EUSKAL MAKILAK ORAINDIK GOGOR JOTZEN DU


1999ko urriaren 10an
Gizakia sortu zen une beretik, bere garapenari loturik egon da makila. Hala izan da mundu osoan eta baita Euskal Herrian ere. Leku eta erabilpen bakoitzak makilari ezaugarri bereziak ezarri dizkio. Horregatik hain zuzen, euskaldunon ohiko bastoiari euskal makila deritzo, eta ez bestela. Euskal makilak badituelako besteek ez dituzten hainbat ezaugarri eta esanahi.
Euskal makilak idientzat erabiltzen zen akuiluan omen du bere jatorria. Baina egun ibiltarien lagun eta aginte eta begirunearen ezaugarri bihurtu da. Horregatik euskal kanta, dantza eta jokuen protagonista bilakatu da. Eta horregatik, Euskal Herrian, kanpotik datozen bisitariei edota ohore egin nahi zaien bertako pertsonei makila oparitzeko ohitura dago.
Makila eskuz egiten da. Eta egurra basoan mozten denetik makila sortu arteko atal orok, bitxikeri ugari du bere baitan. Baina egun, Hego Euskal Herrian, makilak egitetik bizi den artisau bakarra dago: Iñaki Alberdi irundarra. Iparraldean, ordea, tradizioari eutsi diote. Alberdik berak dioenez, «

bertan errepresioa ez zelako Hegoaldean hainakoa izan
». Alberdik bere tailerrean gordetzen duen makilik zaharrenak 1923ko data du, eta Gernikan eginikoa da. Zera frogatzen du horrek: gerra aurretik Hegoaldean bazegoela makila egilerik.


MIZPIRAREN TATUAIAK

. Euskal makila, berez, mizpira egurrarekin egiten da. Baina egun mizpira ez da apenas jaten eta mizpirondoak moztu egin dituzte hainbat basotan, gero beste zuhaitz mota batzuk landatzeko. Horregatik maiz ordezkoak erabiltzen dira makila egiteko. Eta gaztainondoa da gehien erabiltzen denetako bat. Iñaki Alberdi artisauak mizpira egurra lortu ahal izateko, bi plantazio ditu: bata Irunen eta bestea Hondarribian.
Makila egiteko prozesua, mizpirondoaren adarrek makila izateko neurria dutenean hasten da. Artisauak labanaz zauriak egiten dizkio azalean mizpirari, udaberrian edo udan. Mizpira da zauri horiek sendatzeko gaitasuna duen zuhaitz mota bakarra. Bere izerdiz zauriak estaltzen ditu, tatuaien antzeko erliebeak sortaraziz. Honela, mizpirondoak berak apaintzen du bere burua. Izerdia gelditzean, udazken edo negu aldera mozten da adarra. Ondoren, sutan berotu, eta oraindik berde dagoela, azala kentzen zaio. Adar batzuk zuzendu behar izaten dira. Horretarako, orkoia eta soldagailuaren beroa erabiltzen dira. Ondoren kolorea ematen zaio egurrari. Kare bizia emanda lagatzen da pare bat orduz, honek egurrak berak duen tintea ateratzea sortarazten baitu: berezkoa duen tonu marroi iluna.


ESKUZ ETA ARRETAZ LANDUTAKO MAKILA.

Lan hauek guztiak eginda, bi urte iragan arte ez da egur hori erabiltzen, lehortzeko denbora hori behar baitu. Egurra prestatuta dagoenean, artisauak tailerrean eskuz egiten ditu honi gehitu beharreko osagai guztiak. Lehenengo eta behin makilak daramatzan bi txintxolak egiteko txapa moztu eta soldatu egiten da egurrak behar duen loditasunera egokituz. Behealdeko txintxola artisauak berak apaintzen du Euskal Idazkerako hainbat elementu zizelarekin bozelduz. Honi gero lurzoruarekin kontaktuan izango den altzairuzko punta egokitzen zaio. Goialdeko txintxolan berriz, norberak zer ipini erabakitzen du, makilaren helburuaren arabera. Artisauak bozeltzen du bertan bezeroak agindutakoa. Leku arazoen ondorioz, bertan esaldi edo atsotitz labur eta esanguratsuak ipini ohi dira. «Hitza hitz», «Ihes etsaiak», «Nerekin inoren beldur»... dira bertan bozeldutako esaldien adibide batzuk.
Goialdeko txintxola honek antxumearen larruaz estalitako kirtena eusten du. Larruaren zerrendak egin ostean trentzatu egiten da, kirtenean ipintzeko. Honek bere azpian altzairuzko eztena ezkutatzen du. Txintxolak bestalde, eskutokiari egiten dio tope. Eskutokia, makila heltzeko lekua, adar azalez eginikoa da. Garai batean idien adarretatik ateratzen zen material hau. Baina egun legediak adarren inportazioa galerazten duela eta, Bidasoaren bestaldetik ekartzen da.
Eskuen trebeziaren eta irudimenaren poderioaren fruitua da makila. Horregatik eta berez dituen berezitasunengatik modako opari bihurtu da. Alberdi artisauak dionez, «

makila ibiltzeko da
». Baina erregali hau jasotzen dutenek makila apaingarri bihurtzen dute maiz. Era batera zein bestera, makila zer den esateko orduan, Alberdiri bat-batean datorkio honako hau burura: «

Euskaldunona da, gurea
»

Alberdi artisaua

Iñaki Alberdi makila egileak astero egiten du «Loto»a, baina ez zaio inoiz egokitu. Horregatik bizi ahal izateko 400 bat makila egiten ditu urtean zehar. Horregatik eta familiatik datorkion egurrarekiko sentipen eta ahalmen berezi batengatik. Jose Alberdi Arruti, Iñakiren aita, ebanisterian lanean hasi zen gerra ostean. Iñakik Maisutza Industrialeko ikasketak burutu zituen. 1980ean Bidasoaren beste aldean hainbatek makilak egitetik bizia ateratzen zutela konturatu eta makila egiteko teknika ikasteari ekin zion. Ikasitakoak balio izan dio, baina dioenez, «artea egiten ikasten da».
1983an hasi zen Iñaki Alberdi makilak egitetik bizitzen. Egun Irunen du bere lantokia: 4x4 metrotako gela. Lan honi ekin zionetik hainbat bezero berezi izan ditu. Aita Santuak berak ere badu Alberdiren makila. Arabako diputatuaren eskutik jaso zuen erregalia, hiru monjen beatifikaziorako, hau Vatikanora joan zenean. Eta Espainiako Erregeari, Deustuko 100. urtemuga ospatzeko Bilbora egin zuen bisitan, eman zioten bere izena zeramana. Baina makilak buruhausteak ere ekarri dizkio. Behin Guardia Zibilak makila arma bat zela esan zion, girtenaren azpiko eztenagatik. Baimenik gabe armak egitea egotzi zion. Makila arma ez baina, euskaldunon betiko ezaugarri bat zela frogatu ahal izateko txostena igorri behar izan zuen Madrilera


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar Korea
Ipar Koreak ez du Olinpiar Jokoetan parte hartuko pandemia dela-eta

Ipar Koreak ez du Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartuko kirolariak koronobirusaren arriskuetatik babesteko.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Tentsio-gorakada bi Estatu korearren artean

Ipar Koreak mugako lotura-bulegoa eraitsi du, azken asteotan Hego Koreatik jaso dituen “probokazioei” erantzuteko asmoz.


2018-06-12 | ARGIA
Kim Jong-un eta Donald Trumpek egindako bileran adierazpen bateratua sinatu dute

Penintsula korearraren desnuklearizazioa bultzatzeko xedea dauka adierazpenak.


Ikara Pazifikoan: eraso atomikoa iragarri dute Hawaiin... ez kasualitatez

Urtarrilaren 13an, larunbata, beren bizitzako estutasunik larriena jasan zuten Hawaii uharteetako herritar askok, Ozeano Barean. Ipar Koreak bere mehatxua gauzaturik misil atomikoa bidalita, Hawaiira bidean zela abisatu zieten agintariek. 30 minutuz iraun zuen alarmak, harik eta... [+]


2018-01-03 | ARGIA
Arma nuklearrak eta erreferentzia falikoak: kontua ez da Trump-en txioekin hasi

“Nire botoi nuklearra askoz handiagoa eta ahaltsuagoa da”, adierazi du Twitter bidez Donald Trump AEBetako presidenteak, Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari erantzunez. Askoren arreta deitu du Trumpen jarrerak, baina Anoosh Chakelian-ek New Statesman-en nabarmendu... [+]


Eguneraketa berriak daude