EUSKAL MUSIKARI ILEA LUZATU ZITZAIONEKOA

Jabetu behar duzute, gaurko gaztedi yeye hoien artetik atera behar dutela, bihar gure herria zuzendu behar dutenak». 1965eko udan idatzi zizkien hitzok Arantxa Gurmendik Zeruko ARGIAren «Gazte naiz» sailean yeyeak kritikatze zituztenei. Baina, batzuk ez ziren berehalakoan horretaz jabetu. 1966ko otsailaren 23an Lehen Euskal Abesti Berrien Jaialdia burutu zen Donostiako Victoria Eugenian. Laboa, Lete, Iriondo, Lertxundi... aritu ziren, baita Biurriak eta Yoloak taldeak ere. Ez Dok Amairuko kideak, finean. «Erritmo berriko» abestiak entzun ahal izan ziren bertan, Beatles, Prestley edo Hollidayren bertsio euskaratuak. Euskal yeyeak azaldu ziren taula gainean. Aurreko urtean Juan Antonio Letamendiak zera idatzi zuen: «Denak nahi dute personalidade berezi bat izatea: ilea luxe, jantzi beltzak, deadar, marru ta arrantzak izugarriak, edo dena dala. Halere ahaztu dute bere jatorrizko ezaugarririk sakonena, bereziena: bertako hizkuntza». Concurso de Artistas Noveles zelakoan parte hartutakoez ari zen. Bada, urte bete pasa ez zela ile luzeko marrulariak euskarazko jardunean ziren. Ez, ordea, denen oneritziz. Jaialdia gogorki kritikatua izan zen hainbat egunkaritan eta antolaketa lanetan jardundako Jarrai antzerki taldekoek anonimo bana jaso zuten. Pekatua omen zen erritmo horiek euskararekin nahastea (irakurri bestela eskuinean jaso dugun artikulua).
Nemesio Etxanizek 69an esan bezala, Ez Dok Amairukoak azaldu artean euskaraz kantatu kantatzen zen, «baina kanta berririk eta modakorik ez batere, Iparragirrenak eta hola». Eta, nonbait, Iparragirrerekin soilik jarraitu nahi zuen batek baino gehiagok.
Hauen zoritxarrerako, Los Bravos-en «Black is black» «Beltz-beltza» bilakatu zen Yoloak-en ahotsetan, «Gazte naiz» sailean euren iritzia ematen zuten yeyeek eta seminarioetara ere iritsi zen haien eragina: 1967an lau apaizgaiek Enarak taldea sortu zuten. Taldekideen esanetan «munduan zear abesten diran abesti yeyeak, gure euskera antziñekoa baña oraindikan gazte onetan ere berdin-berdin abestu litazkeala adierazi nai genuke».
Baina, etorri bezala, yeyeen moda joan egin zen. Ez Dok Amairun «protesta» kantua eta kantautoreak nagusitu ziren. Ramon Saizarbitoriak «Gazte naiz»en idatzi bezala, «gazteak, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak»

«Ludiari jira bira osobat eman dion tankera berri bat»

Besteak beste, Beatles taldearen inguruan idatzi zuen Arantxa Gurmendik 1965ean, Zeruko ARGIAko «Gazte naiz» sailean. Artikulu horretako pasarte batzuk ekarri ditugu hona, baita Beatles-en abesti ezagun baten itzulpena ere:
«Lau gaztek sortu zuten oitura berri bat, iñork sinestu zitekean baño lenago, ludiari jira bira osoa eman dion tankera berri bat (...).
John, George, Paul eta Ringo, lau gazte hauek Beatles izenarekin eta ordurarte ez ezagunak ziran ille luze eta jazkera arrigarri oiekin azaldu ziranean, berealaxe gazteak, gauz berriaren billa zabiltzan aiek, egarria kentzeko edari aukerakua arkitu zuten (...).
Askok bestela uste arren, nik ez det uste iritxi diran lekura jazkera edo melena gaitik izan danik, dudarik gabe musikalari bezela onak dira. Erabiltzen dituzten abesti geienak beaiek sortutakoak dira eta oso lan onak lortu dituztelakoan nago. Aginduta bezela, euskeratutako abesti berri bat azalduko det gaur, eta ain zuzen Beatles'ek sortu eta beren berri azaltzen lagundu zituan bat.
MAITE ZAITU
Maite zaitu bai, bai, bai
maite zaitu bai, bai, bai
maite zaitu bai, bai, bai, bai
Bere maitasuna
galdu dezula usten dezu
atzo ni berekin
atera nintzalako.
Baña, maite zaitu.
Berak auxe esan zidan
maite zaitu
eta au pozgarri da.
Zuk bera mindu dezu
zugatik burua galdu du
baña berak badaki
zu etzerala olakoa
maite zaitu
berak auxe esan zidan
maite zaitu
eta au pozgarri da u, u, u (...)»


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude