Antton Ezeiza: ``Filme Bat Hizkuntza Batetan Edo Bestean Egiteak Dramaturgia Osoa Aldatzen Du"


1987ko urriaren 04an
Antton Ezeiza zinegileari elkarrizketa
52 Urteko Zinegile Hau Berriz Ere Filmegintzari Zuzenetik Eta Indar Berriz Ekitekotan Dago
Antton Ezeiza: ``Filme Bat Hizkuntza Batetan Edo Bestean Egiteak Dramaturgia Osoa Aldatzen Du"
Azken Donostiako Zinemaldian epai mahaikoa izan dugu Antton Ezeiza; horrezaz gain egunotan iragarri du bere zinemagintzarako buelta, eta bi datu horiek ikusita elkar hizketa hau egiteko mementuari ezin hobe eritzi diogu.
ARGIA.–Nola ikusi duzu aurtengo Zinemaldia?
ANTTON EZEIZA.–Aurtengo Zinemaldia berezia izan da niretzat. Epai-mahaian egon naizenez, ikuspunturik mugatuena izan bait dut. Eta hori ez da ona. Izan ere, azken hiru urteotan nire ustez Zinemaldiak izan dituen hobekuntzen artean nabarmenena aukera ahalik eta zabalena eskaintzea izan da. Azken hiru urteotan, aukerak izan dira Sail Ofizialaz gain beste zerbait nahi zutenek ere zer edo zer aurkitu ahal izan zezaten. Alde batetatik, zineman adierazpen kulturalaz gain egoera sozial edo politiko batzuren isladapena aurkitu nahi izan dutenentzat, hortxe izan dira Vietnam, Chile, Gerra Zibila, Arjentina... Zinefiloentzat, filme zaharrak maite dituztenentzat, «Ahantzitakoen Saila», «Argazkiko mutilak», «Errautsak eta diamanteak»... Bokazio berriak biztearen aldetik ere eskaintza onak egin ditu Zinemaldiak. Gertatzen guzti hori aurten nik pirata baten katalejoaz ikusi dudala, Sail Ofizialean zentratuta egon naizelako, baina iruditu zait eskaintza aldetik aurtengoak mantendu duela aurrekoetakoa. Aurten lehiaketako 15 filmeak ikusi ditut, baina iaz esate batera Hautaketa Batzordean 600 bat filme ikusi nituen.
A.–Optimista zara, beraz, Zinemaldiak hartu duen norabideaz.
A.E.–Ez derrigorrez. Hori guztia diot Zinemaldiak A mailako festibala dela abiapuntu hartuta, lehiaketazkoa etabar. Beste gauza bat izango litzateke nire zinemaldi idealaz hitz egingo bagenu, baina horrek beste zinemaldi bat beharko luke, Donostiakoaren kritika ere izango ez litzatekeena.
A.–Behera jo duen saila "Herri eta auzoak" dugu, desagertu zen arte. Zergatik?
A.E.–laz desagertu, eta ez dut uste irakurketa errazik egin behar denik: herri mailakoa zelako, etabar. Nire ustez «Herri eta auzoak» saila funtsa galduz joan zen, Zinemalditik bertatik kanpoko baldintzengatik. Prozesu soziala dago hor. Sail hori Transizio garaiarekin bereiztezina da. Franco hil zenean orokorrean bazen halako ilusio hedatu bat, 14ko gerra irabazi gabe edo Neguko Jauregia eskuratu gabe, baina entusiasmoa handia zen. Areago, Estatu mailan erreformaren ordez haustura etor zitekeela pentsatzen zen. Horregatik indar biziei tokia eman zitzaien Zinemaldian ere. Zer gertatu zen gero? Indar bizi horiek partidu bilakatu zirela, hauteskundeak irabazten dituzte, etabar. Eta partidu horiek, gehiago edo gutxiago, aurreko ereduak errepikatzen dituzte, baina ez bakarrik zineman, beste arloetan ere. Hauteskunde bidezko udaletxeak ere ez zeuden garaian auzoetako ordezariei leku egin zitzaien Batzorde Zuzendariak, baina gero hautatutako zinegotziak etorri ziren, eta era berean auzoetako mugimendua, garai haietako hainbat asmo eta ideal bezala, praktikan behera zihoan. Boterearen estrukturak birsortu egin ziren, hitzaren zentzurik txarrenean, eta guzti horren ondorioa izan zen
A.–Egunotan buruan darabilzun luze baten projektua iragarri duzu publikoki. Titulua, berez, aski adierazgarria izan liteke: «Bigarren saioa». Zer adierazi nahi duzu horrekin?
A.E.–Filme bat baino, etapa berri baten iragarpena da. Izan ere, filmea nire buruan eta Koldo Izagirreren buruan dagoen asmo hutsa da oraingoz. Inportantea beste zerbait da: etapa pertsonal berri bat hasteko gogo eta erabakia da adierazi nahi izan dudana. Filme horrekin, edo beste batekin, jakin ezazu ea projektu konkretu hori ez den bertan behera geldituko.
A.–Zein da «Bigarren saio» horrek erreferentzia gisa daukan lehenengo saioa?
A.E.–Jakina den bezala, nik lehen garai bat Madrilen pasa nuen, formaziozkoa, eta bertan lau filme egin nituen. Ondoren, Mexikon, bi filme egin nituen. Etapa horren koherentzia filmearen ezaugarrietan dago: luzeak, fikziozkak, akziozkoak, e.a. 1977a dator, itzultzen naiz, eta niri ere Zinemaldiari eta "Herri eta auzoak" sailari bezala gertatzen zait. Guztiok sinetsen dugu hantxe herri bat eraiki behar genuela berehala. Orduan, planteamendu horietan zinegile bati bertako zinema bat eraikitzea tokatzen zaio. Nire 77ko anilisia, nire burua ezindutzat jotzen nuen, euskara bezalako tresna baliotsua falta zaidalako, eta oinarriak sortuz joateko «Ikusken» projektua sortu zen, formazio-eskola gisa, zuzendarientzat, ekipo teknikoarentzat, e.a. Nik analisi hura ez dut pikutara bidaltzen. Gerta zitekeen alde batetatik kalkuloren bat gaizki egitea, edo bestetik derrota sinple bat gerora izan den karreran planteamendu positiboago edo agresiboago batzuk nire enpeinoa indarrik gabe utzi dute. Baten batek definitu ninduen, "kubo bat uraren barruan ari den fondoko igerilari" bezala, eta egia izan daiteke. Guk Nafarroari buruzko «Ikuska»n euskararen egoera jaso nahi dugun bitartean, albotik miliolak pasatzen bazaizkizu Albania konkistatuz, dudarik ez dago kubo batetan aritu naizela igeritan.
A.–Zure egoera orain desberdina al da, eboluzionatuagoa, euskal zinema nazionala egiteko orduan?
A.E.–Bai, eta horrek animatu nau «Bigarren saioa»rekin hastera. Nik orain 77an baino asko murgilduago sentitzen naiz euskal kulturaren errealitatean, eta euskara aldetik ez dizut esango guztiz menderatzen dudala, baina gauza banaiz euskarazko gidoi baten gainean lan egiteko, edota filme baten euskarazko prozesua barnetik segitzeko. Guzti horretan, Koldo Izagirrek markatzen du sinbiosi horren beste aldea: euskal kulturaren arlo estriktotik datorren pertsona bat, hamar urteotan zinemaren munduan murgildu dena. Ez da aita-seme erlazioa, ezta bizkiena ere, baina sinbolo bat izan daiteke, egoera berri batena. Eta hori, dudarik ez dago, aurreko etapa horri esker eman da.
A.–Oraingo etapa hau, beraz, astoz pragmatikoagoa izan daiteke, ezta?
A.E.–Zazpi urte hauetan esentziei buruzko borroka galdu egin da. Euskal Zinemagintza Nazionalaren filme inaugurala falta dela esaten hastea garaitik kanpo dago. Hori esateak gaur egun nagusi den konfusio-zeremonia honen barruan, ez du zentzurik. Festibaletan, harridurak ez dauka mugarik: bandera espainoladun filme euskalduriak, López Vázquez erderazko euskal filme batetan... 77ko planteamendu berekin segitzeak haur baten kasketa eman lezake. Filme inauguralik ez dela izango pentsatzea hobe da, eta has gaitezen praktikan gauzak egiten, egunen batetan zerbait inauguratzeko balio dezaketenak. Nik ez dut beste ezertarako indarrik: berriz ere filmeak egiten saiatuko naiz, 77an nituen presupostuetatik ahalik eta gertuen.
A.–Duela hamar urte imajinatu ere egingo ez zenuena Administrazioetatik banatu diren subentzioena izango zen.
A.E.–Aurreikus ezin nezakeena ez da hainbeste banatu den dirua, baizik eta zein baldintzatan banatu den. Nik orduan «Ikusken» finantziazioa lortzeko idatzitako memorandum batetan esaten nuen euskal zinemak bere beharko zuen baldintzetako bat, herri honek sutritzen duen zapalkuntzari segida ez ematea zen, bai hizkuntza aldetik, bai beste arloetan ere. Baldintza hori ezinbestekoa iruditzen zait hemengo zinemagintza nazionala egin nahi badugu. Hori da niretzat filmeek gorde behar luketen «euskal izpiritua». Nik ez dut kritikatzen dirua banatzea filme guztien artean, nik kritikatzen dudana erizpide edo mailaketa prolema da. Euskaraz egiten ez diren filmeak laguntzea ondo dago, baina euskaraz egindakoek tratamendu askoz babesleago behar lukete besteek baino.
A.–Euskararen gaia aipatu duzu. Prolema formala al da, bikoizketa soil batez konpondu daitekeena?
A.E.–Nik uste dut filme bat hizkuntza batetan pentsatu, idatzi eta errodatuz gero, lehen mementutik dramaturgia osoa aldatu egiten du. Mailarik inmediatoenean. Pertsonaien erlazioek ezin dute berdinak izan frantses, italiano edo japonieraz mintzatuz gero. Seriotasuna edo umorearen kontzepzioa, hurbiltasuna edo urruntasuna adierazteko orduan, esaldiak egiteko inflexioa... ez da berdina. Hori guztia baldintzatua dago. Erdaraz egin eta gero euskarara bikoizten diren filmeetan, transformaziorik ez da gertatzen, eta bai aldiz gauza asko galdu egiten dira. Bestetik, nik pertsonalki bikoizketa gorrotatu egiten dut, eta arrazoi horregatik da. Beste gauza bat da bikoizketak bete behar duen normalizazio funtzioa hizkuntzaren arloa, ETBren kasua etabar, baina hori aparteko prolema da.
JOSU LANDA
Antton Ezeizaren ustez, Donostiako Zinemaldiaren egitekoa ahalik eta aukerarik zabalena eskaintzea da.
"Bigarren Saioa"n, duela hamar urteko asmoak praktikara eramaten saiatuko da Ezeiza.
42-43

GaiezKulturainemauzendariakEZEIZA1
PertsonaiazEZEIZA1
EgileezLANDA2Kultura

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude