Ni ez ninduten hainbeste torturatu

  • Azaroak 23, astelehena. Gaur duela 6 urte, azaroak 23, astelehena zen ere; itzal urdinezko zakurrak bahiketak egitera ateratzen zireneko beste astelehen horietariko bat. Gau horretan 32 lagun izan ginen atxilotuak eta inkomunikatuak, gerora, 40 kideon epaiketa ekarriko zuena.


2015eko azaroaren 27an - 13:22

Ordutik, behin baino gehiagotan tokatu zait nire inkomunikazioak iraun zituen 3 egunetan gertatutakoak kontatzea, eraso eta mehatxuen zerrendaketa egitea; ariketa fisiko etengabea, kolpeak, irain sexistak, mehatxuak… Euskal Herrian tortura saio bortitz eta lazgarrien testigantzak entzun ditugu eta agian, nireak hain lazgarri bezala ez irudikatzeagatik. ez diot baliorik ematen horiek kontatzeari.

Inkomunikatua egon eta 6 urtetara burura datorkidana ordea, ez dira gertakari horien eszenak, horien gainean nik sortutako pentsamendu eta sentimenduak baizik. Torturak gure baitan uzten dituen orbainak, gorputzean baino, buruan eta ariman islatzen direlako, eta horiek dira niretzat behintzat, publikoki aitortzeko zailenak.

6 urte pasa diren honetan, pentsamendu horietako askok arrazionalki zentzurik ez dutela dakidan arren, nire buruan bizi dira oraindik eta hauek idatzita eta konpartituta, bertatik alde egiten hasteko bidea ematea espero dut. Hementxe beraz, inkomunikazioak, arima eta buruan utzitako mamu itxurako pentsamenduetako batzuk.

ZORTEA IZAN NUEN NIRE ATXILOKETA NIK NAHI BEZALA GERTATU ZELAKO.

Bai, hala pentsatzen dut. 2008an Iruñerriko dozena bat gazte baino gehiago atxilotu eta torturatu ostean, ni eta beste hamarnaka lagunen Zerrenda Beltza osatu zuten: Segi, Ekin edo bestelakoetan aritzea leporatuta atxilogarriak ginen pertsonon zerrenda. Orduztik astelehen gauero “gaur izango ote da?” galderarekin hartzen nuen lo, eta nahigabean, atxiloketa nola gertatzea nahi nuen zehazteraino iritsi nintzen.

Hiru baldintza zeuden nik idealizatutako atxiloketa horretan:

- Ihes egiteko aukerarik ez izatea: behin nire bila etorrita, ez nuen berriz ere atzeratzen ibili nahi, hurrengoaren zain gelditu.

- Beste norbaitekin egotea atxilotzeko orduan; poliziaren eskuetan zaudela kaleko norbaitek jakitea, gorputza osorik mantentzeko bermea dela pentsatuta.

- Etxean atxilotzea, gurasoez eta ahizpaz agurtu ahal izateko.

Horrela gertatzea idealizatu nuen eta halaxe gertatu zen. Horregatik, nire atxiloketa “nik nahi bezala gertatu zelako” ideiarekin bizi naiz.

NI EZ NINDUTEN HAINBESTE TORTURATU

Zerrenda Beltza iragarri zenetik atxilotu arte, urtebete pasa zen, eta atxiloketaren nolakotasuna aurreikusi bezala, inkomunikazio bitartean ere, ni nola tortura nazaketen aurreikusten saiatu nintzen. Tortura tekniken inguruko testigantzak entzunda, bortizkeri fisikoaren kontra, inolaz ere ezingo nintzela prestatu banekien. Psikologikoan aldiz, nire buruapentsamenduen inguruko gaztelua eraiki nuen; ustez pareta potolo eta sendoz eraikitako gaztelua.

Atxilotutakoan, beraz, harresi potolo batez babestua sentitzen nintzen –alde psikologikoan behintzat– eta harresiak zirrikitu batzuk bazituen ere, torturatu nindutenek ez zituzten topatu, edo ez zuten horietatik sartzea erabaki. Eraso fisikoetan, zorionez, ez nintzen nire osasuna edo bizia bera arriskuan ikustera iritsi, eta hortaz, “nia osorik” mantentzea lortu nuen. Horrela, erasoak eta tratu txarrak jaso arren, ez zuten lortu apurtzea ez nire burua ezta nire gorputza ere.

Behin espetxean nintzela, inkomunikazioan gertatutako guztiaren testigantza egin nuen eta bukaeran honen gisako zerbait idatzi nien abokatuei “ez dakit honek, tortura salaketa jartzeko larritasun nahikoa duen. Zuek baloratu”. Hilabeteetara salaketa jarri zutela jakin nuen, bizitakoak, tortura itxura izanen zuten beraz. Ni ordea, ez nintzen torturatua sentitu, ez behintzat aurreikus nezakeena bezain torturatua.

NIRE “TORTURA KUOTA” NIRE LAGUN MINENEK JASO ZUTEN NIRE ORDEZ

Nahiz eta neuk, deklarazio polizial edo judizial txarrik ez egin eta nire buruaren kontra ez deklaratu, hainbat kide eta lagunenak nituen kontran. Batzuk oso lagun minenak gainera. Inkomunikaziotik atera eta espetxean elkartu ginenean “barkatu, barkatu, barkatu” besterik errepikatzen ez zidan lagun estu batena barne.

Beraien erruduntasun sentimendua eta mina ikusita, zenbat sufriaraziko zituzten pentsatu nuen. Zenbat tortura, zenbat min, zenbat poltsa jarriko zizkieten, bere buruaren kontra egiteaz aparte, nire kontra ere egiteko.

Beraienean erruduntasun sentimendua ikusten nuen bitartean, nirean “ni hainbeste torturatu ez nindutelako” ideia egonkortua zegoen, eta beraz, nire ordez, nire “tortura kuota” beraiek jasan behar izan zutela sinetsi nuen.

NOLA EZ DUGU LAGUNAK IZATEN JARRAITUKO!

Baina hainbeste pentsamendu ilun, korapilatsu, irrazional eta okerren artean, badago bat atxiloketaren zain geundenean, inkomunikatua nengoenean eta gerora ere, aurrera egiteko indarra eman didana. Honi guztiari aurre egiteko militantzia kide, lagun eta senide zoragarriak.

Poliziak galdeketak egin bitartean, ni behartzeko “zure lagunak jada salatu zaituzte! Nola jarraituko duzu gerora beraien laguna izaten?!” errepikatzen zidaten etengabe. Eta nik, salatuta nengoela jakin arren, zalantza izpirik ere ez nuen zulo horretatik aterata lagun estuak izaten jarraituko genuela. Are gehiago: ordutik elkar ezagutzen ez ditudan torturatuen artean ere, ulermen, konplizitate eta elkartasun sentimendu hautsigabea sortu dela pentsatzen dut. Inkomunikazioaren bidez isolatu eta torturaren bidez apurtu eta txikitu nahi izan gintuzten bitartean, hori guztia jasan dugunon arteko indarren ehuntzea ere eraiki da.

Nire aspaldiko lagun minak, eta zulo ilunetik pasa zareten ezezagun guztien artean ere, apurtu ezina den sare bizigarria badago. Garaitu ez gintuztelako eta izugarri maite zaituztedalako, 6 urteren ostean lagun estuak garela eta izaten jarraituko dugula konbentzimendu osoz oihukatu nahi dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
2024-05-05 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude