LOZORROTIK URTEN GURAN

  • Badira hogeita hamar urte Arantzazun euskara batua jaio zenetik, eta sorreran hainbat aldek enoratu ostean, onarpen maila handiena bizi du egun. Beharbada horrexegatik, oinarri sendoa hartu duelako, egindako bidea egokia izan ote den eta erdialdeko euskalkiek emandakoa bizkaiera edo mendebalekoaren kalte ez ote den izan eztabaida interesgarria dabil hitzetik hortzera azken urteotan. Orriotan euskalki hau berrindartzeko hainbat esparrutatik egin den lana, egun bizi duen bultzada eta normalizaziorako ematen ari diren urratsak eta dauden kezkak bildu nahi izan ditugu.

"Bizkaia" "Euskaldunon Egunkaria"ren gehigarria izan da mendebaleko euskalkiak izan duen aspaldiongo aurrerapauso ezagunena. Baina behar luzearen ondorioa da. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortzea, Gotzon Lobera bilbotarra zuzendari duela. Ordutik euskarara bideratutako diru-laguntzak boskoiztu egin dira, eta hitzarmenei esker ekimen ugari bideratu ahal izatea espero da. Horien artean, "Bizkaia" bera dugu horren emaitza nabarmena.
Ikuspuntuaren aldaketa derrigorrezkoa izan da bizkaiera berrindartzerako. Aski ezagunak dira euskararen batasunak sortutako ezinikusiak, eta oraintsu arte iraun du horren eraginak. ARGIAn bertan oraintsu aipatzen zuen Gotzon Lobera berak ordea etorkizuneko lana bizkaierari dagokionean: "Lana batuari egin diezaiokeen ekarpenaren ikuspuntutik egin behar da eta ez bizkaiera versus batua planteamendutik. Hori antzinako kontua da. Bizkaiera baztertua izan da, baina nik garbi daukat bizkaitarron erruagatik izan dela".
Labayru elkarteak jardun du urte guztiotan bizkaieraren gaineko behar handiena egiten. Eubako pasiotarren egoitzatik ere bideratu dira bizkaieraren inguruko ekimen asko, Ikastola Katolikoen Alkartea edo Ibaizabal argitaletxea, besteak beste. Herri Irratian hasi ostean Bizkaia Irratia sortu zen, eta bizkaiera lantzeko orduan ere ezinbesteko erreferente bihurtu da azken urteetan, egunero-egunero egindako lan eskerga dela-eta. Baina ia-ia elizaren magalera bilduta egon da, edo inguruko sektoreen babesean, horietako zenbait sarri euskara batuaren aurka, denboran atzera joan ahala batik bat. Gailendu den euskararen normalizazioaren aldekoek ere behin baino gehiagotan eman diote lepoa etxeko euskarari eta euskalkiari. Ikuspegi nazionalaren izenean emandako urrats asko bide horretatik joan dira. Xabier Amurizak aipatzen zuen: "Euskaldunok akonplejatuak bagara, bizkaitarrok euskaldunetan akonplejatuenak izan gara. Inork ez dau egin geuk egin doguna, baztertu baino gehiago, sasira bota dogu euskalkia".
Amuriza bera izan zen hain zuzen, 90eko hamarkada honetan bizkaieragaz gertatzen zena salatzen hasi zenetako bat. Esanguratsua da Bizkaiko bertsolaritzan gertatutakoa. Herriko euskarari guztiz lotuta zegoen sasoian batuan ere kantatzea posible zela erakutsi zuen, eta Bizkaian han-hemenka bertso-eskolak sortzerakoan batuan hasi ziren umeak kantatzen. Baina ohiturak ohitura, zaila da gero hori aldatzea: "Final pare bat egon ziren ia inork ez ebana bizkaieraz kantatu". Berbetan batua nekez zerabilten gazteek ezinezko zuten bizkaieraz kantatzea. Hori bideratzeko ikastaroa antolatu zuen Bizkaiko Elkarteak Amuriza beraren gidaritzapean eta egun arrunt asko entzun daiteke Igor Elortza txapelduna adibidez bizkaieraz kantatzen.

 

 

MENDEBALDEREN MUGARRIA.
 
Baliteke bizkaieraren alde jardundakoak gainontzeko sektore euskaltzaleetatik oso bereizita egon izana, elizaren inguruan antolatuta eta atzerakoi etiketa ere izan dute. Baina horren erreakzio-edo, bizkaierazko zantzuak desagertarazi dira euskara batutik, ez Euskaltzaindia edo beste inoren aholku edo aginduz, ezpadaze "amaitu"ren ordez "bukatu" aukeratuta batuan diharduen bizkaitarrak, "itzali" "amata"ren lekuan, eta gaizki eginez gauzak txarto egin beharrean.
Haserreak haserre, Labayru, Euskaltzaindia eta arduraz zegoen gainontzeko euskaltzale bizkaitar talde batek Mendebalde Alkartea sortu zuten orain bost urte. Aurreko urteetako uste eta iritziak malgutu edo bere horretan iraun, eztabaidarako gunea izan behar zuen, hasiera-hasieratik euskara batuaren garrantzia azpimarratuz, eta bien uztartzearen bila. Oraindik orain argi utzi beharreko kontua baitzen itxuraz.
"Batetik, euskal hizkuntza bere osotasunean, eta bereziki euskara batuari Euskal Herriko Mendebaleko euskarak, bizkaiera izenaz ezagutzen denak, eskain diezaiokeen ondarea ikertzea eta bultzatzea. Bestetik, Mendebaleko euskararen corpusa eta statusa jagon, landu eta bultzatzea". Hara hor Mendebalderen arautegian jasotako helburuak, batuaren iturri joriena euskalkietan dagoela jabetuta.
Ordutik urtero antolatu ditu jardunaldiak Mendebaldek, euskararen inguruan beharrean diharduten guztien artean sona lortu dute eta aurkakotasunezko paisaia horri elkarlanak hartu dio bidea. XX. mende goienean mendebaleko euskara aztertu zuten orain hiru urte egindako lehen jardunaldietan; 98an "Mendebaldeko euskeraren ekarria" izenburua ezarri zioten, eta iaz berriz, literatura izan zuten aztergai.

 

 

FORMALIZAZIOAREN APUSTUA.

 

Ohi denez maiatzean izan dira aurten ere Mendebalde Alkartearen jardunaldiak. Kanpotik begiratuta literaturak izan dezakeen interesa ez baleuka ere, luzaz plazaratutako -edo derrigor eutsi beharko zaion- eztabaidari abiapuntua ezarri zioten. Mendebaleko berbetearen formalizazinoa hizkuntzalariek zehaztu beharko dute beharbada, baina ondorioa esparru guztietan izango du: zein izango da bizkaieraz erabili beharreko hizkuntza moldea.
Zalantza barik handia da honen guztiaren gainean egin beharreko lana. Euskara lan tresna duten bizkaitar zenbaitek lan zaila iritzi dio, oraindik euskara batuaren inguruko azken erabakiak eguneratzeko arazoak izaten direlarik, bestelako erregistro batean, eta halaber hizkuntza bereko molde biren jabe izanda, zaila delakoan.
Ez da hutsetik sortu beharreko zerbait ordea. Azken mende bietan behinik behin uzta oparoa izan du mendebaleko euskarak paperetan. Inon arautu barik baina hautapen erdi-natural baten bidez, Mogelek eta Añibarrok idatzitako ereduetan badirudi bigarrenarenetik hurbilago dagoena nagusitu dela.
"Elizak egiten duen moduan egingo dugu, baina elizak esaten dituen gauza berdinak esan gabe", esan zuen irriz Martxelo Otamendi "Euskaldunon Egunkaria"ko zuzendariak "Bizkaia"ren aurkezpenean. Izan ere, Bizkaia osoan tradizio luzea izan da -ez horrenbeste beharbada mendebaleko euskararen Araba eta Gipuzkoako lurraldeetan- herrikoa ez zen euskara jaso bat entzuteko, elizaren bidez batez ere.
Begi-bistakoa da gizartearen sekularizazioak mugatu eta urritu egin duela elizak beregan duen eragina, noraino eta euskaraz alfabetatu diren askok, etxeko euskaraz berbetarako gai izanda ere, idatzirako edo hizkera formalerako unean (bertsotan aipatu kasuan adibidez) batuan bakarrik topatu dutela erreferentzia. Baina urte luzez idatzitako eredu hori, ingurune zehatz batzutan bakarrik eutsi zaiona, bizkaiera batuaren ernamuina izango da ziur aski.
Hortik aurrera dena dago arautzeko. Mendebalderen jardunaldietan deklinabiderako proposamena plazaratu zuen Jazinto Iturbek. Bizkaiera lan tresna dutenek ezin dute erabakien zain egon ordea, eta egindako lana ere iturri izan beharko da. Gainontzean, euskara batuari sarritan leporatu zaion kortse estua ez litzatekeela bizkaierarekin errepikatu behar ere esan izan da, hau da, gutxi-gutxieneko eredu batetik abian, nork beretik jarraitu ahal izatea. Fonetismoak adibidez bazter geldituko lirateke, baina hartzen dut egiturarako hartuten-hartzen-hartzean dot edo egon litezkeen gainontzeko barianteak askatasunez erabiliko lirateke, hartaraino zehaztu barik.

 

 

HEZKUNTZA URRUN ORAINDIK.

 

Bizkaierak aurrera egin ahala, zalantzak eta galderak ere sortu ohi dira. Zein da euskalkiari dagokion lekua? Zelan uztartzen da batuarekin, elkarren aurkari baino osagarri izateko? Maila guztietan baliagarri bada mendebaleko hizkera, zein da une, leku, egitura bakoitzean erabili behar den hizkuntza moldea?
Hezkuntza, hedabideak eta administrazioa lekuan lekuan landu beharreko esparru horien lekuko dira. Euskal herrietan umea euskara batuan bakarrik hezi behar ote den, euskara batuaren esparrua ere mugatua den gai batzuetarako, bestetzuetan berbetarako ez eze alfabetatzeko beharra ere ez ote litzatekeen komeni...
Oraindik tinko eutsi ez zaion gaia da hezkuntzarena. Mendebalderen baitan jorratu bada ere, hausnarketa eta irizpideak bideratzeko orduan beharra dago egiteko. Euskara eredu bakarra, sarritan estuegia, arlo askotan malgutu da, eta lehen hezkuntzan jarraitu beharreko bidea ere hortik joan beharko litzatekeela uste du batek baino gehiagok.
Hau da, etxean eta kalean herriko euskaraz dabilen ume lekeitiarrari, bermeotarrari edo gatikarrari eskolaurretik bere ordura arteko euskaratik horren urrun dagoen batuan egin behar ote zaio? Xabier Amurizak eztabaida etxera eroaten dela dio: "Hori ezin da etxera eroan, ze prestigioa eskolak dauka, eta umea asteazkena zuzena dela esatean etxeratzen bada, aitita-amamak zelan eutsi eurenari? Eguaztena zulora doa, debatea ezin da etxera ekarri".
Erdibidea bizkaiera batuan egon liteke, Bermeoko ikastolan eta beste batzutan egindako moldez. Alegia, egoera informalari herrikoan lasai egin, eta irakaskuntzan, lehen urteetan behintzat, bizkaieraz. Hortik aurrera askoz errazagoa ei da euskara baturako zubi-lana, idatziz eta ahoz. Baina oraindik luze joko duen eta jorratzeko asko daukan gaia da. Besteak beste, orain arteko irakasle berrietatik asko ere ez baitaude bizkaieraz alfabetatuta.

 

 

HERRIKO HIZKERA ALA BIZKAIERA BATUA.

 

Estatu eta antzeko egiturak ahultze bidean doazen sasoiotan, bide bi nabarmendu izan dituzte adituek kazetaritzaren baitan: globalizazioa, mundu osoarekiko hurbilpena mugak ia desagertuz, eta horrekin bat, paraleloki, norbere txokoaren garrantzia. Estatuaren gainetik, hiria, auzoa, eskualdea, herria, berta-bertakora hurbiltzea.
Herri kazetaritzaren indartzea ere ikusi dugu aspaldion, herri aldizkarien bidez batez ere, baina irratiak eta telebistak ere baztertu barik. Eta Topagunearen baitara bildutako elkarteen artean ez da eredu finkorik izan, nork bere egoerari egokitu dio hizkuntza moldea, baina euskarak izan duen aberastasun handienetako bat herri kazetaritzan dagoela ezin ukatu. Sarri askotan itzelezko onarpenaz gainera.
Deba Haraneko eskualde bietan fenomeno indartsua da kazetaritza mota hori, eta oraindik herri ikuspegitik gora doan bidean dihardute Arrasate, Aretxabaleta, Bergara eta gainontzeko herrietan. Bizkaian ere han-hemenka izan dira antzeko egitasmoak: "UK" Uribe Kostan, "Eraz" Durangaldean, "Berton" Bilboko Mahatserrian...
ARGIAk, Euskal Telebistak, irratiek, geroxeago "Euskaldunon Egunkaria"k, kazetal hizkuntza eredua sortu zuten, baina begibistakoa da bestelako irakur edo entzuleria dutela herri hedabideek. Eta horrek hizkuntza moldearen birdefinizioa ere badakar, hasieran kazetal hizkuntza hura hartuta ere, herriko egoerara hobekien moldatzen den euskara hartzeko.
Desberdina baita euskaltegi edo ikastolatik alfabetatuengana heltzea edo herri euskaldun batean euskaraz irakurtzeko ohitura gutxi duten nagusiagoengana. Herri hizkerarako hurbilpen handiena Eibarko "...eta kitto!" herri aldizkaria dugu seguru aski, eta Gipuzkoa aldean mendebaldeko euskalkiz mintzo direnek ere sarri ekarri ohi dituzte herriko hizkeraz idatzitako artikuluak, areago herriko jendeari egindako elkarrizketetan.
Bizkaian bertan, bertako euskararen gaineko artikuluak ohikoak dira herriko euskara makalen dagoen inguruetan, "UK"n eta "Berton"en adibidez. Gainontzean naturaltasun handiagoz tartekatu ohi da, baina kazetal hizkuntza euskara batua da oraindik batez ere.

 

 

BIZKAIERA ONARTUA.

 

Politikoki zuzena izatearen sasoiotan, bizkaiera berbaren erabilera mugatu dute. Mendebalde Alkarteak ere zuzentasun horri erantzunez hartu zuen izena, eta azken aldian badirudi orain arte bizkaiera deitu zaionari mendebaleko euskalki izena dagokiola. Koldo Zuazo hizkuntzalariak ere erdialde eta mendebaleko euskalkiak deitu ditu orain arte gipuzkera eta bizkaera bezala ezagutzen zirenak.
Aramaion eta Deba haranean hedatzen baita euskalkia, eta badirudi mendebaldeko hizkera hori izan zela garai bateko Arabako zati handienean mintzatzen zen euskara. Baina ez dirudi oso begiko dutenik eurenari bizkaiera esatea, eta euskara batua herriko euskaratik urrun egonagatik, zailagoa dirudi bizkaiera batua zubilanerako onartzea. Izan ere, bizkaiera mota horri ere urrun deritzo inguru horretako askok, -ardurea-egia deklinatzea eurenean arduria-egixa dena adibidez-.
Ez dirudi berehala ebazteko auzia euskalkia eta herrialdeen arteko mugak gainditzearena. Bizkaiko mugen barruan berriz, oso garrantzitsua izan da Bizkaia Irratiak orain arte jorratutako lana, etengabe kazetal hizkera izan baitu euskalki landu hori. Zalantza barik, formalizazioan egon daitezkeen proposamen eta eztabaiden gainetik, irrati horrek eta "Bizkaia"k eguneroko jardunean ezarritakoek berebiziko garrantzia izango dute bizkaiera mintzatu eta idatzirako orduan. Eta balio lezake prestigioa eta alfabetatzea bultzatzeko, lanari eragozpenak bakarrik ikusi dizkiotenen artean batez ere.

 

 

ADMINISTRAZIOA ETA GAINONTZEKO ESPARRUAK.

 

Izan ere, euskara batuaren eta mendebalekoaren erabilera zehaztu eta definitzen hasita, badirudi bigarrenaren alderantz lerratzen dela kontua eguneroko bizitzan, instituzio eta hedabide nazionalen gainetik eguneroko bizitzan maila lokalagoko erakundeen ekimenak -udalak, herri taldeak eta abar- eragin handiagoa baitauka.
Horiek guztiek zelan bideratu beharko lukete komunikazioa? Mendebaleko berbetaren inguruan dabiltzanek, herriko -edo herrialde osoko- lanari bizkaieraz oratu beharko litzaiokeela uste dute, batuak eta bizkaierak elkarbizitzarako esparrua baitaukate, baina azpitik ere begiratuta, herri hizkeren kodetzea izan da aspaldian, aipatutako Eibarko herri aldizkariaren kasuan bezala.
Hori ote da herrira jaitsita hartu beharreko eredua? Mungian Mungiko euskara, Durangon Durangokoa, Arrasaten Arrasatekoa eta Lekeition Lekeitiokoa, laburdura, fonetismo eta guzti? Esan bezala, hartu ere hartu izan den bidea da, baina askok uste du berbetarako eta idatzirako mailak bereizi behar direla, eta azken horretarako eredua bizkaiera batuak ematen duela.
Bestetzuek ordea, herri hizkeratik euskara batua urrun dagoela eta bizkaiera batua ere eguneroko euskaratik urrun eta estuegia ez ote den diote. Bizkaiera, mendebaldeko euskalkia, bide berriak urratzen dabil zalantza barik, esparru gehiagotara hedatzen, eta hor ere eztabaida eta zalantzak plazaratzen dira. Adostasun erabatekorik ez da egongo, baina bien bitartean berbakera mota guztiak zehaztu eta zein bere lekuan erabiliz gero ez da gutxi izango. Euskararen beraren aberastasunaren seinale, euskara bera osasuntsu dagoenaren ondorio.
MENDEBALAREN MENDEBALA: FAR WEST
Bertoko euskarari eutsi ez dioten Bizkaiko eremuak Ibaizabalaren ezkerraldea eta Enkarterri direla aipatzen dute euskalkien mapek. Gainontzekoa bizkaierari legokioke, baina ustez kolore horrek herrialdearen zati handiena bete arren, bestelakoa da hizkuntza egoera. Izan ere, Gipuzkoan egon litekeen biztanleria banaketa orekatuaren aldean, Bizkaiko biztanleen bostetik lau Bilbo Handi esaten zaion horretan bizi da, Ibaizabalaren alde bietara alegia.
Herrialde osoan horren eragina nabarmena da, alde handiak baitaude euskarari eusteko euren artean. Lea-Artibai aipatu izan da Euskal Herri osoko eskualde euskaldunentzat. Hortik kanpo, Busturialdea, Durangaldea eta Arratia ditugu eta mendebalderen, Uribeko merindade luzea, Kantauri itsasertzetik Arabako mugaraino doana.
Orain berrogei urte arte erabat euskalduna zen eremuak ordea galtzear dauzka bere berbakera asko. Ez da Erronkari, Zaraitzu edo Aezkoako egoera bera, baina ondorioak antzekoak izango ditu euskalkiak, eta alferrik Euskal Herriko mapako mendebaleko txokoa koloreztatu, egiaz berbarik egiten ez bada.
Hiriak baserriak irentsi ahala, bertan bizi zirenak, eta horiek zerabiltzaten berbetak, desagertarazi egin ditu. Bilbon Begoñan, Larraskitun eta Buian gelditzen diren baserrietan grabazioak egin izan dira, material hori guztia aztertu eta gordetzeko, baina ez dirudi hainbeste mila lagun bizi den inguruan berbeta hori erabiliko denik. Eskolatzeak bere lana betez gero, euskara batua erabiliko da, Bizkaiko gainontzeko eskualdeetan gurasoak dituztenek zipriztin horiekin jantziko dute batu hori. Baina sasoi bateko hiriburuko berbetak azken orduak bizi ditu.
Hortik kanpora, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Laudio bera... oraintsu arte euskaldun izan diren eta industrializazioak goitik behera eraldatu dituen guneak dira, lekuko azpieuskalkiak desagertzeko zorian utzi arte. Leku askotan egiaz desagertuta dago hizkuntza bera, han-hemenka hiztun zenbaitek eutsita ere, berbeta garatzeko gizarterik ez baitago. Erdaldundu egin da herria eta euskalduntze bidean batuan egingo du. Bonapartek aipatu zuen bizkaieraren Arrigorriagako azpieuskalkia beraz -Bilbokoa barne- ez dirudi gehiago mintzatzen denik, herrigune bakanen baten salbu.
Uribe iparrean baliteke hobeto gorde izana horko berbetak, baina Getxoko udalerrian bertan laurogei mila biztanle daudela kontuan izan behar da, eta Bilbora bidean Leioa eta Erandio ere bizkaieraren eremuetan kokatuta ikusten ohituta gaude. Azken hamarkadetan horra bizialdatu direnek erdara, euskara batua edo beste euskalkiren bat eroan badute ere.
Industrializazioa eten zen, baina ez hiri-hazkundea. Kaltea Ibar Ezkerrak jasan badu -Barakaldo ehun mila biztanletik jaitsi zen azken erroldan-, Eskumakoak guztiz kontrako prozesua daroa, eta Bilbotik kanpora geroz eta jende gehiagok erosi du etxea Uribe-Kosta, Txorierri eta Uribe-Butroeko pisu eta urbanizazioetan. Horrela, Getxotik Berango, Sopela, Urdulizera... doa prozesua, Erandio eta Leioatik barruko aldera Sondika, Loiu, Deriorantza... Laukizen ere urbanizazio bakar batek bikoiztu egin zuen herriko errolda eta antzeko esperimentuak Mungia inguruko herri zenbaitetan egin ez eze, aurrerantzean ere egiteko asmoak badaude, Meñaka, Gamiz-Fika eta bitarteko inguruan.
Oraindik beharbada ahulxe, baina herriko bizimoduan aldaketa bortitz horrek zein eratan eragiten duen nabarmendu eta kritikatu izan du zenbaitek ordea. Desberdina baita Lea-Artibaira pertsona bakanak bizialdatu eta bertako euskara hartzea edo bostehun lagun edo gutxiagoko herrietara berrehundik gora etxebizitzako urbanizazioek hizkuntzan ez eze eguneroko bizimodu osoan daukan eragina

 

BIZKAIERADUNEN LOTSAK ETA LORRAK
ARGIAtik eskatu zait, bizkaitar hiztunon geure euskerarekiko lotsak, lorrak eta nekeak direla-ta berba pare bat idatziz jar ditzadan. Zorioneko bizkaiera egunokaz albiste bihurtu da, batez ere "Egunkaria" ateraten hasi den "Bizkaia" gehigarria dela-ta. Inor gutxik usteko zuen unean eta lekutik bizkai euskara kazeta-hizkera idatzi bihurtu da, behinola Kirikiñok "Euzkadi"n eta Zubikarai eta bestek lehenengo gerra aurreko "Eguna"n eta oraintsuago beste hainbat aldizkaritan egin zutenaren lorratzetik. Nik neutara nekez hartzen dut jardungaitzat bizkaieraren egoera-auzi hau, ezen eskola-ematan dela, ikerkuntza-lanean dela, euskara izan ezkero, poz eta ardura bera ematen dit hango zein hemengo hizkera-fenomenoak, bizkaiera, gipuzkera zein lapurtera dela. Baina gaiak nakarren ezkero honetara, oratu diezaiodan.
Bizkaitarrok geure berbeta leku agirian erabilteko lotsa garelako kontu hori aspaldikoa da, eta zela-hala topiko ere bihurtu da esanaren eta entzunaren puruz. Kardaberazek XVIII. mendearen erdi inguruan aitor digu jada, bizkaitarrek nahiago zituztela sermoigileak giputz egiten entzun; baina aldi berean dirausku, bizkaieraren joskera ederrak txit harritu duela eta beste hizkerek ez dituzten bitxi ederren jabe dela. XIX. mende hasieran Mogel abadeak ere hainbat erosta entzun behar izan zuen bizkaitar elizgizonen aldetik, bere berbeta eta ardi-aldra ahazturik giputzen euskaran argitara eman zuelako konfesio eta komunioaren gaineko dotrina-liburua. Erosten atzean arrazoi sakona dago: izan ere, bizkaiera literarioari jaiotzatik bertatik darraio adu txarra. Larramendiren eslogana, Orixek euskaraz itzuli zuena, iruntzitara emanez hobeto azaldu liteke haren zoria: egina ezina. Mogel euskal literaturan aitzindari bihurtu zen "Peru Abarka" eta "Ipuinak" idaztean, baina ez bata ez bestea argitaratu ziren bere sasoian. Añibarrok bere obra mardularen apur gutxi bat baino ezin izan zuen inprimaturik ikusi. Berdin haien ondoko beste askok. Eta ezinaren kontrako guduka horrek belaunik belaun iraungo du, eta jendea, gaitz hori sendaezina dela-ta sinestuta. XX. mendea hasteaz batera ezagutuko du bizkai euskarak bere historiako loraldi bakarra, hogeita hamazazpian, Bilboko inguruko gerrikoa eta hiriburua bera jaustearekin luzaroko etenda geratuko dena. Gerraoste ilunean Azkueri oraindino itzal apur bat jagongo bazaio ere, ez inola ere bizkaitarrismoaren bihotz izan zen Aranari eta haren jarraigokoei. Txadona, jaupari eta enparau aranatar sundako hitzekin batera, bizkaiera bera ere madarikaturik suertatuko da denbora luze baterako euskararen berpiztearen izenean.
Bizkaitar hiztun zeheak ez du harrezkero motibo berezirik topatuko, bere berbeta 'txatxarr' hori aintzakotzat hartzeko. Jarrerak denetarikoak ikusiko dira: gutxi izango dira kanpotik birao egingo diotenak, baina barrutik familia barruan izan ohi diren lako 'gorroto hartzeak' ez dira faltako; askok eurena ezereztzat edo gauzaeztzat joko dute, eta abertzale amorratuek 'ikur' bihurtuko dute, baina erabili nekez. Geroago, batasunaren aldia datorrenean, euskalzale askok batuaren bando egingo dute etorkizun berriaren xuxuan. Lehenzaleek, ostera, h bako euskalki-ereduan bilatuko dute abaroa. Batzuek ez besteek ez dute lortuko, ez bizkaiera jaso baten, ez batu bizkai usaineko baten emaitza literariorik.
Eta dialektika ertzerakoi horretan, gune gutxi batzuek eutsiko diote, apaltasun handiz eta irainen bildur, tradizioaren kateari katebegi berriak eransteari. Berariaz dakigunetik ez dakigunera, hizketa bizitik hizkuntza idatzira, bizkaieratik batura lemapean helduen eskolatze-lan isila igaroko hogeita hamar urtean egin dutenek. Ezin dira honetan ahaztu Mikel Zarate, Karmelo Etxenagusia eta Ander Manterola bezalako gizonak, ez eta bizkai euskararen garra isioturik eduki duten eleiza, irrati, eskola, ikastola, administrazio-gune, argitaletxe, hizkuntza-eskola, bertsolari eta osterantzeko erakunde edo elkarte apurrak. Isileko lan apal horrek bere beharra egin du, tradizioaz etengo ez zuen eredu baten alde, eta hala, polemika gordinen aldia igaro ahala, gazte belaunaldi berriak isuri ditu euskararen merkatura, eta giroa berez berez aldatu egin da.
Azken urteotan euskalzaleen mundutxoak, bizkaieradun zein beste euskal hiztunenak, heldutasun eta umotasun gradu handiagoa jaritsi du. Administrazioak ere gero eta indartsuago aldarrikatu du egiten den euskarari eutsi beharraren aldeko mezua. Eskolak ere ikusi du, hainbat ikasle-belaunaldi eredurik arautu eta zorrotzenean eskolatu ondoren, haien euskarak ez duela aurrez uste zen ginoko indarrik hartu. Eta egunoro Bilboaldean euskaldun gazte eta ez hain gazteekin tratua euki dugunok, ohartu gara, Eusko Jaurlaritza eta guzti ere, bizkaitarren euskara ez zihoala aurrera, indarrean eta bizitasunean behintzat, inkestek besterik frogatzen bazuten ere. Eta halaxe heldu gara pitinka-pitinka bizkai hiztunok geure sustraiak zeintzuk diren eta non dauden berriro ezagutzera.
Ameriketan bizi, eta ez dugu jakin zein lurraren gainean geunden. Batean behelainoa, bestean zarrazoia, bestean galarrena edo bisutsa zela, zapaltzen genduen lurronen izaera ere ezagutzen ez genduela egon gara. Aspaldion horraitino, ikurrei jaramon gutxiago eta inguruari ardura gehiago hartzen hasiak gara. Eta goiko urtegietan galgaturik zeuden urak ibarrerantz etorten hasi dira. Eta amaitzeko Gipuzkoari lore bat. Izan ere, Añibarro Zarautzen zegoen garaian bezala, orain ere Probintziatik etorri zaio albiste ona bizkai euskarari. Eta hala, bizkai euskarak aspaldian sor eta lor zegoen kazetaritza idatziaren arloa atzera bereganatu du. Honegaz eta bidean dauden beste ekimen batzuekin, itxaropenaren leihoa zabalik dakusagu. Eta gu, pozik egoteko moduan gaude

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Eibarko udaltzain bat euskararen ezagutzatik salbuetsi du Donostiako epaitegi batek

Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.


Eguneraketa berriak daude