Dozenaka mila pertsona Bilbon, 155.aren aurka, demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen alde

  • Dozenaka mila pertsona bildu dira Bilbon larunbat arratsaldean Katalunian 155. artikulua ezartzearen aurkako manifestazioan.  Gure Esku Dagok, EH Bilduk, Ahal Dugu EAEk, Ezker Anitzak, ELAk, LABek, Steilasek, Etxaldek, EHNEk, CNTk, ESK-k eta Hiruk deitu dute mobilizaziora. EAJk azkenean ez joatea erabaki du.


2017ko azaroaren 04an - 17:13
Argazkia: @ecuadoretxea

Madrilek Kataluniako autonomia desegitearen aurka eta orain arteko hamar preso politikoak askatzearen alde bildu dira hamarnaka mila pertsona –45.000 inguru, Gara egunkariak halakoetan egin ohi duen zenbaketaren arabera– Bilbon, euri jasari aurre eginez. La Casillan hasi da manifestazioa, eta Udaletxe aurrean amaitu, "155.aren aurka. Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea" goiburupean. "Independentzia!" izan da gehien ohihukatu den leloa.

 

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia:

 

 

Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia:

 

EH Bilduko buruzagi Arnaldo Otegik ere aipatu du zaila dela ulertzea zergatik ez den gaurko manifestazioan EAJ. Zentralismoaren aurkako harresi demokratikoa eratzera deitu du euskal gizartea:

Manifestazioa, Zabalburu plazara iristear zegoela: 

Manifestazioa Bilboko Udaletxera iritsi da eta Ramon Zallo EHUko irakasleak eta Zuriñe Hidalgo abeslariak egin dute azken hitzaldia, lehenak gaztelaniaz eta bigarrenak euskaraz.Gogor egin dute PPren, C's-n eta PSOEren jarrera "autoritarioaren" aurka eta haiek "demokrazia arrasto oro suntsitzeko prest daudela" salatu dute.

Oso gogor kritikatu dituzte, halaber, Jordien eta Kataluniako Gobernuko zortzi kideren espetxeratzea eta haien askatasuna eskatu dute: "Erabakiok gauzatzen dituzten fiskaltzak eta epaileek botere politikoaren luzapen soil gisa jokatzen dute, aldarri batek eraginda: 'A por ellos'”.

EAJren aurkako kritikarik ere izan da: "Estatu antidemokratiko baten erabakiak ikusirik, ezin da onartu Euskal Herrian PP, PSOE eta Ciudadanosekin normaltasun instituzionala edota lehen mailako akordio politikoak mantentzerik".

Erabakitzeko eskubideari aldarri eginez amaitu dute hitzaldia Hidalgok eta Zallok: "Gu subjektu politiko legitimatu bat gara, eta muga bakarra euskal herritarren ariketa demokratikoa izan behar da. Demokrazia erabakitzeko eskubidea da, Katalunian nahiz Euskal Herrian".

(Albistearen amaieran irakurri daiteke hitzaldia osorik)

 

 

Amaieran Ines Osinaga musikariak Luis Llachen L'Estaca abestu du, ELA sindikatuaren txio honetan ikus litekeen gisan:

 

Manifestazioaren amaieran irakurri den manifestua:

Kataluniako gertakari larriek Estatu guztiari eragiten diotenez, eta, beraz, baita Euskal Herriari ere, gaur deialdi honekin bat egin dugun indar politiko, sozial eta sindikalok jakinarazi nahi dugu honako konpromisoak hartu ditugula:

1) Estatua herri katalanaren eta bere erakunde demokratikoen aurka agertzen ari den jarrera autoritario eta errepresiboari erantzunez, gure elkartasuna adierazten diegu Kataluniako herritarrei; hitz ematen dugu PP-PSOE-Ciudadanos ententearen joera autoritario eta antidemokratikoari aurre egingo diogula; 155. artikuluaren aplikazioa mugarri historiko bat izan da. Geure gain hartzen dugu herritarren erantzun bakezko eta demokratikoa bultzatzeko ardura, Katalunian Estatuak egiten dituen urrats errepresiboen aurka.

Aipatutako hiru alderdi politikoek, PP, PSOE eta Ciudadanosek alegia, Estatu-fronte zeharo autoritarioa osatu dute, eta demokrazia arrasto oro suntsitzeko prest daude, hasteko Katalunian eta gero beste edozein lurraldetan, edozein herriren aurka, baldin eta ez bazaie men egiten eurek ezartzen dituzten printzipioei: monarkia, inboluzioa eta Estatuaren batasun banaezina. Horregatik ari dira PPko buru batzuk mehatxua botatzen, 155. artikulua beste nonbait ere aplikatzeko prest daudela esanez.

155. artikulua aplikatuta Kataluniako gobernua kargutik kendu dute, era ez legitimoan, eta haren eginkizunak Espainiako Gobernuak usurpatu ditu. Gainera, Rajoyk parlamentua desegin du, hau da, herritar katalanen subirania demokratikoaren gordailua. Bestalde, arrazoi politiko hutsak medio espetxeratu egin dituzte Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez aktibista sozialak eta Kataluniako Governeko zortzi kontseilari. Giltzapean sartzeko mehatxua bota dute, era berean, herri katalanak demokratikoki hautatu dituen arduradun politikoren aurka, eta horien artean daude Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariak; hauen artean, Generalitateko eta parlamentuko presidenteak. Erabakiok gauzatzen dituzten fiskaltzak eta epaileek botere politikoaren luzapen soil gisa jokatzen dute, aldarri batek eraginda: “A por ellos”.

Noski, eskalada errepresibo hau ez da Kataluniara mugatzen; aitzitik, askatasun demokratikoak Estatu guztian zehar murriztuko ditu, eta Euskal Herriari ere eraso egingo diote. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabaki dute Estatuan politikak aintzat hartu beharreko mugak gero eta estuagoak izango direla. Honek eragin zuzena du estatus politikoa berritzeko eztabaidan. Autogobernua hobetzeko aukera Estatuak markatzen duena da.

Horregatik, estatu antidemokratiko baten erabakiak ikusirik, ezin da onartu Euskal Herrian PP, PSOE eta Ciudadanosekin normaltasun instituzionala edota lehen mailako akordio politikoak mantentzerik. 155. artikuluko salbuespenezko neurriak demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa dira bete-betean, eta hori ezin da geratu euskal politikaren eremuan tamainako erantzunik gabe.

2) Bigarrenik, aske utzi behar dituzte Kataluniako jendartearen ordezkari diren Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANCko eta Omnium Culturaleko buruak. Prozesu sozialek, baita aldarrikapen nazionala aurrera daramatenek ere, egituratze soziala behar dute, eta demokrazia batean onartu ezinekoa da egitura horietako militante direnak kriminalizatzea.

Era berean, aske utzi behar dituzte aste honetan espetxeratu dituzten Governeko zortzi ordezkariak. Gure elkartasuna eta babesa dute. Eta espetxeratzeko arriskuan dauden Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariek ere bai. Espetxean sartu dituzte eta espetxean sartu nahi dituzte herritarren agindu demokratikoa gauzatzeko ekintza politikoa garatzen ari direlako. Hain zuzen, Kataluniako prozesu demokratikoari emandako babesa berretsi nahi dugu; hango instituzioen gehiengoek hartutako erabakiei errespetua zor zaie. Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio.

3) Hitz ematen dugu gabeziaz jositako demokrazia honi aurre egingo diogula, eta eskubide zibil eta politiko guztiak defendituko ditugula. Zehatzago, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu Kataluniarentzat eta Euskal Herriko lurraldeentzat. Arazoaren gakoa horixe da hain zuzen: Estatuak erreibindikazio horri ez dio bide demokratikorik eman nahi. Ez dute onartzen: Ez espainiar Estatuak, ezta PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ere. Gu subjektu politiko legitimatu bat gara, eta muga bakarra euskal herritarren ariketa demokratikoa izan behar da. Demokrazia erabakitzeko eskubidea da, Katalunian nahiz Euskal Herrian. Visca Catalunya! Gora Demokrazia!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude