Joxe Lizaso Atzokoaz Eta Gaurkoaz


1984ko azaroaren 18an
Joxe Lizaso bertsolariari elkarrrizketa

Euria autopista hartu dugunean. Urola aldean lainoa. Izarraitz pean Azpeitia. Azpeitiako Landeta auzoan gara. Patxo tabernan daukagu Joxe Lizaso zai. Hamaiketakoa egiten ari dira koadrilan. Kaso egin eta aldameneko gela hats batetara goaz berarekin. Kontu berririk ez dizuat esango esana zigun telefonoz. Kontatutakoak ordea irakurtzeko modukoak dira.

ARGIA. Gerraz geroztik hasia zara zu bertsotan...

JOXE LIZASO. Bai. bai gerraz geroztikan. Hogeita zazpian jaio nintzen eta mutikoxkorretan harrapatu nuen nik gerra.

A. Baserrian jaiotakoa?

J.L. Ez ni kalean jaio nintzen baina hazi baserrian. Kalean, ez dakit ba, gerra hasi aurretik, zazpi bat urte edo... baina gerra etorri zen eta baserrira. Han izan zen nere gazte denbora.

A. Bertsotan non?


J.L. Nik uste bertso gaitasuna ere hari zor diodala, baserriko jira hari. Gainera garai hartan Zepai zena ere bertakoa zen eta,.bestea Patxi Iturzaeta ere bai eta horretaz aparte gazte jendea biltzen ginenean, bueno, hori zen gure deportea. Bertsoa gora eta bertsoa behera. Jaoitako lekuan hazteko suertea izan banu ni ez nintzen bertsolaria izango seguruaski.

A. Non zenuten baserri hori?

J. L. Hementxe zen. "Txillarramendi" edo esaten zaiona, Gorria bailara horretan.

A. Zer zen, bertso zaletasun handia inguruan?


J.L. Bai, bai. Bertso zaletasun handia. Hor gazteria, nik uste, nere tamaina xamarrean jarduten zirenak gehiago ere bazirela. Eta ni neu baino gauza neuzkanak ere bai. Orain ez dakit ba, zer dela eta, aurrera bultza ziguten guri edo, herriak edo... dena dela akordatzen nahiz behintzat egun batean Zepai zenak Uztapiderekin zela joatekoa Irungo Bentasera eta, behintzat ilunabar batean azaldu zen eta Uztapide ere bai, baina zintzurra gaizkitua zeukala eta nik joan behar nuela eta Hago isilik gizona, ni ez nago plazara juateko moduan eta halaxe hasi ginen eta harrez gero...

A. Ze urtetan izan zen hori...

J.L. Hori, aspalditxo. Orain berrogeita hamazazpi urte ditut... ba berrogei urte. Ordurako ere hemen Txapel zenarekin ere kantatua nengoen, San Mieletan eta, barrioren batean eta... baina bertsolari izan behar genuenik ez sinistu eh! Gero ez dakit, deitzen dizue leku batetik eta bestetik... ez dakit ba, sinistu edo... zeoze atera ginen eta ez dakit nola esplikatzen den hori.

A. Garai hartan zaharrak izango ziren zuekin bertsotan aritzen zirenak. Zuek baino zaharragokoak...

J.L. Baai, zaharragoak izango ez ziren ba? Egizazu kontu Txapel zena eta Zepai zena, hura zerbait gaxteagoxeagoa zen baina hura ere gure aldean... haiek gure aldean gizon helduak ziren. Eta hurrengo maila gaztea zen. Tarte horretan, Txapel eta gure arteko tarte horretan ez dut nik jenderik ezagutu. Gure galgakoak, ni baino pittin bat zaharrago baina, Mitxelena eta berarekin ibiltzen zena Paulo Zubiarrain Hernanikoa. Gero Lasarte, Nafarroatik etorrita Aian bizitzen zen eta ezagutu baino lehenago ere aditua nintzen hura aritzen zela bertsotan. Eibarren ezagutu genuen elkar.

A. Zein ziren gehientsuen ibiltzen zirenak plazaz plaza.

J.L. Orduan gehienak ibiltzen zirenak ziren Zepai eta Uztapide. Gero Basarri, orduan kartzelan edo batallon de trabajadores horietako batean, gero handik etorri zenean Uztapide harekin ibiltzen zen gehientsuena. Horiek biak ziren gehien ibiltzen zirenak. Baina gaur haina ez zen ibiltzen garai hartan. Garai hartan kontatu erraz egiten ziren. Pentsazazu gauzak nola izango ziren, egun batean Txapeli galdetu egin nion, Txirritarik ez nuen ezagutu nik eta zer moduzko bertsolaria ote zen edo. Pentsazak zer tamainako bertsolaria izango zen, urtebetean 13 plaza egitera ailegatu omen huen ela... Gauza ikaragarritzat kontsideratzen zuen urtebetean hamairu plaza egitea. Orain behintzat udaldian hilabetean noiz nahi egiten duzu hori.

A. Zergatik ote hain gutxi? Gutxiago egiten zelako edo mugitzea ere gehiago kostatzen zelako...

J.L. Orduan badakizu herri batetik bestera mugitzeko oraingo erraztasunik ez zegoen batetikan eta ordungo giroa zen tabernatan, eta plazan noizean behin, San Isidrotan eta...

A. Kanbio handia sesenta inguru horretan emango zen, Lopategi eta, Lazko Txiki eta...

J.L. Lazkao Txiki aspaldikoa da eh, horiek baino lehenago ere ibiltzen, zen. Zeran ezagutu nuen nik Mandubiko horretan, baina aspaldikoa da, gero hirurogeiko jira horretako txapelketak eman zion izen handia, baina aspaldiko bertsolaria da. Zaharra ez da, urtebete ni baino zaharrago.

A. Noiz kanbiatu da ba bertsolaritza Uztapide eta horien garaitikan.

J.L. Hortxe ba, zuk esan duzun jira horretan. 59-60 buelta horretan. Gu lehenbizi bertsotan hasi ginen garai hartan, orduan gustora ibiltzen ginen, afizioa eta nonbaitetik deitzen zizuten, eta ez dakit zer sentitzen zenuen baina ez jira ona zelako... askotan bezperan igual atera behar zenuen, Bidasoa alde horretara eta... Bizkaia aldera joateko goizeko seiterditako trena hartu behar izaten zenuen hemen, gero Donostiatik zetorrenarekin enpalmatu Zumaian eta gero han nora joan behar zenuen autobusa edo.

A. Eta bertsolaria hobeto bizitzen hasi zen baitare edo...
 

J.L. Bai bai, eta neretzako Basarriri zor haundia diogu. Orduan, lehen esaten hasi naizena, jiran nola ibili behar izaten genuen, joatea gauza bat zen, gero handik itzuli egin behar zenuen... Egun berean ez ginen sekula etortzen. Biharamonean. Eta orduko

A. Alde horretatik zuen garaiko entzuleak eta oraingoak zer dira, oso diferenteak?


J.L. Oso diferenteak. Orduan zen... bertsoari eman behar zitzaion halako zartada bat, bertso bukaeran behintzat zeoze...Orain berriz holako metodo batzuk eta eginda dauzkatela esaten dute, nik ez daukat eskolik eta bertso egitea oraingoaren aldean astuna zen gizona: plazan behintzat bi saio egin behar izaten ziren eta tabernan berriz isildu gabekoa. Arratsaldean zer esanik ez, eta gauaz gero entzuten ari zirenak eta bertsotan ari ginenak uste dut denak polito joaten ginela. Makina batek esaten dute, joño, tabernan, askoz ere saio hobeak eta bertsotan hobeto egiten deu baina ni ez nago hobeto... goizean baino hobeto ez dut uste nik egiten zenik arratsean. Orduan badakizu, kantuan ari ginenak eta entzuten ari zirenak berritsu egoten ginen eta dena ona iruditzen zen. Edozer, narraxka izanda ere. Holaxe. Holaxe joan da gure denbora.

A. Basarrik aldatu zuen hori.

J.L. Baina Basarrik, lehengora noa, Basarrik jarri zuen plazatik bere garaian aldegitea eta baita bi edo hiru pezta irabaztea ere. Horretxek jarri zuen eta inori zor baldin bazaio nik uste hori zor haundia zaiola Basarriri.
Horrezaz aparte, hor zegoen bertsolaritza Basarrik altxa zuen hura bere neurri bateraino. Orain hura baino habeagoak badirela asko daudela eta ari dira baina nik ez dut uste ordutik hona horrenbesterako aldakuntzarik egin duenikan. Ez oraingo Basarrik noski, hogei hogeita hamar urteko harek.
Orain orduan ez zegoena dago goizeko saioa baldin bada goizekoa, goiz eta arratsaldez bada edo arratsaldean eta ilunabarrean saioa baldin bada hura egin eta ondo. Orduko aldean erraztasun haundia dago gaur. Aldegiteko ere bai eta orain ez dizu herriak lehen ematen zizun konpromisu hura ematen. Orduan plazako bi saioak egin eta aldegitea lotsagarrikeria izango litzateke.
Orduan gainera mikrofonorik eta ez zen. Balkoira igo eta ahal zuenak ahal zuena. Txapelek eztarri oso bajua zuen, fina baina bajua. Harek kantatzen zuenean entzuleak erreparatu gehiagorekin, isilxeago edo... gaur berriz zu bertsotan ari zara eta beste batzuk jostaketan, eta besteak marmarrean eta badakizu...

A. Bertsolariarentzat bertso onak egiteko zein zen postura hobeagoa, lehengoa ala oraingoa?

J.L. Oso bertso diferenteak dira. Orduan ez zen gairik eta horrelako gauzik izaten. Orduan joan eta zerorrek bilatu behar zenuen nondik nora eman.

A. Zailagoa ere bai...

J.L. Zailagoa?... ze esango dizut, neretzako bertsota hura, nik neronek esan beharko banu, sanoagoa zen bertsota hura. Orain joaten zara eta azalduko zaizu elementuren bat eta, zuk bertso bat kantatu behar diozu honi eta bi horri, eta askotan zuk sentitzen ez duzun gauza bat igual. Hori da bertsota hotza nerekiko. Gai bati bertso bat, edo hiru bat gehiena ematen dutena ere... hori ez zait iruditzen neri bertsota denikan. Eta horretara dauden bertsolariak, horretara dedikatu direnak... edozeinek daukala, uste dut nik, bertsota hori egitea. Beren "mekanika" hori jartzen dute eta... bi edo hiru bertso egiteko... nik ez dut uste.
Orain edozein herritara joan, eta batzutan ondo eginda, bertsoak ondo kantatuta, baina gero afalondoan edo bazkalondoan tokatu zaie eta txakal-antzean... Ez du esan nhbi haiek baino fenomenoagoak garenik ez eta gutxigorik ere, baina oso bertsota diferentea dago ordutikan.

A. Bi orduko bertso saioa egingo dugu, esaten dizute. Nola egingo zenuke gai-jartzailerik gabe?

J.L. Gaijartzaile gabe. Nahiago. Batere gabe nahiago. Ez du esan nahi hartzen duzun gai harekin jardungo zarenik bi ordun, baina dozena erdi bertso bati edo besteari edo dena dela...

A. Zuk uste duzu hobeto funtzionatuko lukeela.


J.L. Ni horretan nago, orain, ez dakit, beste batek beste hainbeste peskisarekin...

A. Askok esaten du baina ez da horrela egiten...

J.L. Neri tokatzen zaizkit holaxe, urtean jaialdi, Mitxelekonan ere bai eta Tolosatik gora herri koxkor bat badago Altzo deitzen diotena San Inazio bigarrengoz, han ere gairik ez digu inork ematen. Hasi goizean eta iiluntzerarte segi isildu gabe. Orduan gainera zeoze egin duzula ematen du. Neretzako makurrena edo txarrena da jaialdi batera joaten zara eta agur bana, eta bueno orain etorriko dira holako eta holako, kanta ezazaue bina bertso eta handik ordu erdi batera berriz...Neretzat bertsota hotza da hori.

A. Zuk uste duzu bertsolari gehienak horretan gustora egongo liratekeela?


J.L. Ez, denak ez dira egongo. Era horretara kontatuak igual. Nik ez dut esango gu baino bertsolari txarragoak direnik, ez eta gutxiagorik ere, hori ez nuke esan nahi, horiek gu baino bertso hobeagoak kantatuko dituzte baina iturri horretan ez. Iturri horretan ez.

A. Eta non egiten da bertso hobeagoa, afalondo batean ala plazan.

J.L. Nik neuk esan behar banu afalondo batean gustorago aritzen zara, errazago. Igual ez duzu egingo goizean plazan kantatzen duzuna baino bertso hobeagoa baina pozik gelditzeak ere balio du zerbait. Beste hura duzu obligazioko gauza eta bost etorri bestea etorri hura kantatzea beste erremediorik ez daukazu. Bestela zuk bilatzen diozu zeure irtenbidea edo...

A. Gairik jarri gabe ez al lirateke bertsolariak hasiko betiko gauzak esaten elkarri?

J.L. Bai, bai... baina ez dakit dena hori izaten den zergatikan herria han egoten da aurrean eta herria ez da gu baino tontuago eh. Ahal baldin baduzu gauza berria esan behar diozu hari. Ikasitako dotrina hori... nik uste hori era horretan baino gehiago dabilela beste jira horretan. Bolada bat pasa genuen guk, orain urte banaka batzuk, halako politika historia horiek gora eta behera, eta joaten zinen tokira joaten zinela beti gai bera. Azkenerako jarri ginen pues mutikoxkorretan apaizari dotrina esaten genion ba galdera egin eta tarrata-tarrata?... berdin berdin berdin. Amnistia, edo Gora Euskadi edo zirt edo zart bukatuz gero dena egina zegoen. Eta hori egiten duen bertsolaria edozein da, edozein.

A Eta entzuleak?


J.L. Horretara nindoan. Lehenago bertsoak entzuten zituen jende heldua aspertu egiten zen jira horrekin. Beste gazte horiek, bertsoari garrantzia ematen zioten gazte horiek hortxe gelditzen ziren baztertuta. Baina jartzen ziren jaialdi haietan, jendez beteta beti frontoia, haiek ez dut uste hain besteko garrantzirik ematen ziotenik bertsoari. Giro politikoa zen edo herriaren protesta edo... Bizkaia alde horretan, euskaraz, nik erdaraz bezalaxe; molde haundirik ez zutenak ere txarrena da zuk bertso ona ala txarra kantatu txalo berdina. Gainean dagoenak laister antzematen du honek ez ian txalorik merezi, txistua merezi ian.

A. Xalbadorri ere jo zitzaiola txistua baina gaur egun ez zaio inori jotzen ez?

J.L. Ez, saio hauetan merezi baino gehiago errespetatzen zaigula uste dut. Baina askotan ez dut esango merezi ez dugunik.

A. Alde horretatik zuen garaiko entzuleak eta oraingoak zer dira, oso diferenteak?

J.L. Oso diferenteak. Orduan zen... bertsoari eman behar zitzaion halako zartada bat, bertso bukaeran behintzat zeoze... Orain berriz holako metodo batzuk eta eginda dauzkatela esaten dute, nik ez daukat eskolik eta ez naiz saltsa horretan sartu bainan bertsoak antolatzen dituzte... Lau puntu. ba osatuko dizute, dotore sartuko ere, eta aibadios! zer esan du horrek hor? Eta ezer ez. Orduan behintzat herriari holako zartada bat eman behar zenion. Zeoze. Bertso arinak dira hauek nere kontzientzirako.

A. Txapelketa kontutan eta..,

J.L. Hara, garbi esango dizut, txapelketa kontuan nahiago nuke hitzegin baino ez hitzegin, ze ni ez naiz horretakoa, neu ez naiz joaten, eta besteak joaten direnengatikan zer gaizki esanikan batetxore eta...

A. Ez juateko arrazoi batzuk izango dituzu.


J.L. Bai. Txapelketetan, nik ezagutu ditudan txapelketetan beti izan dira zastradak. Nik ez dakit, juradoagatikan edo haregatikan edo gehitxo espero eta gero hartara iritsi ez... nik ez dakit zer izan daitekeen... baina nere iritzirako neri ez zait iruditzen bertsoa hor juzgatzen duten tankeran juzgatu daitekeenik. Esan nahi nuke, ni neu ez nintzake gauza izango zuek kantatutako bertsoari puntuazioa jartzeko. Nik nere kontzientzira egingo nuke, baina beste batek ere beste alde batetik hartuko luke bertso bera, joskera edo esanahia edo dena dela. Beti izaten ziren zipuak hortik etortzen zirénak. Orain bezala Amuriza eta Lopategi... Lagun ibiltzen dira baina bakoitzak bere sentimendua. Gero herria ere hor egoten da tartean eta zu igual zara hau baino maiteagoa, eta hik merezi huen eta berotzen dizute burua.

A. Oraingo bertsolari gazteak nola ikusten dituzu, umekoxkorretatik datozen horiek...


J.L. Gaizki ez du nik ikusten. Hortik bertsolaria irten? Bertsolaria izateko jaioa bada irtengo da. Eta bestela igual da onena izateko probabilidadearekin jaio baina giro batean sartzen ez bada gizona... Orain dabiltzan talde horietan berez dohai piskat daukatenak edo esnatzeko oso ona iruditzen zait neri. Bi edo hiru aterako dira. Besteak ez uste. Bertsoa horientzat da formula bat, bere hitzekin eta zerekin. Bestela gaia eman eta begira ze denbora pasatzen duten mikrofono aurrean, lehenbizi bertsoa egin eta orduan hasten dira. Ez gu bezala, buu hasi eta bueno, zerbaitekin bukatuko duzun itxaropena badaukazu. Nik ez dut balio... segituan hasten ez banaiz handikan minutu batera hotzago naiz ni, orduan eta beltzgo ikusten dut mundua. Horiek ikusi mikrofono aurrean eta iletik tiraka neroni hasten naiz nerbio denak aidean ditudala.

A. Mutikoxkerretatik ordea...

J.L. Nik baietz uste dut, tartean tartean, hor Eizmendi, Hernaniko ttiki hori eta gero Sarasua hori eta... Eizmendi hori oso pizkorra da. Hemen bestea polita dagoena, polita ez, oso ona Eguzkitze. Hau nik uste balekoa dela, baina hau ez da eskola horietatik ibili eh...

A. Hitz batean esateko zein da ezagutu duzun bertsolaririk onena?

J.L. Besteak beren lekutan utzi eta nik Basarri esango nuke. Batere beldurrik gabe gainera. Uztapide Basarri bezain laguna nuen, ona zen, baina hemen izan den onena Basarri izan da. Horixe zen paperetik ahotik ahora eta paperera aldakuntzarik gutxiena bilatu diodan bertsolaria. Horixe. Asko dira paperean oso onak egingo dituztenak eta gero ahotik ahora, denbora falta duela edo eskas ibilizen direnak. Baserrik bai batean bai bestean egindakoei ez diet alderik bilatzen. Orain. errima aldetik eta Lasarte bat igual apainagoa zen . Basarri zabalxeagoa izanda Lasarteren aldean, baina esateko haundia Basarrik.
Uztapide ona zen, baina atrebituko nintzateke esatera Uztapide, guk ezayutu genuen Uztapide. Basarri izan ez balitz... ez dakit. Beti haren ondoan ibilizen zen eta Baserri ez zitzaizun arituko Mitxelena bezala gaia agortu arte, sei bertso egingo zizkizan zuri, gero besteari... pasako zuen herria... horretan plaza gizon handia izan da. Lagun ona zen gainera bertsotarako. Bera hasi eta berearekin. Ez zen zurekin sartuko. Uztapidek berriz makina hat zartada eman zizkion. Okasioa ikusten zuenean zapla eta herriak hara hartzen zuen Basarri ona dela baina ikusten al dek beste horrek zer esan dion?

A. Xalbador


J.L. Lehenbiziko txapelketan Zarautzen ezagutu nuen hori. Gero soldaduzka Amaiurren tokatu zitzaidan, Elizondotik gora eta sarri ibiltzen ginen alderdi hartan Xalbadorrekin eta.
Xalbador ahotik ahora ez zen bertsolari aberatsa. Xalbador zen bakarkako bertsolaria. Sentimendu hanndiko, bihotz haundiko gizona, artzai edo dena dela bakarkakoa. Liburuak oso onak ateratzen zituen olerki kutsuarekin eta dena, baina ahotik ahora jarri eta ez zen aberatsa. Bere amets horietan ibiltzen zen.

Esan dituzun guziekin ez diozu etorkizun ederrik ikusten bertsolaritzan

J.L. Ez, nik ez dakit ba, orain ikastoletatik datorren beste jira hau ere derrigorrezko gauza bat bezala ikusten dut nik. Neskato eta mutikoxkorrei eta asignatura bezala jarri diete eta horiek andre eta gizon sasoira etortzeko oraindik gora behera handia dago. Horiek zer egingo dioten jira horri? Ikusi egin behar. Horiek denak ateratzen badira piztualdi bat izango du, baina hamazapi hemeretzi urte dituzten garaian ez jakin haiek beste bide bat hartuko duten.

ARTASO. Joxe MOLLARRI

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\LIZASO1
Pertsonaiaz\LIZASO1
Egileez\MOLLARRI1\Kultura
Egileez\ARTASO1\Kultura

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude