Lehen eguna: auzipetuek akusazio guztiak ukatu zituzten

  • Egunkaria auziko ahozko epaiketaren lehen egunean bost auzipetuen deklarazioak entzun zituzten Auzitegi Nazionaleko magistratuek luze eta zabal. Defentsen abokatuek egindako galderei erantzunez, banan bana kontatu zuten zein izan zen Egunkariaren izaera eta beren parte hartzea proiektuan. Horrez gain, atxilotuak izan ondoren jasandako tratu txarren eta torturen berri eman zioten Gomez Bermudez epaimahaiburuari. Auzipetu guztiek ETArekin inongo harremanik ez zutela inoiz izan adierazi zuten. Fiskaltzak ez zuen galderarik egin eta auzipetuek ez zieten erantzun AVT eta Dignidad y Justicia-ko abokatuen galderei. Gaur guardia zibil batzuen lekukotza espero da.


2009ko abenduaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Akusazioa 90eko hamarkadan ustez ETAri atzemandako dokumentu batzuetan oinarritzen da, Egunkariaren zuzendarien izendapenak aipatzen dira haietan. Akusatuek argi utzi zuten dokumentu horietan beste batzuen aipamena besterik ez dela azaltzen, haiek ezer jakin gabe eginak, eta zuzendariak ohiko prozedurak erabiliz izendatu zirela.

Bestalde, epaiketa hasi aurretik auzipetuek ordezkari politiko eta sozial ugariren babesa izan zuten Auzitegi Nazionaleko atarian. Horrez gain euskalgintzan aritzen diren izen ugarik ere babesa eman diete Madrilera joandako bost lagunei. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak epaiketa “lehenbailehen” amaitzeko eskatu zuen, baina Jaurlaritzak justizian konfiantza duela azaldu zuen. Carlos Uquijo PPko legebiltzarkidea, berriz, haserre azaldu zen EiTBk albisteari emandako tratamenduarekin, “injustuki akusatutako pertsonak” bailitzan agertu zituelako auzipetuak bere ustetan.

Berria.infok kobertura handia eskaini zion atzo epaiketari. Sesioa Twitter bidez jarraitu ahal izan zen eta hainbat bideo daude ikusgai auziaz paratu duen kanalean. Bestalde, gaurko edizioan, Pello Urzelai kazetariak epaiketaren nondik norakoak kontatu ditu. Analisi artikuluan fiskalaren, epaileen eta herri akusazioaren jarreraz idatzi du:

“Fiskalaren jarrera esanguratsua izan da oso. Akusatuei ez galdetzea erabaki du. Isiltasun hori izan da modurik ozenena adierazteko auziaren zentzugabekeria. Dena den, ikusi beharko da gaurtik aurrera zein izango den fiskalaren jarrera lekukoei dagokienez. Herri akusazioen jarreraren ahulezia galderak egiteko garaian ere agertu da. Akusatuek ez dituzte erantzun nahi izan. Galderak irakurri dituzte, baina konbentzimendu gutxiz, behin baino gehiagotan trabatuz. Eta gainera kasu gehienetan, galdetegia laburra zen, eta galdera orokorraz beteta. Epaimahaiburuaren jarrerari dagokionez, erne egon da saio osoan, auzipetuei utzi die hitz egiten, haien hitzak jarraitu ditu eta bi galdera baino ez dizkie egin”.

Beste hainbat iritzi artikulu ere irakur daiteke gaurko egunkarietan:

- Eta Madrilen, zer pentsatuko dute? (Laura Mintegi, Gara)

- Ezinbestean eta ezinbestekoa (Josu Juaristi, Gara)

- Elkartasun Harresia (Tasio Erkizia, Berria)


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude