batean atzera bere senera etortzen zen, bere burura zer edo zer etorri zelako-edo. Fisikari buruz ari zen pentsatzen denbora guztian, ez Newton bezala. Bestalde, pentsatzeko modu berezia zuen. Modu berezi hori eredu bilakatu da, aurretik ez baitzen batere ohikoa: proposizio indartsuak egitea zen ordura arte kontua. Ebidentzietatik abiatu, indukzioz jokatu eta urratsez urrats aurrera egin ordez, jauzi platonikoa egitea nahiago zuen: proposizioa egin, eta haren arabera azaldu gertakari baten barruan gertatzen zen guztia".
Pentsatzeko modu berezia da, harrezkero, eredu. Haren jeinutasuna. "Pentsatzeko modu berezi eta ausart hori, alegia, Einsteinen jeinutasuna ulertzeko era bat da. Beste bat, berak bere buruari buruz esan ohi zuena: 'Bi dohain ditut: bata, astoaren egoskorkeria, Jainkoak eman didana; horri esker, luzaro egoten ahal naiz problema baten aurrean. Bestea, haurrek egiten dituzten galdera berdinak egiten segitzea. 'Zer da espazioa? Zer da denbora?'. Haurrei ikaragarri gustatzen zaie era horretako galderak egitea, eta nik horixe egiten dut, nik ere galdera horiek egiten ditut'. Esan gustu zuen Einsteinek. Horra haren jeinutasuna!", dio Holtonek.
Oraindik orain, berriz, auzia piztu zaigu: "Erlatibitatearen diktadura" asmatu digute. Absolutismoa ere izendatu dute batzuek. Holton irakasleak egin digu argia: "Bai, 'Erlatibitatearen diktadura' entzuten da orain. Esaldia ez da nirea, badu jatorria, ez nolanahikoa gainera: Ratzinger kardinalaren homiliatik dator. Aita santu izendatu aurretik egin zuen hitzaldikoa da, alegia. 'Elizaren arriskurik handiena erlatibitatearen diktadura da', esan zuen. Ustekabean hartu gintuen esaldiak. Esaldia ongi ulertzen saiatu naiz eta, horretarako, zenbait testu ere irakurri ditut. Elizak badaki fundamentalismora ari dela jotzen. Badaki ez duela dibertsitatea ulertuko. Askapenaren Teologia eta gisakorik ez du berriz onartuko... Nik uste horregatik ari zela Ratzinger erlatibismoaren aitzi. Fedea ulertzeko modu bat baino gehiago ez du nahi Elizak katolikoak: gizonak ez ezik emakumeak ordenatzea-eta... Hori 'erlatibismoa' litzateke, haien arabera betiere. Eta ulertzen dut joera hori".
Horrek, hala ere, iturrira garamatza, Einsteinek ongi bereizten baitzituen zientziaren baitako erlatibismoa, eta zientziatik kanpokoa. "Berak zioena esango dizut: 'erlatibismoa legitimoa da, guztiz, zientziaren barruan. Zientziatik kanpo, ez da legitimoa'. Alegia, Einsteinen arabera, ezin zenezake esan: 'dena=dena'. Ez. Edo, beste egile hark bezala, bere liburuan, Everything goes (Dena doa). Horrek ez du errealitatean oinarririk. Erlatibitateaz ari zenean, zientziaren mugen barruan ari zen Einstein. Besterik da muga horietatik kanpo".
Gerald Holtonek Erlatibitatearen Teoriaren argiak eta ilunak ere landu zituen Donostian egin zuen hitzaldian. Bertan, Einsteinen teoriaren alde positiboak eta negatiboak azaldu zituen. "Positiboetan, zera nabarmenduko nuke: fisika mordoa batu zuela. Aurretik fisika, testuliburua balitz bezala aztertzen zen: batek fisika akustikoa; besteak fisika optikoa; hurrenak elektrizitatea, edo grabitazioa. Einsteinek bestela jokatu zuen: 'Zein dira fisika guztien azpiko oinarriak?'. Galdera horrixe erantzun zion. Horretaraxe dator Erlatibitatearen Teoria: fisika denak biltzera. Dudarik gabe, horixe da positiboa".
Ifrentzua ere badu txanponak. "Negatiboa? Teoria hori ez dela fenomeno nuklearraren barne eta fenomeno kuantikoaren barne, behar beste, edo nahiko genukeen beste, aurreratu. Horixe da eginkizun, eta, jakina, horretan ari dira gaur egungo teorikoak, fenomeno horiek aztertzen eta aitzinatzen. Einstein horretan saiatu zen bizitzako azken 20 urtean baina ez zuen gauzatu, fisika nuklearraren indar handiak eta indar txikiak ulertzera iritsi ez zelako. Eta nola jakin horretaz! 1955ean artean inork ez zekien gai horretaz. Einstein, garai hartan, okerreko bidetik saiatu zen mendia igotzen. Gaur egun, badakigu, jakin, fenomeno horiek nondik eta nora aztertu. Horretan ari dira ikertzaileak, mendia bide zuzenetik igotzen oraingoan".
Harrigarri bada ere, Einstein ez zen "erlatibitate" hitzaren aldeko. Ez zuen izen hori atsegin. Are gehiago, ez zen berak asmatua. Berak Invariance Theory zuen nahiago. "Bere paperetan, Erlatibitatearen Teoriari buruzkoetan, ez da 'erlatibitate' hitza ageri. Lanaren izenburuak ez dio 'erlatibitatea'. Eta 'teoria' dela eta, berak ez du horrelakorik aldarrikatzen. Berak, 'pentsatzeko modua, ikuspegia' dela esaten du behin eta berriz. Eta, izenik ematekotan, 'Invariance Theory' (Inbariantzaren Teoria) izenaren aldeko zen Einstein: argiaren abiadura inbariantza da... Fisikaren legeak inbariantzak dira: zein aldetatik aztertzen dituzun, hortxe dago koska. Horren alde egin nahi zuen, 'inbariantza' hitzaren alde, alegia, baina, konturatu zeneko 'beranduegi da' esan behar izan zuen. Ez zuen beste erremediorik izan".
Zientzialari, fisikari eta ikertzaileak bat datoz, ados dira denak: Einsteinek mundu bat hobea egiten lagundu zuen. Nola, ordea? "Zeharka, izatekotan ere. Zuzenean, zientziari buruz pentsatzeko modua erakutsiz. Einsteinen paperetan asmo erabilgarrien hasiera ikusten dute ingeniariek, haietara lañotasunez jotzen badute, behintzat. Satelite bidezko komunikazioak, laser izpiak, fusioa... Einsteinek ez zuen beti aurreikusi haren ikerketaren ondorioa. Baina, haren paperen arrastoan segi eta hamaika erabilgarritasun dugu gaur egun".