«Hego Euskal Herrian Monzonen karisma lukeen pertsona falta da»


2021eko uztailaren 19an
LUDO DOCX
«Hego Euskal Herrian Monzonen karisma lukeen pertsona falta da»
Duela lau urte bizilekutzat Donapaleu hartu zuenetik Euskal Herriko bazter guztiak ezagutzeko aukera izan du Ludo Docx apez flamendarrak. Bera da Flandriatik Ikastolentzat elkartasuna biltzen duen mugimenduaren arima eta datorren azaroan Eltzegor taldearekin egin behar duten kantaldia esplikatzen digunean, Monzon eta Lartzabalen lagunmin honek zenbateraino etxetartu zaigun erakutsi digu.
ARGIA. Noiz izan zenuen zure lehen harremana euskaldunekin?
LUDO DOCX. Flandriako aberri egunean lehen aldiz euskaldunak izanak ziren: Telesforo Monzon gidari zutela, Miarritzeko Oldarra taldea, Hegoaldeko errefuxiatu asko, hirurogeitamar bat lagun. Walter Luyten senadoreak deiturik etorri ziren. Beti mezarekin hasten den gure aberri egunean Roger Idiartek ere hartu zuen parte, eta gero ekitaldi politikoan Monzonek hitzaldi oso eder bat egin zuen. Ehun mila lagun inguru egongo zen han.
Han gure ikasle gazteek Etxamendi eta Larralderekin kanta batzuk egin zituzten. Hori ikusita Etxamendi-Larraldek gazte flandriarrei utzi zieten bakarrik aritzen, "Aita gartzelan duzu" eta "Zurzuri baten gainean" kantari. Oso hunkigarria zen. Eta Etxamendik oporrak bere etxean pasatzera gonbidatu gintuen, Walter eta biok.
A. Hor ezagutu zenuen Euskal Herria lehen aldiz...
L.D. Horixe, Etxamendirekin Nafarroan zehar ibilaldi bat egin genuen. Iruñean kantaldi bat zuten, larunbat batean. Kantaldiaren ondoren afaltzera goizaldeko ordubietan. Mahaiaren ertz batean Etxamendi, gazte nafar bat eta hirurok ari ginen, frantsesez. Eta halako batean gazteak esan zuen "Pour un jeune de 20 ans il-n'y-a pas d 'espoir au Pays Basque", hogei urtetako gazte batendako itxaropenik ez da hemen. Etxamendi haserretu zen, ez zuen ezer afaltzen, hitz egin eta hitz egin, mitin bat... Afalondoan gazteak esan zuen: "Badut perspektiba bat berriro". Harrituta nengoen. Hori izan zen ene iniziazioa Euskal Herrian. Harez geroztik 28 aldiz etorri nintzen Euskal Herrira, eta 1988an hemen gelditu betiko.
A. Telesforo Monzon ongi ezagutu zenuen.
L.D. Gizon karismatikoa zen, irekia, fededun handia baina fedegabeekin oso irekia. Piarres Lartzabal, Monzon eta hirurok eman genuen meza gure artean. Beldurra zuen, bai, eta asko. Mehatxatu zuten AAAko ek, Guerrilleros de Cristo Rey eta haiek. Bergaran ere egon ginen elkarrekin, bere anaia Isidrorekin, Josefa bere emaztea oraindik askotan ikusten dut.
Neurri ororen gainetik zegoen, neretzat. Profota zen. Batasuna lortu zuen: gaur Herri Batasunan dauden ezberdintasunak han zeuden, marsista-leninistak, fededunak... eta denen gainetik batasuna. Eztabaidak baziren, baina denek errespetatu zuten. Hizlari oso ona zen: Flandriako aberri egunean hizkuntza ulertu ez arren entzuleei giroa trasmititzen zien.
A. Piarres Lartzabalen laguna ere bazinen.
L.D. Monzonekin egon nintzen Lartzabalen etxean nere lehen bidai hartan, eta handik aurrera etorri aldi bakoitzean bisitatzen nuen. Zenbat lan ez zuen egin gizon horrek, errefuxiatuentzat, haien familientzat! Neretzat santu bat da.
A. Santua edo terrorista, begiratzen duten begien arabera...
L.D. Beno, zentralistentzat terrorista da, guretzat santua. Zenbat orduz hitz egin dugu elkarrekin! Gizon oso sakona zen, oso ongi ezagutu nuen. Otoitz gizona, bai, baina baita ekiteko gizona ere. Bi gauzak lotuak ziren beti Lartzabalen bizitzan. Orduan ez nekien euskaraz, eta frantsesez konprenitzen genuen elkar. Asko hunkitu ninduen gero eta gaisoago zihoala egun batez bere oroimenen liburua eman zidanean bederatzi kaiera Roger Idiarten apezetxera ekartzeko. Ohore oso handia zen neretzat egiten zidan konfidantza hura. Hegoaldeko senar-emazte batzuk ziren bere zaindariak. Sartzen ginen gure gazteekin, hasten ginen kantari eta oraindik gogoan ditut gizon hura eta emakume hura negarrez.
A. Flandia eta Euskal Herriko abertzaleen arteko harremanetan Walter Luytenek paper berezi bat jokatu izan du beti.
L.D. Beti irakasleen hezkuntzan aritu izan naiz, eta oraindik ere horretan segitzen dut han, ikastaroak urrian eta azaroan bilduta. Irakaslegaien gogo eta aste bat egiten genuen urtero, arazo pertsonalez gain herriko arazoak ere aztertzeko, eta hartara ekartzen genuen beti Walter Luyten. Bera eta Willi Kuijpers Burgoseko auzia zela eta hemendik ibiliak ziren, eta Iparralde oso)an egin ziren gose grebak ezagutu zituzten: urte hartan Euskal Herriaz hitz egiten hasi zen Walter eta gure gazteak harrituta zeuden, hemendik eramandako diskoak eskatu zizkioten. Eta Monzon bere taldearekin joan zenerako ikasiak zituzten kanta batzuk.
A. Lovainako Unibertsitatean eta zebiltzan errefuxiatuek ere eraginik izango zuten...
L.D. Bai, eta haiekin gauza batzuk egin genituen, gauza ezberdinak. Eta geroago, Walterren bidez orduan ere Udako Euskal Unibertsitatean hitzaldi bat erman nuen. Uztaritzen zen, Hegoaldean UEU antolatu ezin zen garaian, 1975ean. Haurreskolan elebitasunak dituen gorabeherez hitz egin nuen, Flandriako ikuspegitik noski: han hizkuntzaren borroka irabazita daukagu, Brussela gelditzen zaigu arazo bakar, elebidun gisa. Iparraldearekin zerikusi gutxi, beraz. Eta han zegoen Txillardegiren emazteak, Jonek, zirikatuta, Flandria eta Euskal Herriaren arteko talde bat sortzea deliberatu genuen: Flandriatik Ikastalentzat, FLIK. Harremanak hasi ziren, taldeak haruntz eta honuntz, eta 1979an ekin genion Euskal Gaualdia antolatzeari.
A. Harrigarria da ikaslolekiko atxikimendu hori. Gaualdia batetik, urtero Flandriatik Seaskari igortzen zaion dirutza, elkartea egotea bera...
L.D. Diruarena sinbolikoa da, urtero Seaskari 30.000-50.000 libera ematea lortzen bait dugu. Garrantzizkoagoa da Iparraldeko ikastoletako gurasoen morala sendotzeko duen balio sinbolikoa. Diruarekin batera beste ekintza lantokiena da, eta hirugarrena aldizkaria, datorren urtetik urtean lau aldiz argitaratuko dena. Gaualdiari dagokionez, Domusantu oporren ondorengo lehen asteburuan egiten dugu. Aurten 18. "Baskenavord" izango da: Eltzegorrek kantatuko du, orain dela bost urte bezala, eta beren disko berria aurkeztuko dute Antwerpenen. Gaualdi horretara Flandria osoko jendea biltzen dugu.
A. Are harrigarriagoa da jakitea urtero gazte flamendarrak ibiltzen direla Iparraldetik, ikastolaren bat edo elizaren bat konpontze lanetan.
L.D. Hasieran familiak etortzen ziren, 1979-88 artean. Baserri bat alokatu genuen Hazparnen eta ehundaka familia, gazte eta abar pasatzen zen handik. Zenbait familia urtero etortzen zen hemengo familietara. Horiek dira gure "nukleo gogorra", eta horiek dira Antwerpeneko Euskal Gaualdiari sua eta piperra ematen diotenak. Bada beti beldur pixka bat, badakizu. Euskaldun usaina duen guztia terrorista etiketaz jantzi nahi dutenak badira, baina azkenean jendeak ongi erantzun digu beti. Hori bai, lan asko egin behar da sala betetzeko. Begira, soziologikoki anormala da Antwerpenen Seaskaren alde unibertsitateko auditoriuma betetzea, baina gertatzen da.
Honantz lanera datozen gazteen esperientzia ere inportantea da. Gazteek kontzientzia hartzen dute, euskaldunak ezagutzen dituzte, hemengo arazoak, bizimodua eta abar. Aurten talde bat Iholdin aritu da, San Rladiko kapera konpontzen, hormetako harria ateratzen, eta bigarren taldea Ortzatzeko ikastola zuritu eta pintatzen. Iaz Donapaleuko ikastolan zurezko jostailu oso politak eraiki zituzten. Eta ikastoletako gurasoekin bizi dira, otorduak prestatzen, jaietan, eta abar.
A. Hemendik Aritaraguara joan izan da azken urteotan ehundaba gazte, baina holako ohiturak Europa barru aldekoak dirudite gehiago.
L.D. Flandrian betidanik izan da holako usantza. Frantzian "les compagnons batisseurs" deitzen dituztenak adibidez. Talde kristauei lotuta. Flandriatik horrela urtero 800 gazte ateratzen dira, dohainik lan egitera.
A. Francoren garaiak alde batera utzita, azken urteotan zer nolako aldaketak ikusi dituzu Euskal Herrian?
L.D. Frankoren ondorengo urteetan entusiasmo handi bat ikusi nuen Iparraldean, eta gero apaltzen joan zen. Gero ordea Iparraldean sekulako aurrerapena egin dute, irratiak, aldizkariak, jendearen abertzaletasuna.... Nafarroan ere orain giro oso interesgarria dagoela uste dut. Indartzen ari da, ikastolen mugimendua adibidez. Lizarrako Ikastolako arduradunak ezagutzen ditut, Tuterakoak ere bai, eta hor lan ederra egiten ari dira.
Hala ere, orobar Hegoaldean abertzaleen zatiketa da nere ustez azpimarragarriena, eta penagarriena. Indar handia daukazue nazionalistek, baina batzuek galdu dituzte beren idealak, diruagatik edo botereagatik, eta besteak gogortuta daude beren ideologia barnean. Giro berri bat jaio behar du, eta jaioko da, hala espero dut. Berriro batasun minimo bat lortzeko: euskarari buruz, hezkuntzari buruz, ekonomiari buruz.
Borroka inportante bat egin behar duzue, bestela hustu egingo da Euskal Herria. Nere ustez, alde batera utzi behar dituzue zentralistekiko loturak. Ezinezkoa da Buesa bezalako gizon bat Eusko Jaurlaritzan egotea: nola da posible horrela mintzo den gizon bat izatea hezkuntzaren arduradun ? Ezin dut konprenitu.
A. Euskal Herri osoan zehar zabiltza, baina bizilekua Donapaleun duzularik, Ipan-aldeko giroa nola ikusten duzu?
L.D. Herriaren kontzientziazioari buruz aurrerapen handia egin da. Baina euskararen aldetik atzerapen izugarri bat ere bai. Baita barnealdean ere. Donapaleun ikastolako haurrak kenduta, haur eta gazteek ez dakite euskararik, ez dute ulertu ere egiten, eta ez dute nahi gainera. Dena dela, mugimendu bat ehuneko hamabostarekin egiten da, eta han dago mugimendu hori. Gero eta handiagoa gainera. Eta aldatuko dira gauzak.
Baina Hegoaldean Monzon baten beharra duzue. Gizan azkarrak badira, baina Monzonen karisma duen bat falta da. Begira, Lurraldeako gazteek egin duten lana asko gustatu zait. Horientzat monumentu bat egiten ahal duzue. Nere ustez elkarrizketa da lehen agindua: elkarrizketa bakea lortzeko, elkarrizketa batasuna lortzeko, negoziaketarako. Beste biderik ez dago. Baina ez hitzez bakarrik, egintzaz ere bai. Lurraldea eredu bat da.

NORTASUN AGIRIA
Datorren apirilean 60 urte beteko ditu
Bere lagun Walter Luyten politikara berak bultzatu zuen
1973an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira
Euskal dotrinak aztertu eta katixima moderno bat egin nahian ari da


Pello Zubiria
20-24


GaiezGizarteaIdeologiakAbertzaleta
PertsonaiazDOCX1
EgileezUBIRIA2Gizartea

Azkenak
2025-05-02 | Mikel Zuloaga
Askatasunaren Ontzidiko Mikel Zuluaga ‘Mikelon’en adierazpena Maltatik

Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.

Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia bonbardatu dute Maltatik gertu

Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau... [+]


Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude