Umorea eta Paia nagusi Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

  • Josi eta josi, josi eta josi. Horrela aritu da zortzikotea larunbatean Miribillako oholtza gainean. 4.350 pertsonaren begiak bertsoan iltzatuta; asmatu dute orratza trebe erabiltzen. 17.30etan puntuan hasi dute saioa, belarriak adi eta mingainak ahalik eta geldien zituzten entzuleen aurrean. Ia bost orduz bertsoa josten ibili dira Bibao Arenan.


2014ko abenduaren 22an - 07:59
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Kristina Mardarasek jantzi zion txapela Fredi Paiari (argazkia: Bertsozale elkartea).

Orain astebete hil berri den Jose Alberdi ‘Txo’ bertsolariari eskaini dio Bertsozale Elkarteak finaleko saioa. Hurrenkera honetan igo dira oholtzara: Xabat Galletebeitia, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Lehenengo finala zuten Galletebeitiak eta Bartrak eta lan txukuna egin dute biek.

Zortziko nagusian eta zortziko txikian egin dituzte lehenengo bi ariketak bertsolariek. Fin aritu dira baina lehertu gabe. Hamarreko txikian berriz, saio dotorea egin dute Estiballesek eta Galletebeitiak, gaia umoretik hartuz. Saskibaloiko treminologian”hirukoa” sartzea lortu dutela esango genuke. Honakoa zen gaia: “Euren buruaz beste egitera joan dira Arkaitz eta Xabat kotxeko gasa irentsita. Arkaitzek bost minutuan itxaroteko esan dio”. Ordura arteko ildoari jarraituta ariketa honetan ere umorea nagusitu da, gaiak beste ibilbide bat hartu zezakeen arren.

Eskertu du entzuleak ofiziotako ariketetan bertsolariek eskainitako freskotasuna eta arintasuna. Behin bikotekako lanak bukatuta banakakoetara pasa dira. Puntuka ale politak laga dituzte.

Etxauhun Lekue beheraka joan da bakarkakoan egindako potoarekin, gainontzekoek maila onean erantzun diote nahi zuten doinu eta neurrian bi bertso botatzeko ariketari.

Bertsolariak jostun lanetan ziharduten bitartean, olatuek busti dute Miribilla; Galletebeitiaren lagunak marea horia ekarri dute Lekeitiotik Bilbora. Bartrarenak berriz, instrumentuz josita egon dira harmailetan.

Giroa berotuta alfabetikoki Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia pasa dira buruz burukora. Koxka bat gora egin du saioak azken txanpan. Umorea nagusi berriz ere. Bakarkako lanetan biak bikain aritu badira ere, Paiaren azken bertsoarekin eztanda egin du Miribillak. Aurreko bi bertsoetan bete lana ondo egin ondoren azken bertsoarekin lehertu du: “Ta apurka itzaliz doa / nire gibel dinamoa / jada alokatu behar dut / hileta poligonoa / harrizko mauselo ta / denetzako solomoa. / Emailerik ez badator / ta ordaindu barik banoa / nire patez pagaizue nire hilkutxako ebanoa”.

22:00ak inguruan iragarri dute txapeldunaren izena: “2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna Fredi Paia”. Eztanda berriro Bilbon, “Aupa Fredi” oihuak bata bestearen atzetik, entzuleak tente emozioz txaloka. Zirrarak hartu ditu bertaratutakoen begi, belarri eta ahoak.

Kristina Mardarasek jarri dio txapela Paiari eta jarraian txapeldunaren agurrarekin bukatu da batzuentzat eta hasi da besteentzat festa.

Finaleko bertsoak entzungai daude bertsoa.com atarian.

Puntuazioa

Fredi Paia: 901 puntu

Arkaitz Estiballes: 874, 50 puntu

Etxaun Lekue: 512 puntu

Oihana Bartra: 482,5 puntu

Jone Uria: 482 puntu

Onintza Enbeita: 479 puntu

Iratxe Ibarra: 478 puntu

Xabat Galletebeitia: 452 puntu

Informazio gehiago

Bertsolariek Bizkaiko Bertsolari Txapelketa nola lantzen duten azaltzen duen erreportajea egin zuen ARGIAk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
2023-12-18 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Bertsozalez lepo egon da Bilbao Arena: 4.400dik gora zale egon dira bertan. Ibarzabalekin batera, Jone Uria Albizurik kantatu du buruz burukoan.

2023-12-11 | Bertsozale.eus
Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan. Aurten, elkartearen 40. urteurrenaren baitan, sorrerako kideen beharrari aitortza egin gura dio; 2023ko irabazleari jantziko dio txapela.

2023-11-27 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabalek irabazi du Lemoako finalaurrekoa eta osatu da finala
Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu da larunbatean Lemoan; sarrera guztiak agortuta egon dira astebetean

2023-11-20 | Bertsozale.eus
Jone Uriak irabazi du Santurtziko finalaurrekoa
Santurtziko Serantes kultur aretoan jokatu da bigarren finalaurrekoa, eta, irabaztearekin batera, algortarra finalera sailkatu da. Azken finalaurrekoa Lemoan jokatuko da, azaroaren 25ean.

2023-11-13 | Bertsozale.eus
Xabat Galletebeitia da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Berrizko Olakueta frontoian jokatu da lehen finalaurrekoa, eta bertan irabaztearekin bat, lekeitiarra finalera sailkatu da. Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da, azaroaren 18an.

Eguneraketa berriak daude