Bidelapurrek ederki ezagututako Gorbeiako basoetan barna

Zuiako herrian Ziorraga auzoan hasiko dugu ibilbidea. Laudio eta Altubeko portuak batzen dituen A-624 errepidea Ziorraga auzotik igarotzen da eta hemen utziko dugu ibilgailua. Laudio aldera goazela, eskuinera baserri batera doan lehenengo bidea hartu eta autopista azpitik zeharkatzen da. Ondoren, eskuinera doan pistan pinudi baten gora egingo dugu.

Autopista babesten duen sarean petrolio itxurako likidoz beteriko plastikozko ur botilak zintzilikaturik ikus daitezke. Basapiztiak autopistako bidesaririk ordaindu gabe pasa ez daitezen jartzen dira. Izango da orduan zer ikusi eta zer somaturik baso honetan!
Mendiko pista beti gorantz jarraituko dugu mendixkaren gailurra topatu arte. Pinudian etxabereentzako erabiltzen den baserria igaroko dugu. Baserri honek sustratoaren berri ematen digu, hareharri sendoz eraikia baitago. Azpi basoa iratze eta txilarrez josia dago eta tarteka perretxikoren bat edo beste ikus daiteke.
Tontorrera iristen garenean, puntarik altuena jarraituz gailur borobilduan jarraituko dugu, mugarriz mugarri. Gailurretan mugarriek hartzen dute gurutzeen lekua eta horregatik bertakoek Mojón alto, El Quinto mojón eta antzeko izenak erabiltzen dituzte mendixkak izendatzeko. Mojón mugarri baita gazteleraz.
Bi basoren artean, eskuinean ameztia eta ezkerrean pinudia jarraituko dugu mugarriz mugarri. Bi munduen artean, bata intentsiboki ustiatzen den Intsignis pinuaren (Pinus radiata) edo lergorriaren (Pinus sylvestris) basoa, bestea gaur egun apenas ustiatzen den ameztia. Garai batean inguruko baso guztiak garbitzen zituzten ikazkinek.
Gorbeian oso ugari ziren ikazkinak, burdinola asko baitzegoen bertan. IX. mendetik ezagutzen dugun lehena Zigoitiakoa da, gure ibilbidearen alboko herrikoa, eta gerora gehienak Bizkaia aldean garatu ziren. XIX. mende hasieran 30 inguru ziren. Hauek hornitzeko mendi guztia zuritzen zuten ikazkinek eta oraindik ere basoak berreskuratze prosezuan daude.
Oso ospetsuak bilakatu ziren 1898an "Granizo"ak, Gorbeiako mendietan bizi ziren bidelapur talde bat zen. Ingurukoak ba omen zekiten zeintzuk ziren, ikazkin eta lapur eta hiltzaile talde honetako bidelapurrak. Beldurrak kokildurik-edo, ez zuten inor salatzen. Ikazkin malapartatuek baso hauek eta inguruko koba eta zirrikito guztiak ezin hobeki ezagutzen zituztenez, ezinezkoa zen hauek atxilotzea.
Gaur egun ez dago bidelapur edo ikazkinik, hauen ordez baso ustiatzaileak etortzen dira pistak irekiz, ripper, kamioi eta hondeagailuekin. Lur batzuek hala ere hauen eskuetatik ihes egiten dute. Ezkerrera gelditzen zaigun maldak esate baterako, eta horregatik ari da natura amezti eder hau berreskuratzen. Baldintza lehorrak ematen dira malda honetan eta haritzaren familiakoa den ametza egokitzen da lur hauetara. Hostoaren lobuluen sartu-irtenak sakonagoak dira eta hostoaren gainaldea zein azpialdea ilez beterik izaten ditu. Mugarrien artean 5 handi bat idatzia dagoena igaroko dugu. Hau da bertakoek El Quinto mojón deitzen diotena.
Bide ertzean lokatzezko putzuren bat edo beste ikus daiteke. Putzu alboan dauden zuhaitzetan erreparatuko dugu: adarrak hautsiak eta azala gastatua badute, ilerik dagoen edo ez begiratu. Basapiztien bainuontzia izan daiteke hau eta ileak aztertuz zein animaliarenak diren jakin dezakegu. Ileak fin eta gorriztak badira eta zuhaitzen azalean arrastoak altu xamar badaude, metro, metro eta erdira-edo oreina izango da. Ileak aldiz gris eta gogorrak badira lohizko bainua basurdeak hartu izango zuen.
Arrastoen artean gailurra jarraitu eta jarraitu, igotzen joango gara eta basoa pagadi bihurtuko da. Hemen ere gailurraren bila jarraitu eta Mojón altora iritsiko gara gurbitz ikaragarri bat topatuz. Pagadian oraindik ere txondor plazak nabari dira, basoari ere zaila egiten zaio bidelapur haietaz ahaztea.
Hurrengo gailurra Burbonakoa da, pagaditik irten gabe gora egin eta kohete itxurako buzoia topatzean gailurrean gaudela jakingo dugu. Aurrerago bidegurutzean ezkerreko bidea jarraituko dugu, pagadiko hezetasuna utzi gabe. Maldan behera hasiak gara eta altuera galtzen goazenez, pagoak urritzen doaz eta garo eta txilarrak ugaritzen. Mila motatako txilarrek koloreak ateratzen dizkiote iratzediari eta udazkenean gorritu egiten dira. Beti ere ezkerreko bidea jarraituz abereek bazkatzeko erabiltzen dituzten larre iratzeditara iritsiko gara. Behi, zezen eta txahalek larratzen dituzte lur batzuk eta zaldi, behor eta moxalek beste batzuk. Nola ez, garai bateko abeltzainentzat egin ziren bordak ere ikus daitezke, baina gaur egun lur orotariko ibilgailua nahiago dute. Ur deposito batera iritsiko gara eta hau eskuinetik igaroko dugu. Hurrengo bidegurutzera iristean bi bideen artean dagoen bidezidorra hartuko dugu. Baserri baten atarira iritsi eta aurrera jarraituko dugu. Garrastatxuko ermitara heldu aurretik ezkerrera doan pista hartu eta errekara jaitsiko gara. Baselizara joatea gomendagarria da, eraikuntza dotorea ikusteaz gain, alboan dauden mahai eta zelaietan mokadutxo bat jan genezakeelako. Harri soltez beteriko pistan behera egingo dugu eta ibai ertzeko baso ederrera iritsiko gara. Dibertsitatea ikaragarria da: haltzak, lizarrak, zumarrak, sahatsak, hurritzak, haritzak, astigarrak, urkiak, elorri zuriak, elorri beltzak, otso lizarrak, eta abar luze bat zuhaitzei dagokienez, zuhaixkak beste hainbeste eta belarrak gehiago. Berehala, baserri artean autopistarekin aurkituko gara. Berriro ere azpitik igaro eta abiapuntura iritsiko gara, Ziorragako auzora
Oreinen udazkeneko orroak
Basoan, usain berezia dago, noiz behinka basapiztien kiratsa nabaritzen da. Berriro ere hanka egin digute. Azeri, basakatu edo oreinen batek gure garbikari kiratsa somatu eta basoan barneratu da. Ezin da basoan kantari ibili eta animalia dotoreren bat ikusteko esperantza mantendu. Zerbaitegatik ibiltzen dira ehiztariak ere egunsentian arropa berdeekin eta basoko isiltasuna errespetatuz.

Hala ere, ihes egiten diguten animalietaz ohar gaitezke, animalia horiek uzten dituzten arrastoak aztertuz. Baso hauetako erregea dugu oreina. 50eko hamarkadan birpopulatu zituzten Gorbeian, baina aztarna arkeologikoek diotenez aspaldidanik izan da hemen ungulatu hau. Bertako zerbidoetan handiena, 140 Kgr. inguru izaten dituzte arrek, sendoa eta liraina dugu aldi berean, dotorea dudarik gabe. Udan larru marroi gorriztarekin negurako janzkera ajatu eta grisagoa bilakatzen zaie. Arrek adar ikaragarriak izaten dituzte. Burutik buztanera 2,5 metrora iritsi daiteke luzeran eta altuera 1,5 metrotakoa lurretik lepa zamarreaino. Emeak aldiz txikiagoak eta arinagoak izaten dira, 90 Kgr inguru.
Orain, udazkenean, araldi garaian murgiltzen dira. Arrek, burua galduta, emeak estali nahian, milaka txorakeria egiten dituzte. Adarrik ikusgarrienak dituena emeekin gelditzen da eta beste ar satelite gazteak ar dominatzaileei adarrak jartzen ahalegintzen dira.
Garai honetan, arrek adar eta aurreko hankekin zuloak egiten dituzte bertan pixa eta hazia utziz. Euria egiten duenean nahaste honi usaina dario. Lokatz hau zapaldu eta bertan gorputza igurztea Chanel N°5 baino erakargarriagoa omen da emeentzat.
Udazkeneko ilunabarretan, emeek belardietan bazkatzen duten bitartean, arren oihuak entzuten dira. Oihuak, adarrak, usainak... guztiak emeak estali nahian. Araldia igarotzean arren arteko lehia murriztu eta, denek elkarrekin, orein ar zahar bakartiak kenduta, negu gorriaren elikagai eskasia gainditu behar izaten dute. Dudarik gabe, oreinen bizitzan garairik gogorrena. Asko eta asko neguak irensten ditu. Maiatzean araldian izandako lanak fruitua ematen dute, oreintxo txikiak jaiotzen hasten dira eta gertatutakoa ikusita-edo, arrei adarrak erortzen zaizkie. Bi urteko emeen %40ak erditzen du eta 3 urtekoen %85ak. Lehendabiziko urtea amarekin egingo dute oreintxoek, hasieran amaren esnea edanez. Udan bazka ugaria da eta egunsenti zein ilunabarretan jaten dute, egunez gorderik mantentzen direla. Udazkenean adarrak bakoitzak bere lekuan dituenean berriro hasiko da adarjokoa


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude