Nork bere gudan

  • Urriaren 7an Zallan jokatutako final laurdenaren kronika. Puntuaketa taulak hau esan zuen: Miren Amuriza (700,5 puntu), Jone Uria (662), Odei Barroso (650), Onintza Enbeita (640,5), Eneko Abasolo "Abarkas" (615,5) eta Oihane Perea (591,5).


2017ko urriaren 09an - 11:54

K.M. IIak, hots, Kepa Matxainek Inesekin komentatu bezala, Katalunian izan nintzen aurreko astean. Hori bai, historia egiten baino, kontrakorrontean. Leitzako saioan denek mugikorra Kataluniara begira zuten artean, K.M. I.a, hots, ni neu, Bartzelonako hautes eskola batean nengoen polizia noiz etorriko zain eta bertsoa.eus-en saioari begira. Beti kontrara joateko mania hori, badakizue.

Asteburu honetan ordea, txapelketara itzuli nintzen in situ, nahiz bertsoen harantzako erreferentzia maila ikusita, edonork pentsa zezakeen Katalunian ginela (kartzela moment). Total Zalla; eta inoiz ez da berandu hernaniar batek Batzoki bat ezagutzeko. Non eta Zallan, noiz eta 15:45ak bueltan, jatekoaren eske.

Ohiko bertsozaleen agendetan Leitzakoak adina agian ez, baina guretzat saio honek prometitzen zuen. Bazterrekoak gara, badakizue, eta lau emakume edo lau bizkaitar, arabar bat, ipar euskal herritar bat dagoen lekuan eroso sentitzen gara beste bazter batzuk bizitzen ditugunok.

Laguna gintonisaren bila joan zela harrapatu ninduen inkestagile batek. “Azkarra” izango zela, eta noski, “anonimoa”. Abisua: elkartearen faboretan, lagundu inkestatzaileak, baina prestatu zaitezte intimitateez aritzeko. Besteak beste, nire hiru bertsolari gustukoenak esan izan behar nituen (baina hori nire anonimotasun eta inkestatzailearen artean geratuko da, lagunok).

Kontuak-kontu, gintonisa eskuan, hurrenez hurren Miren Amuriza, lehenengo sartu eta lehenengo irten zena. Agurretik argi intentzioak plazaratuta, berezkoa duen kantakera indartsu horrekin, egin beharrekoak egin eta etxera harro bueltatzeko moduko saioa egin zuena. Merezitako momentua utzi zigun. Abarkasek puntuak puntu utzi zizkigun gogoratzeko hainbat sorta, bai zortziko handian bai arriskatua zirudien bakarkakoan ere. Onintza Enbeita, zer esan, hamarreko txiki ederra utzi zigun, eta orain puntuaketak zehatz ikusita, ez nator bat kartzelakoan emandakoekin, Urkullu humanizatzeko ariketa, bere horretan, baloratzekoa delakoan nago (gutxitan entzuten da zientzia fikzioa bertsotan). Atzetik Jone Uria; puntu gehixeago espero genizkion epaileen aldetik (baina esan bezala, ezin fidatu hauekin!). Atzetik Odei Barroso, denok harritu gintuen jasotako puntuazio baxuak eta txapelketatik at geratzeko dituen kasik aukera ukaezinak. Niri beti bezala irabazi ninduen hainbat bertsotan, eta agian bere ariketa goraipatuena ez den arren, zortziko txikian barretxoa ere atera zidan. Azkenik (taularatzen eta sailkapenean) Perea; ni bere kantakera horrekin geratzen naiz. Jotera arabarra, ze poderio!

Txapelketa serio ari da jartzen, beraz badakizue, nork bere guda amaitu arte/ zutik jarraitu dezala!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude