Kirol-prentsa "gizonek eta gizonentzat dago pentsatua", EHUko ikerketa baten arabera

  • Chantal Reyes Kazetaritzan graduatu getxoztarrak egin du Emakumearen kirolaren presentzia eta tratamendua espainiar kirol prentsa idatzian EHUko gradu-amaierako lana; notarik altuena jaso du 22 urteko kazetariak. Lan-zuzendari Matxalen Legarreta Iza Soziologiako doktorea izan du.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko abuztuaren 31n - 09:47
Chantal Reyes, ikerketaren egilea (Arg.: Tere Ormazabal / EHU). .

Chantal Reyes Kazetaritzako graduatu berriak aztertu du emakumeen kirolak espainiar kirol prentsan duen presentzia eta tratamendu informatiboa. Horretarako, argitalpen horietan transmititzen den emakumearen irudia analizatu du, bai eta andrazkoen sexuaz argitara ematen diren informazio kopurua gizonezkoen sexuaz argitara ematen direnakaz erkatu ere. Berak egindako ikerketaren ondorio nagusia da "kirol informazioa gizonek gizonentzat pentsatutakoa dela", ikerketaren datuek argi eta garbi agertzen duten bezala.

Sei mila testuren analisia

Reyesek "Campusa" EHUko aldizkari digitalari azaldu dionez, "gaur egun kirola jendetza eta masa handiko gizarte eta kultur fenomenoa dugu hedabideek duten eraginaren ondorioz". Apeu edo amu handia da prentsa idatzirako, ez soilik kirol kazetei esker, baizik eta, informazio orokorreko egunkarietan ere, orri kopuru handia betetzen baitu. "Hedabideen artean oso kokapen abantailatsuan badaude ere, kirol-prentsak ez du sustatzen emakume kirolarien presentzia bere orrietan, kontutan izan behar baita emakumeek informazioen %10a ere ez dutela jasotzen, nahiz eta –egileak baieztatzen duenez– nazioarteko lehiaketetan lorpen handiak erdietsi". Horren lekuko eta adibide dira waterpoloko eta eskubaloiko talde nazionalek eta igeriketan Mireia Belmontek Londresko 2012ko joko olinpikoetan lortutako zilar eta brontzezko dominak edo gimnasia erritmikoaren espainiar taldeak 2013 eta 2014ko munduko txapelketetan lortutako urreak, beste askoren artean. Reyesek gogoratu duenez, "nabarmentzekoa da 2014ko saskibaloi mundialean, begirada guztiak gizonezkoen taldeari zuzentzen zitzaizkion bitartean, final laurdenetara besterik ez zen iritsi. Andrazkoen taldea, berriz, finaleraino iritsi zen".

"Oraindik ere gizonezkoen sexuari omen dagozkion lexiko estereotipatua eta jarrera eta balioak zehar darabiltzalarik, andrazkoen kirolak kirol-prentsan duen presentzia gainditu beharreko irakasgaia da oraindik". Lan horren bidez, Reyesek egungo ikuspegia erakutsi du emakume kirolariak espainiar prentsa idatziaren kirol kazeta nagusietan –"Marca", "As", "Mundo Deportivo" eta "Sport"– izaten duen presentzia eta jasotzen duen tratamenduari dagokionean. Zehazkiago, 5.846 testu analizatu du 2016ko otsaileko astelehen, asteazken eta ostiraletan argitaratuta.

Hamasei kasutatik bakarrean, emakumea protagonista

Analizatutako 5.846 informazioetatik, Reyesek horietako 386tan beste inon ez du aurkitu emakumearen presentziarik. Guztirako horretatik, emakumeak titularretara dakartzaten testuak erdira ere ez dira iristen. Honek esan nahi du emakumeek protagonizatutako informazioak %6,61 besterik ez direla, nahiz eta argitalpen horien heren batean gizonezko bat edo batzuekin batera agertu.

Emakumeak protagonista dituzten informazioak ardatz harturik, nabarmentzekoa da horietakoen %10etik gora kirolaz kanpoko informazioa dakartela. Honen adibide izan daiteke, esaterako, tenislari baten jantzi berriaren diseinuaz jardutea, kirolariaren entrenamenduez, aurrerapenez eta emaitzez aritu ordez. Kirolaz aparteko informazioen kopurua, gainera, handiagoa da emakumeen kasuan, gizonezkoenetan baino.

Kazetaritza generoari dagokionez, emakumearen kirolean berri laburra da gehien agertzen dena, sakonera gutxieneko eta analisi maila txikieneko kazetaritza generoa, alegia; azalpen laburra besterik ez baita, zer eta noiz bezalako oinarrizko galdegaiei erantzuten diena. Emakumeen berri dakarten informazioen ia erdia (%47,15), albiste laburren generoaren barruan katalogatu dira. Ondoren, albistearen generoa dator, kasuen %31,35ean. Gainontzeko generoak zenbaki txikietara mugatzen dira, %3,11 erreportajearen kasuan eta %3tik behera elkarrizketa, iritzi eta kronikarenak.

Chantal Reyesek emaitza hobeak antzeman ditu argazkiak aztertzerakoan. Azterketaren ondorioei begira esan daiteke emakumeak protagonista dituzten argitalpenetan, argazkirik izanez gero, argazkiak kasuen erditik gora (%51,50) lehiaketari dagozkiola. "Hala eta guztiz ere, saio fotografikoetan edo jarrera hartuta egindako argazkiek %17,96ko ehuneko nabarmena egiten dute, emakumeen argazki gehienak dituen bigarren kategoria dela. Emakumeen entrenamendurik agertzen duten irudiak %6,59 besterik ez dira, gainontzeko argazkiek (prentsaurrekoak, pertsonalak, ospakizunak…) ia %15 hartzen duten bitartean".

Alderdi baikor gisa esan eta azpimarra daiteke, idatzizko prentsan futbolak %64,54 hartzen badu ere, andrazkoen kategoria ez beste kontutan hartuta, kirolen banaketa askoz ere heterogeneoa dela. Egilearen esanetan, "emakumeen presentziarik duten informazioen artean, futbolak %17 hartzen du, atzetik atletismoa eta tenisa datoz, %11,4z eta %10,6z, hurrenez hurren. Ondoren saskibaloia, waterpoloa eta igeriketa agertzen dira, gainontzeko kirolen artean %39,4 osatuz".

Emakumezko kirolarien inguruan transmititzen den irudia estereotipatua da

Balantza zeharo desorekatuta agertzen da gizonezkoen kirolaren aldeko erakustaldi informatibo bategaz eta, emakumearen kirolak hedabideetan agertzea lortzen duenean, informazioa eta argazkiak tratatzerakoan erabili ohi diren esklusio eta hizkera sexistari egin behar izaten die aurre. Emakumea eta bere kirola protagonista duten argitalpenetan ohikoak dira erreferentzia sexistak eta estereotipoak, eta ez da erabiltzen hizkera neutroa.

Kazetariak dioenez, "nabarmentzekoa ere bada emakumeei deitzeko era, hedabideek emakume kirolariei izenaz deitu ohi dietelarik, gizonezkoei deituraz egiten dien bitartean". Honetara, eta modu konstantean, kirol-prentsan, kirolari izatea ez eta emakume izatea balioesten da. "Neskak esatea emakumeei deitzeko eta gizonei gizonak esateak; jarrera iradokitzaileaz diren emakumeen argazkiak erabiltzeak; maila berekoak izanda ere, gizon baten arrakasta emakume batenarekiko lehenesteak eta antzekorik esateak islatzen du informazioak ez direla pentsatu emakumeen ikusmoldetik, ez eta ikuspuntu neutrotik, gizonezkoen ikusmolde hutsetik baizik", Reyesek dioen bezala.

Getxoztarrak gehitu du azterketak gehienetan ondorio ezkorrak izan dituela, oraindik ere gainditu beharreko erronka asko baita emakumearen kirola erabat integratuko bada kirol prentsaren barruan, "matxismoa, sexismoa eta estereotipoak gaindituta".

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexismoa
Zuen etxean ere emakumeak arduratzen al dira opariak erosteaz?

Opariak erosteaz batik bat emakumeak arduratzen direla diote azterketek. Durangoko Azokan murgilduta eta Gabonak gertu, gai aproposa dirudi inkestek erakusten duten errealitateaz, gizonek jartzen dituzten aitzakiez eta emakumeek duten "zama mental ikusezina"... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Zumaiako festetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte

Zumaiako Mugimendu Feministak jakin duenez, txosnagunean bi eraso sexista izan dira, eta taberna batean eraso homofoboa. Elkarretaratzea egingo dute asteartean, 19:00etan.


Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak

Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien... [+]


2021-10-17 | June Fernández
Kamera aurrean
Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu... emakumezkoa bazara

Naiara Vink EHUko ikerlariaren doktoretza tesiak agerian utzi du Espainiako Estatuko emakumezko berriemaile eta aurkezleek bizi duten presio estetiko sexista. Zein da egoera Euskal Telebistan eta nola irauli daiteke? Sei euskal kazetariri bota diegu galdera.


Eguneraketa berriak daude